Michael Kaufman: "Arazoa ez dira gizonak, patriarkatuaren egiturak eta ideologiak baizik".

(English version)

Michael Kaufman ezaguna da nazioartean gizonak berdintasunean inplikatzeko ekimen ezberdinak direla eta. Berak sortu zuen 1991.ean Kanadan Lazo Zuriaren Kanpaina gizonak emakumeen kontrako indarkeriaren aurka inplikatzeko, gero mundu mailan oihartzuna izan zuena. Promundo Institutuko ikertzailea da eta MenCare ekimeneko ordezkaria. MenCare 35 herrialde ezberdinetan eta bost kontinentetan gizonak zaintza lanetan aktiboki inplikatzeko egindako ekimen bat da. Bilbon izan da Emakundek antolatutako Berdintasunerako Gunearen jardunaldietako batean, eta gurean dagoela aprobetxatu dugu elkarrizketa egiteko.

?

1.- 100 parte-hartzaile baino gehiago bildu dira emakumeen eta gizonen berdintasunaren alde gizonekiko lanean izan duzun esperientzia partekatzeko; zuk mundu guztiko GKE, instituzio eta gobernuekin lan egin duzu eta haien aholkulari izan zara, zer parteka dezakezu gure mugez haraindiko esperientzia horretatik? Zer elementu erkide dituzte funtzionatzen duten programek?

Lehenik eta behin interesgarria da ikustea mundu guztian ari direla gizon taldeak lanean hainbat motatako gaien inguruan, gizakiaren aukera desberdintasun guztiak ospatuz. Emakumeen kontrako indarkeria amai dadin lan egiten dute, LGBTen eskubideen alde, sexuari eta erreprodukzioari lotutako osasun gaietan, edo aitatasuna eraldatzen. Egia esan, ez dago herrialde bakar bat ere munduan, lan hori egiten ari ez denik. Beraz, hori bera, besterik gabe ere, aldaketa handia da duela 20 edo 25 urteko egoerarekin alderatuta.

Gutako batzuek lan honi ekin genionean, 80ko hamarraldian eta 90etakoan ondo sartu arte, zerbait arraroa iruditzen zitzaion jendeari. Zertarako molestatu gizonezkoak inplikarazten? Arazoa ez al dira gizonak eurak? Ez al da desbideratzea? Kasurik onenean, gizonekin eta mutikoekin lan egiteko ideia bazterreko zerbait bezala ikusten zen: denbora galtze bat, denbora-pasa bat, eta agian, hanka-sartze bat bezala ere bai. «Gizonak dira arazoa», esaten zen, «ez genituzke denbora eta baliabideak alferrik galdu behar».

Hori aldatu egin da. Gaur egun, NBEko ia agentzia guztiak, GKE garrantzitsu guztiak, eta gobernu guztiak, beren energiaren eta baliabideen zatitxo bat behintzat gizonak eta mutikoak inplikarazteko moduak bilatzeari eskaintzen ari dira. Hori, besterik gabe, gure bizitzen joanean ikusten ari garen aldaketa handi bat da. Programa baten edo bestearen adibide bat ematea baino garrantzitsuagoa iruditzen zait mundu guztian ikusten ari garen aldaketa honen berri ematea, egiazko aldaketa baita.

Eta aldaketa ez da soilik gobernuen, GKEen edo NBEko agentzien mailan gertatu, oinarrian baizik. Aldaketa horiek, haietan inspiratuak ez ezik, emakumeen bizitzetan izandako aldaketa bizkorren ondorio dira. Gizonek errealitate berriak dituzte aurrez aurre. Emazteek, alabek eta neska-lagunek esaten diete haien amek eta amonek izan zuten bizimodua ez dela eurentzat baliozkoa.

Emakumeen bizitzak lantokian, erkidegoan, etxean, eraldatzen ari diren neurrian, eta gero eta emakume gehiagok diotenean «ez dugu hau ametitzen, ez dugu bizi nahi indarkeriazko harremanen artean»; emakume gehiagok eskubide berdintasuna eta beren gorputzaren kontrola izatea eskatzen duten neurrian, gero eta gizon gehiago esaten ari dira «hau nire bizimodua ere aldatzen ari da».

2.- Azaldu duzun nazioarteko testuinguru historikoari dagokionez, zer elementu erkide dituzte gizonak inplikarazteko «programa onenek»?

