BEIJING, 25 URTE ETA GERO: NOLA JARRAITU DAITEKE BERDINTASUNERANTZ AURRERA?

 

 

Eta orain, Emakumeari buruzko IV. Mundu Konferentzia egin zenetik, 25 urte baino gehiago igaro direnean, uste duzu, aurrerapenak aurrerapen, badirela oraindik ere Beijingo Adierazpena eta Ekintza Plataforma betetzeari eragiten dioten erronkak? Edota emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeari eragiten diotenak? Edo emakume eta neskato guztiek Giza Eskubideez erabat gozatzeari eragiten dioten erronkak? Agerikoagoak egin al dira egiturazko desberdintasunak eta areagotu egin al dira, Covid-19ak sortutako krisiaren ondorioz? Non da lehentasunezkoa eta posiblea erakunde eta espazio bakoitzetik eragitea, oraindik dauden erronka eta genero-arrakala batzuei epe laburrean erantzun ahal izateko? Nola azkarragotu dezakegu Beijingo Ekintza Plataforma aplikatzea eta genero-ikuspegia ezartzea Garapen Jasangarrirako 2030 Agendan?

Nazio Batuen Erakundearen arabera, 2021ean, munduko herrialde bakar batek ere ez du lortu genero-berdintasuna, ezta emakumeen eta neskatoen ahalduntzea ere. Berdintasuna Sortzeko Foroaren Ekintza Koalizioek hainbat ekintza zehatz finkatu dituzte, eta ekintza horiek arreta premiazkoagoa behar dute, datozen urteetan emakumeen eta gizonen berdintasun eraginkorrean aurrera egingo bada. Ondoren, laburbildurik aurkeztuko dugu zer proposamen egin dituzten Ekintza Koalizioek aurreko urratsean landu dituzun lehentasunezko 6 ekintza-arloetarako. Gogoratu Ekintza Koalizioek egiten dituzten proposamenak globalak eta mundu osorako direla. Proposamen horietako askok, aurreko urratsean, zure erakundea edo espazioa berrikusten lagundu dizute.

 

HONA HEMEN EGUNGO ERRONKA GLOBAL HANDIAK EMAKUMEEN ETA GIZONEN ARTEKO BERDINTASUNA LORTZEKO

 

INDARKERIA MATXISTA

• Indarkeria matxista ageri den egoerak prebenitzen, detektatzen, artatzen eta horiei erantzun juridiko egokia ematen lagunduko duen araudia onartzea eta ezartzea, giza eskubideen ikuspegitik.

• Emakumeen aurkako indarkeria matxistaren egiturazko jatorria aitortzen duen eta horri erantzutea ahalbidetzen duen araudia onartzea.

• Emakume elkarteak eta talde feministak aintzat hartzea, ematen duten ezagutza adituagatik, eta baliabide egokiz hornitzea; adibidez, finantzaketarako.

• Emakumeen aurkako diskriminazioari eusten dioten botere-harremanak eta arau sozialak eraldatzea.

• Emakumeen aurkako indarkeria matxistari aurrea hartzea, ikuspegi intersekzionala txertatuta.

• Bizirik atera diren biktima guztiei bermatzea kaltea konpontzeko zerbitzu integralak eskura izango dituztela.

• Ekintza global koordinatu batean parte hartzea eskalan, borondate politiko handiagoa eta kontuak ematea eragiteko.

 

GORPUTZAREN GAINEKO AUTONOMIA, OSASUNA ETA ESKUBIDE SEXUAL ETA ERREPRODUKTIBOAK (ESEE)

• Baldintzak sortzea emakume guztiek osasunerako eskubidea eta eskubide sexual eta erreproduktiboak erabil ditzaten, beren gorputzari buruzko erabaki autonomoak hartuz, hertsadurarik, indarkeriarik eta bazterkeriarik gabe.

• Informazio zerbitzuak sortzea sexu eta ugalketa arloko osasunari buruz, hezkuntza afektibo eta sexualari buruz, bai eta kalitatezko baliabideak ere, doakoak, eskuragarriak eta onargarriak.

• Erakunde eta sare feministak -neskatoenak eta emakumeenak- indartzea, bai eta beste erakunde "aliatu" batzuk ere, ESEEak sustatzeko.

• Inbertsioa handitzea ESEEn eta eskubide horiek osasun-estaldura unibertsalaren zati gisa hartzea.

