Elkarrizketa: Oriol Ginés

 

Psikologian lizentziaduna eta CONEXUS Atención, Formación i Investigación Psicosociales elkarteko kidea da. Elkarte horrek berdintasunarekin, genero-indarkeriarekin eta haren prebentzio zein detekzioarekin zerikusia duten gaietan esku hartzeko bideak ezarri eta hobetu nahi ditu.

Berdintasuneko hezitzailea da, eta terapeuta gisa lan egin du indarkeria gauzatzen duten gizonei, eta indarkeriaren biktima diren emakumeei eta haurrei arreta ematen, baita berdintasunezko maskulinitateak sustatzen ere.

 

 

 

1.- Gazteekin esku hartzea da Conexusen lan-ildoetako bat, indarkeria matxista prebenitzeari begira. Gazteek helduek ez bezala bizitzen dute indarkeria matxista? Zein zentzutan? Desberdintasun horiek zaildu ala erraztu egiten dute gazteekin prebentzio-arloan esku hartzea?

Desberdintasunak, funtsean, bi dira. Batetik, zailagoa da indarkeria hautematea, adin horretan, oro har, harreman afektibo eta sexualak oso biziak, informalak, bat-batekoak eta konpromiso gutxikoak izaten direlako eta, horren ondorioz, bizitasun hori mendekotasun-, kontrol- eta abusu-elementuekin edo, are, indarkeria fisikoarekin ere nahasten delako. Hortaz, indarkeria hori ikusezin bihurtu, justifikatu eta txikiagotu egiten da, «gazteak izateagatik». Gainera, etapa horretan, berdinekin identifikatzeko nahiaren ondorioz, taldeak jokaera horiek onartzen baditu, baliteke gazteek ere portaera horiek onartzea, eta, aldi berean, gure gizartean gizon edo emakume batek izan behar duenaren gaineko estereotipoak oso garrantzitsuak izan daitezke, onartuak izateari dagokionez.

Bestetik, nahiz eta kontraesankorra iruditu, gazte asko harremanak edukitzeko eta indarkeria ulertzeko modua aldatzen hasi dira, bai elkarteen eta erakundeen lanaren harira, bai indarkeria matxisten kontrako oihartzun-fenomenoen ondorioz (adibidez, #metoo fenomenoa). Funtsean, genero-harremanak eta harreman afektibo eta sexualak ikuspegi feminista batetik berrikusten hasi dira. Hala ere, gaur gaurkoz, emakumeak gizonak baino gehiago ari dira lan hori egiten, eta, oraindik, oso berrikuspen arrazionala da, oso burukoa, intelektuala. Berrikuspen hori afektuen eta benetako harremanen eremuan aplikatzeko gai izatea eta zirkulu feministetatik harago orokortzea falta da.

Esku-hartzea, bada, zaila da, gazteentzat, batzuetan, errazagoa izaten delako bikotekidea aldatzea, arazoa onartu eta laguntza bilatzea baino. Gainera, adin horretako pertsonak ez daude tratamenduak jarraitzera edo zerbitzuei laguntza eskatzera ohituta, eta, sarritan, ez dituzte zerbitzuok ezagutu ere egiten. Are gehiago, zerbitzuok helduei zuzenduta egoten dira, eta gazteekin bat egiten ez duten hizkera eta mezuak zabaltzen dituzte. Ez da ohikoa nork bere burua biktima edo erasotzaile gisa identifikatzea; biktimak eta erasotzaileak helduak direlako ideia bizirik dago: «Nolatan izango naiz ni erasotzailea, 16 urte badauzkat?».

 

2.- Batzuek diote gazteengan indarkeria matxista areagotzen ari dela. Baieztapen horrekin ados zaude? Zergatik? Badago hori berresteko daturik?

Ez dut uste datuek igoera horren berri ematen dutenik. Hori bai, proportzioan helduengan besteko indarkeria-intzidentzia dagoela diote. Beraz, gainerako indarkeriak identifikatzen eta salatzen hasi diren modu berean, gazteak ere indarkeria matxista seinalatzen eta nahikoa dela esaten hasi dira. Alabaina, emakume gazteentzat jasandako indarkeriaren berri ematea askoz ere zailagoa dela pentsatu behar da, bai duten adinagatik, bai zerbitzuetara iritsi ezin daitezkeelako, bai gurasoen aurrean lotsatzen direlako, bai, zoritxarrez, autonomia gutxiago edukita erasotzailearen kontrolerako eta indarkeriarako zaurgarriagoak direlako.

