Enpresetako zuzendaritzako postuetan emakumeen kuota sartzea aztertzen ari da Europako Batzordea
Goi mailako lanpostuetan emakume gehiago sartzeko urtebeteko epea eman die Europako Batzordeak enpresa pribatuei. Hala egiten ez badute kuotak ezarriko dituztela dio Europako Alderdi Popularreko Viviane Reding-ek. Neurri horrek Europako Batzordearen oniritzia du. Gauzak horrela, erakunde horrek onartu duen txostenak berdintasunera iristeko neurriak ezartzeko eskatzen du. Horien artean “kuota bezalakoak” aipatu dituzte. Partaidetza publikoa duten enpresei zuzendu zaie bereziki. Bete beharrekoa ez den txostena 27 estatutara bidaliko dute proposamen gisa. Dokumentu horren arabera “erregulazio sistema hauek eragin onuragarria dute emakumeen ordezkaritzan.” Batzordeak soluziobideak eskatzen dizkie, esaterako, erretiratuak ordezkatzeko emakume kualifikatuak kontratatzea. Urtebeteaz enpresen emaitzak eta jarrera aztertuko ditu batzordeak. Halarik ere, ez du zehazten zer gertatuko den enpresek praktika oneko kodigoak ez erabiltzekotan edo autoerregulazioa ez betetzekotan kuotak ezartzeko neurriak zeintzuk izango diren.
Egun, Europako enpresa nagusien %3ak du emakume bat zuzendari. Administrazio kontseiluko %12 dira emakumeak.