Elkarrizketa: #mamiconcilia eta #papiconcilia mugimenduen inguruan

2014ko apirilean, #mamiconcilia mugimendua sortu zen, izen bereko ebook baten ondorioz. Ebook hori “Mujeres Directivas” plataformak bultzatu zuen, zeina emakume zuzendarien komunitate bat baita, profil profesional horretarako erabateko garrantzia duten gaiei buruz hausnartu nahi duena. Sei hilabete geroago, 2014ko azaroan, #papiconcilia ekimena ere gehitu zen: beste ebook bat da, seme-alaben hazkuntzan eta etxeko lanetan erantzukidetasunez inplikatzen diren aita batzuen testigantzak jasotzen dituena (aita horiek ez dute zertan zuzendari izan behar).

 

Usúe Madinaveitia, #mamiconcilia eta #papiconcilia mugimenduen sortzailea 

 

1.- Zehaztu dezakezue nondik eta zer dela-eta sortu ziren mugimendu horiek?

Amatasun-baja utzi eta lanean hasteko hiru aste falta zirela, lantoki nuen enpresatik joateko gonbita egin zidaten. Galdera hau ezin nuen burutik kendu: zer egiten dute emakume zuzendariek lana eta bizitza pertsonala uztartzeko? Eta galdetzea erabaki nuen.

2014ko Amaren Egunean, ebook bat atera genuen: zuzendari emakumeen 28 testigantza jaso ziren, kontziliazioaren gainean. Trending topic bihurtu zen twitter-en, 700 deskarga baino gehiago lortu zituen egun bakar batean, eta komunikabideen arreta piztu zuen. Ordutik, hilero atera gara hedabideetan, hutsik egin gabe.

Harrera ona izan genuen, baina baziren ahots kritiko batzuk #papiconcilia baten beharra aldarrikatzen zutenak. Eta hala, sei hilabete geroago, beste ebook bat atera genuen: 24 aiten testigantzak jaso genituen, seme-alaben hazkuntzan eta etxeko lanetan erantzukidetasunez inplikatzen diren aitenak.

2015eko Aitaren Egunean, berriz atera genuen hori: 46 testigantza jaso genituen, eta paperean eskuratzeko aukera jarri genuen (http://amzn.to/2m9zGn4). Bigarren edizio honekin, ikusi genuen jendearengan eragiten hasi ginela, egilekideetako bik esanbaitzuten telelana edo lanaldi-murrizketa eskatzea erabaki zutela #papiconcilia-ren lehen edizioa irakurtzeari esker.

2016ko Aitaren Egunean, zirkulua ixteko, #papiconcilia directivos (http://papiconcilia.com/) atera genuen: 12 aiten testigantzak jaso genituen, eta oraingoan, 7 enpresa garrantzitsutan erantzukizun handiko karguetan dauden aiten testigantzak izan ziren. Haiek ahalmena dute enpresen barruan gauzak aldatzeko. Haien eredua funtsezkoa da, eta garrantzitsu iritzi genion introspekzio-ariketa hau egin zezaten eskatzeari. Kontziliatzeko zer oztopo dituzten aztertu, zer irtenbide erabiltzen duten hausnartu, eta aita izatean jaiotzen edo indartzen diren 20 ezaugarri edo trebetasun ere zerrendatu zituzten (http://mamiconcilia.com/la-paternidad-plus-la-empresa/), hala nola talde-lana, entzuteko eta negoziatzeko gaitasuna, enpatia, pazientzia, umore-sena, antolamendua eta denboraren kudeaketa egokia ...

 

2.- Zer helburu dituzue? Amen plataforma, aitena ... bakoitza bere aldetik eta aldi berean koordinatuta lan eginda. Zergatik ez elkarrekin egindako mugimendu bat? Zertan oinarritzen duzue bien arteko aldea?

Gure helburu nagusia da batetik, erakustea gaur egun zer zailtasun ditugun lana, bizitza pertsonala eta familia-bizitza uztartzeko, eta, bestetik, inspirazio-iturri izatea bai norbanakoentzat, bai enpresentzat eta alderdi politikoentzat, horrela lortuko baitugu, poliki-poliki, beste gizarte modu bat, non profesional arrakastatsu izan daitekeen pertsona izaten utzi gabe.

Garrantzitsua da adieraztea kontziliazioa guztioi dagokigula, ez soilik seme-alabak ditugunoi.

Ideia horiek jaso ditugu gure manifestuan (http://mamiconcilia.com/manifiesto/). Irakur ezazue, sinatu eta zabaldu.

