2011ko negua – 79 zk.

Aurkibidea
Artikuluak

Elkartasunak emakumezko izena du

Carmen Laviña, kazetaria eta soziologoa


Carmen Laviña

Artikulu honetan bi premisa hartu ditut abiapuntutzat, garrantzitsuak direlako generoa eta elkartasuna edo solidaritatea lotzeko. Lehenik, kontuan hartu behar dugu eragin patriarkal handia duen gizartean gaudela eta lanaren banaketa sexualak gizonezkoei rol publikoak esleitzen dizkiela, emakumeei, berriz, etxeko lanak eta pertsonak zaintzera bultzatzen jarraitzen dieten bitartean. Bigarrenik, elkartasuna eta boluntariotza edo hiritarren partaidetza gauza bera ez direla, nahiz eta balio eta helburu baliokideak izan.

Elkartasuna emakumeek landu dute luzaroan Erdi Arotik, garai hartan ez baitzegoen hiritarrentzat gizarte zerbitzuak martxan jartzeko mekanismo edo erakunderik. Gizonak gerrara joaten zirenean emakumeak bakarrik geratzen ziren, eta askotan, alargun. Bizirauteko modu bakarra, maiz, elkarren artean laguntzea zen, bai elikagaiak eskuratzeko baita familiaren menpe zeuden seme-alabak, adinekoak eta gaixoak zaintzeko ere.

Elkartasun horrek auzotarren arteko erlazio onarekin zerikusi handia zuen bai eta pertsonen elkartasun eta borondate onarekin ere. Elkartasun hau etxean eta eremu pribatuan lantzen zen, emakumeari esleitutako eremuan hain zuzen ere, eta ez betidanik gizonari esleitutako eremu publikoan.

Iraultza Frantziarraren garaian,  gizonezkoei hiritartasuna eman zieten hiritarren partaidetza eta Kontratu Soziala bezalako terminoetan, baina emakumeak bertatik kanpo utzi zituzten, ikuspuntu patriarkal eta androzentristaren eraginez. Gaur egun, hiritarren partaidetzak gobernu demokratikoekin zerikusia du. Gobernu demokratikoek hiritarren iritzia kontuan hartzeaz gain,  hiritarrak “gauza publikoen” alde eta guztion ongizatearen alde lan egitera bultzatzen dituzte.

Emakumeek gizonek baino oztopo gehiago dute gizartean aktiboki parte hartzeko. Ez da hain erraza lana, etxea, senide gazte eta adinekoak uztea, hondartzatik galipota kentzera, alderdi edo sindikatuko batzarrera edo manifestaldira joateko. Bidezkoak ez diren genero esleipenengatik emakumeek dituzten ordutegi eta ardurek bere buruarekiko kontziliazioa eskatzen diete, emakumeak ordaindutako lan munduan sartu bai, baina gizonek ez dituztelako bere gain hartu dagozkien etxeko lanak edo zaintza ardurak.  Honen ondorioz emakumeek askotan lan jardunaldi bikoitzak edo hirukoitzak dituzte.

Bai elkartasuna, bai eta hiritarren partaidetza ere, ongizate orokorrean laguntzeko egungo gizartean dirauten arautu eta antolatu gabeko modu espontaneoak dira. Halaber, boluntariotzarekin balio amankomunak dituzte; azken hau modu altruista eta antolatua da,  gizarte zibilak,  pertsona gutxietsi, marjinatu eta baztertuekin elkartasuna, salaketa soziala eta laguntza landu ditzan.

Honela genero femeninoaren eta boluntariotzaren arteko erlazioa bikoitza dela esan genezake. Alde batetik, munduan boluntariotzan diharduten pertsonen %70 emakumeak direlako, gizonen %30aren aldean. Bestalde, emakumeak dira laguntza, gizarte zerbitzu eta ekintza boluntario gehien eskatzen dutenak, pobrezia feminizatuta dagoelako eta oraindik ere emakumeei dagozkielako familiaren menpe diren pertsonen arreta eta zaintza.

Hau da Espainiako pertsona boluntarioaren perfila: emakumea, 25-35 urtekoa eta erdi edo goi mailako ikasketak dituena. Hala eta guztiz ere, zaila da emakumeen parte hartzea boluntariotzan zenbatzea, gehienetan GKEk ez dituztelako beren datuak sexuen arabera sailkatuak.

