ARLO GLOBALAK BERARIAZKO ARLOAN DUEN INPAKTUA IKUSTEKO JARRAIBIDEAK

 

 

2020. urtean, Beijingeko Konferentzia, Adierazpen eta Ekintza Plataformaren iraunaldiaren 25 urteak ospatze aldera, Nazio Batuek Berdintasuna Sortzeko Foroaren antolaketa bultzatu zuten. Foroaren helburua da konpromiso zehatz eta eraldatzaile sorta bat bermatzea, eskala globalean genero berdintasuneranzko aurrerapen berehalako eta itzulezina lortzeko. Ikusiko dugun bezala, proposamen hori bat dator proiektu honekin eta Berdintasunaren aldeko eta Indarkeria Matxistaren aurkako Euskadiko Itun Sozial eta Herritarra prestatzearekin. Foroa Mexiko Hirian abiatu zen (Mexiko) 2021eko martxoan eta 2021eko uztaileko lehen astean bukatu zen, Parisen (Frantzia).

Foroa egin aurretik, Berdintasuna Sortzeko Ekintzarako Koalizioak osatu ziren. Ekintza Koalizioak aliantza globalak eta berritzaileak dira, eta era askotako partaidetza dute, ugaria gainera (instituzioak, emakume erakundeak, erakunde feministak, gazte erakundeak, nazioarteko erakundeak, eragile ekonomikoak, etab.). Haien bidez, talde ekintza bat lortu nahi da, emaitza zehatzetara bideratua, emakumeen eta neskatoen bizitza mundu osoan hobetzeko. Ekintza Koalizioek hainbat printzipio dituzte oinarri beren jardunean, hala nola belaunaldien arteko elkarrizketa, intersekzionala, lidergo feminista, eta emakumeen desberdintasuna eta bazterkeriak munduan euskarritzen dituzten botere egituren eta sistemen eraldakuntza.

IV. Mundu Konferentzian bereziki kezkagarriak diren 12 arlo identifikatu ziren. Bada, arlo horietatik abiaturik, Ekintza Koalizioek talde ekintza bat bultzatu nahi dute 6 ardatz edo lehentasunezko sei esparruren inguruan:
• Emakumeen aurkako indarkeria matxista.
• Justizia eta eskubide ekonomikoak.
• Gorputzaren gaineko autonomia, osasuna eta eskubide sexual eta erreproduktiboak.
• Klima-justiziaren aldeko ekintza feminista.
• Genero-berdintasunerako teknologia eta berrikuntza.
• Mugimendu eta lidergo feministak.

Gogoratuko duzunez, aurreko urratsean, Beijingo Adierazpena eta Ekintza Plataforma eztabaidatu, prestatu eta onesteko prozesuari buruzko gogoeta egin genuen; haren edukiaz, proposamenez, estrategiez eta ekintza-eremuez; lortutako aurrerapenez eta helburuak lortzeko izan diren oztopoez; eta Konferentziaren iraunaldiaz, munduan nahiz Euskadin, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna eta ongizatea lortzeko tresna baliagarria izan dadin.

Ezagutza horretan oinarriturik, atal honetan identifikatu nahi dugu gure politika publikoetan, planetan, ekintzetan, programetan, proiektuetan eta/edo gure eguneroko zereginean zehaztu ote diren Beijingen finkatutako gomendioak emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako. Azken buruan, berrikusi nahi da nola erabiltzen eta ezartzen diren eta zer eragin duten gomendio global horiek esparru zehatzagoan edo partikularrean.

 

NOLA EGINGO DUGU BERRIKUSPEN HORI?

Berdintasuna Sortzeko Foroaren Ekintza Koalizioek proposatutako 6 ardatz edo lehentasunezko sei esparru horietatik abiaturik. Ardatz horiek oinarri harturik egituratutako gogoetak diagnostiko txikiak egiteko aukera emango digu jakiteko nola bilakatu diren erakundeak edo espazioak berdintasunaren arloan. Horrela, 2. urratsean bezala, talde elkarrizketaren bidezko berrikuspen bat egitea gomendatzen da, lan taldean. Urrats honetan, lagungarriak izango zaizkizun proposamen didaktikoak eta informazioa aurkituko dituzu.