• Emakumeek beren gorputzaren, osasunaren eta ESEEen gainean duten autonomia oztopatzen duten gizarte eta genero arauak eraldatzea.

• Ikuspegi intersekzionala, kulturartekoa eta giza eskubideetan oinarritua aplikatzea, inor atzean uzten ez duena, ESEE arloan egiten diren lege, politika, programa, proiektu eta ekintza guztietan.

 

JUSTIZIA ETA ESKUBIDE EKONOMIKOAK

• Genero-ikuspegia sistema eta egitura ekonomiko eta sozial guztietan txertatzea, baliabideak eta zerbitzuak berdintasunez eta segurtasunez eskuratzea bermatzeko.

• Inor bazterturik eta kanpoan uzten ez duten lan-merkatuak sortzea, indarkeria matxistarik gabeak eta sexu-jazarpenik eta sexuan oinarritutako jazarpenik gabeak.

• Eredu ekonomikoan zainketen dimentsioa ikusaraztea eta haien balioa nabarmentzea. Mekanismoak eta baliabideak sortu eta garatzea, etxeko eta zaintzako lanak orekaz banatzeko erakunde instituzional, ekonomiko eta sozialen artean, emakumeen eta gizonen artean. Zainketen krisi global bat dagoela onartzea; egoera hori indarrez azaleratu da Covid-19tik aurrera.

• Baldintza egokiak sortzea, emakumeek erantzun erresilientea emateko Covid-19tik eratorritako ondorioei.

• Emakumeek enpresa erakundeetan eta sindikatuetan berdintasunez parte hartzen dutela bermatzea.

• Kontuak ematea indartzea, genero-ikuspegia duten lege eta politika ekonomikoen bidez, betiere datuak sexuaren arabera bereizita eta genero-ikuspegia duten estatistikak eginda.

 

JUSTIZIA KLIMATIKOA

• Ekonomia berde, inklusibo eta birsortzailerako trantsizioan eragitea, klima-aldaketak genero-justiziarekin duen lotura aitortuko duena, eta landa-eremuetan eta klima-aldaketak eragindako espazioetan bizi eta lan egiten dutenei ahotsa eta protagonismoa emango diena.

• Emakumeek eta neskatoek erabakiak hartzeko prozesuetan duten parte-hartzea indartzea, eragina izan dezaketen eremu eta espazio guztietan, baita klimaren gaineko politikan ere.

• Klima-aldaketari ematen zaizkion erantzunak giza eskubideekin lotzea eta arlo horretan lan egiten duten emakume erakundeei laguntza ekonomikoa ematea.

• Emakumeek eta neskatoek sarbide hobea izatea klima-aldaketari aurre egiteko behar den teknologian eta ezagutzan.

• Bermatzea emakumeek eta neskatoek sarbidea izatea ingurumen kudeaketarekin eta babesarekin lotutako baliabide naturaletan eta haietan kontrol handiagoa izatea.

 

TEKNOLOGIA ETA BERRIKUNTZA

• Emakumeak teknologiaren eta berrikuntzaren esparruan sartu, eta esparru hori erabili, zuzendu eta diseinatu dezaketela bermatzea.

• Berrikuntza ekosistemek berdintasuna lortzen laguntzen duten ekintzak garatzea.

• Teknologia digitalaren esparruan, gardentasunaren eta kontuak ematearen printzipioak txertatzea.

• Ekonomia digital inklusiboak eta irisgarriak sustatzea.

 

MUGIMENDU ETA LIDERGO FEMINISTAK

• Mugimendu eta erakunde feministek emakumeen eta gizonen berdintasunerako bidea dinamizatzeko eta aldaketa horretan laguntzeko baliabide eta laguntza nahikoak dituztela bermatzea.

• Emakume elkarteek eta taldeek giza garapen jasangarriari egiten dioten ekarpenari aitortza eta balio handiagoa ematea.

 

TESTUINGURU HONETAN, ZEINTZUK DIRA ELKARRIZKETAREN HELBURUAK?

Erakunde edo espazio bakoitzak emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerantz aurrera egiteko identifikatzen dituen desafio edo erronka premiazkoenei buruz hausnartzea, betiere erreferentzia esparrutzat hartuta Berdintasuna Sortzeko Foroko Ekintza Koalizioek premiazko arreta emateko lehenetsi dituzten 6 arloak.

