Elkarrizketa Izaskun Landaida Larizgoitiari, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen zuzendariari.

«Emakumeak ekoizpen-eremuan gizonak ugalketa-eremuan baino gehiago sartu dira»

Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak hainbat aldiz gogorarazi duen bezala, 2015ean berdintasunaren aldeko jardunean bi gertaera garrantzitsu izan dira: Batetik, NBEk Beijingo ekintzaren deklarazioa eta plataforma onartu zituela hogei urte bete dira, eta, bestetik, Legebiltzarrak emakumeen eta gizonen berdintasunerako legea onartu zuela hamar urte bete dira. Baina bada ospatzeko beste arrazoi bat ere: NBEk, aurten, Emakunderi eman dio lehen saria zerbitzu publikoen atalean, «zerbitzu publikoen horniduran generoaren ikuspegia sustatzea» saritzen duen kategorian, Emakunde bikaintasunez aritu delako «emakumeen eta gizonen berdintasunerako legea ezartzen.»

Arrazoi horiek guztiak nahikoa dira, batetik, zoriontzeko eta, bestetik, gogoeta egiteko nahiz berdintasunerako bidean egiteke dauden erronkak ipintzeko.

1.- Beijingo deklarazioan, lehenengo aldiz, gobernuek adierazi zuten berdintasunaren aldeko ekintza guztietan gizonezkoak inplikatzeko konpromisoa hartu zutela. Zein iritzi duzu gai honi buruz? Nazioarteko akordio hauek benetako tresna bihurtu al dira emakumeen nahiz gizonen berdintasunerako ekintzetan eta politiketan gizonak inplikatzeko?

Azken hogei urteetan, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari dagokionez, gure gizartean gauzak asko aldatu direla ez du inork zalantzan jartzen. Zorionez, gure balioak eta ideiak berdintasunaren aldekoagoak dira egun. Hala ere, Beijingo agendako konpromisoak betetzeko bide luzea dago egiteke. Estatuek hartutako konpromisoei beste bultzada bat emateko une garrantzitsuan egin da Beijing+20. Azken 20 urteetan izandako aurrerapen formal eta normatiboak eztabaidaezinak dira, eta berdintasunerako eskubide hori errealitate bihurtzea eskatzen dugu. Ezin dugu ahaztu tresna berri horiek lagundu egiten dutela, baina jarduketa-lerroak ezartzen badituzte; hala, aurrera egiten laguntzen diguten lan-tresnak dira, baina, ondoren, egokitu eta praktikan jarri behar dira hainbat herrialdetan. Tresna horiek ez dira erdietsi beharreko helburuak, baizik eta abiapuntua. Eta esan duzun bezala, 1995ean, Beijingo ekintza-plataforma onartu zenean, pentsatu zen beharrezkoa zela gizonezkoak inplikatzea berdintasunezko gizarte bat lortzeko aurrerapausoak eman nahi bagenituen. Eta gauza bera esan dezakegu 2005ean onartu zen berdintasunerako legeari buruz. Egun, inplikazio hori lortzeko lan egiten jarraitzen dugu.

Ikusten duguna da gizarteak bestelako argazki bat erakusten duela oraindik ere, lanean banaketa sexuala egiten delako eta gizonak ekoizpen-arlora eta emakumeak ugalketa-arlora bideratzeko banaketa tradizionala egiten delako. Ekoizpenaren arloak eta espazio publikoak gizonezkoenak izaten jarraitzen dute, gehienbat; pertsonak zaintzeko arloak eta espazio pribatuak, ordea, emakumezkoenak izaten jarraitzen dute, nagusiki. Agerikoa da aldaketak izan direla eta aurrera egin dugula, hori ikusteko nahikoa da gure ingurura begiratzea, begi bistakoa baita gizonak gehiago inplikatzen direla alor askotan, baina zaintzan eta etxeko lanetan aritzeko prozesua geldoa da. Emakumeak ekoizpen-eremuan gizonak ugalketa-eremuan baino gehiago sartu dira. Aldaketak izan diren arren, eredu hori emakume eta gizon askoren pentsamoldeetan dago oraindik ere, eta asko zailtzen du emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzea.

2.-Berdintasunerako euskal legean ere planteamendu hau jaso da eta gizonei zuzendutako ekintza espezifikoak daude. Halaber, legearen ondorengo autonomia-erkidegoko berdintasunerako planetan gai horretako helburu espezifikoak jaso dira. Hala ere, ez duzu uste berdintasunerako politikek «emakumeen» gaiekin dutela zerikusia oraindik? Zergatik kostatzen da hainbeste gizonak gai honetan inplikatuta sentitzea?

