Web Emakunde

euskad.eusen sartu

Terminoen glosarioa


AHALDUNTZEA
ANDROZENTRISMOA
ANISTASUNA
AUKERA BERDINTASUNA
AUTONOMIA
BALDINTZAK
BALIABIDEAK
BEREIZKERIA ANISKOITZA
EKINTZA POSITIBOA
GENEROA
GENERO KONTUAN HARTZEN DUEN AURREKONTUA
GENEROAREN ARABERAKO AZTERKETA
GENEROAREN BEHAR PRAKTIKOAK
GENEROAREN IKUSPEGIA SISTEMATIKOKI SARTZEA
GENEROAREN INTERES ESTARTEGIKOAK
GENERO EKITATEA
GENERO "MAINSTREAMING-A"
GIZA GARAPENA
HIRITARTASUNA
PATRIARKATUA
POSIZIOA
ROLA
SEXISMOA
SEXUA
TRATU-BERDINTASUNA
UGALTZE-EKONOMIA

AHALDUNTZEA:  1. Ahalduntzea terminoa ingelesezko empowerment kontzeptuaren itzulpen literala da, eta pertsonek edo taldeek "ahalmen gehiago izatea" esan nahi du, hau da: posizio sozial, ekonomiko eta politikoa indartzea. Emakumeen eta gizonen berdintasunaren testuinguruan, emakumeek beren buruen eta taldearen kontzientzia hartzearen prozesuarekin dago lotuta; kontzientzia hartzeak aukera ematen die erabakiak hartzeko prozesuetan parte-hartze handiagoa izateko, agintera errazago sartzeko eta eragin handiagoa izateko. (Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako IV. Plana)  2. Gizonek eta emakumeek beren bizitzen kontrola izateko egiten duten prozesua adierazten du: beren agendak ezartzen dituzte eta gaitasunak lortzen dituzte (edo beren gaitasunengatik eta ezagutzagatik baloratzen dituzte), autoestimua hobetzeko, arazoak konpontzeko eta autogestioa garatzeko. Prozesua eta emaitza da. (INSTRAWtik hartua. IDRC 1998n dago oinarrituta)  3. Emakumeek beren bizitzetan aukeraketa estrategikoak egiteko gaitasun gehiago izatea gaitasun hori mugatuta egon ohi zen testuinguruetan; hori ere esan nahi du. (INSTRAWtik hartua. Kabeer, N. "Reflections on the Measurement of Women's Empowerment"en dago oinarrituta)  4. Genero-ikuspegiaren kontzeptu nagusia. Emakumeen posizio sozial, ekonomiko eta politikoa indartzea hartzen du barne. Bere helburua sexuen arteko botere-harremanak gutxitu edo ezabatzea da. Garrantzitsua da botere terminoa "zerbaitetarako botere" gisa erabiltzen dela azpimarratzea, -adibidez, gizarte-harreman batzuetan edo guztietan eragina, boterea eta buruzagitza izateko bakoitzaren gaitasun eta trebetasunak aintzat hartzea eta horren arabera aritzea-, eta ez beste pertsonengan izan dezakegun boterearen arabera. (Aurrekontu Publikoak Genero Klabean, Emakunde).

ANDROZENTRISMOA: Hipotesi honek gizonezkoei dagozkien berezkotasunak eta ezaugarriak unibertsoaren ardatz, errealitatea aztertzeko parametro eta giza espeziearen esperientzia unibertsal gisa hartzen ditu. Gizateria gizonekin nahasten du. Sexismo mota jakin bat da, eta agerian jartzen da batez ere emakumeak ezkutatzen dituelako eta definitzen ez dituelako. (Aurrekontu Publikoak Genero Klabean, Emakunde).

ANIZTASUNA: Pertsonen arteko desberdintasunak adierazten ditu, bai emakumeen eta gizonen artekoak bai emakumeen artekoak eta gizonen artekoak. Honako faktore hauek dira desberdintasunen iturriak: arraza, kolorea, jatorri etnikoa, hizkuntza, erlijioa, politikari edo bestelako gaiei buruzko iritziak, gutxiengo nazional baten parte izatea, ondarea, jaioterria, ezintasuna, adina, sexu-joera edo beste edozein baldintza edo inguruabar pertsonal edo sozial. (Giza Eskubideen Europako Gutuna). Aniztasun horrek potentzialtasuna eta aberastasuna adierazten ditu, baina, kultura-, gizarte- eta denbora-testuinguru jakin batzuetan, aniztasuna adierazten duten faktoreak bereizkeria-faktoreak bihurtzen dira, eta, sexu-bereizkeriari batuta, bereizkeria anizkoitza sortzen dute.

