2011ko negua – 79 zk.

Aurkibidea
Artikuluak

Marcela Lagarde: "Emakumeen eskubideak beti daude arriskuan"

Marcela Lagarde, antropologo eta etnologo mexikarra

Bere burua “denbora osoko feministatzat” hartzen duen antropologo eta etnologo mexikarrak partaidetza soziopolitikorako denboraren erabileraren inguruan Bizkaia eta Gipuzkoako elkarteek abenduan antolatutako Topaketetan parte hartu zuen. Bere herrialdean hiru urtez diputatu izan zen honek aurrera eraman zuen Emakumeek Indarkeriarik gabeko Bizitza Librea izateko eta Kode Penal Federaleko Feminizidioaren Delituari buruzko Lege Orokorra. Senatuan parte hartzeko tentaldian jarri badute ere, nahiago izan du beste fronteetatik proiektu  desberdinetan lan egin, adibidez, “Mujeres en plural” izeneko Sarean, bai eta hitzaldiak eman, edo artikulu zein liburuak idatzi.

Marcela Lagarderen esanetan emakumeen aurkako indarkeria eremu publikoan kokatzea lortu den gaietako bat da. “Ezkutupetik atera dugu, lotsatik, errutik at, eta gizartearen arazo gisa  kokatzea lortu dugu”.

Harro dago bere herrialdeko diputatu gisa Emakumeek Indarkeriarik gabeko Bizitza Librea izateko eta Kode Penal Federaleko Feminizidioaren Delituari buruzko Lege Orokorra aurrera atera dutelako: “Lege hau lege espainiarraren ondoren egin genuen eta berau ez bezala, espainiarrak bikotearen indarkeria besterik ez baitu hartzen genero indarkeriatzat, lege mexikarrak bikotearena ez ezik, familiarena ere hartzen du kontuan, komunitateko taldeek eragin dezaketena, instituzionala eta feminizida deritzona.  Bost indarkeria mota bereizten ditu: fisikoa, sexuala, ekonomikoa, psikologikoa eta ondasunezkoa, batera eragin dezaketenak. Demokrazia eta garapena denontzat ziurtatuta ez dauden tokietan emakumeen egoera arriskutsuagoa da. “Lege hau egin genuenean buruan genituen emakumeen segurtasuna bermatzea, eremu pribatu zein publikoan, eta emakumeak egoera arriskutsura (psikologikoa, sexuala, ekonomikoa, laborala, hezkuntzakoa edo bestelako arriskuak barne) eraman dezakeen edozein zirkunstantzia aurre ikustea”.

Marcela Lagarde baikorra da eta uste du emakumeen aurkako biolentzia “errotik atera daitekeela” baina, horretarako, indarkeria hori zabaltzen duten baldintzak ezabatu behar direla gehitzen du, hau da, hezkuntza informala, eguneroko elkarbizitzan indarkeriara jotzen duten adibide pedagogiko basatiak eta mundu osoan eragin izugarria duten komunikabide itzaletan agertzen direnak.

Politika erakunde zibiletatik egitea

PRD alderdiko zerrendetan (Partido de la Revolución Democrática ) hiru urtez diputatu independente gisa lan egin ondoren, ikerlari ere den emakume honek nahiago du konpromiso zibil eta komunitarioekin erakunde zibiletan lan egin, politika egiteko beste modu bat direlako.

“Emakumeek duela denbora asko ekin genion lan egiteko beste modu honi. Egokia da kontuan hartzen dituelako komunitatearen beharrak betetzeko emakumeek dituzten funtzio eta rolen jarraipena delako. Askotan elkarte zibil hauek adierazpen, salaketa, eskaera edo atentzio deia egiteko bozgorailu bezala balio dute, gizarteak arazo jakin horiei arreta eman diezaien. Beste batzuek gobernuaren lana egiten dute eta beste batzuk alderdi politikoekin harremanetan jartzen dira. Latinoamerikaren kasuan badago “elkarte politikoa” deritzon figura, berez, alderdi politikoa ez dena, eta emakume asko  antolatzen gara talde zibil eta politiko hauetan, zeregin inportantea dutelako: alderdi politikoek jaso beharreko gabezien diagnosia egiten dute. Era berean, alderdi politiko desberdinetako emakumeak bultzatzen dituzte emakumeen fronte komun batetik indarra emateko. Ez diete alderdi bateko emakumeei beste batekoen aurka laguntzen,  baizik eta identitate politiko anitza duen fronte hori osatu duten emakume guztiak babesten dituzte. Eredu honek emaitza onak eman dizkigu eta aniztasunean lan egiten irakatsi digu,  alderdi politiko guztiek aurrera eramaten  eta Kongresura iristea nahi dugun agenda egiteko, azken honek denon  oinarrizko kontsentsua izan dezan. Lan izugarria izan da alderdi politikoen koloreen gainetik, generoan oinarritutako aliantza egitea, baina aurrera jarraitzea lortu dugu, ez beti pertsonei dagokienez, agian ez, baina bai gaiei eta agendari dagokienez. Erakunde bakoitza bakarrik badihardu lanean, gai beraren inguruan ari diren beste elkarteekin lan egiten ez badu, denbora eta erakundeak dituen diru zein prestakuntza baliabideak alperrik galtzen ari gara. Hau nahiko korapilatsua da, erakunde bakoitzak berezko nortasun, ibilbide eta ekarpenak dituelako, bere prestigio zibil zein politikoa baliogarria delako eta kosta egiten zaiolako fronte zabaletan beste batzuekin elkartzea, azken finean, espazio politikoek ematen duten kapital politiko horren protagonismoa galtzen delako”.