#mamiconcilia, #papiconcilia eta halaber #miempresaconcilia mugimenduek koordinatuta lan egiten dute. #Mamiconcilia mugimendua hirurak biltzen dituen izen generikoa da, atzetik etorri ziren ekimen guztien iturri izan zelako, eta, horretaz gainera, oraindik ere gizarte patriarkal batean bizi garenez, amok oraindik ere zailago dugulako kontziliazioa.

Ez dugu bereizketarik egiten hiru mugimenduen artean, “gidoiak eskatzen duenean” soilik, hau da, berariaz emakumeei, gizonei edo enpresetako langileak kudeatzeko politikei eragiten dien gai bat landu behar denean. Edonola ere, azken hiru urteetan batu ditugun 200 testigantza baino gehiagori esker lortu dugun ikuspegia ekartzen saiatzen gara beti: ikuspegi globala.

 

3.- Kanpaina bat baino gehiago bultzatu duzue kontziliazioaren inguruan. Alor horretan non kokatzen dituzue zuen eskaerak?

Lehenik, lortu behar dugu gizartea, kultura eta enpresa-mundua aldatzea, aukera izan dezagun gure giza-izaerari uko egin gabe lan egiteko.

Gero, umeak gizartearen erdigunean kokatu behar ditugu, bihar-etzi herritar izango diren aldetik, eta haiek izan behar ditugu gogoan kontziliazio-neurriak diseinatzerakoan. Horren haritik, aitok eta amok egiten dugun lan soziala ere aitortu behar dugu, gure etorkizuna erabakiko duten horietan inbertitzen baititugu gure baliabideak eta denbora.

PPiiNA elkartearen helburua defendatzen dugu, gurasoen baimenak berdinak izan daitezen, besterenezinak eta ehuneko ehun ordainduak, hori lagungarri izango baita —zalantzarik gabe— rolen banaketa tradizionalari amaiera emateko: tradizioz, gizona arduratzen zen etxera dirua ekartzeaz, eta, emakumea, berriz, etxeko lanez eta zaintza-lanez; horrek ez du zentzurik, emakumea lan-mundura sartu denez geroztik.

Lanaren eremuan, naturalizatu egin nahi dugu lana, helburuka; malgutasuna bultzatzen dugu, bai espazioari dagokionez (telelana), bai denborari dagokionez, eta amaiera eman nahi diogu presentismoari. Horretarako jaulkitzen ditugu gure kanpainak: http://mamiconcilia.com/productividad-y-motivacion-laboral-salantesdecurrar-dia-de-salir-antes-de-la-oficina/ eta y #salpuntual http://mamiconcilia.com/que-es-salpuntual/, hurrenez hurren.

 

4.- Zuen mugimenduan garrantzitsua da testigantzak partekatzea, eremu pertsonalean izan dituzuen bizipenei eta bizitza pertsonala lanarekin uztatzeko zailtasunei buruz. Estrategia hori gehiago zehazterik bai?

Hiru urte hauetan, ikusi dugu kontziliazioari buruzko historiak erakusteak lagundu egiten diola herritarrari, eta ahaldundu egiten duela bere bizitzaren gainean erabaki dezan, lehentasunak ezar ditzan eta neurriak har ditzan aldaketak eragiteko, uste baitugu kontziliazioa bakoitzaren baitan hasten dela. Eta norberak egiten dituen aldaketek aldaketa handiak eragin ditzaketela gizartean. Gizarte-mugimendu hau da horren erakusgarri, nik neuk neukan kezkatik sortu zen eta.

Salaketa-testigantzek balio izan dute tabu ziren gai batzuk plazaratzeko: ama eta, gero eta gehiago, aita izatean gertatzen zen lan-diskriminazioa, esate baterako (12 urtetik beherako seme-alabak zaintzeko lanaldi-murrizketa eskatzeagatik kaleratuak izan diren gizonen testigantzak ditugu; eta eskubide hori legeetan daukagu). Testigantza horiei esker, alderdi politiko batzuekin batzartu gara, eta entzun egin digute.

Badakigu testigantza positiboenak inspirazio-iturri izaten direla, bai eta aldaketarako bultzada ere. Sarritan bidaltzen dizkigute emailak, gure lana eskertzeko.

Horretaz gainera, enpresetako praktika egokiak partekatzen ditugu (http://miempresaconcilia.es/), enplegatuen bidez; izan ere, uste dugu baliagarri izango dela beste enpresa batzuek ere bide hori hartzeko, eta, luzera begira, denek jakiteko zein enpresek errazten duten kontziliazioa (hots, lana, bizitza pertsonala eta familia uztartzea), eta, hartara, herritarrek aukera izan dezaten enpresa horiek saritzeko, zerbait erostea erabakitzen dutenean.