AUKERA-BERDINTASUNA: Emakumeek eta gizonek benetako berdintasun-egoeran erabili ahal izatea eskubideak: politikoak, zibilak, ekonomikoak, sozialak, kulturalak, eta arauetan ager daitezkeen gainerako oinarrizko eskubideak, baita boterea eta baliabide eta onura ekonomikoak eta sozialak kontrolatu eta eskuratu ahal izatea ere; horixe. Aukera-berdintasunaz ari garela, zera esan nahi dugu: agintea eta baliabide eta onura sozial eta ekonomikoak eskuratzeko abiagune edo hasierako baldintzak ez ezik, horiek guztiak gauzatzeko eta behar den moduan kontrolatzeko baldintzez ere ari garela. (4/2005 Legea, otsailaren 18koa, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerakoa).

AUTONOMIA:Autonomiarekin lotutako zenbait alderdi bereiz daitezke: 1. Autonomia emozionala eta fisikoa: norberak bere buruaren balioa ikustea eta autoestimu-sentimendua da, baita gorputzarekin eta osasunarekin lotutako prozesu eta erabakiak kontrolatu ahal izatea ere.  2. Autonomia ekonomikoa: baliabide eta ondasun ekonomikoak eskuratu eta kontrolatu ahal izatea da.  3. Autonomia politikoa: oinarrizko eskubide politikoak eskuratu eta benetan erabili ahal izatea da; barne hartzen du parte hartzeko eskubidea erakundeetan, erabakitzeko esparruetan, alderdi politikoetan, baita prozesu horietan eragiteko gaitasuna ere.  4. Autonomia soziokulturala: kultura- eta informazio-baliabideak eskuratu eta kontrolatu ahal izatea da. Emakumeen ahalduntzea eta parte-hartze soziopolitikoa estrategia beharrezkoak dira autonomia hori eta eskubide osoko hiritartasuna lortzeko. (Emakumeen eta gizonen berdintasunerako IV. planetik egokitua).

BALDINTZAK:Pertsonek bizi dituzten hurbileko egoera materialak dira (diru-sarrerak, osasuna, etxebizitza, eta abar). Genero-behar praktikoei erantzutera zuzendutako proiektuek emakumeen baldintzak hobetzen dituzte. (Carmen Cruz).

BALIABIDEAK: Baliabideak bitartekoak eta ondasunak dira, eta bertan sartzen dira bitarteko eta ondasun ekonomikoak (familiako diru-sarrerak), produktiboak (lurra, ondasunak, tresnak, lana, kreditua), politikoak (liderra izateko, informatzeko eta antolatzeko gaitasunak) eta denborazkoak:  1. Eskuragarritasuna: Emakumeek baliabide bat eskuratu ahal izateak esan nahi du baliabide jakin bat (materiala, finantzarioa, gizatiarra, soziala, politikoa, eta abar) erabili dezaketela eta onura atera diezaioketela. 2. Kontrola: Emakumeek baliabide bat kontrolatu ahal izateak esan nahi du, eskuratzeaz gain, baliabide horren erabilerari buruzko erabakiak ere har ditzaketela. Adibidez, lur-baliabidea kontrolatu ahal izateak esan nahi du emakumeek eskuratu dezaketela (erabili dezaketela), eta, horrez gain, jabe ere izan daitezkeela (legezko jabeak), eta lurraren erabilerari, salmentari eta errentari buruzko erabakiak har ditzaketela.  3. Onurak: Baliabide bat erabiltzeagatik lortutako ordainsari ekonomikoak, sozialak, politikoak eta psikologikoak dira, eta erabil daitezke behar praktikoak (elikadura, etxebizitza) edo interes estrategikoak (hezkuntza eta gaikuntza, botere politikoa) asetzeko. (INSTRAW).

