2011ko udaberria – 80 zk.

Aurkibidea
Artikuluak

Bahiyyih Nakhjavani: Beloa fundamentalismoa, iritzi mugatuak eta pentsamendu bakarraren nagusitasunaren irudia da

Testua: Cristina Mtz. Sacristán
Argazkiak: Pablo Viñas

Bahiyyih Nakhjavani idazleaCurriculum luzean irakurtzen dugun  adina ez da hain erraz sinesten. Bahiyyih Nakhjavani-k (Teherán, 1948) ibilera gazte eta kementsua du eta ahots gozoa baina sendoa erabiltzen du bere  ideiak azaltzeko. Haren azken best-seller-a, “La mujer  que leía demasiado” (eusk.: Gehiegi irakurtzen zuen emakumea), aurkezteko Bilbora eginiko bisitak argi eta energia, adimen eta kosmopolitismoz beteriko lorratza utzi du. Eta mundu zuzenago baten aldeko aldarrikapena. Horrelako bat amestu zuen Tahirih Qurrutu´l-Ayn-ek, biografia nobelatutako protagonistak. Garaiko emakumeak eskolatu nahi izateagatik erail zuten XIX mendeko teologo ausarta eta eruditu zena.

Zure lehenbiziko eleberria (La forja; eusk.: Burdinola)  best-seller bat izan zen. Azkenaren zazpigarren edizioa argitaratu dute Italian. Zorionak.
Eskerrik asko.

Literaturako irakaslea izateaz gain, Lieven-eko unibertsitateak doktore honoris causa izendatu zaitu.
Amerikan ikasi nuen nire doktoregoa. XVI eta XVII mendeko literatura eta Shakespeare-ren inguruko prestakuntza jaso nuen. Ingalaterrako literatura  biziki maite dut.

Hala ikusten dut zure idazkeran eta gauzak azaltzeko moduan.
(Barre egiten du), Bai, liburu honetarako estilo berri bat asmatu behar izan nuen. Alfonbra hori ikusten duzu? Detaile ugari ditu. Hori oso persiarra da. Hizkuntzaren bidez horixe adierazi nahi nuen. Kultura hori nabarmendu gura nuen, xehetasun pertsiar tipikoen bitartez.

Munduan zehar fardelak beti prest. Iran-en jaio, Britainia Handian eta Ugandan hazi, Estatu Batuetan bizi izan zara...
Bahá’i-darrak munduan zehar bizi gara. Mundua herrialde bakarra dela eta hiritar klase bakarra dagoela uste sendoa da gure fedean. Kontzeptu hori nire familian, bizi izaten dugu! Gero eta jende gehiago dago herrialde batean jaio, beste batera joan eta beste pertsona bat hirugarren herrialde batean ezagututa, laugarren herrialde batean biziko dena.
 
Aldaketa horiek guztiek zure idazkera eta bizitzaren ikusmoldea aberastuko zituzten.
Ikuspuntu ezberdinak topatzea biziki maite dut. Batez ere liburuetan. Angelu, ikuspuntu eta pertsonaia ezberdinak... Horrek guztiak istorioa aberasten du. Pentsamenduen aurkakotasunetik, dikotomietatik ihes egiten duzu: gauza guztiak ezberdinak direla antzematen duzu baina egiatiak ere. 

Aurreiritzietatik ere ihesean.
Bai, berehala errekonozitzen dituzulako.

Zure protagonista, Tahirih, XIX.mendean espetxeratu zuten baina, egun, hura saiatu zen moduan, ba al dago bizitzea emakumea izaki? Benetan aurreratua zen haren garaian.
Gaur egunekoa dela da interesgarria. Orain dela zenbait mende haren talentua, indarra, eta bizitzeko era librea lagun gutxik zuten. Iran-en modu ugari daude askatasuna itotzeko: esaterako etxe barruan emakumeak arropa modernoa janzten dute, makillajea erabiltzen dute... baina kalera joateko beloa janzten dute. Beraz, badaude ikusten diren emakumeak eta gordeta daudenak. Ikasle gehienek aldaketa nahi dute, ausartak dira eta egoera arriskutsuetan jartzen dute euren burua. Emakume bahá’i-darrek zapalketa izugarria nozitzen dute. Bi emakume espetxeratu berri dituzte hiru urtetarako.