Gauza bat baino gehiago daudela uste dut. Asko ikasi dugu, kolektiboki, gizonak eta mutikoak inplikarazteko lanean ari garen bai gizonek eta bai emakumeek. Badakigu guztion ahaleginak bateratu behar ditugula: norbanakoaren aldaketak eta aldaketa instituzionalak eta estrukturalak. Bistan dago hori ez dela berria. Mugimendu feminista arau horretan oinarritu da, eta gizonentzat ere berdin balio du. Gizonekin lan egin behar dugu haien bizitza indibidualak eraldatzeko, baina instituzioen eta egitura juridikoen sostengua ere lortu beharra daukagu, esandako aldaketa ahalbidetu eta bultza dezaten.

Ikasi dugu metodo batzuek besteek baino hobeto funtzionatzen dutela. Esate baterako, ikuspegi positiboek arrakasta handiagoa dute gizonek eta mutikoek beren bizimoduari, emakumeekiko erlazioei, jarrerei eta portaerei buruz gogoeta egiteko orduan. Ikuspegi positiboak baliagarriagoak dira haiek aldaketara bidean egiazki motibatzeko. Gustuko ez ditugun portaerak direla eta gizonei errieta egitea, beste gabe, ez da oso urruti iritsiko. Ez da lagungarri norberaren eraldaketarako. Badakigu ikuspegi positiboak giltzarriak direla.

Jakinaren gainean gaude funtzionatu duten programak (kanpaina bat, hezkuntza-programa bat, edota gizon edo mutiko talde jakin bati zuzendutako proiektu bat) «genero eraldaketan» azentua jartzen dutenak direla. Alegia, gizon izateak zer esan nahi duen zalantzan jartzen dutenak. Ez da esatea, beste gabe, «emakumeen eskubideak sostengatu behar dituzu», edo «sexu segurua praktikatu behar duzu», edo «ez da inor jo behar»; aldiz, gizonen bizimoduaz eta balioez hitz egin behar da. Zeren eta gizonek ez badute beren genero-eraikuntza propioaz gogoeta egiteko aukerarik, nolabaiteko gizontasun definizio batetik –eman dizkiegun zenbait botere eta pribilegio modu direla medio– eratortzen diren portaerak betikotuko dituzte. Ez baditugu zalantzan jartzen boterea eta pribilegioa, maskulinotasunaren ikuspegi estereotipatu horiei ez badiegu aurre egiten, ez gara gizonei aldatzen laguntzeko kapaz izango.
 
Badakigu programek positiboak izan behar dutela, genero eraldaketa sartu behar dutela egin beharreko lanaren bihotzean, eta bat etorri behar dutela emakumeen erakundeen ekimenekin. Kontua ez da «zaldunak emakumea salbatzea», ez eta gizonek beren espazioa bereizita lantzea ere, emakumeen aliatu gisa lan egitea baizik.

3.- Genero berdintasunaren alde lan egiten duten gizon taldeen sareak eratzen ari dira mundu guztian. Zein dira arlo honetako esperientzia interesgarrienetako batzuk? Zein dira, genero berdintasuneko gizarte batera bidean, talde horiek egiten ari diren ekarpenak? Ekarpenak egiten ari direla esango al zenuke? 

Bai, uste dut ekarpenak egiten ari direla. Gizonekin lan egitean, lan intelektual-akademikoan izan, edota erkidegoaren antolakuntzan, ikasi egiten dugu. Gizonekin lan egiten duzunean beren jarrerak eta portaerak aldatu nahian, gauzak ulertzen saiatzen zara, zeure burua jartzen duzu zalantzan. Genero diskurtsoaren barruan gizonak sartzen hasita daude.

Ez dut esan gizonek asmatu dutenik. Badaude emakumeak, bai esparru intelektualean eta bai aktibismoan, indar asko jarri dutenak gizonak inplikarazten edota gizonari eta maskulinotasunari buruz teorizatzen. Baina prozesu honek gizonak ñabardura handiagoz ulertzea eskatu du, izaki generizatu gisa, alegia. Horrela bada, uste dut hori feminismoari egindako ekarpena izan dela.