BEREIZKERIA ANIZKOITZA: Desabantaila sozialeko egoera da, eta pertsona batengan edo talde sozial batean bereizkeria eragin dezaketen faktore bat baino gehiago elkartzean gertatzen da. Emakumeen eta gizonen berdintasunaren testuinguruan, hau adierazten du: emakume batek edo emakume-talde batek, sexu-bereizkeriaz gain, beste bereizkeriaren batzuk jasaten ditu, besteak beste, arrazoi hauek direla medio: arraza, kolorea, jatorri etnikoa, hizkuntza, erlijioa, politikari edo bestelako gaiei buruzko iritziak, gutxiengo nazional baten parte izatea, ondarea, jaioterria, ezintasuna, adina, sexu-joera edo beste edozein baldintza edo inguruabar pertsonal edo sozial. (Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 3. artikuluko printzipio orokorretan oinarritua).

EKINTZA POSITIBOA: 1. Denboran ondo mugatutako berariazko neurri zehatzak dira; beren helburua bizitzaren eremu guztietan sexuagatik izaten diren egitatezko ezberdintasunak ezabatzea edo murriztea da. (4/2005 Legea, otsailaren 18koa, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerakoa).  2. Talde jakin bati zuzendutako neurriak dira; neurri horien helburua da bereizkeria ezabatzea eta prebenitzea edo egungo jokabide, portaera eta egiturek sortutako desabantailak konpentsatzea. (Europako Batzordea).

GENEROA:1. Gizonak eta emakumeak desberdintzen dituen sinesmen, ezaugarri pertsonal, jarrera, sentimendu, balio, jokaera eta jardueren multzoa da; desberdintze hori gizarte-eraketaren prozesuaren bidez egiten da, eta prozesu horrek hainbat ezaugarri ditu. Alde batetik, zenbait alorretan garatzen den prozesu historikoa da: estatuan, lan-merkatuan, eskoletan, komunikabideetan, legeetan, familian eta pertsonen arteko harremanetan. Beste alde batetik, prozesu horren ondorioz ezaugarri eta jarduera horiek hierarkizatu egiten dira, eta maskulinotzat jotzen direnei balio handiagoa ematen zaie. (Lourdes Benería, -1987, 46-; Maquieiran -1998-, Estebanen -2001, 28-jasoa). 2. Gizarteak bi sexuekin era berezituan lotzen dituen rol, harreman, pertsonalitate-ezaugarri, jarrera, jokabide, balio, botere erlatibo eta eraginen multzoa adierazten du; gizarteak berak eratzen ditu alderdi horiek guztiak. Sexu biologikoa ezaugarri genetiko eta anatomikoen bidez dago zehaztuta; generoa, berriz, geureganatutako eta ikasitako nortasuna da, eta asko aldatzen da kultura batetik bestera eta kultura bakoitzaren barnean. Generoa erlazionala da; izan ere, ez dago emakumeekin edo gizonekin bakarrik lotuta, bien arteko harremanekin baizik. (INSTRAW).  3. Genero kontzeptuak gizonen eta emakumeen arteko desberdintasun sozialak (desberdintasun biologikoak kontuan hartu gabe) adierazten ditu; desberdintasun horiek ikasi egiten dira, denborarekin aldatu egiten dira eta oso desberdinak dira kulturen arabera eta kultura bakoitzaren barruan. (Europako Batzordea).

GENEROA KONTUAN HARTZEN DUEN AURREKONTUA: Gene-roa kontuan hartzen duen aurrekontuaren bidez aurrekontuak gizonezkoengan eta emakumezkoengan nolako eragina duen aztertzen da, baina elkarrengandik bereizita. Kontuz, ordea: generoa kontuan hartzen duen aurrekontua ez da gizonezkoak eta emakumezkoak elkarrengandik bereizita jasotzen dituen aurrekontua. Generoa kontuan hartzen duten aurrekontuaren xede nagusia zera da: genero kontuak politika, plan eta programa nazional guztietan zeharka integratzea. (Aurrekontu Publikoak Genero Klabean, Emakunde).

GENEROAREN ARABERAKO AZTERKETA: Programek, proiektuek, politikek eta legegintza-piezek gizonengan eta emakumeengan duten eragin berezitua ikusteko modu sistematikoa da. Prozesu honen hasieran, sexuaren arabera banatutako datuak eta barne hartutako biztanleriari dagokion generoarekin lotutako informazioa biltzen dira. Generoaren araberako azterketak barne har ditzake gizonek eta emakumeek, gizarte-eragile gisa, erabiltzen dituzten hainbat era gizartean ezarritako rolak, harremanak eta prozesuak aldatzen parte-hartzeko, banakako eta taldeko interesek motibatuta. (United Nations Internacional Research and Training Institute for the Advancement of Women- INSTRAW-tik hartua. Oinarrituta dago Health Canada, 2003 and ILO 2000 and Gender and Biodiversity Research guidelines-en. Otawa: International Development Research Centre, 1998).