Ahmadineyad zapaltzaiea da ia gauza guztiekin...
Guztiekin!

Norberak  bere kabuz pentsatzea arriskua iruditzen zaio.
Zenbait bahá'i-dar  herejetzat hartzen dituzte. Ez dago ez identitate ez arrazarik Iran-en. Bahá’i-darrak ez dira unibertsitatera joaten. Erruak haiei egotzi egiten dizkiete. Bi  emakume presoek itzelezko tortura nozitu dute ehun lagunentzako komuna bakarra duten kartzeletan. Ezin dute euren burua garbitu.

Zinemako zuzendariak, artistak... denak preso daude!
Intelektual guztiak zapaltzen ari dira, beldurtzen dituzte. Mehatxuzko eskutitzak bidaltzen dizkiete, ordu txikitan etxean sartzen zaizkie. Zenbait espetxeratzen dituzte, beste zenbaitek, berriz, alde egin behar dute.

Baina hainbat herrialde arabiarretan aldaketak abian daude. Hau da, status quo horiek agian aldatuko dira...
Eta baita ere Iran-en. Ikusten dena erlijioa da. Horren azpian botere militarra dago, diktadura bortitza. Kontraesan asko daude, zatiketa handia, ahots ezberdinak. Ez dakit zertan amaituko den...

‘Sharia’ erregresiboa eta arriskutsua da Nigeria-n, Sudan-en, Iran-en...
Politika islamiarra kolonizazio berri bat da, Afrikan, musulman eta kristauen arteko liskarrekin. Horrek dena kutsatzen du.

Tahirih berpiztu duzu bizitza molde horien sinbolo gisa ikusteko?
Bizitza berriro eman diot, edo hori nahi nuen, esperantza sinbolo gisa. Kuraia handia zuelako. Haren garaiko baldintzak okerragoak ziren- hezkuntzan aukera gutxiago- baina hura hain zen irmoa!

Mirariren bat nahi zuen...
Bai, etorkizunean sinesten zuen.
Ausarta eta ez-ohikoa, Hipatia bat, baina biek euren bizitzaz ordaindu zuten.
Tahirih ito zuten. Iran-en sistema bat zeukaten: emakumezko ohiko gaizkileak dorre batetik behera botatzen ohi zituzten. Emakume adulteroak harrikatzen egiten zituzten. Tahirih, goiko klaseko emakume bat, apostata zena, ezin zuten hil, horrek esan nahi baitzuen bere kabuz pentsatu egiten zuela... baina emakume batek ezin zuen horrelakorik egin. Horregatik beste modu batzuk asmatu behar zituzten erailtzeko, esaterako, herejetzat hartu. Azkenean, isilean eta gauez hil zuten, hiritik urrun.

Bahiyyih Nakhjavani idazleaEgun emakumeak harrikatu egiten dituzte han ere.
Adulterioagatik, bai.

Emakume jakintsu horiek gaur eguneko asko baino aurreratuagoak izan ziren.
Ez dut uste Iranen, gaur egun, Tahirih bezain ongi hezitako emakumerik dagoenik. Apaiz edo bihurtu zen, nahiz eta emakume izanik ezinezkoa zuen, baina hezkuntza berbera jaso zuen. Desengainatuta zegoen gizonek baino gehiago zekielako eta gizonak argudiorik gabe geratzen zirelako.

Inkisizioan bezala.
Gizonak baino azkarragoa zen eta horrek sutan jartzen zituen. Soldaduei esan zien: “Hil egin nazakezue, baina emakumearen emantzipazioa ezin izango duzue gelditu”. Harrigarria da pentsatzen duzunean. “Nire ondoren milaka, milioika emakume etorriko dira eta hori ezin izango duzue gelditu”. Hain ziur zegoen. Horrek jendeari beldurra ematen zion. Etorkizunarekiko ziurtasun horrek. 