Gizon berdinzaleen talde batzuei arreta jartzen badiegu (talde horien ekarpena ahalegin zabalagoetatik bereiztea zaila den arren), ohartuko gara horien lana lagungarri izan dela gizonen artean genero-indarkeriari buruzko kontzientzia handiagoa sortzeko. Kasu batzuetan baliteke legeak sortzen lagundu izatea ere, baina oso zaila da mundu guztira orokortzea.

Ikusi ditut adibide batzuk nire bidaietan. Adibidez, Turkian, programa zoragarri bat zegoen NBEko agentzietako baten ekimenez sortua. Turkiak baditu legeak emakumeen kontrako indarkeria zigortzen dutenak, baina poliziako agenteek, gizonezkoak gehienak, ez zituzten inplementatzen. Horrela bada, programa mailakatu bati ekin zioten, batez ere poliziako agente gizonezkoei zuzenduta. Poliziako goi-karguetako 30 bat edo gehiagoko talde bat entrenatu zuten urtebetez. Prestakuntza sakona eman zitzaien, intentsitate handiko entrenamendua. Gero, ofizial horiek beste talde batzuk prestatu zituzten, eta haiek, berriz, beste batzuk.  Urte gutxi batzuen buruan, poliziako 30.000 agente trebatu zituzten emakumeen aurkako indarkeriari behar bezala erantzuteko. Kasu honetan, poliziako agente gizonezkoetan zentratzea erabaki zuten, erantzukizun berezia zutela iritzita. Adibide honek argi erakusten du gizonak inplikarazteko lana nola erabakigarri bilakatzen den. Ez zen nahikoa emakumeen kontrako indarkeriari buruzko lege bat edukitzea, ez ziren nahikoa telebistako iragarki batzuk. Legea aplikatuko zuten poliziak behar zituzten. Eta poliziako agente gehienak, jakina, gizonezkoak ziren. Haiek kontzientziatu behar ziren.

4.- Gizonduz Eusko Jaurlaritzaren ekimen bat da; Emakundek zuzentzen du, Emakumearen Euskal Erakundeak, gizonak berdintasunaren aldeko etengabeko ahaleginean inplikatzeko xedez. Ezagutzen duzu egiten duen lana? Zer nabarmenduko zenuke lan horretatik? Zein izan daitezke, zure iritziz, lan-ildo eraginkorrenak emakume eta gizonen berdintasunezko gizarte bat lortzeko bidean gizonak erakarri eta gehitzeko?

Entzun dudanagatik, lan zoragarria egiten ari dira, hainbat motatako ekimen desberdinetan aritu baitira lanean. Adibidez, aita berriekiko lanean, hau da, bizitzako aldaketa puntuan dauden gizonekin. Aita berriekin lan egitea erabakigarria da, beren balioak birpentsatzen dituzten unea baita, gogoeta egiten dute ea zer den garrantzizkoa beren bizitzetan.

Hor dago beste hainbat erakunderekin egiten duten lana ere, eskoletan, eta abar, lana sail bakar batera mugatu gabe.  Onena antolaketa desberdinak ikustea da, baita herrialde beraren barruan ere: ikuspegi desberdinak dituzte eta gai dira katalizatzaile lana egiteko, beste batzuek beren lan propioa has dezaten beren eskolan edo lantokian.

5.- Begizta Zuriaren kanpaina tragedia batetik sortu zen. Batzuetan tragediek erreformak edota lege berriak sorraraz ditzakete, baina, noiz izango da momentu egokia indarkeriazko maskulinotasunaren eraikuntza sozialaren sustraiari gizarte bezala ekiteko? Noiz hitz egingo dugu zer egiten ari garen gure mutikoak gizon bortitz eta indarkeria-zale bilakatzeko? Noiz hitz egingo dugu inork aipatu nahi ez duen horretaz? Noiz hitz egingo dugu gelan dagoen elefanteaz?

Nik uste dut horrek hor egon behar duela beti. 1991n Begizta Zuriaren kanpaina hasi genuenean, hainbat gauza zeuden tarteko, hurbilenekoa izan zen gizon batek 14 emakume hil zituela, bera unibertsitatean onartu ez izanaren errudun egiten zituelako. Horrek emakumeen kontrako indarkeriari buruzko nazio mailako eztabaida piztu zuen Kanadan.