Gainera, Marcela Lagarde Mexikon indar nabarmena hartu duen Red Mujeres en Plural deritzon sarearen partaide da. “Sare honen helburua emakumeak politikan jarduteko baldintza parekideak lortzea da, eta berdintasun substantiboa sartzeko, konstituzioa aldatzea. Sare honetako partaideak dira, alderdi politiko desberdinetako emakumeak, buruzagi zibilak, gizarte mugimenduetako buruzagiak, eta alderdi politikorik gabeko emakumeak. Lege hau eta honekin batera joango liratekeen politikak onartzeko lan egiten ari gara. Leku bakoitzean ipini behar dira oinarriak emakumeek politikan parte har dezaten”.

Plataforma hauek arrakasta izateko formularik ez dagoela adierazi du: “Nire ustez, ezin ditugu emakume guztiak elkartu, emakumeen aurrerakuntzarekin eta berdintasunarekin zerikusia duten proposamenarekin politikoki sintonizatuta dauden emakumeak baizik. Komenigarria iruditzen zait axola zaizkigun gaiak (hiria, ingurumena, demokrazia) lantzen ari diren elkarte mistoei gerturatzea eta halakorik ez duten espazioetara generoaren perspektiba eramatea. Antzeko erakundeak aukeratu beharko genituzke eta beraiekin sinergia bilatuz aritu. Plataformak zentzuzkoak dira tokian tokiko agenda eratzen dutenean eta gauza guztiak aldi berean egin nahi ez dituztenean, hau da, epea amaitzen denean berrikusiko diren helburu zehatzak finkatzen dituztenean. Elkarrekin jarraitzeko zerbait badugu, aurrera; bestela, bakoitza bere etxera”.


Marcela Lagarde

Genero memoria

Puntu honetara iristeko ezinbestekoa da genero memoria izatea: “Historiaren denbora luzeak gure bizitzen denbora laburrean egon behar du”. Iragana deskubritzen ez badugu, emakumeen iragan politiko hori deskubritzen ez badugu, umezurtz egongo gara, feminista klasikoek aipatzen zuten bigarren mailako generoaren partaide izateak sortzen duen umezurtzaren zentzu horretan; bistatik kenduak, ezabatuak, isilduak, izan direlako, erreferenterik gabekoak, eta oraindik ere gu historia patriarkala ikasten ari gara. Horregatik, beharrezkoa da jakitea beste emakumeek zenbat denbora eman zioten politikari , parte hartzeko zer egin zuten, zein baliabide erabili zuten hori beste pertsonen artean zabaltzeko, horiei laguntza eta elkartasuna eskatzeko”.

Emakumeekiko elkartasuna oso zaila da, dio Lagardek. “Blokeatuta dago, bai androzentrismoagatik bai eta patriarkatuagatik”. Badira herrien arteko elkartasuna, abantaila gutxiko taldeekikoa edo baztertuekiko elkartasuna, baina emakumeekiko elkartasuna zailena da. Elkarteek eta erakundeek aurrean duten lan inportantea eta denboraren erabilera berria ekartzen duena zera da, emakumeekiko gizarte elkartasuna eraikitzea, hots, onarpen soziala, eta androzentrismoa eta matxismoa ezabatzea”.

Lortutakoa defendatzea

Lortutako emakumeen eskubideak beti daude arriskuan eta gal zorian. Horregatik, Marcela Lagardek proposatzen du:” Kontzientzia osoz eta buru argitasunez lortu dugun guztia defendatzea, eskubide horiek galtzen baditugu, gizarte osoak jasango dituelako kalteak. Kalte hori elkarbizitza baketsuaren aurkakoa da, emakumeei zigorgabetasun horrekin min ematerik badago, izugarrizko indarkeria eragiten ari zaie guztion aurrean”.

Hau da bere proposamena: “barrutik jakin behar dugu emakumeak garela eta eskubideak izateko eskubideak ditugula, modernitateaz jantzitako izakiak garela. Eskubide horiek modernitatetik defendatu behar ditugu, eskubide horiek arian arian zabaldu, sendotu”.