Horrenbestez, lehenengo etapa batean gaude, non neskek horrelako jarrerak dauzkaten harreman afektibo edo sexualak onartuko ez dituzten, baina mutilek hori onartzea, ulertzea eta haien burua aldatzea falta da oraindik. Hori gertatu ezean, indarkeriaren igoera ikusiko dugu erantzun gisa. Beti gertatzen da. Gizonezkook ez dugu boterea utzi nahi, ezta harreman sexu-afektiboetan ere.

 

3.- Tratu txarrak eman dituzten gizonekin ere lan egiten duzue. Zein helburu dauzkazue? Zein aurrekontu teorikotatik abiatuta jorratzen duzue lan hori? Zein dira oztopo nagusiak? Eta emaitzak?

Indarkeria erabili duten gizonekin egiten den lana bi premisatatik abiatzen da. Batetik, programa horiek biktimen arretarako programak osatu behar dituzte, eta horiekin koordinatu. Eta, bestetik, emakumeen eta haurren segurtasuna eta ongizatea hobetzea izan behar du programen xedeak. Hortaz, funtsezkoa da bikotekideekin harremanetan jartzea eta indarkeriaren inpaktua ebaluatzea, laguntza eskatu nahi badute edo erasotzailearen edozein manipulazio gezurtatu behar baldin badute ere.

Gizon helduentzako programan lan egiten dugu, baina baita unibertsitateko ikasleentzako programa batean ere. Bi programek daukate generoko eta maskulinitateen ikuspegia oinarri, indarkeriaren erabilera ulertu ahal izateko. Borondatezko programak dira; justiziak ez ditu gizonak eta mutilak etortzera behartzen.

Gizonek eta mutilek epe luzera begira aldatzeko nahia edukitzea da zailena, ez dadin banaketa, salaketa edo beldurtzeko moduko egoera larri baten ondoriozko eskaera hutsa izan. Indarkeriaren gaineko erantzukizuna hartzeko, ezinbesteko urratsa da ezarritako indarkeria guztia eta horren atzeko kontrol- eta menderakuntza-motibazioak onartzea eta justifikazioak nahiz minimizazioak deuseztatzea. Erantzukizunetik bakarrik egin daiteke epe luzerako aldaketa sakona. Zerbitzu espezializatu batera lehenbailehen deribatzea ere garrantzitsua da.

Gizonek nolabaiteko ukapen-etapa, biktimari errua botatzekoa edo indarkeria alkoholarekin edo drogekin zuritzekoa gainditu ahal dutenean, emaitzak onak izaten dira. Gehienek egiten dugun taldeko tratamendua gainditzen dute, eta indarkeria fisikoa nahiz indarkeria psikologiko larria utzi ahal izaten dituzte. Bikotekide edo bikotekide ohi gehienek seguruago sentitzen direla esaten digute, eta indarkeria-gertakariak desagertzen direla.

 

4.- Gizonekin egiten duzuen lanean aurreko etapetan baino maskulinitate-eredu anitzagoak ikusten dituzue? Zein dira eredu tradizionalarekiko desberdintasun handienak? Aldaketa horiek mugimendu feministaren gorakadarekin lotzen dituzue? Eta duela urte batzuetatik hona gizonei zuzentzen zaien lanarekin? Non kokatzen dituzue berdintasunaren aldeko aldaketak egiteko erresistentzia handienak gizonengan?

Lehen esan dudan bezala, gero eta gizon gehiagok baztertzen dituzte maskulinitate tradizional, nagusi eta gogorraren alderdi jakin batzuk. Egia da, ordea, arbuio hori oso arrazionala izaten dela batzuetan. Kide emakumeekin praktika horiek guztiz aplikatzen ez dituzten eta, beraz, bazterketa jasotzen duten mutil gazteak topatu izan ditugu feministak diren mugimenduetan. Aldaketa horiek denbora behar dute, eta arlo emozionalean egin behar da lan, ideologia politikoa izatetik harago finka daitezen.

