NOLA EZAGUTU IV KONFERENTZIA?

 

 

Emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunak eta bazterkeriak egiturazkoak dira eta gizarte guztietan gertatzen dira. Bada, hori aitorturik, desberdintasunei eta bazterkeriei eusten dieten botere-harremanak agenda global bateratu baten bidez eraldatzeko asmoz antolatzen dira Mundu Konferentziak, eta, horrela, genero berdintasunerantz eraginkortasunez aurrera egiteko. Mundu Konferentziaren antolatzailea Nazio Batuen Erakundea da eta munduan diren gai kezkagarrienak dituzte langai; hau da, gehienbat, berdintasuna, garapena eta bakea. Emakumeari buruzko lau Mundu Konferentzia egin dira: Mexiko (1975), Kopenhage (1980), Nairobi (1985) eta Beijing edo Pekin (1995). Konferentzia guztietan bi espazio dira: batetik, ofiziala edo instituzionala eta, bertan, Nazio Batuetan sarturik dauden herrialdeetako ordezkaritzek parte hartzen dute, eta bestetik, Foro Alternatiboa, aldi berean egiten dena. Foro Alternatiboan, Gobernuz Kanpoko Erakundeek (GKE) parte hartzen dute, gizarte zibilaren ezagutza emate aldera eta Konferentzian solasgai diren gaietan eragiteko asmoz.

Emakumeei buruzko IV. Mundu Konferentziak emakumeen eta gizonen berdintasunaren aldeko itun politiko bat eragin zuen mundu osorako, aurrekaririk gabea, eta itun hori inflexio-puntua izan da berdintasunaren aldeko politikak maila guztietan garatzeko, hau da, nazioartean, estatuan eta autonomietan. Konferentzia hartan, munduko herrialde askotako 189 gobernu-ordezkaritzak parte hartu zuten, eta Foro Alternatiboan, berriz, kontinente guztietako 30.0000 emakume eta neskato bertaratu ziren behatzaile gisa. Haietatik, 40 emakume Euskadiko emakume elkarteen izenean joan ziren. Konferentzia berez prozesu bat izan zen eta garai hartako une historikoan kokatu beharra dago, era bateko zein besteko jarrerak agertu baitziren, haietako batzuk oso fundamentalistak. Horregatik, Konferentzia bera egin baino lehen, 1993tik aurrera, eztabaida eta egituratze lana egin behar izan zen.

IV. Konferentziaren ondorioz, Beijingeko Adierazpena eta Ekintza Plataforma onetsi ziren, hau da, helburuz eta neurriz osaturiko programa bat da, eta gobernuek, denek batera, konpromisoa hartu zuten emakumeen eskubideak garatu eta finkatzearen aldeko lana egiteko. Adierazpena eta Plataforma nazioarteko tresnarik garrantzitsuenetako bat izan dira herrialde guztietako berdintasun politikak aholkatzeko eta politika horietan izaniko aurrerapenei buruzko kontuak ematen laguntzeko. Ekintza Plataforman funtsezko 12 ekintza-arlotan ezarri ziren konpromisoak, arlo haietan eragin behar zela iritzi baitzitzaion, egiazko berdintasuna lortuko bazen: pobrezia, hezkuntza eta gaikuntza, osasuna, emakumeen aurkako indarkeria, gatazka armatuak, ekonomia, boterea eta erabakiak hartzea, berdintasunaren aldeko bitarteko instituzionalak, hedabideak, natur baliabideak eta ingurumena, eta neskatoen eskubideak. Horrez gain, IV. Konferentzian bi baldintza azaleratu ziren indar handiz egiazko berdintasuna lortzeko bidean: batetik, emakumeen eta neskatoen ahalduntzea, eta bestetik, berdintasunak politika publiko guztia zeharkatzea, hau da, mainstreaming edo genero zeharkakotasuna.

Hogei urte baino gehiago igaro badira ere, Adierazpenean eta Ekintza Plataforman bildutako agendak indarrean dirau. Agenda hori konpromisoen bidez adierazia dago. Konpromisoak ez dira lotesleak. Beijingeko Ekintza Plataforman hartutako konpromisoak bost ustez behin berrikusi eta ebaluatu dira, Emakumeen Egoera Juridiko eta Sozialaren Batzordeak egindako saioetan (CSW). CSW batzorde hori gobernuen arteko berezko organo nagusia da, Nazio Batuen barnean genero berdintasuna eta emakumeen ahalduntzea sustatzeko. 2020an, CSW batzordearen 64. saioa IV. Konferentzian egindakoari eta hura berrikusteari eskaini zitzaion, eta adierazpen politiko bat onetsi zuen, Beijingen 1995ean hartutako konpromisoak berresteko eta horiek oro aplikatzen jarraitzeko.