Krisia, ahalduntzearen oztopo

“Eskubideak defendatzea eta antolatzeko beharra areagotu behar dira bizi dugun egoeran, krisi ekonomikoa emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna eraikitzeko hasi berriak ziren ekintzak murriztea edo ezabatzea justifikatzeko erabiltzen delako, bai eta  desberdintasunak, desabantailak, oztopoak eta genero arraila ezabatzeko emakumeen laguntza eskatzea zailago egiten duelako. Emakumeen lana sustatzea edo osasuna hobetzea helburu zuten programak murriztu behar direla esaten zaigu eta hala gertatzen ari da. Oso garrantzitsua da horretaz jabetzea, gehiago gerta ez dadin, guk ez badugu egiten ez duelako beste inork egingo, eta bakoitzak bere zeregina du, noski. Adibidez, lortutakoa defendatzea eta bertan egotea aurrekontuak eztabaidatzen direnean. Mexikon mugimendu feministaren kontsigna hau izan zen aurten: “ezta peso gutxiago bat ere emakumeentzat” eta horrela aurrekontua gehitzea lortu genuen, nahiz eta hasierako negoziazioak zailak izan. Berdintasun Ministerioaren desagerpenak ez dizue zuei bakarrik eragin, mekanismoak, programak sortzen ari garen herrialde askotan ere eragina izango du. Horrek bata besteari eragiten dio, kateatuta gaudelako.


Berdintasunaren estalkia

Belaunaldi berrien ustetan ez dago benetako desberdintasunik eta emakumeek eskubide guztiak lortu ditugu. Baina ideia honi dagokionez, Marcela Lagardek erantzuten du fenomeno hau betidanik eman dela, belaunaldi guztietan. “Gertatzen dena zera da: orain baldintza hobeak daude, mundua mistoagoa da: hezkuntza, gizarte eta kirol partaidetza. Guzti horrek mistoa izatea berdintasunarekin nahasten du. Baina feminismoa ez da eskoletan irakasten. Ez da ikasten berdintasuna lortzeko emakumeek egindako borroka, borroka hori ezabatu egin da. Guduak, gerrak irakasten dizkigute, baina sekula ez nola joan garen eskubideak lortzen edo gatazkak nola planteatu ditugun. Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako baldintza estruktural hobeak daude adin goiztiarretan, garatutako gizarteetan, hezkuntza eta elikadura eskuragarri dituztenetan, bai, baina aurrerago agertzen dira desberdintasunak, eremu pribatuan publikoan baino gehiago. Gaia oso zaila da, konplexua, baina nerabeei laguntzeko informazio mekanismoak aurkitu behar ditugu. Beraiek, eta gutariko askok ere, berdintasunaren estalkia dugu. Berdintasunean bizi direla uste dute eta borrokalariak eta ausartak dira. Nola ezabatzen da hori? Generoaren kontzientziarekin. Neska eta nerabe horientzat generoaren kontzientzia izango den estalki babeslea zabaldu behar dugu”.

Lengoaia ez-sexista erabiltzearen beldurra

Lengoaia ez-sexista erabiltzearen aurka gizarteak erakusten duen joerari dagokionez, hau da Marcela Lagarderen iritzia:” Generoa barneratzen duen lengoaia erabiltzeak ezinegon politikoa sortzen du. Subjektu bakarra dagoelarik, bat-batean izaki kondizioa eskatzen duen beste bat etortzen bada, beharrezkoa da biontzako lekua egitea. Subjektu kondizioaren monopolioak botere izugarria sortzen du eta emakumeak bertan kokatzen garenean, subjektu dominatzaile horren kondizioa hartuko dugunaren beldur dira. Ez bakarrik zerbait adierazi, baizik eta boterea nahi dugula esaten dugunean, dominatzeko boterea nahi dugula uste dute. Eta orduan esplikatu behar dugu botere demokratikoak nahi ditugula. Gizartean beldur asko daude. Badira lengoaia sexistaren erabilera erradikala areagotu den kulturan femeninoan hitz egiteagatik haserretzen direnak, errebindikazio politikoa egiten ari garela uste dutelako. Ezeztatzen, errefusatzen den hori errebindikatzea ekintza politikoa da”. 

“Eta badira femeninoan hitz egitean lotsa sentitzen duten emakumeak, lengoaiaren parametro matxistetan heziak izan direlako. Beraientzat femeninoan aritzea galtzaileen lekuan egotea da, hots, leku barneratuan, zapalduan, eta emakume askok beste aldean egon nahi du. Ibilbide linguistikoa egin behar da, lengoaiak gure erabateko existentzia errebindikatzen duelako, emakumetzat hartzen gaituelako eta ez maskulinoaren menpe, gizonen menpe bageunde bezala”.

Euskadi, auzolana