ZER EGIN BEHAR DUT?

 

 

Proiektu honek zuzenean inplikatu nahi ditu eragile instituzional, ekonomiko eta sozialak emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerantz aurrera jotzeko, betiere Emakumeei buruzko IV. Mundu Konferentzia oinarritzat hartuta (Beijing, 1995). Proiektuaren abiaburua Konferentzia hori eta haren Ekintza Plataforma dira. Izan ere, ikusiko duzun bezala, han egindako gomendioek oraindik ere indarrean diraute 26 urte geroago eta Garapen Jasangarrirako 2030eko Agendaren baitan daude sartuta.

Genero berdintasuna nahitaezkoa da sistema ekonomiko eta sozial berriak diseinatzeko eta berraztertzeko, dela jendearentzako bizi-kalitatea eta ongizatea sortze aldera, dela emakume eta neskato guztientzako eskubideak eraiki eta garatze aldera, dela planetaren biziraupena bermatze aldera. Beharrezkoa den eraldakuntza horretan, talde ekintzak eragin onuragarria eta aurrekaririk gabea dauka berdintasunerako, erakunde bakoitzaren ekarpena eta lana oinarri hartuta.

Testuinguru horretan, NBEko Emakumeen atalak mundu zabaleko aldaketa-eragileak biltzen eta gaitzen dihardu, gizarte zibila barne, elkarrizketa publikoa egin dezaten genero berdintasunaren arloan premiazko ekintza bat egiteko eta kontuak emateko. Nazioarteko bilera horri Berdintasuna Sortzeko Foroa esaten zaio. Munduko foro horren bidez, ekintza zehatzak ezartzen ari dira ikusgaitasuna emateko bai emakumeen eskubideen aldeko ekintzailetzari, bai elkartasun feministari, bai gazteriaren lidergoari, aldaketa eraldatzailea lortze aldera, eta horren bitartez, 1995ean Beijingen berdintasunaren alde onartutako konpromisoak lehenago ezartze aldera.

Nazioarteko elkarrizketa publiko hori zehazte aldera jarri da abian Euskadin proiektu hau.  Euskal erakundeetan edota haien artean prozesuak dinamizatzea du xede, 5 urteko epe barruan berdintasunaren aldeko akordioak sustatze aldera. Akordioak elkarrizketen bidez egingo dira, betiere Emakumeei buruzko IV. Mundu Konferentzia hari gisa hartuta: hura zer izan zen (1995), zer ondorio izan duen erakunde bakoitzerako (2021. urtea) eta nola lagundu dezaketen erakundeek nahita azkartzen berdintasuneranzko aldaketa (2026. urtea).

Konpromiso guztien batuketak itun bat eraiki eta modelatzeko aukera emango du, hots, Berdintasunaren aldeko eta Indarkeria Matxistaren aurkako Itun Sozial eta Herritarra Euskadin. Itun egingarria eta neurgarria, euskal gizarte osoa engaiatuko duena Beijingeko Ekintza Plataformak duena duela 25 urte ezarritako gomendioak betetzera.

 

ZER DA ITUN SOZIAL ETA HERRITARRA?

• Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren aldeko akordio edo ekintza zehatz eta neurgarrien batuketa da, eta zurea bezalako erakundeek bultzatuko dute Euskadin. 

Elkarrizketa da, bai belaunaldien artekoa bai intersekzionala, balioa dakarrena, jakintza, esperientzia, ibilbide eta begirada ezberdinak eta anitzak txertatzen dituelako.

Euskal erakundeen kate bat da (instituzioak, ikastetxeak, interlokuzio guneak, enpresak, sindikatuak, elkarteak, GKEak, talde feministak, etab.); horrela, Emakumeei buruzko IV. Mundu Konferentziaren gomendioak datozen 5 urte honetan betetzearekin duten ardura ikustaraziko dute.

Proposamen bat da, Euskadik emakumeen eta gizonen berdintasun egiazko eta eragingarriarekin duen konpromisoa gaitzeko eta zabaltzeko, herritarrek arduraz parte hartuz eta gardentasunez nahiz kontuak emanez jokatuz.