 

ELKARRIZKETAREN HELBURUAK

• Erakunde eta espazio bakoitza aztertzea, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari lotuta dauden zer aldaketa gertatu diren identifikatuta.

• Aldaketa horiek Beijingo Ekintza Plataforman ezarritako gomendioekin nola lotzen diren hausnartzea.

 

SEKUENTZIA METODOLOGIKOA, NIRE ERAKUNDEAN EDO ESPAZIOAN BERDINTASUNAREN ARLOAN GERTATU DIREN ALDAKETAK AZTERTZEKO

1) 1995az geroztik erakunde edo espazio bakoitzean berdintasunaren arloan gertatu diren aldaketei buruzko diagnostiko bat egitea taldean, edo zure erakundea edo espazioa ondoren sortu bada, une horretatik aurrera. Aurrerapen horiek identifikatzeko eta ikusarazteko (aurrerapenik izan bada), galdera edo gai orientagarri batzuk proposatzen dira, Berdintasuna Sortzeko Foroaren Ekintza Koalizioek lehenesten dituzten esku-hartze ardatzetan oinarrituta. Ikusten duzunez, globala tokikoarekin konektatu nahi da, eta tokikoa, berriz, globalarekin.

Ez duzu diagnostikoa egin beharrik proposatu ditugun 6 ekintza-blokeetatik abiaturik, ez baitute guztiek zerikusirik izango zure erakundearekin eta erakundearen lanarekin. Aukeratu zure jarduerarekin loturarik handiena duen edo duten blokeak.

Taldean egiten den gogoeta oso erabilgarria da erakunde edo espazio bakoitzak berdintasun arloan duen abiapuntua adosteko. Aurreko urratsean bezala, taldeko kide batek moderatzaile eta/edo errelatore lana egin dezake.

2) Elkarrizketan ateratako ondorio nagusiak adostu eta sistematizatzea. Gerta daiteke elkarrizketan zehar egin diren aurrerapenei buruz ez ezik, berdintasuna lortzeko dauden desafio eta erronkei buruz ere hausnartzea. Horregatik, litekeena eta gomendagarria da 3. eta 4. urratsei batera heltzea.

3) Berrikuspen-lana erreferentziazko beste informazio batekin osatzeko edo gehiago jakiteko interesa badago, urrats honen amaieran erabilgarria izan daitekeen materiala aurkituko duzu. Aukeratu gehien interesatzen zaizuna. Banaka edo taldean landu dezakezu, gogoeta eta eztabaida sustatzeko (bideo bat, adibidez).

Gomendatzen da Berdintasuna Sortzeko Foroaren Ekintza Koalizioek diseinatutako aurkezpenak erabiltzea, lehentasunezko 6 ekintza-blokeetako bakoitzean proposatzen diren galderei erantzuteko. Informazio hori "gehiago jakin nahi baduzu" atalan aurkituko duzu.

4) ERAKUNDE BAKOITZAREN BERRIKUSPEN LANA EGITEKO OHARRAK

• Identifikatu zure ustez zure erakundeak edo espazioak lan egiten duen edo informazio gehiago eman dezakeen ekintza-blokea edo blokeak. Ikusiko duzu zeharkako bloke bat dagoela, hona ekarri ditugun beste sei blokeekin zerikusia duena.

• Irakurri bloke bakoitzean jasotzen diren neurrien edo ekintzen proposamenak. Xedea da elkarrizketan errazagoa izatea diagnostiko bat egitea, zure erakundean berdintasunaren arloan gertatu diren edo haren bidez bultzatu diren aldaketak ikusarazteko eta haien balioa nabarmentzeko. Markatu gurutze batekin erreferentzia gisa balio dizutenak, eta gero zehaztu, hau da, zer egin den eta zer eragin izan duen elkarrizketan zehaztu dezazun.

