Elkarrizketa: Ana Gallego González, Giza Baliabideen arduraduna Ingeteam Power Technology enpresan (Zamudio)

"Gizonek gero eta gehiago hartzen dituzte lanaldi bereziak, lanaldi-murrizketak eta telelana."

?

Urte batzuetatik hona, Ingeteam enpresak berdintasunari buruzko hainbat prestakuntza-ikastaro egin ditu, Emakunderen Gizonduz programarekin lankidetzan. Zerk bultzatu du Ingeteam bezalako enpresa bat ikastaro horiek egitera?

Azken urteotan, Ingteam-ek berdintasun-plan bi egin ditu, eta hortik etorri dira prestakuntza-ikastaroak. Plan horietan ikusi da langileak berdintasunaz sentsibilizatzea dela berdintasuna lortzeko dugun konpromisoaren gakoetariko bat, gai horiek gutxi landu izan baitira enpresaren munduan.

Nola baloratzen duzu programa?

Ingeteam enpresarentzat, Gizonduz programa aukera ona da bertakoak berdintasunera gerturatzeko, parte-hartzean oinarritutako ikuspegi dinamiko bat baliatuz eta horren beharrezkoa den gizonen ikuspegia txertatuz.

Gizonduzen gisako ikastaro batzuek generoaren arloko prestakuntza ematen dute, baina gizonentzat dira beren-beregi. Zer iritzi duzu horrelako ikastaroez?

Niretzat oso interesgarria da horrelako ikuspegia duten ikastaroak egotea; izan ere, berdintasunaren gaia emakumeentzako baino ez dela pentsatzen da askotan, oker bada ere. Genero-rol tradizionalak ez dira egokitzen gaur egungo gizartera, eta rol horiek berriz definitzeko proiektu berean gaude emakumeak eta gizonak.

Hori interesgarria izan al da Ingeteam bezalako enpresa batentzat?

Ingeteam-en bereziki interesagarria da ikastaroak gizonentzat izatea. Izan ere, tradizionalki maskulinoa izan den sektore bateko enpresa denez, langileen % 75 dira gizonak.

Badira urte batzuk "familia-ardura duen enpresa" da Ingeteam. Zer dela eta?

Enpresa sortu zenez geroztik, oso kontzientziatuta egon da malgutasunaz, funtsezko balioetako bat baita harentzat, eta, ondorioz, ildo horretako neurriak izan ditu beti. Beraz, esan daiteke Ingeteam-en ADNan dagoela kontziliazioa. Bestalde, ikusi genuen gero eta jende gehiagok eskatzen zuela beren premia partikularrak kontuan hartzea, eta enpresak gauza izan nahi zuen horiei erantzuteko, aldebiko malgutasun-esparru baten barruan betiere, uste sendoa baitugu horretan.

Zer urrats eman dituzue hori lortzeko?

Lehen berdintasun-plana 2009an egin zen, eta antzeman zen kontziliazioa zela berdintasunaren lan-arlo nagusietariko bat. Horrela, araudi espezifiko bat egin genuen gaiari buruz, eta kontziliazioa errazteko neurrien katalogo bat jaso zen han. Uste dugu, aurrerago, interesgarria litzatekeela EFR ziurtagiria lortzea (familiaren aldetik arduratsuak diren enpresen ziurtagiria), enpresak kontziliazioa kudeatzeko sistema bat izan dezan, eta, horren bidez, gai hori gure kudeaketa-sisteman hobeto integratuta eta modu zabalagoan landu ahal izateko, ez kudeaketa horretatik kanpo dagoen zerbait bezala.

Enpresak neurri batzuk jarri ditu bizitza pertsonala, familiakoa eta lanekoa ondo uztartzen laguntzeko. Neurri horien artean, zein nabarmenduko zenuke?

Batek baino gehiagok izan du harrera ona: 3 urtetik beherako umeak dituzten gurasoentzat eta mendekoak zaintzen dituztenentzat enpresak aurreratzen duen ordu-poltsa, telelana edo ordutegi-malgutasuna areagotzea.