GENEROAREN BEHAR PRAKTIKOAK: Emakumeek gizartean definitutako beren rolen arabera identifikatzen dituzte genero-behar praktikoak (GBPak), hurbileko baldintza materialei erantzuteko. GBPak lotu ohi dira bizi-baldintzetan gabeziak izatearekin adibidez, uraren eskuragarritasunean, osasunean edo lanean. Horrelako beharretan zentratzeak ez du zalantzan jartzen lana sexuaren araberako banaketa, ezta emakumeen mendekotasunezko posizioa ere. (Vainio-Mattila, A.).

GENEROAREN IKUSPEGIA SISTEMATIKOKI SARTZEA - GENERO-MAINSTREAMINGA: Emakumeen eta gizonen egoera, baldintza, jomuga eta beharrizan ezberdinak modu sistematikoan aintzat hartzea, eta, horretarako, politika eta ekintza guztietan, maila guztietan, eta horien plangintza-, egikaritze- eta ebaluazio-fase guztietan, ezberdintasunak ezabatzeko eta berdintasuna sustatzeko xedea duten helburu eta jarduera zehatzak txertatzea. (4/2005 Legea, otsailaren 18koa, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerakoa).

GENEROAREN INTERES ESTRATEGIKOAK:1. Emakumeek mendekotasun sozialaren egoeratik identifikatzen dituzte Generoaren Interes Estrategikoak (GIEak). Interes horiek lana, boterea eta kontrola sexuaren araberako banaketa haustu nahi dute, baita parametro tradizionalen arabera ezarritako rol eta arauak ere. GIEak testuinguru bakoitzaren arabera aldatzen dira, eta, besteak beste, honako gai hauek bildu ditzakete: legezko eskubideak, etxeko indarkeria, soldata-berdintasuna eta emakumeek beren gorputzaren kontrola izatea. (INSTRAW).  2. Gizartea berdintasunaren arabera antolatzeko helburuen multzoa adierazten dute, eta generoen arteko nagusitasun/mendekotasun harremanaren azterketaren bidez eratzen dira. Interes horiek emakumeen eta gizonen testuinguru kultural eta soziopolitikoaren arabera alda daitezkeen arren, feministek diote emakumeak beren mendekotasun orokorrari lotutako alderdiengatik bildu daitezkeela egoera hori aldatzeko bideak aurkitzeko. Hona hemen normalean identifikatzen diren alderdiak: a) emakumeen lana gizonek kontrolatzea; b) emakumeek baliabide ekonomiko eta sozial baliotsuak eta botere politikoa eskuratzeko aukera mugatuak izatea, generoen arteko baliabideen banaketan desoreka handiak egotearen ondorioz; c) gizonen indarkeria eta emakumeen sexualitatearen kontrola. (Clara Murguialday, Diccionario de Acción Humanitaria). Berdintasunaren alde lan egiteak ez du esan nahi behar praktikoak alde batera utzi behar direnik; aitzitik, esan nahi du behar horiek identifikatzerakoan, negoziatzerakoan eta heltzerakoan emakumeen interes estrategikoei ere heldu behar zaiela.

GENERO-EKITATEA: Gizonak eta emakumeak zuzentasunez tratatzea adierazten du, dituzten beharren arabera. Kontzeptu horretatik abiatuta, tratamendu berdinak edo desberdinak sar daitezke, betiere eskubide, onura, betebehar eta aukerei dagokienez baliokideak badira. Garapenaren testuinguruan, genero-ekitatearen helburuak emakumeen desabantaila historikoak eta sozialak konpentsatzeko neurriak bildu ohi ditu (INSTRAW).

GENERO-MAINSTREAMINGA: (ikus GENEROAREN IKUSPEGIA SISTEMATIKOKI SARTZEA)

GIZA GARAPENA:  Prozesu horren bidez pertsonen aukerak hazi egiten dira. Aukera horietan garrantzitsuenak hauek dira: hezkuntza eta bizi-maila egokia izateko baliabideak eskura izatea, eta bizitza luzea eta osasuntsua. Beste aukeretako batzuk askatasun politikoa, giza eskubideak bermatzea eta bakoitzari begirunea izatea dira. (Aurrekontu Publikoak Genero Klabean, Emakunde).