 

NIRE ERAKUNDEA EDO ESPAZIOA BERRIKUSTEKO GALDERAK, LEHENTASUNEZKO EKINTZA ARDATZETATIK ABIATUTA

 

EDOZEIN JARDUKETA BERRIKUSTEKO ZEHARKAKO ARDATZA

GALDERA ORIENTAGARRIAK:

Datuak: Ba al dago sexuen arabera bereizitako informazio estatistikorik edo/eta ebidentziarik, emakumeek eta gizonek gai-bloke horietan zer-nolako egoera eta jarrera duten deskribatzea ahalbidetzeko.

Araudia: Eragin da emakumeen eta gizonen berdintasunerako lege eta politiketan, eta eragin ere berdintasunari buruzko araudi ez-espezifiko batean (egitea, onartzea, ezartzea, jarraipena egitea eta ebaluatzea), hots, baina lehentasunezko ekintza-ardatzetan esku hartzeari lotuta dagoena.

Baliabideak: Berariazko baliabideak bideratu dira emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bultzatzeko (ekonomikoak, giza baliabideak, gaikuntzakoak, teknikoak, aldi baterakoak, etc.).

Zeharkakotasuna edo genero mainstreaming-a: Zure erakundeak edo espazioak berariazko egiturak sortu ditu berdintasuna bultzatzeko (unitateak, batzordeak, berdintasun alorrak, taldeak, etab.), berdintasunean adituak diren langile espezializatuak kontratatu ditu edo lan-prozeduretan berdintasun ikuspegia txertatu da (adibidez, berdintasunezko xedapenak kontratu eta diru-laguntzetan).

 

I. ARDATZA: EMAKUMEEN AURKAKO INDARKERIA MATXISTA

GALDERA ORIENTAGARRIAK:

• Indarkeria matxista dagoen egoera guztiak detektatzeko eta horiei erantzuteko protokoloak edo prozedurak egin, onartu edo ezarri dira.

• Emakumeen aurkako indarkeria matxista detektatzeko edo artatzeko zerbitzu edo baliabideren bat hobetu edo garatu da.

• Berdintasunari eta emakumeen aurkako indarkeria matxistari buruzko prestakuntza eman/jaso da.

• Indarkeria matxistaren arloko prebentzio eta sentsibilizazio ekintzak bultzatu dira edo horietan parte hartu da.

• Indarkeria matxistatik bizirik atera diren biktimen (seme-alabak barne) autonomia bultzatzeko prestazioak edo baliabideak diseinatu edo eguneratu dira (etxebizitza, enplegua, zerbitzuak lehentasunez eskuratzea, etab.).

• Indarkeria matxistari arreta emateko koordinazio-espazioren bat sustatu da edo horretan parte hartzen da.

• Indarkeria matxistaren arloko azterlan edo ikerlan berezko bata egin da edo hartan parte hartu da.

• Berdintasun egiazkoa eta eraginkorra lortzea, eta emakumeen aurkako indarkeria matxista amaitzea, antolamenduaren edo espazioaren estrategiaren parte dira.

• Neurriren bat ezarri da indarkeriari aurre egiten dioten emakumeen kalteberatasun handiagoari aurre egiteko, Covid 19ak sortutako egoera dela eta.

 

II. ARDATZA: GORPUTZAREN GAINEKO AUTONOMIA, OSASUNA ETA ESKUBIDE SEXUAL ETA ERREPRODUKTIBOAK

GALDERA ORIENTAGARRIAK:

• Emakumeek eta gizonek osasunaren arloan dituzten beharrak eta errealitateak aintzat hartzen dituzten programak edo neurriak egin dira edo haietan parte hartu da, bai eta emakumeen osasunerako eskubidea aintzat hartzen dituzten haietan ere, aniztasunean oinarrituta.

• Ekintzetan edo neurrietan kontuan hartu da emakumeek gehienbat duten lan karga neurrigabea, mendekotasuna duten eta/edo osasun-arazoak dituzten pertsonak zaintzearen ondorioz.