Emakumearen benetako iraultza batasunetik datorrela uste duzu?
Gaur eguneko munduan gaixotasun bat sufritzen ari garela uste dut eta sendabide bakarra batasuna da. Tamalez, gaixotasuna XX mendean hasi zen eta sendagai faltsuak izan genituen: kolonialismoa, elkartasunik eza, konformismoa -mundu guztiak berdin izan behar du-, sendagai eroak dira. Batasunak esan nahi du diferenteak garela ulertzen dugula, desberdintasun horiek behar ditugula. Horrek aberatsago egiten gaitu.

Zure Shakespeare maiteak esan zuen “pentsamendua librea da”. Eta editore batek esan zidanez “irakurtzen ez baduzu ez duzu pentsatzen, eta pentsatzen ez duzunean diktadura dator”.
Hori da liburuaren izenburuaren arrazoietako bat! Lengoaia eta pentsamendua eskutik doaz, eta irakurtzeak ideiak sostengatzen ditu (eskua mugitzen du olatuak eginez). Hori da sakontzeko modua. Azkar irakurtzen dugu, azalean, ez dugu sakonean irakurtzen zentzu berriak aurkitzeko. Hitzak berriro begiratzeko garaia heldu da. Lengoaiaren boterea anitza da.

Fast food eta fast life bezalakoak Estatu Batuetako asmakizunak dira gehiago kontsumitzeko eta gutxiago pentsatzeko; gehiago pentsatuko bagenu ez genuelako izango kontsumitzeko beharrik.
Kontsumismoa totalitarismoaren zutabe bat da. Ados nago.

Beloa errefusatu zenuen eta Frantzian bizi zara. Zer diozu beloaren polemikari buruz?
Bai, Frantzian polemika izugarria izan da. Nire ustez zatitzeko balio izan du. Identitate krisi bat da. Berez, ez da Islama edo beloa, baizik eta esatea “Naizena adierazi nahi dut. Identitate zehatz bat izan nahi dut”. 15 urterekin beren buruen bila dabiltza eta beloa marka bat, etiketa bat bezala erabiltzen dute. Baditut ikasleak leotardoak erakusten dituztenak eta kexatzen dira trenean beren janzkeragatik begiratzen dituztela eta esaten dute “aske naiz, nahi dudan bezala janzten naiz”. Eta nik esaten diet gauza bera gertatzen dela beloarekin.

Belorik txarrena batzuetan barnean daramaguna dela uste dut.
Belo mentalak dira, psikologikoak, fundamentalismoa, interpretazio mugatuak, ikuspegi bakarra izatea, egiaren jabea zarela uste izatea. Hori da beloa, bakarraren nagusitasuna.

Askatasunak beldur ematen dio jende gehiegiri.
Fundamentalismoa beldurraren bitarteko fedea da. Horregatik dira hainbeste arrazakeri, nazionalismo. Mende honen eta azken ehun urtetako arazoak.

Badira lehen munduko emakumeek errefusatu beharreko hainbat belo. Ez da hala?
Gizon batekin ez bazaude edo ama izan ez bazara, ez bazara ezkondu, zerbaitek oker egin izan balu bezala begiratzen zaituzte, edo lesbiana bazina bezala. Nire alabak 38 urte ditu eta zinema animatzailea da. Esaten zidanez lanbide horretan aurrera joateko hiru emakume arketipo daude: nagusiarekin oheratzea, lesbiana izatea edo maskulinoa izatea. Berak esaten du “Nik neu besterik ez dut izan nahi; nire gustu, akats eta ametsekin”.
Emakumeek, oraindik ere, ez dugu rol horiek aukeratzeko askatasunik. Liburu honetan, ama, arreba, emaztea, eta alaba aurkezten ditut, tradizioz emakumeen rolak izan direlako. Mugan diren pertsonaiak badaude. Gizarte tradizionalaren arauak hautsi behar dira, emakumeek jasaten duten kalte psikologikoa handia da eta. 

Bide alternatibo bat aukeratzeko ausarta izan behar da. Tahirih-rekin identifikatzen al zara?
Tahirih-ren kasuan, hark ez zuen beldurrik izan. Oso egoera gogorrei aurre egin zien eta esaten zuen: “nik aurrera jarraitzen dut”. Heroi bat zen.

Euskadi, auzolana