 

Azaldutako testuinguru horrek banakako gogoeta eta talde elkarrizketa prozesu bat hasteko bidea emango dizu, lan taldearen baitan, betiere ondoren azalduko ditugun helburuen inguruan. Urrats honetan, hain zuzen, prozesu hori egiten lagunduko dizuten proposamen didaktikoak eta informazioa topatuko dituzu.

 

ELKARRIZKETAREN HELBURUAK

Emakumeei buruzko IV. Mundu Konferentzia ezagutu eta ulertzea eta haren garrantziaren balioa nabarmentzea.

• Identifikatzea Konferentzia onesteko egindako elkarrizketaren zer ikaspen diren erabilgarriak orain proiektu honen bitartez hasten den lan prozesua sustatzeko.

 

EMAKUMEEI BURUZKO IV. MUNDU KONFERENTZIA AZTERTZEKO SEKUENTZIA METODOLOGIKOA

1.- Bakoitzak kontsulta dezala ondoren datorren informazioa. Izenburua: «Ezinbesteko materialak pentsatzeko». Material horiek egokiak izango zaizkizu IV. konferentziaren edukia sakonago ezagutzeko, bai eta konferentzia zer testuingurutan egin zen jakiteko ere.

2.- Lan taldea eratu ondoko lehen saioan, proposatu diren materialen azterketatik sortutako gogoeta nagusiak erkatuko dira. Galdera batzuk aukeratu ditugu elkarrizketa hori bideratzeko. Gomendatzen da taldeko kide bat moderatzailea edo errelatorea izatea. 

3.- Ateratzen diren ondorioak adostu eta jasotzea. Elkarrizketan parte hartzen ari direnek baimena ematen badute, saioa graba daiteke, hartan sortzen diren ikaspenen laburpena egiteko.

4.- IV. Konferentzian sakontzen jarraitzea, gehiago jakiteko interesik badago. Horretarako informazioa ugaria da. Urrats honen bukaeran, dokumentu lagungarriak aurkituko dituzu.

 

EZINBESTEKO MATERIALAK PENTSATZEKO

IV. Konferentziari buruzko elkarrizketa hasteko eta konferentziaren egungo balioa ulertzeko, hona hemen zer material proposatu ditugun bai lanerako, bai erreferentzia gisa.

1.- Marina Subirats Martori-ri egindako elkarrizketa, hark Nazio Batuen Emakumeei buruzko IV. Mundu Konferentzian izaniko parte-hartzearen inguruan.

Marina Subirats Martori, Emakumearen Institutuko zuzendari gisa (1993-1996), Espainiako Gobernuaren ordezkaria eta Europako Batzordearen bozemailea izan zen IV. Konferentzian, eta horrez gain, baita Espainiako Ordezkaritzaren koordinatzailea ere. Prestatu dugun dibulgaziozko bideoan, Marina Subiratsek era pedagogikoan azaltzen du Konferentzia egin aurreko prozesua, bai eta han izaniko ordezkaritzen arteko gatazka edo desakordio gai nagusiak eta lorpenak ere. Horrez gain, gogoeta bat egiten du Konferentzian egindako proposamenek egungo testuinguruan duten balioaz. Elkarrizketa berariaz egin da proiektu honetarako.

Bideora esteka (Youtube)

2.- Beijingeko Adierazpena eta Plataforma

IV. Konferentzia ezagutzeko, ezinbestekoa da Beijingeko Adierazpena eta Ekintza Plataforma irakurtzea. Luzea denez, agian errazagoa izango zaizu NBEko Emakume atalak ateratako txosten hau irakurtzea: «Beijingeko Adierazpenak eta Ekintza Plataformak 20 urte bete dituzte». Hemen, Adierazpenaren eta Ekintza Plataformaren aplikazioaren 20 urteen azterketa eta ebaluazioa laburbildu ditugu, eta identifikatu dugu zer irakaspen atera diren genero berdintasuna, emakumeen ahalduntzea eta emakumeen zein neskatoen Giza Eskubideak lortzeko.

Adierazpenaren eta Plataformaren esteka (PDF)

Esteka: "Beijingeko Adierazpenak eta Ekintza Plataformak 20 urte bete dituzte"

3.- Emakumeei buruzko IV. Mundu Konferentzian (Beijing 1995) izaniko EAEko emakumeen lekukotasunak

Emakundek egindako bideo honetan, lehen eskutik ezagutuko duzu 1995era Beijingera joandako euskal emakume batzuen esperientzia.