• Osasuna babesteari dagokionez, emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunak kontuan hartzen dituen ikerketa zientifikoa sustatu da, batez ere irisgarritasunari eta ahalegin diagnostiko eta terapeutikoari dagokienez, bai saiakuntza klinikoei begira, bai laguntza emateari begira.

• Ekintzak egin dira desberdintasun biologikoek eta horiei lotutako estereotipo sozialek emakumeen aurkako diskriminazioak eragin ez ditzaten.

• Osasun-hezkuntzako ekintzetan, emakumeen osasuna sustatzeko ekimen berezkoak abiarazi dira.

• Emakumeen eskubide sexual eta erreproduktiboak baliatzearen ondoriozko beharrei erantzuteko programak edo ekintzak egin dira, bai prebentziozkoak bai laguntzazkoak (plangintza sexuala, giza ugalketarako prestazio lagunduak –onartuak–, nahi gabeko haurdunaldiak saihestea eta sexu-transmisiozko gaixotasunak ere saihestea, besteak beste). Gizonek eremu horietan duten zeregina hartu da kontuan, gizonei zuzendutako ekintza berezkoak eginda.

• Sexu-hezkuntza integralaren eskaintza handitu egin da eskolan eta eskolaz kanpo.

• Ekintzaren bat egin da neskatoek, nerabeek eta helduek zainketa fisikorako ohiko praktikak gara ditzaten (elikadura orekatua, ariketa fisiko asegarria, arrisku-portaerak gutxitzea, etab.).

• Programa edo ekintzaren bat egin da neska gazteen eta emakumeen ahalduntzea sustatzeko, haien harreman afektibo eta sexualei lotutako erabakiak autonomia handiagoz hartzearen bidez.

 

III. ARDATZA: JUSTIZIA ETA ESKUBIDE EKONOMIKOAK

GALDERA ORIENTAGARRIAK:

• Nire erakundeak edo espazioak hainbat ekintza egin ditu, berdintasuna eraldaketa sozial eta ekonomikorako beharrezko balioa dela aitortzeko.

• Nire erakundeak edo espazioak aitortu du zaintzak funtsezko dimentsioa direla bizitzaren jasangarritasunerako.

• Emakumeek beste pertsonak bizitzan zaindu behar dituztela dioten agindu patriarkalak eta estereotipoak desmuntatzeko ekintzak sustatu dira.

• Etxeko eta zaintzako lanak ikusarazi, aitortu eta birbanatzeko neurriak abiarazi dira (zainketen hornidura unibertsal eta publikoa, zerbitzuen estaldura eta malgutasun handiagoa, gizonek etxeko eta zaintzako lanekin duten erantzunkidetasuna sustatzea, etab.).

• Pobreziaren feminizazioa murrizteko neurriak eta ekintzak egin dira (soldata-arrakala eta pentsio-arrakala, politika sozialak eta ekonomikoak, etab.).

• Emakumeek enpleguan duten sarbidea, baldintzak eta sustapena hobetzeko ekintzak diseinatu, bultzatu edo horietan parte hartu da, bai besteren kontura, bai norberaren kontura, gorabidean diren sektoreak kontuan hartuta.

• Erakundeak barneko berdintasun-plan bat egin du eta abian jartzen ari da, erakundean diren pertsonei zuzendua.

• Genero ikuspegia txertatu da nire erakundearen edo espazioaren kulturan eta praktikan ( hezkidetza ikastetxeetan, berdintasunerako enpresa-akordioak, akordio instituzionalak edo sozialak, hausnarketa-espazioak eta berdintasuna sustatu eta landuko duten sareak sortzea, etab.).

• Kontuan hartu da Covid 19ak sortutako egoerari aurre egiteko neurri sozialek eta ekonomikoek emakumeengan eta gizonengan duten eragin desberdina.

 

IV. ARDATZA: JUSTIZIA KLIMATIKOA

GALDERA ORIENTAGARRIAK

• Emakumeak arrisku klimatikoen ondorioekiko kalteberagoak direla aitortzen duten ekintzak egin dira, aurre egin behar dieten oztopo ekonomiko eta soziokulturalen ondorioz.