 

ERAKUNDE EDO ESPAZIO BAKOITZAK BERDINTASUNA LORTZEKO LEHENTASUNEZKOTZAT JOTZEN DITUEN DESAFIO EDO ERRONKAK IDENTIFIKATZEKO SEKUENTZIA METODOLOGIKOA

1) Taldean hitz egitea, zure erakundean edo espazioan emakumeen eta gizonen berdintasunerako bidean aurrera egiteko premiazkotzat jotzen dituzun gaiei buruz. Urrats honen helburua da erronka horietan pentsa dezazula ideia eta irtenbide sortzaile, arin, onuragarri eta espontaneoen bidez (pentsamendu dibergentea). Ziur asko, ideia horietako asko 3. Urratsean sortu dira edo urrats horretan izaniko elkarrizketan agertu dira. Gogoratu 2. eta 3. urratsak batera egin daitezkeela

2) Elkarrizketa irekia ez ezik, eraginkorra ere izan dadin, ondoren proposatzen diren gaiak lantzea gomendatzen da. Aurreko urratsean bezala, Gai horiek egituratuta daude bai zeharkako bloke baten bidez, bai Berdintasuna Sortzeko Foroko Ekintza Koalizioek erabiltzen dituzten premiazko 6 ekintza-blokeen bidez. Aurreko urratsean proposatutako galdera orientagarriak erabil ditzakezu. Jaso ez diren baina garrantzitsuak direla uste duzun beste gai batzuk ere gehitu ditzakezu.

Ez da beharrezkoa proposatutako sei esparruei buruzko hausnarketarik egitea. Gomendagarria da arreta jartzea zure erakundearekin eta zuen lanarekin zerikusia duten haietan.

3) Gogoeta irekiago hori egin ondoren, gomendatzen da proposatu diren gaiak edo alternatibak (pentsamendu konbergentea) hiru irizpide hauen bidez (beste batzuk erabil ditzakezu) antolatu, bereizi, ebaluatu eta hautatzea,

• a) Nire erakundeak edo espazioak premiazko edo lehentasunezko erronkatzat jotzen du gai edo proposamen hori, emakumeen eta gizonen berdintasunerako bidean aurrera egiteko.

• b) Nire erakundeak edo espazioak bere gain hartu eta/edo garatu dezakeen gai edo proposamen bat da.

• c) Gai edo proposamen horrek bat egiten du bai Beijingo Adierazpenaren eta Ekintza Plataformaren gomendioekin, bai Berdintasuna Sortzeko Foroko Ekintza Koalizioek etorkizunerako ekintza kolektiborako identifikatzen dituzten 6 esparruekin, bai 2030 Agendarekin.

4) Elkarrizketan lortutako adostasun eta ondorio nagusiak jasotzen ditu (audioa, bideoa, idatzia, etab.). Informazio hori funtsezkoa da hurrengo urratsean, 5.ean, ekintza zehatzak definitzeko eta akordioak lortzeko.

5) Gehiago jakiteko edo zure ideiak lantzeko prozesuan beste erreferentzia batzuk izan nahi badituzu, "Gehiago jakin nahi baduzu" atalean ematen den informazioa kontsulta dezakezu. Gainera, ziur zure erakundearen edo espazioaren jarduerari lotutako beste erreferentzia sektorial edo tematikoago batzuk ezagutzen dituzula edo bila ditzakezula, lagungarri izan daitezkeenak eta eztabaida aberastuko dutenak.

 

ERAKUNDE EDO ESPAZIO BAKOITZAK EMAKUMEEN ETA GIZONEN BERDINTASUNA LORTZEKO PREMIAZKOENAK DIREN ERRONKAK IDENTIFIKATZEKO GAIAK

 

ZEHARKAKO ARDATZA

LEHENTASUNEZKOTZAT JOTZEN DA GAI HAUETAN ERAGITEA EMAKUMEEN ETA GIZONEN BERDINTASUNERAKO BIDEAN AURRERA EGITEKO:

Datuak: Sexuen arabera bereizitako informazio estatistikoa edo/eta ebidentziak eskura izatea, emakumeek eta gizonek gai-bloke horietan zer-nolako egoera eta jarrera duten deskribatzea ahalbidetzeko.