 

ERABAKI HORI HARTZEKO, JAKIZU

 

1.- LAN IBILBIDE ARAUTUA DUZULA ESKURA

Emakundek metodologia bat jarri du zure eskura zure ekimena URRATSEZ URRATS pentsatu eta diseinatzeko, hau da, zure erakundeak berdintasunaren aldeko eta indarkeria matxistaren aurkako Itun sozial eta herritarra ekintza baten edo hainbaten bidez nola sustatuko duen erabakitzeko.

 

2.- BADAGO ZURETZAT ERABILGARRIA IZAN DAITEKEEN ESPERIENTZIA PILOTU BAT 

Ekimena Euskadiko eragile instituzional, ekonomiko eta sozial guztiengana zabaltze aldera, elkarrizketa lantzeko lehen esperientzia pilotu bat egin da Emakundeko Aholku Batzordearen eta Euskadiko Gazteriaren Kontseiluaren artean (EGK). Lan horren emaitzak erreferentzia izan daitezke zuretzat.

 

3.- KANPO AHOLKULARITZA ESPEZIALIZATUA DUZU ESKURA 

Zure erakundeak hartu behar du bere gain lan honen lidergoa; konpromisoetara iristeko elkarrizketa era autonomoan egin daiteke, proposatu den lan ibilbideari jarraituta. Emakundek, gainera, bi modutan emango die laguntza teknikoa proiektuan parte hartuko duten erakunde guztiei:

Prestakuntza eta aholkularitza saioak taldeentzat (webinar formatuan), lan prozesuaren hiru unetan (hasiera, elkarrizketaren garapena, konpromisoen zehaztapena eta akordioak). Proiektuan ari den erakunde bakoitzak ordezkari bat bidaliko du saio horietara.

Laguntza teknikoa eta zure beharren araberako laguntza.

 

4.- EZ DA BEHARREZKOA ZURE ENPRESAREN JARDUKETA EREMUA BERDINTASUNA IZATEA

Era berean, ez da beharrezkoa berdintasun plana izatea (proiektu honek ez du zerikusirik plan horiek prestatzearekin), eta ez da ere beharrezkoa proiektuan ari diren zure erakundeko kideek ezagupenak edo espezializazioa izatea berdintasunean. Sortzen den prozesuak berak berdintasunaren inguruko prestakuntza errazten du. Pertsona eta erakunde guztiek, gainera, ekarpen handia egin dezakete eta badute zer ekarri arlo honetan.

 

5.- ZURE PARTE-HARTZEA ONURAGARRIA IZANGO ZAIZU

Berdintasunaren aldeko eta Indarkeria Matxistaren aurkako Itun Sozial eta Herritarraren baterako sorkuntzan parte hartzeak gutxienez honako onurak ekarriko dizkizu:

a) Zure erakundea aitortzea, berdintasunerantz jotzeko aurrerapenarekin hartu duen konpromiso egiazko eta neurgarriarengatik, hau da, "egintzen bidez". Proiektuan parte hartuko duten erakunde guztiek aitortza publikoa jasoko dute, ezaugarri baten bitartez.

b) Aukera ederra da berdintasun arloko aldaketak kasualak ez direla ikasteko eta barneratzeko, eta pertsonen eta erakundeen arteko elkarrizketaren balioa nabarmentzeko, eraldakuntzarako tresna baita berdintasunerantz jotzeko.

c) Zure erakundea berdintasunaren arloan berraztertzeko aukera da, bai eta itunari ekarpenak egiteko aukera ere, betiere lortu nahi duzun horretatik eta zure gain har dezakezun horretatik abiatuta, hau da, posiblea duzun horretatik abiatuta. "Behetik" egindako ituna da, erakundeekin eta herritarrekin batera eta haien bidez, ikuspegi "glokala" oinarri harturik (globala-lokala).

 

ELKARRIZKETA: EKINTZAK ETA KONPROMISOAK IDENTIFIKATZEKO TRESNA

Erakunde bakoitzak bere gain hartuko dituen ekintza zehatzak pertsonen arteko elkarrizketa batean oinarritutako lan prozesu baten emaitza izango dira. Elkarrekin egindako elkarrizketa edo gogoeta horrek ondoren ezarrita dauden baldintzak bete behar ditu, bai eta sekuentzia bati jarraitu ere.

