NOLA ZEHAZTU NIRE KONPROMISOAK

 

 

Emakumeari buruzko IV. Mundu Konferentziaren ondotik (1995), emakumeen eta gizonen berdintasunerako identifikatu diren aurrerapenak eta erronkak -horiei buruzko hausnartu duzu- ez daude isolatuak eta beste prozesu global batzuekin daude lotuta, hala nola 2019ko Nairobiko Gailurrarekin, Populazioari eta Garapenari buruzko Nazioarteko Konferentziaren (CIPD) 25. urtemuga ospatzeko, eta lotuta ere badaude Agenda 2030eko Garapen Jasangarrirako Helburuekin.

Aurrerapen eta erronka horiek identifikatzea izan da hein handian Berdintasuna Sortzeko Foroko Ekintza Koalizioen ahaleginen ardatz. Koalizioen lana aukera handia da bidean atzerapenik ez izateko, eta aurrerapenak eragiteko, emakume eta neskatoei eskubide guztiak munduan bermatzeari begira. Gogoratu Ekintza Koalizioak aliantza globalak direla, askotariko eragileek osatuak (gobernuak, gizarte zibila, nazioarteko erakundeak eta sektore pribatua) eta ongi zehaztutako hiru helburu dituzte:

• Berariazko talde ekintza neurgarri eta zehatzak bultzatzea, berdintasuneranzko aldaketak ahalbidetzeko.

• Belaunaldien arteko elkarrizketa intersekzionala sustatzea.

• Inbertsio publiko eta pribatu handiagoa sustatzea berdintasunaren lorpena erdiesteko. Herrialdeetako aurrekontuetan, bana beste, %1 baino gutxiago inbertitzen da genero-berdintasunean. Nazio Batuen arabera, ez da behar adina baliabiderik berdintasunerako, ez zuzenean berariazko programetan, ez zeharka beste helburu batzuetarako programetan, baina berdintasunaren aldekoak ere badirenak.

Ekintza Koalizioetan kidetzen diren instituzio eta erakundeek konpromiso eraldatzaileak hartu behar dituzte bere gain, proposatu diren premiazko 6 ekintza esparruetan eragiteko; hitza eman behar dute ekintzak aplikatu eta haien jarraipena egingo dutela, eta haiek berak mobilizatu eta beste alderdi interesatu batzuk ere mugiaraziko dituztela Ekintza Koalizioaren kasuan kasuko gaiaren eta proiektuaren inguruan. Espainiako Estatuak, adibidez, beste lau herrialderekin batera gidatuko du Justizia Ekonomikoari eta Eskubideei buruzko Ekintza Koalizioa (Alemania, Suedia, Mexiko eta Hegoafrika), bai eta ELGArekin, Bill eta Melinda Gates Fundazioarekin eta gizarte zibileko hainbat erakunderekin batera, hala nola FEMMNET, Care International eta Women’s Working Group on Financing-ekin, besteak beste.

Testuinguru hori koherentea da eta bat dator, ikusi duzun bezala, Berdintasunaren aldeko eta Indarkeria Matxistaren aurkako Euskadiko Itun Sozial eta Herritarrarekin, osatze bidean dagoena. Horrela, Ekintza Koalizioen filosofiari eta metodologiari jarraikiz, baina begirada tokikoago eta berezkoago batetik, itunaren xedea da hainbat erakundek eta espazioek berdintasuneranzko aldaketa onartzea eta horrekin konpromisoa hartzea, gogoeta-prozesu baten bitartez, bakoitzaren erakundean berdintasunaren arloan zer aurrerapen izan den identifikatzeko, erronkak proiektatzeko eta 2021etik 2026ra abian jar ditzaketen  berezko ekintzak zehazteko, emakumeen eta gizonen berdintasunerantz jotzen laguntze aldera. Hain zuzen ere, azken urrats hori jorratuko dugu ondoren aurkeztuko dugun lan-proposamenaren bitartez.

 

ELKARRIZKETAREN HELBURUAK

• Akordio eta konpromiso posible eta neurgarriak ezartzea, erakunde eta espazio bakoitzetik emakumeen eta gizonen berdintasunera jotzen laguntzeko.

• 2021etik 2026ra abian jarriko diren ekintza zehatzak finkatzea, era autonomoan egin eta kudeatzeko modukoak.

• Berdintasunaren aldeko eta Indarkeria Matxistaren aurkako Euskadiko Itun Sozial eta Herritarra proposamen egingarriekin bultzatzea (ekintza guztien emaitza Ituna izango da).

 

EKINTZA ZEHATZAK FINKATZEKO SEKUENTZIA METODOLOGIKOA

1) Erakunde edo espazio bakoitzak lehenetsi dituen gaietatik abiatuta, gogoeta egitea 2026. urtera arte emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bultzatzeko har ditzaketen eta bere gain hartu nahi dituzten ekintzei buruz. Ekintza neurgarriak, errealistak eta aldizka egin ditzakezunak izan behar dute.