Araudia: Legeak onetsi, ezarri, haien jarraipena eta ebaluazioa egitea (adibidez, berdintasun legearen aurreproiektua edota berdintasunari berariaz ez dagozkion beste lege batzuk, baina lehentasunezko ekintza-ardatzetan esku hartzeari lotuta daudenak. Edota berdintasunaren aldeko beste politika publiko batzuk, hala nola planak eta zeharkako programak eta sektorialak. Araudiari buruzko kontuak ematea. Berdintasunari buruz indarrean den araudia finkatzea.

Baliabideak: Baliabide gehiago bideratu dira emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bultzatzeko (ekonomikoak, giza baliabideak, gaikuntzakoak, teknikoak, aldi baterakoak, etc.).

Zeharkakotasuna edo genero mainstreaming-a: Berariazko egiturak sortu eta finkatu dira berdintasun arloa bultzatu, koordinatu, eragin eta/edo aholkularitza espezializatua emateko (unitateak, batzordeak, berdintasun alorrak, taldeak, etab.); berdintasunean adituak diren langile espezializatuak kontratatzea; lan-prozeduretan berdintasun ikuspegia txertatzea (adibidez, hizkera inklusiboa eta ez-sexista erabiltzea).

 

I. ARDATZA: EMAKUMEEN AURKAKO INDARKERIA MATXISTA

LEHENTASUNEZKOTZAT JOTZEN DA GAI HAUETAN ERAGITEA EMAKUMEEN ETA GIZONEN BERDINTASUNERAKO BIDEAN AURRERA EGITEKO:

• Indarkeria matxistaren forma eta agerpen guztiak behar bezala detektatu eta haiei erantzutea(adibidez, protokoloen bidez).

• Emakumeen aurkako indarkeria matxista detektatzeko eta artatzeko zerbitzuak edo baliabideak hobetu eta/edo garatzea.

• Berdintasunari eta emakumeen aurkako indarkeria matxistari buruzko prestakuntza ematea indarkeria matxistaren aurrean diharduten eragile guztiei. Gizarte zibilari ere bai. 

• Indarkeria matxistaren arloko prebentzioa eta sentsibilizazioa areagotzea.

• Indarkeria matxistatik bizirik atera diren biktimen (seme-alabak barne) autonomia bultzatzeko prestazioak edo baliabideak eguneratzea eta/edo sortzea (etxebizitza, enplegua, zerbitzuak lehentasunez eskuratzea, etab.).

• Indarkeria matxistari arreta emateko koordinazioa sustatzea, biziraun duten biktimen birbiktimizazioa eragozteko.

• Indarkeria matxistaren ezagutzan sakontzea (azterlanak, ikerlanak, aldizkako txostenak, etab.).

• Indarkeriak beste bazterkeria-iturri batzuekin intersekzionatzen duenean emakumeek duten kalteberatasun handiagoa kontuan hartzea (desgaitasuna, landatasuna, pobrezia, migrazioa, adina, etab.).

 

II. ARDATZA: GORPUTZAREN GAINEKO AUTONOMIA, OSASUNA ETA ESKUBIDE SEXUAL ETA ERREPRODUKTIBOAK

LEHENTASUNEZKOTZAT JOTZEN DA GAI HAUETAN ERAGITEA EMAKUMEEN ETA GIZONEN BERDINTASUNERAKO BIDEAN AURRERA EGITEKO:

• Emakumeek eta gizonek osasunaren arloan dituzten beharrak eta errealitateak aintzat hartzea, bai eta emakumeen osasunerako eskubidea aintzat hartzea ere, aniztasunean oinarrituta.

• Mendekotasuna eta/edo osasun-arazoak dituzten pertsonak zaintzearen ondorioz, emakumeek gehienbat duten lan karga neurrigabearen efektuak ezabatzean laguntzea.

• Osasuna babesteari dagokionez, emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunak kontuan hartzen dituen ikerketa zientifikoa sustatzea, batez ere irisgarritasunari eta ahalegin diagnostiko eta terapeutikoari dagokienez.

• Desberdintasun biologikoek eta horiei lotutako estereotipo sozialek osasunaren arloan emakumeen aurkako diskriminazioak eragin ditzaten eragoztea.

• Osasun-hezkuntzaren bidez, emakumeen osasuna sustatzea.