Hain zuzen ere, oraindik ere bada berdintasuna emakumeen kontua dela uste duenik, baina, egiazki, berdintasunerako politikek oraindik ere gizarte androzentrikoak berdintasunezko gizarte baterako pausoa ematea lortu nahi dute, gizonen eta emakumeen arteko eskubideen berdintasuna erdiesteko helburuarekin. Horrek esan nahi du hobea, justuagoa eta demokratikoagoa den gizarte baten alde egitea, hau da, pertsonak orain bizi garen gizarteak baino gehiago aberastuko dituen bestelako antolamendu baten alde egitea. Horretarako, legeak behar izateaz gain (oso garrantzitsuak dira), gizarteak berdintasuna lortzea izugarri zailtzen duten balio batzuk aldatu behar ditu. Argi dugu balioak aldatu gabe, ezin dela gizartea eraldatu. Eredu androzentriko eta berdintasunik gabeko eredu batetik berdintasunezko eredu batera eta eredu justuago batera pasatzeko, beharrezkoa da gure gizartea gidatuko duten bestelako balioak garatzea. Zalantzarik gabe, egungo balioak, gureak, aldatu egin dira, baina oraindik ere onartzen dute hierarkian gizonak emakumeak baino gorago daudela, eta gizonen ekintzak emakumeenak baino garrantzitsuagoak direla. Badakigu balioen aldaketa ez dela lortzen egun batetik bestera; epe ertainerako/luzerako lana da. Baina egun ezer ez egitea, arduragabekeria larria izateaz gain, gure gizarterako erabat negatiboa izango litzateke.

3.- 2007an, Emakundek Gizonduz ekimena jarri zuen martxan. Euskadiko gizonak berdintasunaren alde eta indarkeriaren aurka inplika zitezela sustatzea zen ekimen horren helburua. Zein balorazio egiten duzu Gizonduz ekimenari buruz eta zein joera izango dute gizonekin egin beharreko lanak?

Eusko Jaurlaritzaren ekimen aitzindaria da, Emakundek sustatua eta, gaur egun, oraindik ere, gonbidatzen gaituzten erkidegoetan eta herrialdeetan interes handia pizten du. Gizonak emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alde kontzientzia daitezela, parte har dezatela eta inplika daitezela sustatzen du; horretarako, besteak beste, urtero sentsibilizazioan eta prestakuntzan oinarritutako programa bat garatzen da, gizonezkoetan lehen aipatu dudan balio-aldaketa sustatzeko, gizonak egunero era aktiboan konprometitu daitezen berdintasunaren alde.

Oraintxe bertan, orain arte egindako lana ebaluatzeko prozesuan gaude eta ondorioen zain; eta ziur gaude erronka berriak eta etorkizunerako estrategiak jartzeko balioko dutela ondorio horiek.

4.- Emakumeek urte hauetan berdintasunerako egin dituzten aldaketak eta aurrerapenak agerikoak dira; hala ere, aurrera egiteko asko gelditzen zaigu eta konkista asko ditugu lortzeko. Gizonetan aldaketak maila berean izan direla uste duzu? Zein eremutan dago aldaketarekiko erresistentziarik handiena?

Lehen esan dudan bezala, emakumeek espazio pribatutik publikora pasatzeko pausoa eman dutela gehiago nabari da; gizonek espazio publikotik pribaturako pausoa eman dutela, ordea, ez da horrenbeste nabari. Uste dut gizonek oraindik ere oso garrantzitsua den irakasgai bat dutela gainditu gabe, zeren aldaketak ez dira maila berean gertatu. Leku batetik bestera pasatzeak gauza batzuei uko egitea dakar, edo bestela esanda, era jakin batean zela uste genuena berriz pentsatzea eta berriz antolatzea esan nahi du. Horretarako, erosotasun gunetik atera behar da eta itun berrietarako prest egon behar da. Uste dut aldaketarekiko erresistentziarik handienak, batetik, emakumeei autoritatea eta boterea aitortzeko garaian daudela (oso kontuan izan behar dugu, nahiz eta aurrerapenak izan diren, gizarte androzentriko batean bizi garela eta, horregatik, gehienek uste dutela hierarkikoki gizonak emakumeen gainetik daudela eta, ondorioz, pribilegio batzuk dituztela), eta, bestetik, pertsonak zaintzea eta etxeko kontuak gure gizarteko alderdi garrantzitsuak direla eta gure gizartean bizi diren pertsona guztien ardura direla onartzeko garaian daudela.

