2011ko udaberria – 80 zk.

Aurkibidea
Artikuluak

Rocio de la Villak egindako iritzi artikulua: (Mujeres en las Artes Visuales) MAV: BERDINTASUNA ARTE SISTEMAN

Rocío de la Villa, arte kritikaria, Madrilgo Unibertsitate Autonomoko irakaslea eta MAVeko lehendakaria

Rocio de la VillaUrte eta erdi igaro da sortu zenetik eta Emakumeak Arte Bisualetan (MAV Mujeres en las Artes visuales) elkarteak 230 lagunetik gora bildu ditu bere baitan : arte bisualaren sektoreko emakumeen elkarte profesionala izanik, Estatu espainoleko artista, bildumagile, kritiko, komisario, galerista, gestore eta ikerlariak gara MAVeko kideak eta arte garaikidearen lan sisteman berdintasun eraginkorra galarazten duen diskriminazio sexistarekin amaitu nahi dugu.

 
Emakume eta kulturaren inguruan berriki sortutako beste elkarteak bezala, hala nola, zinema eta ikus-entzunezko CIMA eta Literatura eta kulturako Clásicas y Modernas (aurretik arkitekturako “La mujer construye” elkartea zegoen), MAV Berdintasuneko Lege Organikoaren babesean sortu da (2007), Erkidego Autonomoen arautegietan ere garatua. Lege honek soilik kultur arlora eskainitako 26. Artikulua jasotzen du eta aldarrikatzen du Estatuko administrazio eta erakunde guztiek aukera berdintasuna sustatzearen derrigorrezkotasuna, ekintza positiboak aplikatzearekin bada ere, gizarte zuzenagoa lortzeko. Lege honetan parekidetasunaren helburua ezartzen da parte hartzearen %40a eta %60aren artean. Hala eta guztiz ere, MAVen ez dugu kuoten aplikazio xehea bakarrik defendatzen, arte bisualetako bikaintasun profesionaletik at, jakin badakigulako gaur egun Estatu espainolean behar adina profesional emakume daudela behar bezala kualifikatuak parekidetasuna erreala izan dadin arte bisualetako edozein lan eremuan, bai eta erabaki organoetan ere, bikaintasuna kaltetu gabe.
MAVen jarduera ardatz bat Behategia da. Behategi honen bitartez datuak eta zenbakiak aztertzen eta zabaltzen ditu, bai eta onartezinak diren diskriminazio kasuak salatu ere.

 
Gure web orrian Txostenak aldizka argitaratzen dira eta horietan ikus daitekeenez, hirurogeiko hamarkadatik aurrera emakumeen formazioa arte ikasketetan %50koa zen, gradualki ia %70era iritsiz gaur egun. Alta, ehuneko hauek inbertitu egiten dira sartze eta praktika profesionalean. Gaur, iraganeko hamarkadetan bezala, Estatu espainoleko emakume gehienak arte sistematik kanpo edo horren menpean daude. Adibidez, artisten kasua: Arte Ederretako emakume lizentziatuak laurogeita hamarreko hamarkada geroztik %60a baino gehiago badira ere, %30ak bakarrik lortzen ditu laguntzak, bekak eta sariak, profesionalizatze garaian lan munduan sartzeko erabakigarriak izan daitezkeenak. Lehen behaketa hau azal dezakeen elementu bat sari horiek ematen dituzten epaimahaien osaketa da, desberdintasunak gidatuak direnak, eta hiru emakume eta zazpi gizoneko proportzioa izaten dutenak. Gainera, artisten %16 eta %20 bitartean lortzen du arte merkatuan sartzea galerien bitartez. Baina ARCO -maila altueneko erreferentzia-  Nazioarteko feriari erreparatzen badiogu, portzentajea %7ko da.  Berez, artisten produkzioa arautegi ikusezin baten menpe dago: ikusgaitasunik eza eta gutxiespen ekonomikoa eta sinbolikoa dira ohikoak.  Azken hamarkadan bakarrik %9ak lortu zituen bakarkako erakusketak museo eta arte zentroetan. Eta ehunekoak arian jaisten dira bilduma publikoetan artista eta obren kopuruari begiratzen badiogu, hain zuzen, %5eko ingurukoa izanik. Honek azaltzen du emakume artisten errekonozimendu eskasa prestigio handiena duten sariei dagokienez: oraindik ez da izan Velazquez Saria edo Asturiaseko Printzearen Saria lortu duen Espainiako emakume artistarik. Alta, museoetako organigramei erreparatzen badiegu, langileen %90 inguru emakumeak dira, zentro hauetako zuzendaritza guztiz gizonezkoen esku izanik. Emakumeek artearen gestioari eusten diogu eta ikusle gehienak emakumeak gara, baina profil guztiz maskulinoa duten erabaki taldeen produkzioa eta irizpideak ontzat hartu behar ditugu.
MAVen beste oinarrizko jarduera ardatz bat Dokumentazio Zentroa da. Honen bitartez, emakumeek arte sistemara ekarri dioten guztiaren artxibategia osatzen ari gara. Ikerketarako eta artearen teoria eta praktikarako lan tresnak eskaintzen ditugu, ikuspegi feministatik eta genero ikuspegitik. Espero dugunez, azken hamarkadetan egindako ikerketen lokailua izango da, une honetan ikerketa horiek eskuratzea zaila delako eta sakabanatuta daudelako. Gainera, eztabaida teorikoa ezinbestekoa da negoziazio politikoan akatsik ez egiteko.