• Emakumeen eskubide sexual eta erreproduktiboen erabilera bermatzea (plangintza sexuala, giza ugalketarako prestazio lagunduak –onartuak–, nahi gabeko haurdunaldiak saihestea eta sexu-transmisiozko gaixotasunak ere saihestea, besteak beste). Gizonek eremu horietan duten zeregina kontuan hartzea.

• Sexu-hezkuntza integralaren eskaintza  sustatzea eskolan eta eskolaz kanpo.

• Neskatoen, nerabeen eta helduen artean, zainketa fisikorako ohiko praktikak garatzea (elikadura orekatua, ariketa fisiko asegarria, arrisku-portaerak gutxitzea, etab.).

• gazteak eta emakumeak ahalduntze laguntzea, haien harreman afektibo eta sexualei lotutako erabakiak autonomia handiagoz hartzearen bidez

 

III. ARDATZA: JUSTIZIA ETA ESKUBIDE EKONOMIKOAK

LEHENTASUNEZKOTZAT JOTZEN DA GAI HAUETAN ERAGITEA EMAKUMEEN ETA GIZONEN BERDINTASUNERAKO BIDEAN AURRERA EGITEKO

• Berdintasuna eraldaketa sozial eta ekonomikorako beharrezko balio gisa aitortzea.

• Zaintzak ikusaraztea eta horiei balioa ematea. Bizitzaren jasangarritasunerako eta pertsonen ongizaterako funtsezko dimentsio nagusia direla onartzea.

• Emakumeek beste pertsona batzuk zaindu behar dituztela dioten agindu patriarkalak eta estereotipoak desegitea.

• Etxeko eta zaintzako lanak ikusarazi, aitortu eta birbanatzea (zainketen hornidura unibertsal eta publikoa, zerbitzuen estaldura eta malgutasun handiagoa, gizonek etxeko eta zaintzako lanekin duten erantzunkidetasuna sustatzea, etab.).

• Pobreziaren feminizazioa murriztea (soldata-arrakala eta pentsio-arrakala, politika sozial eta ekonomikoak, etab.).

• Emakumeek enpleguan duten sarbidea, baldintzak eta sustapena hobetzea, bai besteren kontura bai norberaren kontura, gorabidean ari diren sektoreak kontuan hartuta.

• Barneko berdintasun-plan bat diseinatu, onartu eta abian jartzea, erakundea osatzen duten pertsonei zuzendua.

• Genero-ikuspegia txertatzea erakundeen edo espazioen kulturan eta praktikan (hezkidetza ikastetxeetan, berdintasunerako enpresa-akordioak, akordio instituzionalak edo sozialak, hausnarketa-espazioak eta berdintasuna sustatu eta landuko duten sareak sortzea, etab.).

• Kontuan hartzea Covid 19ak sortutako egoerari aurre egiteko bultzatu diren neurri sozialek eta ekonomikoek emakumeengan eta gizonengan duten eragin desberdina.

 

IV. ARDATZA: JUSTIZIA KLIMATIKOA

LEHENTASUNEZKOTZAT JOTZEN DA GAI HAUETAN ERAGITEA EMAKUMEEN ETA GIZONEN BERDINTASUNERAKO BIDEAN AURRERA EGITEKO

• Emakumeek, arrisku klimatikoen ondorio kaltegarriekiko, kalteberatasun handiagoa dutela aitortzea, aurre egin behar dieten oztopo ekonomiko eta soziokulturalen ondorioz.

• Balio handiagoa ematea emakumeen ahalduntzeari eta praktika diskriminatzaileak murrizteari, funtsezko bideak baitira klima-aldaketaren erronkak gainditzeko eta erresilientzia eraginkorra garatzeko.

• Emakumeen eta gizonen premiak ezberdinak direla kontuan hartzea bai mugikortasunari dagokionez, bai espazioen, azpiegituren eta zerbitzuen erabilerari dagokionez (etxebizitza, garraioa, hirigintza).

• Emakume askok duten pobrezia energetikoa murriztea.

• Gizarte eta lurralde kohesioa bultzatzea, emakumeen eta gizonen ongizaterako eta bizi-kalitaterako bidea baita.

• Berdintasuna gizarte, ingurumen eta ekonomia garapeneko estrategietan txertatzea.

• Genero-ikuspuntua ingurumen-hezkuntzan sustatzea.

