Zuzendaritza Kontseilua eta eta Zuzendaritza dira Emakundeko zuzendaritza organoak.
Zuzendaritza Kontseilua
Zuzendaritza Kontseilua izaera kolegiatua duen zuzendaritza organoa da eta honako hauek osatzen dute:
Kontseiluburua: Eusko Jaurlaritzako lehendakaria.
Kontseiluburuordea: Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendaria.
Kontseilukideak:
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak sei ordezkari ditu, hain zuzen ere hezkuntza, enplegua, osasuna, industria, kultura eta gizarte arazoen arloetako eskumenak dituzten sailburuek izendatutako sei sailburuorde.
Foru-administrazio bakoitzak hiru ordezkari ditu: organo eskudunek izendatutako foru-diputatuak dira.
Toki-administrazioek hiru ordezkari dituzte, Euskal Autonomia Erkidegoan ordezkaritza handiena duen udal elkarteak izendatuak.
Eusko Legebiltzarrean emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan eskuduna den Batzordeak ordezkari bat du; legegintzaldi bakoitzean, legebiltzarkideetako bat hautatzen da ordezkari.
Eusko Legebiltzarrak sei ordezkari ditu, legegintzaldi bakoitzean; izendapenerako, pertsona horiek emakumeen eta gizonen berdintasunaren alde arlo pertsonalean edo profesionalean egindako lana hartzen da kontuan.
Emakunderen Aholku Batzordeak ordezkari bat du.
Idazkaria: Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko idazkaria da.
Hona hemen Zuzendaritza Kontseiluaren eginkizunak:
Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Plana onestea, gero Jaurlaritzari aurkezteko.
Euskal Autonomia Erkidegoko emakumeen egoerari buruzko ebaluazio-txostena eta herri-botereek arlo horretan izandako jardunari buruzko memoria onestea, gero Jaurlaritzari aurkezteko.
Emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko arauen proiektuak onestea, gero Jaurlaritzari aurkezteko.
Erakundearen jardunari buruzko urteko memoria onestea.
Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako defendatzailea proposatzea.
Zuzendaritza
Emakundeko zuzendaria dekretu bidez izendatzen da, baita kargutik kendu ere. Ondorio guztietarako, zuzendariaren maila sailburuordearena da.
Hona zuzendariaren eginkizunak:
Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen legezko ordezkaria izatea.
Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen eginkizunetatik berariaz Zuzendaritza Kontseiluaren edo Idazkaritza Nagusiaren eskumenekoak ez direnak burutzea.
Euskal Autonomia Erkidegoan emakumeen eta gizonen berdintasunerako politikak gainbegiratzea eta zuzentzea.
Neurrien plana, ebaluazio-txostena eta herri-botereen jardunari buruzko memoria prestatzea (Emakunde sortu duen Legeko 4. artikuluan ezarri dira), gero Zuzendaritza Kontseiluak onets ditzan.
Emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko arau-proiektuak prestatzea eta Zuzendaritza Kontseiluari aurkeztea, gero Jaurlaritzaren Kontseiluak onets ditzan.
Emakunderen helburuak lortzea xede duten akordioak edo hitzarmenak sinatzea, eta horretarako administrazio-ebazpenak ematea.
Emakunderen administrazioa zuzentzea, bai eta bere zerbitzuen jardueren kudeaketa eta barne-ikuskapena ere.
Emakunderen urteko kudeaketari eta jardunari buruzko memoria prestatzea, eta aurrekontuaren aurreproiektua onartzea.
Ordenamendu juridikoaren arabera erakunde autonomoek ondareaz eta kontratazioaz dituzten eskumenak erabiltzea, eta, bereziki, bere eginkizunak betetzeko behar dituen kontratu publiko eta pribatu guztiak egitea Emakunderen izenean.
Emakunderen pertsonal-politika zuzentzea, eta hari atxikitako langileak izendatzea eta kargutik kentzea, bai eta langileon egoerak adieraztea ere.
Bere eginkizunak ondo burutzeko, beharrezkotzat jotzen duen emakumeen eta gizonen egoerari buruzko informazio guztia eskatzea Jaurlaritzako sailei eta gainerako herri-botereei, batez ere arlo horretan egiten dituzten jarduerei buruzkoa; horretarako egokitzat jotzen dituen komunikazio-mekanismoak ezarriko ditu.
Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Erakunde arteko Batzordeko buru eta etxeko tratu txar eta sexu erasoen biktima diren emakumeei eskaintzen zaien laguntza hobetzeko Erakunde arteko Akordioaren Jarraipen Batzordeko buru aritzea.
Zuzendaritza Kontseiluko eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Sail arteko Batzordeko buruaren ordezkoa izatea.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Defentsa Erakundearekin eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legeko 24.5. artikuluan ezarritako erakundearekin izango dituen harremanetan bitartekari aritzea.
Emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko arau-hauste arina egiten dutenei zehapenak ezartzea.
Zuzendaritza Kontseiluak eskuordetzen dizkion eginkizunak eta ordenamendu juridikoaren arabera dagozkionak egikaritzea.