2010eko udazkena – 78 zk.

Aurkibidea
Artikuluak

Denbora eta lanaren arteko erlazioa ez da hain xamurra emakumeentzat


Egilea: Teresa Torns

Bartzelonako Unibertsitateko Irakaslea

Teresa TornsEspainian, Europako gainerako herrialdeetan bezala, lanaren banaketa osoa emakumeen eta gizonen artean desberdina dela ezin daiteke ukatu eta hala frogatzen dute denboraren erabilerari buruzko inkesten emaitzek. Inkesta horietan ikusten denez espainolak dira etxeko lanari denbora gehien ematen dieten emakumeak, eta italiarrekin batera, aisialdi gutxien dutenak. Emaitza hauen arabera, gizon espainolak eta italiarrak dira lan horietan denbora gutxien ematen dutenak eta aisialdi gehien dutenak.

Egoera honen arrazoiak desberdinak dira, baina laburbilduz, esan daiteke presentzia bikoitza dela egungo ongizate gizarteetan femeninoki bizitzeko eta pentsatzeko moduaren ezaugarri funtsezkoenetakoa. Gizarte hauetan emakumeek, lanean jardun ala ez, bere gain hartzen dituzte etxeko eta familiarteko lanak, bai eta senideen zaintzarenak ere. Egoera hau mota horietako gizarteetan ematen den genero desberdintasunen erroan dago. Klase eta etnia desberdintasunekin batera, emakumeak, gizonezko garaikideen aldean, asko kaltetzen dituen ongizatearen ondoeza erakusten dute. Hala eta guztiz ere, desberdintasun horiek ez dituzte emakume guztiek modu berean jasaten.

Egoera honi aurre egiteko, Europar Batasuna, duela hamar urtez, hainbat neurri sustatzen ari da, bizitza laborala eta familiarra kontziliatzeko politikak, hain zuzen ere. Neurri horiek lan baimenak eta eguneroko bizitzarako arreta zerbitzuak (SAD) dira. Orokorrean, Espainian, kontziliazio hori amatasun baimenetan gauzatu da gehien bat, nahiz eta gaur egun, 13 eguneko aitatasun baimena dagoen, 2007ko Berdintasun Lege espainolari esker. Kontziliazio horrek balio izan ez duela esan dezakegu, zenbait kritika jaso dituelako eta ez duelako zalantzan jartzen gure gizartean ordaindutako lanaren denborak duen garrantzia eta hegemonia eta, gainera, gizarteak ez dituelako aldarrikatzen hiritarren eskubide bezala “dependentziaren legean” azkenik aurre ikusitako eguneroko bizitzarako arreta zerbitzuak. Egungo krisiak indartutako finantzazio arazoek ere bere eragina dute, baina, azken finean, dependentzia duten pertsonen zaintza familiarteko emakumeek hartzen dute bere gain gizarte espainolak duen tradizio familistaren erruz.

 
Denboraren politiken erronka ongizate politikak berriro pentsatzeko

Denboraren politikek, duela hamar urte, kontziliazioak planteatzen dituen zailtasunei beste irtenbideak aurkitzeko eztabaida ireki zuten, bai eta aztertzeko zuzenagoak diren ongizate politikak ere. Horretarako beharrezkoak dira generoen arteko kontratu soziala berrikustea eta pertsonen eguneroko zaintzaren antolaketa soziala.

Generoaren ikuspegia kontutan hartzen zuten Denboraren lehen politikak antzinako PCIko  (Italiako Alderdi Komunista) emakume italiarrek eraman zituzten aurrera, “denboraren legea” izena zuen aurreproiektuaren bitartez, XX mendeko 80ko hamarkadaren amaieran. Aurreproiektuak hiru ardatz zituen. Lehen ardatzaren helburua lan jardunaldia arautzea zen, eguneko murrizketa guztientzat aldarrikatuz; bigarren ardatzak zenbait proposamen finkatu nahi zituen bizitzaren ziklo osorako denbora arautzeko; eta azkenak, hiriko denbora ordenatzeko eta arautzeko ekintzak bururatzen zituen. Azken atal hau izan da denboraren politikak deritzen ekintzak garatzea posible egin duen bakarra, eta honen adibide dira, gaur egun Europako hainbat hiriek aurrera eraman dituzten era honetako ekintzak. Bartzelonako hiria gertuko adibide aitzindaria da hiritarren ongizatea errazteko bideratzen diren denboraren politiketan.

Baina Europan azken hogei urteetan garatu diren denboraren politika gehienak lanaren denbora arautzen eta berrantolatzen saiatu egin dira, enplegu industrialaren krisiari aurre egiteko. Burututako konponbide batzuk interesgarriak badira ere, 6+6 esperientzia finlandiarra bezala, esan dezakegu behar bezalako gizarte adostasuna ez duten irtenbide tekniko egokien aurrean gaudela. Gainera, konponbide hauek ez dute, emakume italiarrek proposatzen zuten bezala, lanean diharduten pertsona guztien eguneko lan jardunaldia batere murrizten, baizik eta genero desberdintasunak areagotzen. Bestalde, familia-etxean ematen den lanaren banaketa sexuala sendotzen dute, enpresaren logikatik abiatuz, gizonezkoen artean txanda sistemak indartuz eta emakumezkoen artean denbora partziala inposatzen dituztelako, honela, okupatuta dagoen populazio guztiaren lan prestasuna gehiagotuz.

Honela, bideragarri diren proposamenen arabera, kontziliazioan gaur egun diren lan baimenak gehitzea eskatu behar da, bereziki, aitatasunaren baimena zabaltzea; negoziazio kolektiboaren bitartez beste baimen batzuk lortzeko borrokatzea (heziketa; sabatikoak; prestasun pertsonal librea, etab.) lanean dauden pertsona guztiek eta ez bakarrik pribilegiatuek lor ditzaten. Denboraren politikak zentzuzkoak izango badira eguneroko ongizatea sustatzeko, beharrezkoa da lan jardunaldia okupatuta dagoen populazio guztiarentzat murriztea, bai eta lortzea murrizketa hori guztien helburu izatea, ez bakarrik amen helburu, ongizate hori denbora eta denboraren trukeak ekarriko duelako eta ez denbora eta diruaren (soldata) trukeak. Inork ez du zalantzan jartzen egungo krisiak helburu hauek lortzea zailagoa bihurtzen duela, baina krisi honek argi erakusten du enplegu industrialaren garai onenak zailak izango direla berreskuratzen. Horregatik, pertsonen bizitzaren zaintzaren beharrek, sustatu behar diren aldaketen artean, leku garrantzitsua izan dezakete eta izan behar dute. Zenbait emakumek uste dugu helburu horiek lortzeko denboraren politikak ez direla aski izango, baina dirudienez, proposamen bikaina da eguneroko ongizatea berriro pentsatzea, diren desberdintasunak handitu gabe.

Euskadi, auzolana