• Emakumeen ahalduntzea eta praktika diskriminatzaileak murriztea funtsezkoak direla kontuan hartzen duten ekintzak egin dira, .klima-aldaketaren erronkak gainditzeko eta erresilientzia eraginkorra garatzeko.

• Emakumeen eta gizonen premiak ezberdinak direla kontuan hartzen dituzten ekintzak egin dira, mugikortasunari eta espazioen, azpiegituren eta zerbitzuen erabilerari dagokienez (etxebizitza, garraioa, hirigintza).

• Emakume askok bizi duten pobrezia energetikoa murrizteko ekintzak egin dira.

• Neurriak sustatu dira gizarte eta lurralde kohesioa bultzatzeko, emakumeen eta gizonen ongizaterako eta bizi-kalitaterako bidea baita.

• Hainbat ekintza bultzatu dira gizartea, ingurumena eta ekonomia garatzeko estrategietan berdintasuna kontuan hartzeko  (adibidez, emakumeen parte-hartzea haren prestaketan).

• Ingurumen-hezkuntzan genero ikuspegia sustatzeko ekintzak garatu dira.

• Natur baliabideen kudeaketari, kontserbazioari eta erabilerari eta paisaia antolatzeari eta babesteari dagokienez, emakumeen eta gizonen errealitate desberdinak kontuan hartzeko ekimenak garatu dira

• Klima-aldaketaren ondorioak genero ikuspegiarekin lantzen dituzten gizarte erakunde edo mugimenduei lagundu zaie.

• Programetan edo ekintzetan kontuan hartu da emakumeek landa-ingurunean duten kalteberatasun handiagoa, klima-aldaketak landa-inguruneari bereziki eragiten baitio.

• Programa edo proiekturen bat egin, lagundu edo finantzatu da, nekazaritza-ustiategi ekologikoen emakumeen titulartasuna sustatzeko eta lehen sektorean emakumeen presentzia bultzatzeko, bai eta landa-munduaren irudi soziala hobetzeko ere.

 

V.ARDATZA: TEKNOLOGIA ETA BERRIKUNTZA GENERO BERDINTASUNERAKO

GALDERA ORIENTAGARRIAK:

• Hainbat ekintza egin dira berrikuntza ekosistemak handitzeko, ekonomia digitalean gardentasun eta kontu-ematearen printzipioak txertatzeko eta ekonomia digital inklusiboak zabaltzeko.

• Hainbat neurri edo programa bultzatu edo ezarri dira emakumeek presentzia handiagoa izan dezaten STEAM jakintza alorrei lotutako azterlan eta enpleguetan (Zientzia, Ingeniaritza, Teknologia, Artea eta Matematika).

• Emakumeen presentzia sustatzeko ekintzak egin dira, emakume gehiago izan daitezen unibertsitate eta agentzietako ikerketa-taldeetako zuzendari eta ikertzaile nagusi.

• IKTen sarbidean eta erabileran genero ikuspegia haurtzarotik txertatzeko ekintzak egin dira, betiere teknologiak eta berrikuntzak emakumeen lidergorako eta berdintasunerako aurrera egiteko duten garrantzia azpimarratuz.

• Gaitasun teknologikoak eskuratzeko, erabiltzeko eta haien mailan gertatzen den arrakala digitala murrizteko ekintzak garatu dira.

• Emakumeen eta nesken beharrei erantzungo dien teknologian eta berrikuntzan inbertitu da.

• Emakumeen aurkako indarkeria matxista IKTen bidez prebenitzeko eta ezabatzeko programak edo ekintzak sustatu dira.

 

VI. ARDATZA: MUGIMENDU ETA LIDERGO FEMINISTAK

GALDERA ORIENTAGARRIAK:

• Emakume elkarte eta talde feministen bidez, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzeko baliabideak lagundu edo bideratu dira.

• Emakume elkarteek eta talde feministek giza garapen jasangarrirako duten eginkizuna aitortu eta ikusarazi da.

• Genero ikuspegia eta ikuspegi intersekzionala kontuan hartu dira emakumeen erakundeei zuzendutako programak garatzean.