Praktika onen dokumentua

Elkartearen esperientziaren lehen urte eta erdi honetan MAVek bere ahotsa hedatzea eta bere helburuak jasotzea lortu du arte bisualetako sektoreko elkarteen artean. Artista Bisualen Elkarteen Batasuna UAAV (Unión de Asociaciones de Artistas Visuales), Arte Garaikideko Institutua IAC (Instituto de Arte Contemporáneo), galerien Partzuergoa, kritikari eta komisarioen elkartea ADACE (Asociación de Directores de Arte Contemporáneo) bezalako taldeekin batera, gutunak eta komunikatuak sinatu ditugu “Praktika Onen Dokumentua” aplikatzea defendatzeko. Honek aldarrikatzen du museoetako zuzendaritza karguak lehiaketa publikoen bitartez izendatzearen beharra, hautaketak beti emakumeen kaltetan direlako. Era berean, “Medidas en defensa del arte español” (Arte espainola defendatzeko neurriak) izeneko dokumentua idazten lagundu dugu. Bertan “berdintasunari” buruzko atal berezia dago, arte sistemako profesional guztiek adosten dugun bikaintasun helburua lortzeko ezinbestekoa dena.

 
Bi eremutan lan egin dugu MAVen. Alde batetik, sektoreko beste elkarte batzuekin, eta bestetik, emakumea eta kulturako elkarteekin. Azken hauekin Espainiako Defensor del Pueblo-ri beronek onartu zuen kexa bat aurkeztu genion. Halaber, ekimen propioak ere izan ditugu. Gauzak horrela, MAV Estatuko Administrazioarekiko negoziazioetan hizketakide bihurtu da (Kultur Ministerioa, AECID, etab. ) bai eta Autonomi Erkidegoetan ere. Kultur gaietako konpetentziak Autonomi Erkidegoei transferitzeak ere MAVen ekintza konprometitzen du lurralde eta herri mailetan ekimenak sendotzeko. Adibidez, 2010eko martxoan “Mujeres en el sistema del arte” (Emakumeak arte sisteman) deritzon lehen ekitaldia antolatu genuen arte sistemaren katea lau mahaietan aztertzeko: produkzioa, gestioa, distribuzioa eta difusioa. Hortik aurrera, ikusgaitasuna lortzeko eta kontaktuak egiteko planari ekin diogu administrazio eta herri erakundeen agente eta arduradunekin eztabaida mahaiak antolatuz, hala nola, Gasteizen (Amarica Aretoa), Donostian (Arteko galeria), Bartzelonan (Fundació Tàpies), eta Sevillan (CAAC). Gure asmoa da ekitaldi hauekin Estatu osoan jarraitzea, Unibertsitateetan batez ere, emakume gazteek etorkizunean jasan beharko duten diskriminazio sexista ezagutu dezaten eta gure gizartearen transformazio parekidearekin konpromisoa hartu dezaten.
Gaur egun MAVen barruan gauden profesionalek orainaldian aldaketa nabarmenak lortzeko lan egiten ari gara. MAVen aburuz  premiazkoa da emakumeek arteari eman dizkioten ekarpen erabakigarriak ikusgai izatea eta gerorako ez uztea: 2010ean MAV Sarien lehen edizioa ospatu genuen, ibilbide profesionala saritzeko. Orduan Eva Lootz artistak eta Berta Sichel komisarioak jaso zituzten sariak. MAVek, bere web orritik eta ekimen askoren bitartez, ikusgaitasuna eta lankidetza sarea eskaintzen ditu eta hauek bere bazkideen arteko sinergien bidez ugaltzea espero dugu. www.mav.org.es

Euskadi, auzolana