Bideora esteka (Youtube)

 

GOGOETA ORIENTATZEKO GALDERAK

Hainbat galdera proposatzen ditugu talde gogoeta gidatzeko, eduki blokeen arabera multzokatuta. Har ezazu kontuan galdera orientagarriak direla, hau da, egokitzat joz gero, beste galdera erabilgarriago edo aproposago batzuk egin daitezke.

1. blokea. IV. konferentziaren testuingurua

• Ezagutzen al zenuen IV. Konferentzia? Zure ustez, egungoak bezalakoak al ziren egoera sozial eta politiko orokorra eta emakumeen bizi-baldintzak Konferentzia egin zen garaian? Eta 1995eko berdintasun politikak (arauak, programak, planak)?

• Zergatik izan zen garrantzitsua gobernuek, emakume mugimenduek eta GKEek Konferentzia aurretik egindako lana? Bi espazio egituratu ziren: zer eginkizun izan zuten bi espazio horiek IV. Konferentzian: hau da, gobernuen espazioak eta Foro Alternatiboak?

2. blokea. Konferentziaren edukiak eta proposamenak

• Zer da Beijingeko Adierazpena eta Ekintza Plataforma? Zein izan ziren proposamen nagusiak edo zer ekintza-arlo jaso ziren? Zure iritziz, zein izan ziren eztabaidarik konplexuenak IV. Konferentzian eta nola joan ziren moldatzen?

3. blokea. Zer-nolako garrantzia izan du IV. konferentziak emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerantz aurrera jotzeko?

• Zer garrantzi izan du IV. Konferentziak emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerantz jotzeko, bai munduan, bai EAEn? Zure ustez, berdintasunaren aldeko egungo politikek (berdintasun arloko erreferentziazko araudia) ematen al diete edo saiatzen al dira ematen erantzuna IV. Konferentzian hartutako konpromisoei?

4. blokea. Ikaspenak eta itxiera

• Lagungarria izan al zaizu gogoeta IV. Konferentziari buruz gehiago jakiteko?

• Euskadin berdintasun arloan izaniko aurrerapenen artean, zure ustez zeintzuek dute zerikusia IV. Konferentziarekin? Zure iritziz, IV. Konferentziaren emaitza izan al dira Euskadiko berdintasun arloko politika publikoak? Oraindik ere IV. Konferentziak orientatzen al ditu berdintasun arloko politikak?

• Zure ustez, zergatik ez da egin V. Konferentziarik? Zure iritziz, ba al dago V. Konferentzia egiteko baldintzarik?

• Beijingeko 12 arloetatik: Zure ustez, zer arlotan egin da aurrerapenik handiena, eta zeinetan, txikiena, hala munduan nola Euskadin?

• Jarrera fundamentalistek IV. Konferentziako gatazka edo eztabaida asko eragin zituzten. Zure ustez, ba al dago oraindik ere horrelako jarrerarik? Eta oraindik ere baldintzatzen al dituzte horrelako jarrerek emakumeen bizitzak munduan? Zure ustez, Beijingeko zer irakaspen izan daitezke erabilgarri elkarrizketarako?

• Zergatik da garrantzitsua IV. Konferentzia Euskadiko emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako?

 

Pekin Euskadin. Euskal emakumeak Pekinen. Emakumeei buruzko IV. Mundu Konferentzia

https://www.euskadi.eus/contenidos/informacion/sen_revista/es_emakunde/adjuntos/revista.emakunde.20bis_especial.pdf

 

Zer-nolako garrantzia izan du Pekingo Konferentziak emakumeentzat?

https://www.emakunde.euskadi.eus/contenidos/informacion/pub_folletos/es_emakunde/adjuntos/folletos.i01.que.ha.supuesto.la.conferencia.de.pekin.para.las.mujeres.pdf

 

Arlo pertsonala politikoa denean eta politika denean: Emakumeari buruzko Nazio Batuen IV. Konferentzia

https://www.academia.edu/42005322/Cuando_lo_personal_es_pol%C3%ADtico_y_es_pol%C3%ADtica_la_IV_Conferencia_de_NN_UU_sobre_la_Mujer_Conferencia_de_Beijing_

 

Beijingeko Adierazpenaren eta Ekintza Plataformaren azterketa eta ebaluazioa, eta Batzar Nagusiaren hogeita hirugarren bilkura-aldi bereziaren emaitzena

https://undocs.org/es/E/CN.6/2020/3

 

Atzera begirako begirada bat: Orain dela 20 urte, Emakumeari buruzko IV. Mundu Konferentzian izan ziren

https://lac.unwomen.org/es/noticias-y-eventos/articulos/2020/09/compilation-activists-reflect-on-25-years-since-beijing-platform-for-action

 

12 arlo bereziki kezkagarriak

https://www.unwomen.org/es/news/in-focus/csw59/feature-stories

Euskadi, bien común