Baina, hasieratik, ikuspegi espezifikoa izan zuen, hizkera espezifikoa, gizonengana zuzendu zen, emakumeen kontrako indarkeriari buruzko gure isiltasuna amaitze aldera. Konturatu ginen gure helmenean zeuden gizonak ez zirela, nahitaez, beren harremanetan indarkeria erabiltzen zutenak, haietako gehienek ez zutela indarkeriazko jokabiderik, baina beren isiltasunari esker, hark aurrera egin zezan ahalbidetzen ari zirela. Indarkeria erabiltzen ez zuten haiengana zuzentzea erabaki genuen: beren anaiekin, semeekin, aitekin, eta lagunekin mintza zitezen, haien artean bai baitzeuden indarkeria erabiltzen zutenak.

Baina, horrekin batera, gizonok geure jarrera eta portaera propioak aztertzea ere bilatzen genuen. Ez zen nahikoa esatea «porta zaitez ongi, ez ezazu jo», nahiz eta hori izan mezuaren funtsezko parte bat.

Beraz, Begizta Zuriaren mugimenduan, edota nire lanean, beti hitz egin izan dugu maskulinotasunaren eraikuntzaz. Eskoletarako hezkuntza-baliabideak garatzen hasi ginenean, kontua ez zen soilik begizta zuri bat eramatea eta onak izatea. Hainbat programa garatu ditugu eskoletan, gizonak eta maskulinotasuna mintzagai hartuta. Gizonen boterearekin konektatzen duten artasunari buruzko gizarte-espektatiba horiek aztertu behar dira.  Adibidez, sozializatzeko unean, gizon batzuek zenbait pribilegio izateko eskubidea egotz diezaioketela beren buruari, eta zenbait gizonek indarkeria erabiltzen dutela botereari eusteko. Lehen unetik lotu genuen gure lana gizontasunaren inguruan ditugun kontzepzioen azterketarekin.

Baina beti iristen zara bidegurutze batera, zereginaren konplexutasunaren eta mezu argi batek eskatzen duen berehalakotasunaren artean aukera egin behar izatera. Kartel bat diseinatzen baduzu, ez dago 1000 hitzeko diskurtsoa sartzerik gizonei, maskulinotasunari eta feminismoari buruz. Jada gertatzen ari den gizarte-diskurtso bati egin behar zaizkio ekarpenak. Emakumeak dira diskurtso hori existitu dadin segurtatzen ari direnak.

Horren kontrakoa da ni egiaz kezkatzen nauena. Batzuetan ikusten ditut intentzio oneko gizonen taldeak uste dutenak «behar bezain feministaren» itxura ematen ez badute, nolabait ere, gure arrebak eta emakumeak dezepzionatzen ari direla, eta azkenean gizon gehienekin komunikatzeko ahalmena galtzen dute.

Gogoan dut behin, emaztea eta biok landetxe batean geundela, baserritar bat nola hurbildu zitzaidan, nire lanaren berri bazuelako. 75 urte zituen eta oso oinarrizko hezkuntza izan zuen. Esan zidan: «Michael, arazo bat daukat, duela gutxi jakin dut nire aspaldiko lagun batek emaztea jipoitzen duela, zer esan behar nioke?» Nik galdetu nion: «Eta zuk, Jack, zer esan diozu?» Eta baserritar hark bere lagun zaharrari esan ziona ez zen nik esango niokeen gauza bera.  Nik arazoaren azterketa bat egina daukat, hizkera propio bat dut gai horietarako. Hark, ordea, oso oinarrizko hizkera erabili zuen: «Gizonek ez dituzte emakumeak jo behar». Jarrera paternalista dela esan daiteke, baina nire iritzian oinarrizko mezua bat bera da: ez dela inor jo behar.

Esango nuke gizon hura, beste baserritar bati ari zen baserritar hura, ni izango nintzakeena baino askoz eraginkorragoa izan zela, nahiz eta nik arazoa askoz aztertuagoa daukadan. Nik ulertzen ditut gizonen eta maskulinotasunaren patriarkatuarekiko loturak. Baina nekazari hark hobeto jakin zuen nola hitz egin beste nekazari batekin.