Gainera, Boluntariotza Legerik bada ere, honek ez ditu aurre ikusten pertsona boluntarioaren datu guztiak, hau da, sexua, adina, estatus zibila eta ikasketak bezalako ezinbesteko datuak jasoko lituzkeen fitxa amankomuna, ez eta Espainiako boluntariotza aztertzen lagunduko luketen beste datu batzuk, hots, motibazioak, uztearen arrazoiak, emandako orduak, etab.

Kontutan hartu beharko genuke emakumeen partaidetza on line boluntariotzan, honek ez duelako pertsona erakundera bertaratzerik eskatzen eta erakundeen lan orduetatik kanpo egin daitekeelako, hau da, emakume gehienen kasuan, afaria egin eta seme alabak oheratu ondoren edo asteburuetan, kausa noble bati beren denbora eman ahal izateko aurkitzen duten atsedenaldiren batean.

Emakumeak gehiengo absolutua gizarte ekintzako boluntariotzan

Hau guztia hala bada ere, azken bereizketa egin behar dugu boluntariotza eta generoa aipatzean. Esan beharra dago boluntariotza mota desberdinak daudela eta hauen artean nabarmen dela gizarte ekintza deritzon boluntariotza, elkarte kopurua, ordaindutako pertsonala, pertsona boluntarioak eta subentzioen zenbatekoaren arabera. Gizarte ekintzako boluntariotza gure herrialdeko boluntariotza orokorraren %80-85ekoa da eta gizarteko pertsona gutxietsiei laguntzean datza.

Boluntariotza mota honetan emakumeek osatzen dute gehiengo nabarmena. Gizonak, aldiz, gehiengoa dira garai batean zerbitzu militarrarekin edo betidanik gizonezkotzat hartutako lanbide edo jarduerekin loturikoetan, hau da, itsas salbamendu edo sorospenean, mendi garaiko erreskatean, eskian, babes zibilean, kirol edo aisialdiko jardueretan, eta abar.  

Bukatzeko esan dezakegu elkartasun edo solidaritate tradizionala ia-ia emakumeen zeregina dela, antolatu gabeko eremu partikular batean eta pertsonen “gertutasunarekin” loturikoan egiten delako. Gizarte ekintzako boluntariotzak ere emakumeen gehiengoa du, baina mota desberdinetako hiritarren partaidetza eta tradizionalki gizonezkotzat hartutako lanbide edo zereginekin lotutako boluntariotza, funtsean, gizonen zeregina da.

Beste eremu bat geratzen da oraindik eta badakit bat baino gehiagok zalantzan jarriko lukeela elkartasunarekin zerikusia duenik. Hala eta guztiz ere, ausartzen naiz esatera baduela erlaziorik, lotuta dagoelako emakumeen bizitza pertsonala, familiarra eta laborala kontziliatzearekin.  Horregatik gizarte ekintzako hirugarren sektoreko enplegua aipatu nahi dut, hau da, Gobernuz Kanpoko Elkarteena, hain zuzen ere, pertsonalaren gehiengoa emakumeek osatzen dutelako.

Emakume Progresisten Federaziorako egin nuen azterketaren arabera, irabazizko xederik ez duten erakundeetan lan egiten duten pertsonen %63-65 inguru emakumeak dira. Zergatik? Ez daude ondo ordainduak, lan ibilbidea egiteko edo mailaz igotzeko ez dute aukerarik eskaintzen, baina, bestalde, ordutegi malgua dute, gehienetan, lehiaketa eskasa da, eta bizitza pertsonala, familiarra eta laborala kontziliatzeko aukera eskaintzen dute.

Gaztela-Mantxako GKE batean egindako beste azterketan ondorioztatu genuenez, emakumeek nahiago zuten “denbora librea” izatea (ez beraientzako, noski, baizik eta “generoz esleitutako” zereginak betetzeko)  beren ibilbide profesionaletan errekonozimendua eta ardura handiagoak gainean hartzea baino, hauek dedikazio osoa eskatuko luketelako.

Amaitzeko esango nuke, elkartasunak emakumezko izena duela emakumeak direlako, gizonak baino gehiago, enpatia (besteren lekuan jartzea) laguntza eta altruismoa lantzen dutenak, agian, beren buru babestu gabea ikusi dutelako eta bistatik baztertuak, marjinatuak sentitu direlako, gizona gauza guztien neurria den gizarte honetan.

Euskadi, auzolana