5.- Giza eskubideen zapalketarik larrienetako bat emakumeen aurkako indarkeria da. Gizarte gisa, betebehar morala dugu indarkeriarik gabeko gizarte libre baterantz egiteko, gure eskura dauden bitarteko guztiak jartzeko. Guztion ardura da, emakume nahiz gizon. Nola planteatu beharko litzateke indarkeria matxistaren aurka emakumeek zein gizonek batera lan egiteko proposamen bat?

Argi eta garbi dago giza eskubide baten urraketaren aurrean gaudela eta horixe da buruan izan behar duguna, lehenik eta behin. Uste dut funtsezkoa dela herritar guztiek jarrera aktiboa izatea, eta, batez ere, gizonek. Horrelako indarkerian, eraso egiten dutenak gizon batzuk dira; beraz, garrantzitsua izango litzateke jokabide hori onartzen ez duten gainerako gizonek, gehienek, ozen eta garbi adieraztea erasotzaile horien kontrako jarrera dutela; horrela, aldaketaren eragile bihurtuko lirateke. Eta uste dut aldaketa hori, aldaketa handi guztiak bezala, ohiko jarrera txikiak aldatzen hasita lortuko dela. Ez da aski gizon batek publikoki adieraztea emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako jarrera duela; bene-benetako aldaketa lortuko da, esaterako, gizon horrek beste gizon bat txiste sexista bat kontatzen ari dela hori egitea gaitzesten duenean, emakumeen duintasuna iraintzen badu txiste horrek. Emakumeen aurkako indarkeriaren kontra egotea ere bada, halaber, emakumeen aurkako indarkeria gertatzeko baldintza egokiak sortzen dituzten jarrerak ez onartzea. Ez da nahikoa esatea emakumeen aurkako indarkeriaren kontra dagoela, ekintza arruntekin inplikatu behar baita, baldintza egoki horiek sor ez daitezen.

Uste dut pausoak eman direla, baina oraindik ere bide luzea dago egiteko berdintasunaren aldekoagoa den gizarte bat lortzeko, hau da, emakumeen aurkako indarkeriarik izango ez den gizarte bat lortzeko. Garrantzitsua da norberak barneratzea berdintasunaren aldekoagoa den gizarte baten alde lan egitea emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko gizarte baten alde lan egitea dela.

6.- Erantzukidetasunaren alorrean, etxeko lanetan eta zaintzan gizonek duten egitekoan aldaketa batzuk izan dira azken urteetan, baina emakumeen eta gizonen denbora-erabilerari buruzko zifrek adierazten digute ekitatetik urrun gaudela. Zein motatako neurriak har daitezke gizon gehiago etxeko lanetan eta zaintzan gehiago inplikatzeko? Nola susta daiteke gizon gehiagok eszedentziak eta baimenak eskatzea?

Ideia bat izan behar dugu beti buruan. Pertsonen bizitzan hainbat alderdi sartzen dira: lanekoa, familiakoa eta pertsonala. Egunak 24 ordu ditu eta denbora horretan, espazio bereizi horiei jarri behar diegu arreta. Adibidez, laneko ordutegiek gure denbora guztia hartzen badute, denbora gutxi eskaini ahal izango diegu gainerako alderdiei. Alderdi horien arteko oreka ahalbidetu behar da, egiazki jasangarriak diren gizarteak nahi baditugu. Horretarako, zaintza-eginkizunak baloratzen hasi behar da eta ekoizpeneko eginkizunak bezain beharrezkoak eta garrantzitsuak direla pentsatu behar da. Kontuan izan behar da zaintzaren balio soziala.

Uste dut funtsezkoak diren hiru lan-arlo daudela: batetik, etxeko lanetan eta mendekotasuna duten pertsonak zaintzeko eginkizunetan ardura partekatua izatea (hau da, alor horietako ardurak banatzea); bestetik, enpresek horiek guztiak gauzatzeko bestelako antolamendu-sistemak, ordutegi malguak eta antzerakoak eskaintzea; eta, hirugarrenik, administrazioek bi arloak uztartzeko aukera ematen duten zerbitzuak eskaintzen eta egokitzen jarraitu behar dute. Nolanahi ere, urte hauetako guztietako lanean gizonek ez dutenez jauzi kualitatiborik eman ildo horretan, uste dut berdintasunerako gure VI. planak adierazten duen bezala (nahiz eta Eusko Jaurlaritzak ez dun horretarako eskumenik), lan egiten jarraitu beharko dugula amatasun- zein aitatasun-baimenak parekatzeko, iraupen berdina izan dezaten eta besterezinak izan daitezen. Hori egin duten herrialdeetan, ildo horretako aurrerapen gehiago egin dira.