Nire iritzian gutxiago kezkatu behar genuke diskurtso osoa transmititzen dugun edo ez, eta gehiago pentsatu behar genuke nola sortu aukerak gizon batzuek besteekin mintzatzera ireki daitezen; edo eskolan, mutiko batek, bortxaketa bati buruzko txiste bat kontatu dion lagunari zerbait esan diezaion. Baliteke mutil horrek patriarkatu hitza ez ezagutzea. Agian ez daki zer den feminismoa, baina nik txiste hori eten dezan nahi dut. Gure lanerako oinarrizkoa da gauzen ulermenean eta azterketan sakontzea, baina eguneroko lan arrunta egiteko, ez genuke erretxinegiak izan behar.

6.- Jakina, ez dugu erretxinegiak izan behar, hori egia da. Baina, nahiz eta beti ez den posible elkarrizketa konplexu bat edukitzea, gizarte gisa, indarkeriari buruzko egitateak adieraztea dagokigu, eta argi esan behar dugu, indarkeria, batez ere, gizonek erabiltzen dutela. Adibidez, gaur goizean, Obamak esan du, AEBn tiroz egindako azkeneko sarraskia dela eta emandako diskurtsoan, deitoragarria dela su-arma bat lortzea hain erraza izatea «gizon batentzat edo emakume batentzat», baina, izatez, arazoa ez dira armak erosten dituzten emakumeak. Noiz adieraziko dugu, argi eta garbi, hor dagoela arazoa?

Egia biribila da. Ipar Amerikako nire lankideak eta ni ibili gara esaten eta idazten gizonezkoen indarkeria «gelan dagoen elefantea»  dela. Esate baterako, AEBn ia etenik gabe eta Europan modu bakanagoan gertatzen diren sarraski odoltsu horietan, inoiz ez da esplizituki identifikatzen hiltzaileak gizonezkoak direnik. Emakumezkoak balira gisa horretako hilketak eragiten dituztenak, egundoko eztabaida piztuko litzateke gizartean: «Zer ari da gertatzen emakumeekin azkenaldi honetan?» Baina gizonak dira, eta arazoa ia ikusezina da.

Bai, arazoari izena jarri beharra daukagu. Eta arazoa ez dira gizonak. Arazoa gure artean nagusi diren ideiak dira: maskulinotasunaz, gizon eta emakumeen arteko berdintasun ezaz, eta patriarkatuaren egiturez, erakundeez eta ideologiez ditugun kontzeptuak. Hori guztia adierazteko modua desberdina izango da, testuinguruaren arabera. Nolabaiteko konplexutasuna transmititzeko gai izan behar dugu, baina, aldi berean, gure solaskidearekin konektatuz. Nahikoa oinarrizkoa da auzia. Gizonezkoak dira tiroka ari direnak. Arazoa da nola hazten ditugun mutikoak gero gizon izateko.

Erkidegoen aurrean mintzatzen naizenean eman ohi dudan hitzaldi baten gaia da nola hazi mutikoak indarkeria erabiliko ez duten gizon onak izan daitezen. Beraz, guztiz konforme nago, jar diezaiogun izena, izenda dezagun. Arazoa ez izendatzearen adibide bat etxeko edo familiako indarkeria deitzea da. Existitzen da familiako indarkeria, egon daiteke haurren kontrako edo gizonen kontrako bortizkeria, baina badakigu familien barruan gertatzen den indarkeria hilgarrienaren egileak gizonak direla, ez beti, baina kasu gehienetan. Beraz, gizonen indarkeria deituko diogu.

7.- Gizon askok diote beren bizitzetan izandako aldaketen ondorioz, batez ere aita izan direnean, iritsi direla emakume eta gizonen arteko berdintasunaz gogoeta egitera. Bistan dago, genero berdintasunaren auziaren erdi-erdian daude genero estereotipoak eta gurasotasunari –bai aitatasunari eta bai amatasunari– buruzko gizarte-eraikuntzak.

MenCareko kide gisa, zein dira zuk ezagutzen dituzun politika publiko eraldatzaileenetako batzuk?

Aitzindariak, politika aldaketei dagokienez, eta, zehatzago esanda, gurasoen baimenen politiketan, Europa iparraldeko herrialdeak dira. Islandian, adibidez, guraso berrien kasuan, bikote heterosexuala baldin bada, amari 3 hilabete dagozkio, aitari beste 3 hilabete, eta beste 3 hilabete dituzte bien artean nahi duten bezala banatzeko. Suedian, urtebete daukate beren artean zati dezaketena, erdibana, biak aldi berean, hilabete batek eta hurrengoa besteak, etab. Oso sistema malgua da eta soldataren ehuneko nahiko altua kobratzen dute.