HIRITARTASUNA: Pertsonek gizaki gisa dituzten eskubideen multzoa da, eta horrek dakartzan betebeharrak barne hartzen ditu. Eskubide zibil, politiko eta sozialekin dago lotuta. Ikuspegi feministaren arabera, "hiritartasunari buruzko eztabaida oso lotuta dago gizonek emakumeekiko duten botere- edo nagusitasun-harremanarekin, harreman horrek ez dielako hiritartasuna baliatzen uzten emakumeei. Botoa, jabetza edo antolatzeko askatasuna dira emakumeek gizonek baino geroago lortu dituzten eskubideetako batzuk, eta egun bigarren mailako hiritartasuna dute: emakume-talde handiak pobrezia-poltsa gogorrenetan daude, indarkeria handiagoa jasaten dute". (...) "aurki dezakegu, eskubide unibertsalei eta berdintasun-eskubideei buruzko diskurtsoaren azpitik, sozializazioko giza harremanetan esku hartzen duten hezkuntza sentimentalak, unibertso sinbolikoak eta ezagutza androzentrikoak osatzen dituztela emakumeen eta gizonen adimenak eta kontzientziak; horrek antolaketa soziopolitiko patriarkala mantentzea eragiten du; antolaketa horrek emakumeak kaltetu egiten ditu. Emakumeek eta gizonek kontzeptualizatu egiten dute inplizituki ikuspegi hori, mendekotasun/nagusitasun ikuspegia, eta, arrazoi nabarmenik gabe, mendekotasun/nagusitasun sozial hori naturak programatu izan balu bezala jarduten dute" (Elena Simón).

PATRIARKATUA: Esanahi zorrotzaren arabera, patriarkatua historikoki Grezia eta Erromako legedietatik sortutako sistema da; sistema horretan, etxe bakoitzeko familia-buruak botere legal eta ekonomiko osoa zuen familiako beste kideen gainean, emakume zein gizonen gainean. (…) Familia-buruak senideengan duen nagusitasun patriarkala antzinate klasikoa baino lehenagokoa da; Kristo aurreko hirugarren milurtekoan hasi zen eta Biblia hebrearra idatzi zen garairako oso finkatuta zegoen jada. Zentzurik zabalenean hartuz gero, gizonek familiako emakume eta haurrengan duten nagusitasunaren adierazpena eta instituzionalizazioa da, eta nagusitasun maskulino hori gizarteko emakume guztiengana zabaltzea. Horrek esan nahi du gizarteko instituzio garrantzitsu guztien boterea gizonek dutela eta emakumeei ez zaiela botere hori izaten uzten. Ez du esan nahi emakumeek ez dutenik inolako botererik edo eskubide, edo eragin eta baliabide guztiak kendu zaizkienik. Emakumeen historian dagoen erronka handienetako bat da sakon arakatzea historian zehar patriarkatuak izan dituen erak, egituretan eta eginkizunetan izan dituen bira eta aldaketak, eta presio eta eskakizun femeninoengatik egin dituen egokitzapenak. Patriarkatuak gizonen nagusitasunaren sistema instituzionalizatua azaltzen badu, paternalismoak, berriz, harreman patriarkalen azpitalde bat. Paternalismoak, edo, zehazkiago, nagusitasun paternalistak, talde nagusiaren eta mendeko taldearen arteko harremana azaltzen du. Paternalismoaren ikuspegitik, talde nagusia mendeko taldea baino maila altuagoan dago, baina nagusitasuna arindu egiten da bi taldeek elkarrekiko dituzten betebeharrengatik eta lanengatik. Mendekotasun-egoeran daudenek mendekotasunaren ordainetan babesa jasotzen dute, eta, ordaindu gabeko lanaren ordainetan, mantenua. Jatorriz, patriarkatuaren barnean garatutako familia-harremanetatik dator kontzeptua; familia-harreman horietan, aitak botere absolutua zuen familiako gainerako kide guztien gainean. Ordainetan, laguntza ekonomikoa eta babesa ematera behartuta zegoen. (...) Familia-harremanei aplikatuz gero, esan behar da erantzukizunak eta betebeharrak babestuen artean ez direla berdin banatzen: semeek aitarekiko duten mendekotasuna aldi baterakoa da, haiek familia-buru bihurtu arte irauten du. Alaben eta emazteen mendekotasuna bizitza osorakoa da. (Gerda Lerner. La creación del patriarcado). Patriarkatua: Literalki "aiten gobernua" esan nahi du, baina feminismoak egindako interpretazio kritikoek honela deskribatzen dute: gizonek emakumeen gain duten nagusitasunaren sistema edo antolaketa soziala, historian zehar forma desberdinak hartu izan dituena. Alicia Puleok bi patriarkatu mota bereizten ditu: alde batetik, hertsadura-patriarkatuak, "emakumeei zer baimentzen eta zer debekatzen zaien ohiturazko lege eta arau zigortzaileen bidez, indarkeria baliatuta, erabakitzen dutenak"; beste alde batetik, baimen-patriarkatuak -legearen aurrean berdintasun formala dagoenean-, honela definituak: "gaur egungo mendebaldeko gizartearen barruan, sexuaren araberako rolak bultzatzen dituztenak, neurri handi batean, komunikabideek zabaldutako irudi erakargarrien eta mito boteretsuen bidez". (Diccionario de Términos de Igualdad. CAVE/Wg). (W.G. Consultoras para el desarrollo S L-tik hartua).