• Emakumeen eta gizonen berdintasunerako helburuak dituzten gizarte erakundeen kopurua handitzeko neurriak hartu dira.

• Emakume gazteek beren espazioetan eta beste espazio instituzional, ekonomiko edo sozial batzuetan duten parte-hartzea eta lidergoa sustatzeko ekintzak egin dira.

• Erakunde eta instituzio politiko, ekonomiko eta sozialetan parte hartzen duten emakumeen arteko aliantzak eta sinergiak sustatu dira.

• Berdintasunari eta ahalduntzeari buruzko prestakuntza eman da, emakumeen eta haiek politika publikoetan parte hartzeko dituzten espazioen interlokuzio  eta eragin handiagoa sustatzeko.

• Neurriak edo ekintzak sustatu dira emakumeek erakunde publikoetan, pribatuetan eta gizarte zibilean parte har dezaten, lidergo feministekin eta berezkoekin.

• Kontuan hartu da emakumeek zailtasun handiagoak dituztela parte hartzeko eta ekarpenak egiteko, administrazioek politika eta programen kontsulta publikorako gaitzen dituzten espazioetan.

• Emakumeek erakunde sozial, sindikal, enpresarial eta politikoetan duten presentzia eta protagonismo txikiagoa eragiten duten arrazoiak ezagutzeko aukera ematen duten azterlanak egin dira.

• Hainbat neurri abiarazi dira, emakumeen presentzia eta eragina areagotzeko, non eta sektore publikoa eta pribatua antolatzeko erabaki-esparruetako zuzendaritza-postuetan eta zuzendaritza organoetan.

 

Elkarrizketari amaiera emateko eta, ondorio gisa, galdera honi erantzutea proposatzen da:

Beijingeko Adierazpenean eta Ekintza Plataforman ezarritako gomendio eta jarraibideen artean, zeintzuk ezarri dira nire erakundean edo espazioan eta eragin dute aurrerapena emakumeen eta gizonen berdintasunerako?

 

Honako material hauek kontsultatzea proposatzen da, Beijingeko gomendioetatik abiatuta, erakunde edo espazio bakoitzean aurrera egitea zein neurritan lortu den aztertzeko tresna gehiago eskura izate aldera.

 

Ekintza Koalizioak: Genero Berdintasuna Azkarrago erakartzeko Plan Globala

Dokumentu honetan zehatz-mehatz azaltzen da zer diren Ekintza Koalizioak eta zer eginkizun betetzen duten hala Berdintasuna Sortzeko Foroaren garapenean, nola Beijingo Konferentzian, Adierazpenean eta Ekintza Plataforman proposatutako helburuak eta xedeak betetze aldera etorkizunean garatuko diren ekintzetan. Dokumentuan haien printzipioak zehazturik daude (intersekzionalitatea, lidergoa eta eraldaketa) bai eta konpromisoak ere.

https://forum.generationequality.org/sites/default/files/2021-04/AC_Acceleration%20Plan.Final%20Draft%20%28March%2030%29_ExSum_SP.pdf

 

Ekintza Koalizioen lehentasunezko 6 ekintza arloen gaineko aurkezpenak

Orri honetan aurkituko dituzu Ekintza Koalizioek zehaztu dituzten lehentasunezko 6 plan edo ardatz bakoitzeko aurkezpenak.

• Genero indarkeria:  https://forum.generationequality.org/sites/default/files/2021-06/GBV_ES.pdf

• Justizia eta eskubide ekonomikoak: https://forum.generationequality.org/sites/default/files/2021-06/EJR_ES.pdf

• Gorputzaren gaineko autonomia, osasuna eta eskubide sexual eta erreproduktiboak: https://forum.generationequality.org/sites/default/files/2021-06/SRHR_ES.pdf

• Justizia klimatikoaren aldeko ekintza feminista: https://forum.generationequality.org/sites/default/files/2021-06/FACJ_ES.pdf

• Genero berrikuntzarako teknologia eta berrikuntza: https://forum.generationequality.org/sites/default/files/2021-06/TIGE_ES.pdf

