Elkarrizketa Teresa Torns Martín Soziologiako doktore eta Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko irakasleari.

«Konfiantza izan behar da eta politika egin gizonak ohar daitezen aitatasuna, bizitza zaintzea, uko ezin egin dioten, egin behar ez lioketen oinarrizko kontua dela»

?

Gizarte garaikideetan, egungo ongizate-estatuaren oinarriak familian sostengatzen dira oraindik... Oro har, indarrean al dirau gizon hornitzaile/emakume zaintzaile eskemak?

Sostengu horrek gehiago du inplizitutik esplizitutik baino, eta eskubideak lortzeko subjektu nagusia oraindik familia-burua denez (kasu gehienetan, enplegua duen gizonezkoa, familiako diru-sarreren hornitzaile printzipala izan ohi dena), oinarrizko itunak indarrean dirau familian eta lan-merkatuan izan diren aldaketa guztiak gorabehera.

Aldatu al da generoen arteko kontratu soziala? Non daude aldaketa handienak?

Aldaketa gehiago gertatu da gauza materialetan pentsamoldearen ingurukoetan baino (balio hegemonikoak, gizarte-presioa, eta abar). Orain, adibidez, krisiaren kariaz, baliteke gizonezkoa langabezian egotea eta emakumea lanean aritzea, baina horrek ez dakar aldaketarik, automatikoki, sexuen araberako etxeko lanen banaketan. Izatez, gizon familia-burua/emakume zaintzailea eskemaren gainbehera aipatzen den arren, berdintasun-politiken ebaluazioan espezializatu direnek diote sexuaren araberako lanaren banaketak indarrean dirauela oztopo gaindiezin gisa. Baina egia da, era berean, 1990eko hamarralditik hona berdintasun handiagoko bikoteak hautematen direla hiriko klase ertainetako pertsona gazteen artean, gurasoak aipatutako gizarte-talde horietakoak dituztenen artean, bereziki. Baina hori hala izateak ez du esan nahi aldaketa motela ez denik eta bi diru-sarrera dituzten bikote guztiei berdin eragiten dienik. Dirudienez, langile klaseko gazte gizonezkoak dira –industriako langileen semeak edo nekazari munduan haziak– aldaketarekiko uzkurrenak. Ez da ahaztu behar, bestalde, aldaketak ez dakarrela, nahitaez, zeregin guztiak berdintasunez banatzea. Gauza jakina da aita gazteek ez dituztela haurren edo adineko pertsonen zainketa-lan guztiak egiten, banaketa horretan gatazkatsuenak gertatu ohi diren puntuak aipatzearren. Eta horri guztiari haize ematera dator laneko ordutegien desarautzea, bizi-ziklo osoan herritarren eguneroko bizimoduaren euskarri izatera bideratutako zerbitzu publikoen falta eta Europa hegoaldeko herrialdeen pentsamolde familia-zale indartsua.

Azken hamarraldiotan berdintasunaren arloan egindako aurrerapenak gorabehera, aitalehentza biziberritzen ari dela dirudi... Zein da, une honetan, aitalehentzaren osasun egoera?

Hamarraldi bat baino gehiago da espezialistek diotela, EBtik bultzatutako berdintasun-politikei esker, desberdintasunak gehiago arindu direla esparru publikoan pribatuan baino, baldin eta posible bada bi esparruen arteko bereizketa argi eta garbia egitea. Badakigu, orobat, aitalehentza familia barruko eta eguneroko esparru pribatuan babestu dela, espazio horretan zailagoa baita politika publikoek eragina izatea. Esate baterako, gure herrialdean, genero-indarkeria bistakoagoa izatea eta tolerantzia-atalasean gertatutako aldaketa esandakoaren adibide izan daitezke. Dena dela, itxurazko modernizazioaren adibide ere izan daiteke gure herrialdea (lege ugari eta aldaketa gutxi pentsamoldean), bai-eta berdintasun-politiken ahuleziarena ere, krisiaren aitzakiarekin, gobernuak ez baititu politika horiek ia aintzat hartzen. Aipatzekoa da zer nolako sotiltasunez irauten duen aitalehentzak. Azterlan batzuetan mikro-matxismoak deitzen diete…

Gogoratu behar da, bestalde, EB eta herrialde horietan emakumeei ematen zaien tratua oso gutxiengoan daudela munduan. Izan ere, egoera hobe horrekin batera, aitalehentza jaun eta jabe da planetaren eremu gehienetan, gobernu guztien konplizitatearekin, demokratikoak barne direla.