POSIZIOA: Pertsona bakoitzak besteekiko zer botere- edo hierarkia-leku duen adierazten du. Nagusitasun/mendekotasun ikuspegi patriarkalean bi leku bakarrik daude: gora (nagusitasuna) eta behera (mendekotasuna). (Toki-aurrekontuak generoaren ikuspegitik. Emakunde eta Basauri, Bilbao, Donostia-San Sebastian, Ermua eta Ondarroako Udalak, eta Berdintasunaren aldeko zeharkaldiak).

ROLA: Aukera/eskakizun sozial eta subjektiboen ondorioz sortutako funtzio, lan, erantzukizun eta pribilegioen multzoa da: hau da, pertsona batek rol bat hartzen duenean, bere inguruko jendeak betetzeko eskatzen dio, eta, ez badu betetzen, zigortu egiten du. Normalean pertsonak bere egiten du rola, eta, batzuetan, bere psikologia, afektibitatea eta autoestimua rol horren arabera eratzen ditu. (INSTRAW).

SEXISMOA: Patriarkatuan erabilitako metodoetako bakoitza eta batera osatzen duten multzoa da; metodo horien ondorioz, pertsonei sexuaren arabera pribilegioak ematen zaizkie edo bereizi egiten dira, eta ez zaie uzten daukaten giza gaitasun guztia garatzen. (Toki-aurrekontuak generoaren ikuspegitik. Emakunde, Basauri, Bilbao, Donostia-San Sebastian, Ermua eta Ondarroako Udalak, eta Berdintasunaren aldeko zeharkaldiak).

SEXUA: Gizakia gizon edo emakume bezala definitzen duten ezaugarri biologikoak dira. Ezaugarri biologikoen multzoak ez dira elkarren baztertzaileak; izan ere, badira biak dituzten pertsonak, baina normalean ezaugarri horiek gizakiak bi taldetan banatzen dituzte: gizonak eta emakumeak. (OME).

TRATU-BERDINTASUNA: Pertsonen sexuaren araberako bereizkeriarik ez egotea, ez zuzenekoa eta ez zeharkakoa; horretan datza: 1. Zuzeneko bereizkeria dago baldin eta pertsona bat sexua edo sexuarekin zuzenean loturik dauden inguruabarrak direla-eta -haurdun egonda edo ama izanda, esaterako- beste pertsona bat baino modu txarragoan tratatzen bada. Delitu gisa izan dezakeen tipifikazioa ahaztu gabe, laneko sexu-jazarpena sexuagatiko zuzeneko bereizkeriatzat jotzen da.  2. Zeharkako bereizkeria dago neurri, irizpide edo jardute batek, itxuraz neutroa izanda ere, sexu bereko multzo aski handiago bati kalteak eragiten dizkionean, salbu eta neurri, irizpide edo jardute hori egokia eta beharrezkoa denean, eta sexuarekin loturik ez dauden irizpide objektiboak erabilita justifikatzeko modukoa denean (4/2005 Legea, otsailaren 18koa, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerakoa).

UGALTZE-EKONOMIA: Ordaindu gabeko jarduerak, hau da, finantzarioak ez direnak. Batez ere emakumezkoek egiten dituzte, etxeetan eta komunitatean. (Aurrekontu Publikoak Genero Klabean, Emakunde).

Azken eguneratzea: 2008/04/23
Euskadi, auzolana