Web Emakunde

euskadi.eus

Arreta eta laguntza baliabideak

Edukia

  1. Emakumeen aurkako Indarkeriaren Biktimentzako Telefono bidezko Arreta Zerbitzua- SATEVI
  2. Biktimari Laguntzeko Zerbitzua- SAV
  3. Emakumeen aurkako indarkeriaren biktimentzako laguntza ekonomikoak
  4. Etxebizitzaren alorreko laguntzak
  5. Enpleguaren alorreko laguntzak

 


Emakumeen aurkako Indarkeriaren Biktimentzako Telefono bidezko Arreta Zerbitzua - SATEVI

SATEVI emakumeen aurkako indarkeriaren biktimentzako telefono bidezko arreta zerbitzua da- 900 840 111. Urteko 365 egunetan, egunean 24 orduz, arreta eskaintzea bermatzen duen telefono zerbitzua da. Emakumeen aurkako indarkeriaren edozein adierazpenen biktima direnei laguntza ematen duten espezializatutako profesionalek osatzen dute.

Bestetik, zerbitzu horrek aholkularitza eta informazioa eskaintzen du edozein zalantza edo gai argitu nahi duten profesionalei, senideei edo hurbileko pertsonei.

Berehalakoa eta anonimoa den laguntza eskaintzen duen zerbitzua da. Halaber, biktimen esku dauden baliabideen inguruan eman beharreko urratsen edo informazioaren gaineko orientabideak eskaintzen ditu; eta, hala nahi badute, arreta pertsonalizatua jaso dezakete.

Deiak 51 hizkuntzatan erantzuten dira eta entzumen-desgaitasuna duten pertsonei arreta emateko zerbitzua du.

Gune segurua da, inork ez du jakingo dei egin dutela telefono-fakturan arrastorik uzten ez duelako.

Gainera, SATEVI 2011. urtetik biktimei, Ertzaintzari eta/edo Udaltzaingoari erasotzailearen espetxe-egoerari buruzko informazioa ematen die: espetxetik atera direnei buruz, espetxe-baimenei buruz, espetxe batetik besterako lekualdaketei buruz eta abar.

Horrez gain, zerbitzu hau arduratzen da Ertzaintzak edo SAVek arreta emandako biktimei gogobetetze inkestak egiteaz.

 Gora itzuli


Biktimari Laguntzeko Zerbitzua - SAV

Biktimari Laguntzeko Zerbitzua Barakaldoko, Bilboko, Donostiako eta Gasteizko justizia-jauregietan dago eta emakumeen aurkako indarkeriaren biktimei prozesu osoan zehar aurrez aurre, doan, modu konfidentzialean, banaka eta era pertsonalizatuan orientabidea eta laguntza eskaintzen die.

Borondatezko zerbitzua da eta bertara honetarako joan daiteke:

  • Laguntza psikologikoa jasotzeko.
  • Prozesu judiziala nolakoa izango den azaltzeko eta lagunduta joateko.
  • Epaiketarako prestatzeko.
  • Doako justizia izapidetzeko, betiere eskatutako baldintzak betez gero.
  • Eskubideen, lege-prozeduren eta gizarte- eta arreta-arloko baliabideen inguruan informazioa jasotzeko.

Bestetik, zerbitzu honek helburu hauek dituen laguntza psikosozialerako programa (pdf, 360 KB) eskaintzen du eremu juridikoan: epaitegietako kontuekin sor daitekeen antsietateari eustea; prozesuari buruzko informazio zehatza eta pertsonalizatua eskainiz, epaiketari aurre egiteko biktimari beharrezko tresnak ematea; eta biktima epaiketarako prestatzea, ingurunera ohitu dadin edo prozesu judizialean edo horri loturiko sistemetan jarritako itxaropenak maila errealetan jar ditzan.

Aurreikusitako helburuen artean hauek ere badaude: biktimari ingurunearekin izan beharreko komunikazioa erraztea; itxaronaldia sozializatzea; biktimak egoitza judizialetara joan behar izanez gero, sarrera hori kudeatzea nahigabeko topaketak saiheste aldera, eta sor daitezkeen ezustekoen aurrean zer egin jakiteko. Zerbitzuko profesionalek egoera baloratu eta ebaluatu ondoren, programa hau eskaintzen zaie emakumeen aurkako indarkeriaren edozein adierazpenen biktima diren emakume guztiei (bikotekidearena edo bikotekide ohiarena, sexu-erasoa eta/edo -abusua, bortxaketa, sexu-jazarpena, sexu-esplotaziorako emakume-salerosketa, etab.), aurretiaz Biktimari Laguntzeko Zerbitzuetan arreta jaso duten kontuan hartu gabe.