7.- Gero eta garbiago agertzen da, eremu askotan ahaleginak egin diren arren, belaunaldi berriek jarrera sexista asko dituztela oraindik edo ez dutela aurrera egiten beren balioetan eta praktiketan emakumeen zein gizonen arteko berdintasun handiagoaren alde. Zein eratako jarduketak egin behar dira berdintasunerako bidea azkartzeko? Hemen ere erresistentzia asko ditugu gizon gazte askoren artean, berdintasunaren aldekoagoak diren jarreretarantz egin dezaten. Uste duzu beharrezkoak direla gizon gazteei zuzendutako programa espezifikoak? Zein gai landu beharko litzateke lehentasunezko eran?

Hezkuntzan berdintasuna sustatzea Emakunderen lehentasunetako bat izan da, hasieratik. Hala, 90. hamarkadaren hasieratik erakundeak etengabeko eran lan egin du berdintasunezko eskola sustatzeko. Are gehiago, gaur egun lan egiten jarraitzen dugu, eta ildo horri jarraiki, gustatuko litzaidake nabarmentzea, batetik, lehen hezkuntzan 2003. urtetik garatzen ari garen «Nahiko» programa, ikastetxetik emakumeen aurkako indarkeria prebenitzeko helburuarekin, eta, bestetik, «Beldur barik» programa. Erakundeen arteko programa bat da, 2010. urtean sortu zen eta Emakunde, Eudel eta hiru aldundiak ditu buru, eta bere helburua da emakumeen aurkako indarkeria prebenitzea neska-mutilekin lan eginda. Programen artean dago Gizonduz ere, eta, programa horren baitan, bideo-joko bat egin dugu eta espero dugu publikoki laster aurkeztea. Gazteentzako bideo-jokoa da, batez ere mutilentzat, eta jarrera sexistak zein indarkeriazkoak prebenitzea du helburu.

Hezkuntzaren egitekoa, hezkuntza-munduarena, funtsezkoa da berdintasunezko eta errespetuzko balioetan oinarritutako gizarte bat eraikitzeko. Horretarako, ematen diren edukietan estereotipoak kendu eta emakumeen jakintza txertatuko da; horrez gain, ikasleak gaituko dira ikasketak generoan eta antzerakoetan oinarritu gabe aukera ditzaten.

Baina ez da lan egin behar den esparru bakarra. Identitateak, mundua ikusteko moduak, sinesmenak eta balioak eraikitzen dituzten agente sozializatzaile asko daude. Eta horiek guztiak garrantzitsuak dira. Horien artean familia, familia-ingurunea, da nabarmentzekoa eta pentsatu behar dugu zein eredu ari garen eskaintzen gazteei. Nabarmentzekoak dira, era berean, komunikabideak, eragin handia baitute pertsonetan, eta, batez ere, gazteenetan. Hala, Emakundek sustatu dituen neurri batzuk aipatzearren, nabarmenduko nuke komunikazio eta publizitate ez sexistarako batzordeak, Begirak, egiten duen lana, komunikabideekin eta agentziekin batera egiten baitu lan. Garrantzitsua da komunikabideetan eragitea, presentzia orekatua eta bi sexuen irudi plurala sustatzen duten programen eta edukien kopurua areagotzeko; hala, irudi zein eduki horiek edertasun-kanon eta estereotipo sexistatik kanpo daude eta sexuaren arabera, beheragokoak edo goragokoak diren pertsonak edo objektu sexual gisa aurkezten dituzten irudi zein eduki mediatikoak ezabatzen dira, baita horiek justifikatu, ezereztu edo indarkeria sustatzen dutenak ere, batez ere emakumearen aurkako indarkeria sustatzen dutenak.

Gizarte gisa, gogoeta sakona egin behar dugu gure gazteei helarazten ari garen mezu motei buruz, eta ildo horri jarraiki, familiaren egitekoa protagonista dela uste dut. Emakume eta gizon gazteek, kasu askotan, berdintasunik eza iraunarazten duten rolak eta estereotipoak kopiatzen dituzte. Horregatik, garrantzitsua da hasiera-hasieratik lan egitea; hezkuntzaren, familiaren, komunikabideen eta antzerakoen alorretik. Eragile sozializatzaile guztiak aldaketa-eragileak edo egun nagusi den eredua iraunarazten duten eragileak izan daitezke. Norberaren esku dago, bakoitzak duen erabaki- eta ardura-alorretik, aldatzeko pausoak ematen saiatzea.

Euskadi, auzolana