Norantz doa gure gizartea emakumeen eta gizonen berdintasunaren alorrean?

Borroka mantsoa da, abiadurari dagokionez, baina haitzuloetara itzuliko ez dena, Historiak erakusten duen bezala. Borroka horren aurrerapena ezinegonez bizi ohi dute emakumezko garaikideek, baina gero eta gehiago dira gizonen hegemonia zalantzan jartzen duten gizonezkoak. Era berean, gero eta emakume gehiagok jasotzen dute hezkuntza eta, hortaz, beren bizitzak kontrolatzeko eta erabakitzeko ahalmena dute.

Duela oso gutxi arte, gizonezkoen erreferentzia ia bakarra bizi-proiektuaren ardatz gisa batez ere lan-jardueran oinarritutako eredu maskulinoa izan da. Nola ari dira sartzen gizonezkoak zainketen esparrura?

Aurretik esan dudan bezala, konfiantza izan behar da eta politika egin gizonak ohar daitezen aitatasuna, bereziki, eta bizitza zaintzea, oro har, uko ezin egin dioten, eta egin behar ez lioketen oinarrizko kontua dela. «Lana (enplegu gisa ulertuta)/aisialdia» eskema etorkizunik gabeko binomioa da. Eta ez krisiagatik soilik. Gogoan izan behar da lan-bizitzaren zikloa gero eta laburragoa dela, enplegu duina gero eta urriagoa izango dela eta bizi-zikloa, berriz, gero eta luzeagoa. Eta egoera hori iraunkortasunaren gune gogorraren parte bilakatu da. Ez dago etorkizunik kolektiboki antolatutako zainketa-lanik gabe, eta gogoan izan aisialdia baino lehen, ongi zaindutako bizimodu bat eduki behar dela «merezitako atseden» hori hartu ahal izateko. Beste kontu bat da lan-zama totalaz mintzatzea edota enplegua zer den... zeren gazteen langabeziaz hitz egiten dugu, baina iraupen luzeko langabeak ahazten zaizkigu, 50 urtetik gorako gizonezkoak, batik bat…

Azken urteotan asko hitz egin da kontziliazioaz: pertsonala, familiakoa, lanekoa... Zer ekarpen egin du kontzeptu horrek? Zaharkituta geratu al da?

Kontziliazioa arazo zahar bati aurre egiteko erabiltzen den izen berri bat da. Kontzeptu horri esker, bizitza pertsonala, familiakoa eta lanekoa uztartzeko zailtasunez hitz egin da, ondoko arau hau onartzen den neurrian: soldatapeko langile batek, gutxienez, egunean 8 orduz egin behar du lan, 16 urte dituenetik 65 edo gehiago bete arte, familiako zamak edo zeure burua edo besteak zaintzeko premiak kontuan hartu gabe. Arau hori onartzen da eta ez diru-sarrerak lortzeko bakarrik. Horrek esan nahi du, gizon eta emakumeak hori betetzen saiatzen badira, txakur-ametsen atzetik doazela. Ez dira inoiz bete. Kontziliazioa emakumeentzako irtenbide gisa proposatzen da; garai batean –eta badirudi orain berriro egiten dela–, lanaldi partzialean ari zitezen eskatzen zitzaien bezalaxe…

Kontziliazioa irtenbide politikoki zuzen bat da arazo zahar horrentzat, eta emakumeek zaintzaile nagusiak izaten segi dezaten pentsatua dago... ez dago zaharkituta... ez du inoiz balio izan. Gainera, Europatik zetozen gomendioek zioten kontziliazioak gurasoen baimenak eta eguneroko bizimoduko artatze-zerbitzuak sustatu behar zituztela. Legez behartzen ez diren aitatasun-baimenak ez dira eraginkorrak; izatez gero, PPIINAren gomendioak jarraitu behar lirateke, edo eskandinaviar herrialdeetatik kopiatu (Islandiatik), ahaztu gabe eguneroko zainketak sozialki antolatu beharra dagoela, dagokien zerbitzuen bitartez.

Oso litekeena da denboraren erabilera izatea aldaketari gehien aurka egiten zaion espazioetako bat. Zertan aldatu beharko lirateke gizonezkoak? Eta emakumezkoak?