BULTZA DITZAKEZUN ELKARRIZKETA MOTAK

Elkarrizketak hainbat modutan egin daitezke. Bi aukera proposatzen dizkizugu:

a) Barne elkarrizketa, zure erakundean, hau da, prozesu hori egin nahi duten erakundeko kideekin. Zehaztutako konpromiso eta ekintzak zure erakundeak soilik hartuko ditu bere gain.

b)Elkarrizketa beste erakunde batzuekin (birekin edo gehiagorekin), erakunde haietako bakoitzaren ordezkarien bidez. Zehaztutako konpromisoak eta ekintzak elkarrizketan ari diren erakunde bakoitzak edo guztiek hartuko dituzte bere gain.

Esperientzia pilotua bi interlokuzio gune ezberdinen arteko elkarrizketa baten bidez egin da: Emakundeko Aholkua Batzordearen eta Euskadiko Gazteriaren Kontseiluaren (EGK) bidez, hain zuzen.

 

Zer elkarrizketa mota egin erabakitakoan, lan taldea edo talde eragilea eratu behar da, erakunde bereko edo hainbat erakundetako kideek osatua, landuko den elkarrizketa motaren arabera. Taldea aurrez aurre edo era telematikoan bilduko da eta, operatiboa izango bada, gomendagarria da gehienez 12tik 15era bitarte lagunek osatzea. Ondoren, behar den argibide guztia aurkituko duzu talderako deialdia egiteko eta taldea eratzeko.

 

EGINKIZUNAK

• Elkarrizketa eta gogoeta erraztea.

• Ekintza zehatzak identifikatzea berdintasunerantz jotzeko.

• Ikaspenak eta hartzen diren konpromisoak erakundean ikustarazi eta zabaltzea.

 

KIDEAK

• Erakundeetako kideak, hots, prozesuan parte hartu eta aurreikusitako lanarekin konpromisoa hartu nahi dutenak.

• Askotariko jakintzen, ibilbideen, ikuspuntuen, esparruen edota errealitateen ordezkariak. Elkarrizketa intersekzionalak eta belaunaldien artekoak sustatzea gomendatzen da.

 

ZENBAT DENBORAZ BILTZEN DA?

Egin nahi den elkarrizketa motaren arabera. Aurreikusita dago prozesuak gutxienez hilabetez irautea eta gehienez hiru. Sortzen diren prozesuak garrantzitsuak dira ekintza zehatzak finkatze aldera; prozesuek denbora behar dute.

 

ZENBAT LAN SAIO?

Gomendatzen da gutxienez honako saio hauek egitea, gehienez ordu eta erdikoak.

• Lehena: Talde eragilea eratzea.

• Bigarrena: Emakumeei buruzko IV. Mundu Konferentzia ezagutzea.

• Hirugarrena: Nire erakundea berraztertzea, Pekingo Ekintza Plataformaren gomendioetatik abiatuta, eta berdintasunerantz nola aurrera egin identifikatzea.

• Laugarrena: Zehaztea eta biltzea zer konpromisotara iristen den nire erakundea berdintasuneranzko aldaketa sustatzeko eta azkartzeko.

Elkarrizketa erakunde baten baino gehiagoren artean egiten denean, talde eragilean dauden erakunde bakoitzeko kideek gaiak aurrez elkarrekin prestatzea lagungarria da talde eragileko kideen lana nabarmen errazteko.

 

TALDE ERAGILEA OSATZEA: HASIERA

• Proiektua bere testuinguruan kokatzea, proposamen zabalago baten barruan baitago. Taldearen rola eta eginkizunak azaltzea.

• Lan ibilbidea eta haren metodologia erkatzea.

• Lan egutegia arautzea (zenbat saio, iraupena eta maiztasuna).

• Proiektuan parte hartzeak zer dakarren eta zer ondorio duen argitzea.

• Hurrengo saioa prestatzea: bigarren lan saioa egiteko nahitaezkoa den materiala aurreratzea (ikusi hurrengo urratsa).

 

Hemendik aurrera, nahikoa duzu proposatu dizugun lan ibilbideari jarraitzea. Ikusiko duzu informazio eta material guztiak dituzula URRATSEZ URRATS eskura, esperientzia hau gozatzeko, ikasteko eta dinamizatzeko.

 

Euskadi, bien común