Zer nolako emaitzak izan dituzue?

Nire ustez, lortu dugu langileek sentitzea laguntzeko gaudela hala behar dutenean; hori dela eta, gehiago konprometitzen eta inplikatzen dira enpresarekin.

Gizonak ere inplikatzen dira?

Erabat.

Giza Baliabideen arduradun zaren aldetik, emakumeen eta gizonen berdintasunak zer erronka ditu giza baliabideak hautatzerakoan?

Gure sektorean gehien bat ingeniaritza elektronikoak, elektrikoak, goi mailako gradu teknikoak... eskatzen ditugu, eta ondorioz, emakumezko hautagaiak aurkitzea da zailtasunik handiena. Egon badaude, baina gutxiengo dira, oraindik ere.

Emakumeak oraindik ere diskriminatuta daude?

Nik, nire postutik, ez dut bereizkeriarik ikusten kontratatzeko orduan; Ingeteam enpresan ondoen egokitzen den profila bilatzen dugu, sexua edozein dela ere.

Enpresak zuzentzea "gizonek egin beharrekoa" da oraindik ere?

Berdintasunerako bidean lortu gabe daukagu oraingoz... Zuzendaritza-postuetan emakumeren bat dagoen arren, goi zuzendaritzetan gizonezkoak daude oraindik ere. Zaila da kristalezko sabai dontsua haustea.

Berdintasunak zer ekarriko luke enpresa-eremura?

Berdintasunak askoz ere ikuspegi plural eta aberatsagoa ekarriko luke, pertsona guztiek dauzkaten ahalmen guztiak baliatuz. Bestalde, enpresa egungo gizartearen isla izateko gauza denez, gaitasun handiagoa du gizartearen premiei enpresaren ikuspuntutik erantzuteko. Gaur egungo emakumeok iritzia ematen dugu, erabaki egiten dugu, inbertitu, erosi... eta hori kontuan hartzen ez duen enpresak lehiakortasuna gal dezake.

Zer abantaila izango luke enpresa berdinzaleago batek?

Lehiakorragoa izango litzateke, dudarik gabe, eta horretaz gain, enpresa berdinzale batean, langileek konpromiso handiagoa hartzen dute enpresarekin, harekin identifikatzen direlako eta enpresaz harro sentitzen direlako. Bestalde, enpresa berdinzale batek talentua erakartzen du, jendeak han lan egin nahi du, eta talentua dutenei esker lortzen da, hain zuzen ere, enpresa batek arrakasta izatea.

Enpresaren munduan, zer da egiteko modukoa, emakume bat ahalduntzea edo gizonak pausu bat atzera egitea?

Emakumeok ahaldunduko bagina eta gizonek ikusiko balute zer egiteko gauza garen, askok atzera egingo lukete... Emakumea edo gizona den kontuan hartu gabe gaitasuna aitortzen dakien jendeaz fidatzen naiz. Hala ere, aitortu beharra dago beldurra dela kontra daukagun faktore bat, eta bat baino gehiago mehatxatuta sentitu daiteke.

Emakumeen eta gizonen berdintasunera hurbiltzen diren posizioei dagokienez, aldaketa esanguratsurik ikusten al duzu belaunaldi berrien artean?

Oro har, baietz esango nuke. Gaurko gurasoek gehiago parte hartzen dute seme-alabak hazten eta hezten; emakumeek etxetik kanpora ere lan egiten dute; rolak aldatu egin dira..., eta seme-alabek naturaltasunez ikusten dute hori guztiori.

Emakumeak kontzientzia handiagoa dute?

Dudarik gabe.

Eta gizonak?

Oraingoak aldatzen ari dira, poliki-poliki, eta ziur nago gizon berrien belaunaldia izango dela datorren belaunaldia.

Etorkizunari begira, baikor zaude? Ezkor?

Beti baikor. Uste sendoa daukat berdintasunaren bidean urrats finkoak egiten ari garela, eta prozesu horretatik aterako den gizartea gizarte berri bat izango dela, eta, batez ere, zoriontsuagoa.

Euskadi, auzolana