Eredu tradizionaletik, gizon gazteek indarraren bidezko nagusitasuna, amorrua eta haserrea ez diren emozioak adierazteko ezintasuna eta bikotekidearen gaineko kontrol zorrotza arbuiatzen dituzte. Hala ere, eredu maskulino tradizionalaren erreferentzia ez da guztiz uzten. Hobeto esanda, soft bertsioa da. Esan dudanez, eredu hori aldatu nahi bada, genero-harremanak eta gizonek gizartean eta emakumeekiko duten tokia berrikusi behar dira. Hala nola, zaintzak, laneko arduraldia eta arrakasta, indarkeria mota guztiekiko arbuioa (gizonen kontrakoa barne hartuta), koitoan edo beharrean oinarrituta ez dagoen sexualitatea eta bikotekidearen jabetza, gaur gaurkoz, gizon gehienek berrikusi ez dituzten alderdiak dira.

Beste behin ere, gizonei berdintasunaren alde eta indarkeriaren kontra dauden galdetzen diegunean, gehien-gehienek baietz erantzuten dute. Hala ere, zein portaera uzteko prest dauden galdetzen hasiz gero, eztabaidak hasten dira. Gizonezkook oraindik ez dugu argi ikusi emakumeek berdintasuna eta segurtasuna irabazten badute guk pribilegioak galduko ditugula. Hain zuzen ere, ez ditugulako pribilegiotzat hartzen. Emakume feministekin egonda jabetzen ari gara baietz, pribilegioak direla, eta pribilegio horiek haien gainean dauzkaten ondorioez konturatzen ari gara.

 

 

5.- Zure ustez, gizonei zuzendutako berdintasunaren aldeko programek zein toki eta xede eduki behar dituzte? Programa horietan, nola uztar daitezke bestelako identitate maskulino baten ideia eta, egile batzuek defendatzen duten moduan, sexu-aniztasunaren eta identitate malguagoen aldeko ideia? Lan-ildo kontrajarriak dira ala elkarren osagarri izan behar dute?

Zalantzarik gabe, egiteko daukagun berrikuspen-prozesua luzea izanda ere, gero eta gizon gehiagok ulertzen dute maskulinitate tradizionalaren arazo soziala. Emakumeentzat eta haurrentzat ez ezik, haientzat ere kaltegarria dela ikusten dute, beste modu batean bizi nahi badute. Hau da, berdintasunean sinesten badute eta zaintzak baloratzen badituzte, lan egiteko bizi nahi ez badute, gizartean arrakasta edo protagonismoa edukitzea bilatzen ez badute eta sexualitatea eta harreman afektiboak presiorik, egonezinik eta indarkeriarik gabe bizi nahi badituzte, aukera bat topatzen dute feminismoan. Oraintxe bertan, gizon horien erreferenteak emakume feministak dira.

Nire ustean, sexu-identitateen malgutasuna eta sexu-aniztasuna lanaren sexu-banaketan gertatzen ari den aldaketaren ondorioa dira, bai eta gaur egun funtsean emakumeek beren gain hartzen dituzten eremuetan praktika maskulinoa sartu izanaren ondorioa ere. Edota gizonek berentzat hartutako eremuak (politika, ekonomia eta abar) uztearen ondorioa. Izan ere, praktika horien bidez malgutzen dira maskulinitateak, eta, halaber, pribilegioak zapaltzailetzat hartzen dira, eta aldatzeko premiak gora egiten du. Ezin gaitezke gizonak aldatzearen zain egon, bestelako genero-harremanak eraikitzen has daitezen edo beren burua gehiago edo gutxiago identifikatuko duten eredu malgu idealak eskaintzeko. Hori ez da gertatuko.

Hain zuzen ere, eremu feminizatuetan esperimentatuta has daitezke beren identitatea erlatibizatzen eta maskulinitate tradizionalaz haragoko identitateak esperimentatzen. Gu programetan egoten gara hor, praktika horietarako trantsizio-bidean laguntzeko, gune horiek eskaintzeko eta gaur egun gizona izatea den hori zabaltzea ahalbidetzeko, uste dut.

 

Euskadi, auzolana