Gizonek eta emakumeek ez dituzte osatzen, jakina den bezala, kolektibo homogeneoak. Alegia, genero-desberdintasunak ez ezik, badira belaunaldien, etnien eta gizarte-klaseen arteko desberdintasunak ere. Pentsamoldeak aldatu behar dira (aldaketa oso mantsoa eta zaila, baina ezinbestekoa); baina aldaketa materialak ere sustatu beharko dira, jada aipatutako ongizateko zerbitzu publikoez gainera, ongizatearen eta aberastasunaren banaketa berri baterantz egingo duten produkzio-ereduak aldatzeko gai izan daitezen. Egungo krisia eta kontsumoko gizarte honetan nagusi den indibidualismo hedonista ez dira, egia esan, bidelagun egokienak, baina ez da inoiz erraza izan…

Zer dira denboraren politikak? Zer ekarpen egin lezakete emakumeen eta gizonen arteko berdintasun erreala lortzeko?

Denboraren politikak tresna egokiak izan daitezke herritarren eguneroko ongizatea berriro pentsatzeko, ongizatearen gizarteetan. Horregatik, «Denboraren politikak hirian» leloaren pean garatutakoak dira ospetsuenak, Italiako denboraren legea deituak eskainitako pistaren arabera. Kontuan izan behar da, hala ere, denbora hegemonikoa lanaldiaren denbora dela, eta (soldatapekoen) lan-denbora arautzeko politiketan jarri behar dela arretarik eta ahaleginik handiena. Lanaldiaren malgutasuna eta desarautzea egoera ekonomiko oparoko garaietan hasi zen; horregatik, gaur egun, arinkeria dirudi horretaz mintzatzea, bizi dugun krisia dela eta. Baina ez da ahaztu behar 8x3ren alde borrokatu ziren lehenengoentzat ere ez zela erraza izan.

Proposamenetara etorrita, zer ekarpen egin lezakete denboraren politikek?

Aldaketak ekar litzateke lanaldiaren erregulazioan, joera batekin: eguneroko lanaldia murriztea sinkroniaren eta egunerokotasunaren mesedetan. Adituek diote soluzio ona litzatekeela 30 lan-orduko astea, egunean 6 ordu eta astean 5 egunetan lan eginez. Ez ahaztu premia pertsonalek eta zainketakoek esku hartu behar dutela erregulazio horretan, eta ez enpresaren beharrizanek soilik. Irtenbide horrek, gainera, gero eta urriagoa den enplegua banatzea ahalbidetuko luke. Horrek hitzarmena eta negoziazio kolektiboa eskatzen du, ez dago banakako soluziorik eta ez ahaztu aintzat hartu behar direla ekoizpen-prozesuaren beharrak ere (sektorea, enpresaren tamaina, eta abar). Arreta berezia jarri behar litzaieke pertsonen zerbitzuei, prestigiorik aitortzen ez bazaie ere (merkataritza, jatetxeak eta ostalaritza, garbiketa, mendeko pertsonen zainketak, eta abar...)

Interesgarria litzateke, orobat, hiriko ordutegiak antolatzea «Hiriko ordutegiak arautzeko plan» baten eta «Denboraren bulegoen» bitartez. Horrek eragina izan behar luke, kolektiboki eta beti babes publikoaren pean, udal, eskualde eta abarretako gobernuek herritarrei eskain diezaieketen eguneroko ongizate-zerbitzuak antolatzeko eta sustatzeko. Adibidez, eskola-orduetatik kanpoko haurren zainketa, eskola-bideak, eskolako patio irekiak, etab. Edo, mendeko pertsonen zainketaren ingurukoak (adineko pertsonak edo ezintasunen bat dutenak): logela-zerbitzuak, eguneko zentroak, konpainia egiteko zerbitzuak, eguneroko laguntzako zerbitzuak (ELZ), garraio egokituak, mendeko pertsonak zaintzen dituztenentzako arreta-zerbitzuak, eta abar... Edo erkidegoan loturak sustatzen dituzten beste zerbitzu edo esperientzia batzuk, esate baterako, denbora-bankuak, etab…

Etorkizunari begira, baikorra zara? Ezkorra?

Diotenez –Gramscik esana dela uste dut–, pertsona ezkor bat ongi informatutako pertsona baikor bat da; ni etsi nahi ez duen ezkor bat naiz. Eta ez dut etsitzeko asmorik.

Euskadi, auzolana