Edonork utz dezake bere testigantza gure plataforman. Ez galdu aukera: http://mamiconcilia.com/comparte-tu-testimonio/

 

5.- Zifrek aldaketa batzuk onerako gertatu direla erakusten diguten arren, emakumeen eta gizonen denbora-erabilerak erakusten digute berdintasuna lortzea urruti dagoela oraindik ere. Nolako proposamenak behar dira gizonek arlo honetan gehiago parte har dezaten? Administrazioak beste ildo batzuk ere bultzatzen al ditu bateragarritasuna eta erantzunkidetasuna errazteko?

Uste dugu funtsezkoa dela egoera normalizatzea, hots, gizonek ere beren gain hartzea zaintza-lanak (adingabeena nahiz zaharrena) eta etxeko lanak. Eta horretarako, gizonen historiak erakutsi beharra dago, eredugarri izan daitezen. Eta hortxe ari gara gure harri koskorra jartzen.

Legediari dagokionez, oso lagungarria litzateke baimenak berdinak, besterenezinak eta ehuneko ehun ordainduak izatea —PPiiNA elkarteak defendatzen duen bezala—, eta, horrela, gizonek hasieratik izango lituzkete atxikimendu-loturak haien umeekin, eta normaltasunez egingo lituzkete zaintza-lanak eta etxeko lanak. Gizonek enpatia, sentikortasun eta erantzukidetasun handiagoa izango lukete. Gutxitu egingo lirateke indarkeria-indizeak, handitu egingo litzateke gizonen bizi-itxaropena, berdintasunean eta erantzukidetasunean oinarrituta heziko genituzke gure umeak, eta gutxitu egingo litzateke emakumeen kontrako lan-diskriminazioa, besteak beste.

Hala ere, Gobernuak betoa jarri berri die baimen berdin eta besterenezinei, aurrekonturik ez dagoela alegatuta; ez du kontuan hartu, ordea, lege honekin zenbat diru aurreztuko genukeen beste partida batzuetan.

 

6.- Eta enpresek nola kokatzen dute gai hau? Kontziliazioarekin zer gal dezakete eta zer irabazi?

Enpresek asko dute irabazteko. Masfamilia fundazioak efr ziurtagiria ematen die kontziliazioa kudeatzeko eredu bat duten enpresei, eta 50 adierazle baino gehiago ditu erakusten dutenak kontziliazio-neurriek handitu egiten dutela norbanakoaren zoriontasuna eta hobetu egiten dutela lan-giroa, eta, ondorioz, hobetu egiten direla produktibitatea eta enpresaren emaitzak.

 

7.- Gero eta ahots eta plataforma gehiagok eskatzen dute araudia aldatzeko, gizonentzako baimen gehiago egon daitezen eta, hartara, gizonek gehiago parte har dezaten umeen hazkuntzan eta zaintzan. Zer iritzi duzue horri buruz? Badago eredurik erreferente izan daitekeenik?

Aurrez ere azaldu dut PPiiNA elkartearen proposamenaren alde gaudela erabat.

Islandian, zeina arlo honetan aurreratuen dagoen herrialdea baita, aitek hiru hilabeteko baimena izaten dute, eta umeak zaintzeko hartzen dute. Baina neurri hori Espainian onartuko balitz, herrialde aitzindaria izango ginateke eta buruan geundeke baimen berdinzaleei dagokienez.

 

8.- Nola ikusten dituzue belaunaldi berriak? Sarritan, nerabeek eta gazteek jokabide sexistak betikotzen dituztelako ideia helarazten digute komunikabideek. Zuen ustez, ez dago aldaketa positiborik gazteen artean? Eta gizonen artean? Zer egin daiteke jarrera berdinzaleagoak oztopatzen dituzten erresistentziei aurre egiteko?

Ni ere zuen ustekoa naiz, komunikabideek eta herriak helarazten diguten iritzian oinarrituta. Eta badut motiborik hori berresteko: lana eta familia-bizitza uztartzeko zailtasunen ondorioz, umeen ehuneko handi bat gurea baino matxistagoa den herrialde bateko zaintzaileek hezten dute edo aitona-amonek, iraganeko balioak baliatuta, non emakumea arduratzen den zaintza-lanekin eta etxeko lanekin zerikusia duen guztiaz.

Gure ustez, aldaketa gertatuko bada, aitek eta amek denbora berbera eskaini behar diete seme-alabei, eta eurek jarritako ereduaren arabera hezi behar dituzte, erantzukidetasunean eta errespetuan oinarrituta. Orduan baino ez da gertatuko aldaketa.

Euskadi, auzolana