Koronabirus garaian, zaintza +. Egin dezagun dagokiguna.

COVID-19aren pandemiaren ondorioz bizitzea egokitu zaigun salbuespenezko garai zail honetan, agerian jarri da zainketek berebiziko rola dutela hala gizartearen funtzionamendurako, nola bizitzaren jasangarritasunerako. Halaber, emakumeen eta gizonen artean zaintza-lanei eskaintzen zaizkien denborari eta ardurari dagokienez dauden ezberdintasunak ikusgarriagoak egin dira. 

Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen Gizonduz programaren kanpaina hau gizonei zuzenduta dago, eta etxeko lanetan nahiz zaintza-lanetan dagokien zatia egitea proposatzen die, lanok batez ere emakumeen esku uzten baitira oraindik. 

Itxialdi-garai honi testuingurua jartzeko, bada, aintzat hartu behar dugu enplegua duten euskal emakumeek gizonek baino askoz ere denbora gehiago eskaintzen diotela adingabeak nahiz mendekoak zaintzeari. Etxetik kanpo lan egiten duten emakumeek 5,1 ordu ematen dituzte egunean 15 urtetik beherako seme-alabak zaintzen; gizonek, aldiz, 3,3 ordu. Gizonek seme-alabak zaintzeko eszedentzien % 7,4 hartzen dituzte, eta mendekoak zaintzeko eszedentzien % 17,9. Horrenbestez, zaintza-lanak gizonen erantzukizunik eza dela-eta, emakume askorentzat oztopo bihurtzen dira profesionalki garatzeko, eremu publikoan parte hartzeko, aisialdiaz gozatzeko eta osasun ona edukitzeko orduan, eta, ondorioz, besteak beste, emakumeen laneko eskubideak eta gizarte-babeseko eskubideak murrizten dira.

Alabaina, egoera berri hau gure ohiturak eta eguneroko jarduerak aldatzen ari da, nahiz eta oraindik zaila den etxeko lanen eta zaintza-lanen banaketan nola eragiten ari den jakitea. COVID-19ak eragindako krisia, beraz, gizonek emakumeen eta gizonen berdintasunaren inguruan hausnartzeko aukera da, bai eta berdintasun horren aldeko urratsak ematen hasteko abagunea ere. Orain, inoiz baino gehiago besteak zaindu eta nork bere burua zaindu behar du.

Honako hauek dira kanpainaren helburuak:

• Etxeko lanetan eta zaintza-lanetan gizon gehiago inplikatzea.

• Gizonek etxeko lanei eta zaintza-lanei eskaintzen dieten arduraldia handitzea.

• Zaintzek gure gizartean duten garrantziaren inguruan sentsibilizatzea.

 

Horri begira, gizonak etxeko lanetan eta zaintza-lanetan gehiago inplikatzea sustatzeko hainbat material eta hausnarketa-gune erabiltzea proposatzen dugu, baina konfinamendu-testuinguru honetara mugatu gabe; hots, inplikazio hori harago hedatzea eta etorkizunean sendotzea da helburua, gizarte aske, justu eta berdinzaleagoa lor dezagun.

Solasaldi birtuala: "Gizonak eta zaintza".

Audioa: "Kontziliazioa pandemiak eragindako konfinamenduan" (Euskadi Irratia).

Aitak dokumentala. Dokumental honetan, hamaika aitak haien barru-barruko alderdirik ezezagunena erakusten digute: afektuen eta zaintzaren mundua ikusiko dugu, aitatasuna bizitzean bereziki azaleratzen diren zalantza, beldur, poz eta kontraesanekin bustita.

Aitaren sekretua ipuina. Kontatzeko eta entzuteko ipuina da, non aita baten eta haren semearen artean sortzen den harremana kontatzen zaigun, zaintza-harreman batean ikas eta aurki daitekeenarekin batera.

Berdinometroa. “Jolas” honen bidez, etxeko lanak bikote barruan nola banatzen diren egiaztatu daiteke, eta ikusgarri egin, modu dibertigarri batean, banaketa orekatuagoa ahalbidetzeko asmoz.

Aztertu zure matxismoa. Eremu pertsonal, sozial eta lanekoan dauden jarrera sexistak aztertzeko inkesta da, Emakunderen “Gizonok esan eta egin” kanpainaren barruan dagoena.

Zainketa. Emakunderen Nahiko programaren unitate didaktiko honekin, berdintasun-balioak landu daitezke Lehen Hezkuntzako haurrekin. 

Gazteak Berdintasunean 2.0. Bideo-joko honen bidez, sexismoa eta indarkeria prebenitu daitezke, eta berdintasuna sustatu, gazteen artean.

Maskulinitateei eta berdintasunari buruzko lineako ikastaroa. Aprobetxatu denbora hau gizonen, maskulinitateen eta berdintasunaren inguruan trebatzeko, lineako ikastaro hau eginez.

Gizonok esan eta egin online plataforma. Orain, inoiz baino gehiago, zure konpromisoa beharrezkoa da. Konpromisoa har ezazu berdintasunarekin Gizonok esan eta egin aplikazioaren bidez.

Eusko Jaurlaritzaren neurriak eta informazioa. Sartu Eusko Jaurlaritzak COVID-19aren harira osasunaren, kontziliazioaren, ekonomiaren eta abarren inguruan eman duen informaziora edota hartu dituen neurrietara.

Kontziliazioari buruzko mahai-ingurua Radio Euskadin.

 

ELKARRIZKETAK

Elkarrizketak, koronavirusaren garai hauetan gizonek zaintzan duten paperaz hausnartzeko

José Angel Lozoya (Youtube)
Susana Covas (Youtube)
Miquel Far (Youtube)
Paco Abril (Youtube)
Bakea Alonso (Youtube)
Octavio Salazar (Youtube)
Edu Portilla (Youtube)
Hilario Sáez Méndez (Youtube)
Lucho Fabbri (Youtube)
Roberto Samayoa (Youtube)
Mikel Otxotorena (Youtube)

 

Euskadi, auzolana