Egia esan, posible egin dute –ez emakumeek soilik, gizonek ere bai– lan ordaindua aldi batez uztea denbora hori guraso izateari eskaintzeko. Horixe izan da, politika publikoetako aldaketak kontuan hartuta, gizartearen eraldaketan inpaktu handienetakoa izan duen bat.

Quebec-en, gurasoentzako baimenei buruzko legeak aldatu zituztenean –lortzen errazagoak eta hobeto ordainduak bihurtu zituzten– izugarri igo zen haiek erabiltzea eskatu zuten aita berrien ehunekoa. Orain aita gehien-gehienak baimen horiek erabiltzen ari dira, herri eskandinaviarretan bezalaxe. Beraz, lehenengo gauza gurasoentzako baimenei buruzko politikak dira.

Baina seme-alaben zainketarako politikak ere hobetu beharra dago. Esate baterako, Quebec-en, politika berri bati esker, haurtzaindegi publiko oso irisgarriak ireki zituzten, askoz merkeagoak gainerako kanadarrek ordaindu behar dituztenak baino. Neurri hori zela-eta, emakume gehiagok izan zuten etxetik kanpo lan egiteko aukera, eta enplegua zuten emakume gehiagok eutsi ahal izan zioten ordaindutako lanari. Enplegu ordainduetan emakume gehiagok lan egiten zutenez, zerga-bilketa ere handitu ahal izan zen eta, hala, programa soberan finantzatzeko modua izan zuten.

Politika espezifikoak behar ditugu lantokien barruan; gurasotasunagatik baja eskatzen duten amak eta aitak estigmatizatu ordez, baja horiek sustatuko dituzten politikak. Laneko malgutasuna bultzatzen duten politikak behar ditugu, hala nola, lan partekatua edota lanaldi partzialeko kontratuak. Kapaz izan behar dugu bermatzeko pertsonek aita eta ama onak izateko behar diren energia eta denbora eskaintzeko aukera izan dezaten, ordaindutako enplegua sakrifikatu beharrik gabe.

Baina, politika publikoak ezartzeaz gainera, enpresen zuzendaritzak prestatu beharra dago, etsenpluarekin aitzindari izan daitezen. Adibidez, zure lantokian «paperean» erraztasunak egon arren, enpresan zure gainetik dagoenak harro esaten badu berak egun erdi bat besterik ez zuela hartu familia izan zuenean, edo, andrazkoa bada, aste bat baizik ez zuela hartu, harro egoteko moduko zerbait al da hori? Zer etsenplu ari dira ematen? Prestakuntza behar dugu. Hori erabakigarria da.

Prestakuntza espezifikoa behar dute, adibidez, gizarte-lanak edo osasun arlokoak egiten dituzten pertsonek, edo familiei bisitak egiten dizkietenek, ingurune horietan gizonak alde batera uzteko joera baitago. Batzuetan amari bakarrik hitz egiteko joera dago, gizonik, aitarik ez balego bezala. Laburbilduz, politika arloko aldaketa handiak konbinatu beharra dago lantokietako, laneko zenbait arlo eta eremutako edo instituzioetako aldaketa espezifikoekin.

Adibidez, Ingalaterran bada talde bat, Aitatasunaren Institutua izenekoa, eskola batzuetan lanean ari dena irakasleekin egiten diren bileretara aita gehiago etor daitezen, izan ere, amak izaten baitziren, gehiengo handiz, halakoetara etortzen zirenak. Hala, ohar bat bidali zuten zioena: «Guztiak dira ongi etorriak». Hala ere, ama gehiago etorri ziren. Gaizki zer egiten ari ziren beren buruari galdeturik, arazoa izendatzea erabaki zuten. Eta idatzi zuten hurrengoan: «Aita eta ama guztiak dira ongietorriak» Eta, bat-batean, askoz aita gehiago etorri ziren. Beraz, neurri batean, ikusezina dena bistara ateratzea da kontua.