• Baliabide naturalen kudeaketari, kontserbazioari eta erabilerari, eta paisaiaren antolamenduari eta babesari dagokienez, emakumeek eta gizonek dituzten errealitate desberdinak kontuan hartzea. Natur baliabideen kudeaketari, kontserbazioari eta erabilerari eta paisaia antolatzeari eta babesteari dagokienez, emakumeen eta gizonen errealitate desberdinak kontuan hartzea.

• Klima-aldaketaren ondorioak genero ikuspegiarekin lantzen dituzten gizarte erakunde edo mugimenduak babestea.

• Emakumeek landa-ingurunean duten kalteberatasun handiagoa kontuan hartzea, klima-aldaketak bereziki eragiten diolako.

• Nekazaritza-ustiategi ekologikoen emakumeen titulartasuna sustatzea eta lehen sektorean emakumeen presentzia motibatzea, bai eta landa-munduaren irudi soziala hobetzea ere.

 

V. ARDATZA: TEKNOLOGIA ETA BERRIKUNTZA GENERO BERDINTASUNERAKO

LEHENTASUNEZKOTZAT JOTZEN DA GAI HAUETAN ERAGITEA EMAKUMEEN ETA GIZONEN BERDINTASUNERAKO BIDEAN AURRERA EGITEKO

• Berrikuntza ekosistemak handitzea, ekonomia digitalean gardentasun eta kontu-ematearen printzipioak txertatzea eta ekonomia digital inklusiboak zabaltzea.

• Emakumeek presentzia handiagoa izatea STEAM jakintza alorrei lotutako azterlan eta enpleguetan (Zientzia, Ingeniaritza, Teknologia, Artea eta Matematika).

• Emakumeen presentzia sustatzea, emakume gehiago izan daitezen unibertsitate eta agentzietako ikerketa-taldeetako zuzendari eta ikertzaile nagusi.

• IKTen sarbidean eta erabileran genero ikuspegia haurtzarotik txertatzea. Teknologiak eta berrikuntzak emakumeen lidergorako eta berdintasunerako bidean aurrera egiteko duten garrantzia azpimarratzea.

• Gaitasun teknologikoak eskuratu, erabili eta haien mailan gertatzen den arrakala digitala murriztea.

• Emakumeen eta nesken beharrei erantzungo dien teknologian eta berrikuntzan inbertsio handiagoa egitea.

• Emakumeen aurkako indarkeria matxista IKTen bidez prebenitzeko eta ezabatzeko programak edo ekintzak sustatzea.

 

VI. ARDATZA: MUGIMENDU ETA LIDERGO FEMINISTAK

LEHENTASUNEZKOTZAT JOTZEN DA GAI HAUETAN ERAGITEA EMAKUMEEN ETA GIZONEN BERDINTASUNERAKO BIDEAN AURRERA EGITEKO

• Emakume elkarte eta talde feministen bidez, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerantz jotzeko baliabideak lagundu eta/edo bideratzea.

• Emakume elkarteek eta talde feministek giza garapen jasangarrirako duten eginkizuna aitortu eta ikusaraztea.

• Genero ikuspegia eta ikuspegi intersekzionala kontuan hartzea emakumeen erakundeei zuzendutako programak garatzean.

• Emakumeen eta gizonen berdintasunerako helburuak dituzten gizarte erakundeen kopurua handitzea.

• Emakume gazteek beren espazioetan eta beste espazio instituzional, ekonomiko edo sozial batzuetan duten parte-hartzea eta lidergoa sustatzea.

• Erakunde eta instituzio politiko, ekonomiko eta sozialetan parte hartzen duten emakumeen arteko aliantzak eta sinergiak sustatzea.

• Berdintasunari eta ahalduntzeari buruzko prestakuntza ematea, emakumeen eta haiek politika publikoetan parte hartzeko dituzten espazioen interlokuzio eta eragin eraginkorragoa sustatzea.

• Emakumeek erakunde publikoetan, pribatuetan eta gizarte zibilean gehiago parte hartzea, lidergo feministekin eta berezkoekin.

• hartzea emakumeek zailtasun handiagoak dituztela parte hartzeko eta ekarpenak egiteko, administrazioek politika eta programen kontsulta publikorako gaitzen dituzten espazioetan.

• Emakumeek erakunde sozial, sindikal, enpresarial eta politikoetan duten presentzia eta protagonismo txikiagoa eragiten duten arrazoiak ezagutzeko aukera ematen duten azterlanak egitea.