• Mugimendu eta lidergo feministak: https://forum.generationequality.org/sites/default/files/2021-06/FML_ES.pdf

 

Emakumeari buruzko IV. Mundu Konferentzia (Beijing 1995)

Emakundek bultzatutako bideoa. Bertan, Beijingeko une esanguratsuenetako batzuen irudiak aurkezten dira, eta era berean, topaketan parte hartu zuten euskal emakumeen testigantzatik abiatuta, IV. Konferentzian landutako eta eztabaidatutako gai nagusiak jasotzen dira. Bideo honetan Berdintasuna Sortzeko Foroa aipatzen da, bai eta Emakundek IV. Konferentziarekin eta haren ibilbide-orriarekin duen konpromisoa ere.

https://www.youtube.com/watch?v=hzq3NvQFyV4&t=10s

 

Espainiako Txosten Nazionala. Gaia: Beijingeko Adierazpenaren eta Ekintza Plataformaren aplikazioa (1995) eta Batzar Nagusiaren hogeita hirugarren bilkura-aldi bereziaren emaitzak (2000) Emakumeari buruzko Laugarren Mundu Konferentziaren eta Beijingeko Ekintza Plataformaren 25. Urtemugaren testuinguruan

Espainiako Gobernuak egina, 2019an aurkeztutako txosten honetan, emakumeek Estatu osoan duten egoerarekin lotutako lau galdera edo eremu nagusiren erantzunak jasotzen dira: 1) Genero-berdintasunaren eta emakumeen ahalduntzearen aldeko lehentasunak, lorpenak, erronkak eta zailtasunak; 2) kezka bereziko 12 esparruetan izaniko aurrerapena (Beijingen zehaztutakoak); 3) Berdintasunaren alde lan egiteaz arduratzen diren erakundeek egindako aurrerapenak eta aurre egin beharreko mugak, eta zer mekanismo ezarri den, Beijingeko konpromisoen jarraipena eta monitorizazioa egiteko, eta genero ikuspegia politika publikoetan eta plan nazionaletan txertatzeko, eta, 4) estatistikak genero ikuspegiarekin bat egitea. Material hori tresna egokia da pentsatzeko ea jasota dauden ekintzetatik zein gauzatu diren proiektuan parte hartzen duten instituzio eta erakundeetan, eta zer ekintza izan litezkeen egokiak emakumeen egoera hobetzeko, bai gure espazioetan bai gure espazioen bidez.

http://www.exteriores.gob.es/Portal/es/PoliticaExteriorCooperacion/DerechosHumanos/Documents/Informe%20Beijing%20Espa%C3%B1a%20(+25).pdf

 

ERREFERENTZIAZKO BESTE MATERIAL BAT

Beijingeko Ekintza Plataforma historiakoari esker lortu diren bost garaipen handi

https://www.unwomen.org/es/news/stories/2020/3/compilation-five-wins-ushered-in-by-beijing-platform-for-action

4/2005 Legea, otsailaren 18koa, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako, eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legearen bigarren aldaketarako lege-aurreproiektua

https://www.euskadi.eus/y22-bopv/es/bopv2/datos/2005/03/s05_0042.pdf

https://www.emakunde.euskadi.eus/contenidos/informacion/politicas_marco/eu_ley_igua/adjuntos/lege_proiektua.pdf

Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako VII. Plana EAEn

http://www.emakunde.euskadi.eus/contenidos/informacion/emakunde7plana/eu_def/adjuntos/vii_plana.pdf

Emakumeen eta gizonen berdintasunerako 4/2005 Legaren ebaluazio kuantitatiboa eta kualitatiboa (2015)

https://www.emakunde.euskadi.eus/contenidos/informacion/politicas_evaluaciones/eu_def/adjuntos/2015.evaluacion_cualitativa_eus.pdf

https://www.emakunde.euskadi.eus/contenidos/informacion/politicas_evaluaciones/eu_def/adjuntos/2015.evaluacion_cuantitativa_eus.pdf

 

Euskadi, bien común