8.- Gizonen bortizkeriari dagokionez, duela gutxi eleberri bat argitaratu duzu (tresna interesgarria), The Afghan Vampires Book Club («Afganiar banpiroen irakurketa kluba»), Gary Barker-ekin batera, hura ere aditu handia genero berdintasunaren aldeko gizonen parte-hartzean, nazioarteko zuzendaria eta «Promundo» ren sortzailea izateaz gainera. Elkarrizketa batean, hona zer esan zenuen: «Eleberrian maskulinotasunaren gaia, gerra eta zelatatzen gaituen estatu baten mehatxua tratatu nahi genituen».

Gizonek emakumeen kontra erabiltzen duten indarkeria gizonek gauzatutako mota guztietako indarkeriekin lotuta dago. Interesgarria da maskulinotasun hegemonikoaren eraikuntza aztertzea, estatuarentzat indarkeria erabiltzeko gai den soldaduaren ikuspuntutik, eta hori guztia antimilitarismoarekin, giza eskubideekin eta bakezaletasunarekin erlazionatzea.

Nolakoa izango ote litzateke mundua noizbait gizonei besteak hiltzen ez erakusteko gauza izango bagina? Kontzeptu hori fikzioan soilik al dago eskuragarri?

Bai fikzioan eta bai historian dago eskuragarri. Oraintxe izan berri naiz Évoran, Portugalen, non neolito aroko indusketa asko baitaude, duela 5.000-7.000 urte ingurukoak. Zaharrenak, duela 7.000 urtekoak, patriarkatu aurrekoak dira, itxuraz. Animaliak etxekotzen eta lurra lantzen hasi ziren aldiaren hasierakoak dira. Harriz eratutako zirkuluak aurkitu dituzte, hau da, urtaroen egutegiak, bizitza aitortzen eta ospatzen dutenak. Mila pare bat urte geroagoko indusketetan, berriz, buruzagi gizonezkoen hilobiak aurkitu dituzte, armak eurekin zituztela. Aldi hartan pasatu ziren gizakion kulturak gehienbat bakean bizi ziren gizarteak izatetik gerran eta erasoan oinarritutako gizarteak izatera; orduan erabili zituzten armak gizonek, bai beste gizon batzuengandik defendatzeko, bai-eta erasoak antolatzeko eta erabiltzen zituzten lurraldeak handitzeko ere. 8.000 urte atzera ez da horrenbeste denbora gizadiaren historiaz ari bagara. Indarkeriaren eta patriarkatuaren arteko erlazioan pentsatzen dugunean, ulertzen dugu hasieratik gizartea izan zela gizonen bortizkeria mobilizatu zuena. Eta, geroago, estatuak garatuz joan ahala, estatu-gizarte horiek gizon taldeak entrenatzen hasi ziren gerlari izan zitezen, borrokarako entrenatzen, alegia.

Gure eleberriak gerrak borrokan ari diren soldaduengan duen inpaktua aztertzen du, baina baita gerran dauden gizarte horiengan duena ere; gerra horiek, mundu erdi baten distantziara egonik ere, eragina baitute gure kultura propioetan, gure hauteskundeetan, geure buruaz ditugun ideietan, eta segurtasuna deitzen diogun horretan. Uste dut eragin horiek sakonak direla. Oso argi ikus dezakegu hori. Hainbeste eta hainbeste pertsonak, nork bere herrialdean, askatasun zibilen hain murriztapen zorrotza onartu izanak ustezko segurtasun baten izenean, gure bizitza seguruago ez egiteaz gainera, zaurgarriago egiten gaitu, nolabait esanda.

Patriarkatuaren proiektua ez da izan gizonak emakumea menderatzeko proiektua soilik, aldiz, gizon batzuek beste batzuk menderatzeko proiektua da. Eta, esan gabe doa, gizonak izadia menderatzekoa. Gerran eta bakean pentsatzen dugunean, edota ingurumenaren suntsipenean, hori guztia proiektu patriarkalaren parte da: ingurumena kontrolatzea, izadia kontrolatzea, emakumeak kontrolatzea, beste gizon batzuk kontrolatzea, eta norberaren –eta norberaren bizi emozionalaren– kontrola.

Feminismoak patriarkatuari egiten dion erronka hain da sakona, ezen gizonok eginbide horretara gehitzen garen neurrian, gure gizarteko hainbat arazoren eta hil edo biziko auzien sustraietara iristen baikara.

Euskadi, auzolana