• Emakumeen presentzia eta eragina areagotzea, non eta sektore publikoa eta pribatua antolatzeko erabaki-esparruetako zuzendaritza-postuetan eta zuzendaritza organoetan

 

Eztabaida ixteko eta, ondorio gisa, erantzun galdera hauei:

• Gogoeta gai izan dituzun gai guztietatik, zein dira zure ustez lehentasunezkoak zure erakunderako edo espaziorako?

• Zer desafiori edo erronkari aurre egiten lagundu nahi duzu eta lagundu dezakezu zure erakundean edo espazioan, ekintza zehatzen bidez?

 

Honako material hauek kontsultatzea proposatzen da, datozen urteotan emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako bidean laguntzeko desafio eta erronkarik garrantzitsuenak zein diren aztertzeko tresna gehiago izate aldera.

 

Genero-berdintasuna. Beijingetik 25 urtera: emakumeen eskubideak lupapean

Ikus dokumentua, pedagogikoa, Nazio Batuek 2020an egina. Bertan aztertzen da zein diren munduan diren aurrerapen eta erronka nagusiak Emakumeari buruzko IV. Mundu Konferentzian proposatutako helburu eta helmugak lortzeko.

https://www.unwomen.org/-/media/headquarters/attachments/sections/library/publications/2020/gender-equality-womens-rights-in-review-es.pdf?la=es&vs=4849

 

Adierazpen politikoa, Emakumeari buruzko Laugarren Mundu Konferentziaren 25. Urtemugaren harira

Nazio Batuek 2020an egindako dokumentua. Emakumearen Izaera Juridikoa eta Sozialaren 64. bilkura-aldia egin izanaren karira, gobernuek aurrerapenak aitortzen dituzte eta bere gain hartzen dute ez dela genero-berdintasuna ezein herrialdetan lortu, ezta emakumeen eta neskatoen ahalduntzea ere. Testuinguru horretan, Ekintza Plataforma eta kezka bereziko 12 arloak ezartzeko diren erronka handiak identifikatu dira.

https://www.unwomen.org/-/media/headquarters/attachments/sections/library/publications/2020/gender-equality-womens-rights-in-review-es.pdf?la=es&vs=4849

 

Garapen Jasangarrirako Agenda

Ekintza Plan unibertsal, integral eta eraldatzailea, giza garapen jasangarria gizartean, ekonomian eta ingurumenean sustatzera bideratua. 17 Helburu identifikatu ditu pertsonentzat eta planetarentzat.

Garapen Jasangarrirako Helburuak (GJH) ekintzarako dei unibertsala dira pobrezia amaitzeko, planeta babesteko eta jendearen bizitza eta aukerak mundu osoan hobetzeko. 2015ean, Nazio Batuetako estatu kide guztiak 17 Helburuak onetsi zituzten, Garapen Jasangarrirako Agenda 2030aren baitan. Agenda horretan, plan bat ezarria dago Helburuak 15 urteko epe barnean lortzeko.

https://www.un.org/sustainabledevelopment/es/development-agenda/

 

Euskadi Basque Country agenda. Euskal ekarpena Garapen Jasangarrirako 2030 Agendari

Euskadi Basque Country 2030 Agendak islatzen du noraino datozen bat Gobernu Programa eta huraxe garatzen duten politikak 17 GJHi lotutako helburu eta helmugekin, bai eta zer ekarpen maila egiten dieten ere. Horrela, Gobernu Programa eta Nazio Batuen Agenda lotzen ditu.

https://www.euskadi.eus/contenidos/informacion/agenda2030/es_def/adjuntos/Agenda_Euskadi_Basque_Country_2030_desarrollo_sostenible.pdf

 

Aztertu diren gaietan sakondu nahi izanez gero, dokumentu hauek ere kontsultatu daitezke:

I. Jarraipen Txostena. Euskadi Basque Country 2030 Agenda. 2020. urtea.

https://www.euskadi.eus/contenidos/informacion/agenda2030/es_def/adjuntos/2020_seguimiento_Agenda_Euskadi_Basque_Country_2030.pdf

Berdintasuna pandemia garaian. Covid-19aren inpaktua, genero-ikuspegiaren arabera aztertua.

https://www.emakunde.euskadi.eus/contenidos/informacion/emakunde_covid19/eu_def/adjuntos/2020.07.la_igualdad_en_epoca_de_pandemia.pdf

 

Euskadi, bien común