2) Zenbat ekintza jarri behar dira abian? Hartu nahi diren konpromisoen arabera. Konpromiso bakarra edo bat baino gehiago izan daiteke. Konpromisoek, ahal dela, aurreko urratsetan landu dituzun premiazko 6 ekintza-esparruei lotuta egon behar dute (emakumeen aurkako indarkeria matxista; gorputzaren gaineko autonomia, osasuna eta eskubide sexual eta erreproduktiboak; justizia eta eskubide ekonomikoak; justizia klimatikoa; genero-berdintasunerako teknologia eta berrikuntza; eta mugimendu eta lidergo feministak).

3) Elkarrizketa erakunde edo espazio baten baino gehiagoren artean egin bada, ekintza bateratua jarri behar da abian, eta alderdien artean batera edota aldi berean egin behar da. Lagungarria izan dakizuke jakitea zein izan den Emakunderen Aholku Batzordearen eta Euskadiko Gazteriaren Kontseiluaren arteko elkarrizketaren (esperientzia pilotua) emaitzetako bat, hots, hausnarketa egiteko eratu zen lantaldea mantentzea eta 2026ra arte jarraipena ematea. Horra ekintza-adibide bat.

4) Zuretzat lagungarriak izan daitezkeen beste gako batzuk:

• a) Ez mugatu zure aukerak, hau da, ez lotu ekintzak abian jartzea ekintza berriak diseinatzearekin edo behar berriak sortzearekin.

• b) Abian jartzen ari zaren edo ezartzeko asmoa duzun ekintzen balioa nabarmendu, ikusarazi, dimentsionatu edo beste ikuspegi bat eman ahal diezu.

• c) Ekintzak aurrekontua eskatzen badu eta baliabiderik ez baduzu, beste epealdi batean planifikatu dezakezu, betiere 2026. urtea baino lehen. Gogoratu denbora-erreferentzia 2021-2026 dela.

• d) Elkarrizketa beste erakunde edo espazio batzuekin egin denean, gomendatzen da alderdi bakoitzaren ekarpenetik abiatuta, interes komunak bilatzea.

• e) Erakunde edo espazio bakoitzak bere baliabideekin hartu behar ditu bere gain abian jarri nahi dituen ekintzak.

• f) Bildu/sistematizatu abian jarriko duzun ekintza bakoitza, bat edo gehiago izan. Ezagutzarik baduzu, oso baliagarria izango da ekintzari jarraipena nola egingo diozun adieraztea eta hura gauzatu dela egiaztatzea (gauzapen-adierazleak).

 

EKINTZAK DISEINATZEKO JARRAIBIDEAK

 

LEHENIK, GOGORATU ZER ARLO ETA GAI JO DITUZUN LEHENTASUNEZKOTZAT ZURE ERAKUNDE EDO ESPAZIOAN BERDINTASUNERANTZ AURRERA JOTZEKO

• Pentsatu zer arlok edo gaik duten zerikusia zure erakunde edo espazioan identifikatu dituzun erronka edo beharrekin, hots, elkarrizketan lehenetsi dituzunak.

• Pentsatu zer arlotan edo gaitan eman dezakezun zure erakundearen ezagutza eta esperientzia.

• Pentsatu zer arlotan duzun egiazki eragina edota eragin dezakezun.

 

BIGARRENIK, ZEHAZTU EKINTZAK ETA LORTZEN DITUZUN AKORDIOAK

• Gogoan izan lehentasunezkotzat jo dituzun arlo edo gaiekin lotuta egon behar dutela ekintzek, konpromisoek edo akordioek.

• Ekintza zehatzak izan behar dute, posibleak, 2026ra arte nork bere gain har ditzakeenak.

• Posibleak izango badira, ekintzek bideragarriak izan behar dute teknikoki, ekonomikoki, aldi baterako eta antolakuntzari dagokionez.

• Ekintza berritzaileak proposatu ditzakezu, honako irizpide hauen arabera: ideia, ideia abian jartzeko modua, ideien eragina, transferitzeko duten gaitasuna, zer eragile motak bultzatzen duten, xede-publikoa, etab.

 

Eztabaida ixteko eta, ondorio gisa, erantzun galdera hauei:

• Zer ekintza zehatz hartuko duzu zeure gain (bat izan edo bat baino gehiago izan) Berdintasunaren aldeko eta Indarkeria Matxistaren aurkako Itun Sozial eta Herritarrera eramateko? Erabaki adostua izan al da?

• Zer-nolako konpromisoa edo konpromisoak hartu duzu edo dituzu (ekonomikoa, programatikoa, politikoa, balioak aldatzeari lotutakoa, baliabide eta zerbitzuak sortu edo egokitzeari buruzkoa, ezagutzak sortzeari buruzkoa, etab.)?

 

Euskadi, bien común