 Gora itzuli


Emakumeen aurkako indarkeriaren biktimentzako laguntza ekonomikoak

Agindua, 2011ko maiatzaren 30ekoa, Herrizaingoko sailburuarena, Genero Indarkeriaren aurkako Babes Osorako Neurriei buruzko abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoaren 27. artikuluan aurreikusitako diru-laguntzak genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei eman eta ordaintzeko prozedura ezartzen duena.

Emakumeen aurkako indarkeriaren emakume biktimei ematen zaien ordainketa bakarreko laguntza ekonomikoa da, baldin eta beren adinagatik, prestakuntza orokorrik edo espezializaturik ez dutelako, eta gizarte-alorreko egoeragatik, lana lortzeko zailtasun berezia badute. Laguntza hauek jasotzeko funtsezko baldintzak hauek dira:

  1. Biktima dela egiaztatu behar du, betiere babes-neurriak indarrean sartu direnetik laguntzaren eskabide-datara urtebete baino gehiago igaro ez bada.
  2. Lana lortzeko zailtasun bereziak izatea. Hori Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak emandako txostenaren bidez egiaztatuko da.
  3. Eskaera egitean EAEko edozein udalerritan gutxienez 6 hilabete lehenago erroldatuta egotea.
  4. Lanbide arteko gutxieneko soldataren % 75etik gorako errentarik ez izatea.
  5. Erasotzailearekin ez bizitzea.

Agindua, 2011ko maiatzaren 30ekoa (pdf, 183 KB)

 Gora itzuli


Etxebizitzaren alorreko laguntzak

Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren 2006ko urriaren 4ko Aginduak, emakumeen aurkako indarkeriaren biktima diren emakumeentzat etxebizitzaren arloko ekintza positiboko neurriei buruzkoak, neurri hauek biltzen ditu:

"Alokairu-erregimeneko adjudikazio-prozeduretan adingabeko seme-alaben ardura duten eta/edo genero-indarkeriaren biktimak diren guraso bakarreko unitateak erreserban sartzea".

"Etxebizitzak alokairu-erregimenean zuzenean ematea, aparteko kasu larrietan. Larritasuna eta apartekotasuna alderdi hauen arabera baloratuko dira: eskatzailea udalaren edo aldundiaren abegi-zentro eta pisuen erabiltzaile ohia izatea, egonaldiko epea agortuta dagoela; denboraldi jakin batean etxe bila ibili izana, baina aurkitu gabe; haiekin bizitzera joateko modukoa den gizarte- edo familia-sarerik ez izatea".

2006ko urriaren 4ko Agindua (pdf, 61 KB)

 Gora itzuli


Enpleguaren alorreko laguntzak

Abenduaren 23ko 329/2003 Dekretuak, lanerako laguntzak arautzen dituenak, “Etxeko indarkeriaren biktimak izan diren pertsonak” aipatzen ditu (6.1 h art.) lan-merkatuan sartzeko zailtasun bereziak dituzten giza taldeen artean, eta horien kontratazioa sustatzen da dekretu horretan bildutako diru-laguntzekin. Giza talde horretako pertsonak kontratatzeko aurreikusitako laguntzak hauek dira:

Kontratu mota diru laguntza:

  • Aldi baterakoa (gutxienez, 18 hilabete) 3.125 € (*).
  • Mugagabea 7.500 € (*).
  • Aldi baterako kontratua mugagabe bihurtzea 3.750 € (*).
  • Errelebo-kontratua eta lan-bizitzatik aurretiaz erretiratzen diren kooperatibistak ordezkatzeko kontratua (lanaldi osokoak eta mugagabeak) 6.015 eurotik 7.517ra. Kontratu horietarako aurreikusitako diru-laguntza handitu egiten da giza talde horrentzat, erreleboa hartzen duena eta errelebatzen dena enpresan aldi berean jarduten diren denboraren arabera.

(*) Diru-laguntza hori lanaldi osoko kontratuari dagokiona da. Lanaldi partzialekoa bada, diru-laguntza proportzioan murrizten da. Diruz lagun daitekeen gutxieneko lanaldia % 50ekoa da.

Abenduaren 23ko 329/2003 Dekretua (pdf, 318 KB)

 Gora itzuli

Euskadi, bien común