Kontratazioko berdintasun-klausulei buruzko terminoen glosarioa

 

Orrialde honetan, kontratazio publikoko berdintasun-klausulei buruzko oinarrizko definizioak eta terminoak daude. Kontzeptuen esanahia jakiteko, klik egin esteketan:

 

 

Klausula

Kontratu-harreman baten edukia arautzen duten itunak, xedapenak edo baldintzak ezartzea.

 

Emakumeen eta gizonen berdintasunerako klausulak

Administrazioek kontratazioan, diru-laguntzetan edo hitzarmen publikoetan sartzen dituzten betekizun, irizpide, betebehar, eginbehar edo konpromisoak, emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzen jarraitzeko baliatzen direnak.

 

Klausula sozialak

Irizpideak, kontratuetan eta diru-laguntzetan sartzen direnak, politika sozialeko alderdiak aplikatzeko.

 

Exekuzio-baldintzak

Kontratua exekutatu behar den fasean, kontratu publikoei buruzko araudiak genero-ikuspegidun klausula sozialak sartzeko bide ematen du (espresuki, exekuzio-baldintza sozialetan), eta baldintza bakarra jartzen: hori hala adieraztea lizitazio-iragarkian eta aldez aurretik zehaztea klausulen pleguan.

 

Kontratazio publikoa

Merkataritza-prozesua, organismo publikoek —zuzenbide publikokoek edo publikoekin parekagarriak direnek— egiten dutena, salgaiak, zerbitzuak eta obrak eskuratzeko.

 

Adjudikazio-irizpideak

Entitate edo enpresa lizitatzaileak aukeratzerakoan kontuan hartuko diren elementuak, interes publikoa ondoen aseko duten eskaintzak identifikatzeko erabiltzen direnak. Horien artean daude emakumeen eta gizonen berdintasuna errazten duten politikak edo jarduerak.

 

Berdinketa hausteko irizpideak

Klausula administratibo partikularrak, kontratuaren adjudikazioan lehentasuna ematen dutenak enpresek edo entitateek aurkeztutako proposamenen artean (betiere, proposamenak berdindu egin behar du onuragarriena dena, adjudikazioaren oinarri diren irizpide objektiboen arabera).

Sektore Publikoko Kontratuen Legearen Testu Bateginak lehentasun-irizpide hori ezartzen du bost kasutarako:

  1. LISMI legean ezarritakoaren arabera, kontratazioan desgaitasuna duten pertsonak % 2 izatearen kuota betetzen duten enpresak, kuota hori betetzen ez duten enpresen aldean.
  2. Desgaitasuna duten langileak % 2tik gora dituzten enpresak.
  3. Gizartean baztertuta dauden pertsonen laneratzean eta sustapenean espezifikoki diharduten entitateak edo enpresak.
  4. Irabazi-asmorik gabeko entitateak, prestazio sozialen edo asistentzialen kasuan.
  5. Bidezko Merkataritzaren antolakundeak, baldin eta kontratuaren xedean alternatiba hori onartzen bada.

Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoak, berriz, egokitu egiten du lehentasun-irizpidea: lan-merkatuan emakumeen eta gizonen benetako berdintasuna sustatzeko neurriak aplikatzen dituzten enpresei ematen die lehentasuna.

 

Administrazio publikoek politika publikoak garatzeko eta kudeatzeko dituzten tresnak

KONTRATUAK. Ekintza zuzena, administrazio publikoak egiten duena, une jakin batean ekintza bat egiteko beharrezkoak diren kanpoko baliabideak erabiltzeko. Berdintasuna txertatzeko, administrazio publikoak protagonismo hori baliatu dezake eta baliatu behar du kontratuaren fase guztietan (lizitazioan, exekuzioan eta amaieran).

DIRU-LAGUNTZAK. Administrazio publikotik kanpoko erakundeek egiten dituzten ekintzak sustatzeko deialdiak.

HITZARMENAK. Lankidetza-formula, administrazioaren eta entitate espezifiko baten artekoa, ekintza bat egiteko esplizituki egokitzat jotzen dena. Protagonismoa entitate biek dute, nahiz eta administrazio publikoaren ardura den ekintza horietan berdintasuna sartzea.

 

Kontratuaren xedea

Kontratuaren bidez sortutako betebeharren xedea; azken batean, zerbait ematea, zerbait egitea edo abstentzio bat. Kontratuaren xedeak erreala behar du, posiblea, zilegia, zehaztua edo zehaztua izan daitekeena, alderdi biak berriz ados jarri beharrik gabe.
Kontratuaren xedea genero-ikuspegiduna izateak esan nahi du kontratazio-organoak adierazi duela kontratu horretan emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko ezaugarriak sartu nahi dituela, non eta kontratua espresuki berdintasuna sustatzekoa ez den.

 

Kontratatzeko debekuak

Legezko neurriak edo eragozpenak, pertsona fisiko edo juridiko batek sektore publikoko entitate batekin kontratua egitea mugatzen dutenak. Adjudikazio-prozeduretatik kanpo utziko dira emakumeen eta gizonen berdintasunaren printzipioaren kontrakoak diren kasu eta inguruabarretan dauden pertsonak (3/2007 Lege Organikoan jasotako kasu eta inguruabarrak).

 

Kaudimen teknikoa

Entitate edo pertsona lizitatzaile baten gaikuntza, esperientzia eta/edo ibilbidea. Berdintasunaren arloko kaudimen teknikoa irizpide bat izan daiteke, lizitazio publiko batera aurkezten diren enpresak onartzeko edo kanporatzeko.

 

Atzera joan

 

Azken aldaketako data:

Euskadi, auzolana