2011ko uda – 81 zk.

Aurkibidea
Artikuluak

Elkartu: Oztopo arkitektoniko eta digitalik gabe

Testua: Carmen Ruiz de Garibay

Elkartu, Gipuzkoako Desgaitasun Fisikoa duten pertsonen Federazioa,  1981ean lanean hasi zen integrazio eta normalizazioaren alde. Emakumeen batzordeak, beste ahalegin bat ere egiten du bazterkeria bikoitzak ekartzen dituen arazoak konpontzeko: desgaitasuna duten hiritarrak eta emakumeak izatea. Rakel Barroso eta haren aginduetara dagoen taldea teknologia berriekin bat egin dira, betiere, hutsune digitala saihesteko eta enplegu arloan ahalik eta etekin handiena ateratzeko baliabide horiei.

“Desgaitasun gaian errebindikazio mugimendua gara”, dio Rakel Barrosok. Borrokazalea, saiatua eta erakundeen bulegoetako borroketan eskarmentu hartua da. “Elkartu GKE mistoa da baina berdintasun gaia lantzen dugu, ez dugu desgaitasuna duten emakumezko elkarteetan antolatu nahi, zeren erakunde honetatik, eta gizarteratzetik, zeharkakotasuna lantzen saiatzen baikara, hau da, emakume desgaituak sar daitezela desgaitasun markarik gabeko emakumeen elkarteetan”.

Elkartuk 25 urteko eskarmentua du. Gipuzkoako Diputazioarekin sinatutako hitzarmen bati esker mantentzen da gehien bat. Euskadiko Elkartean Konfederazioko eta estatu mailako   Coamificoa-ko partaidea da. Elkartu-ren datu-baseak 3.800 pertsonari dagozkion datuak ditu. Administrazioekin elkarlanean aritzen da eta Hirietako Arkitektura -oztopen Desagerpenerako eta  Irisgarritasunerako legean parte hartu du. 

“Hau guztia ez da haatik sortzen, atzean errebindikazio lana dago eta gure eskaerak, behin lortuta, biztanleria guztiak aprobetxatzen ditu, batez ere mugikortasun murriztua dutenek”. Ikuspuntu horretatik, Rakel Barrosok deritzo, egia esate aldera,   botere publikoei dagokien lana egiten ari direla. Eta baieztapen hau indartzeko, garatzen dituzten zenbait programa azaltzen ditu: lehenbizikoari DPC deitzen diogu (gaztelaniazko sigletan), Norberaren Moldaketa Kalean eta funtsean, deitzen digutenei,  laguntza ematen diegu astean behin hiru orduz. Ez ditu ordezkatzen ez etxez-etxeko laguntzak ez eta laguntza zerbitzuak, etxetik kanpo bizitza errazteko da. 

Beste esparru bat ere lantzen dute, Irisgarritasunerako aholkularitza zerbitzua, hain zuzen ere. “Aholkuak ematen dizkiegu bai erakundeei, bai partikularrei ere. Eusko Jaurlaritzako Irisgarritasuna Sustatzeko Euskal Kontseiluan, Gipuzkoako zenbait udaletako plangintza urbanistiko kontseiluetan  eta udaletako eta Diputazioko ongizaterako kontseiluetan gaude. Etxeetara joaten gara, eta adibidez, arkitektura oztopoak kentzen  eta laguntza teknikoen (laguntza  produktuen) informazioa zabaltzen saiatzen gara. Proiektuen planoak egiten ditugu desgaitasuna dutenak etxean ahalik eta modurik autonomoenean mugi daitezen eta hori guztia doan”.

Oporretakoa da harrera ona duen beste programa bat. Bidaia normalizatuak antolatzen dituzte dibertsitate funtzionala duten 15 lagunentzako eta horien laguntzaileentzako. Horrela bi astetako oporrak gozatzeko aukera dute.

IKT-ak ateak irekitzeko

Gizarteratze Programan teknologia berriekin lan egiten dute, lan alorrean eskaintzen dituzten aukerek bultzatuta. “IKT famatuen laguntza produktuak (laguntza teknikoak) pertsona bakoitzaren desgaitasunarekin egokitzen saiatzen gara. Prestakuntzako oinarrizko maila eskaintzen dugu tresna erraz maneiatzeko gai izan daitezen, eta laguntza produktua egokitu ahala,  pertsona horiek prestakuntza zentro normalizatuetan sartzen saiatzen gara, KZgunea Telezentro Sarean adibidez. Terminal moduan Iriscom dugu. Haren  kontrola begiradaren bitartez egiten da. Halaber, joystick-a erabiltzen dugu, saguaren funtzioak egiten dituena”.

Elkarturen egoitzan ematen diren ikastaro hauen esperientziak frogatu du, emakumeak errazago sartzen direla prestakuntzan, baina lana lortzeko unean egoera aldatzen da. Estatu mailan desgaitasuna duten emakumeen jarduera %21,7koa da, eta emakumeena, oro hartuta, berriz, %44koa, desgaitasuna duten gizonena, %34koa izanik.

Desgaitasuna duten emakumeen laneratzea baxua da eta honi beste aurkako egoerak gehitu behar zaizkio, hala nola, baliabide ekonomiko baxuagoak, enpleguaren prekarietatea dela eta, hezkuntza maila baxuagoa (desgaitasuna duten emakumeen %74,79ak  ez du ikasketarik edo lehen mailako ikasketak besterik ez ditu), isolamendu sozial handiagoa eta autodeterminazioko gradu baxuagoa.

Errealitate honi aurre egiteko Elkartuk proiektu “handinahia eta erakargarria” aurkeztu du, Emakundek bultzatua eta Coamificoa-ren laguntza duena. Proiektu hau desgaitasuna duten emakumeen laneratzeari aplikatutako teknologia berriei buruz abenduan ospatutako jardunaldietan sortu zen. Jardunaldi hauetan Emakunderen laguntza eta aholkularitza izan zen generoaren  ikuspegia kontutan izan zedin. Desgaitasuna duten pertsonentzako “Business Center Digitala” da, sarean eskuragarri diren zerbitzu digitalen erabilera erraztuko duena eta jarduera profesional bat martxan jartzeko eta garatzeko beharrezko diren osagarriak eskainiko dituena, jarduera hori telelan sailean merkaturatzea sustatzeko helburuarekin. 

“Espero dugu proiektua onartzea eta datorren urtean emakumeentzako prestakuntza hau sendotu ahal izatea, emakume ekintzaileen sarea eratu ahal izatea. Teknologia berriak dira gure gabezia fiskoak ordezten dituztenak. Gure bizitzako edozein alderdi hobetzeko aukerak ematen dizkigute, lan, familia, hezkuntza eta gizarte mailatan.

 

Diskriminazio bikoitza

Desgaitasuna duten emakumeen %74,79ak ez du ikasketarik edo lehen mailako ikasketak besterik ez ditu.

Desgaitasuna duten emakumeen jarduera tasa (%21,7) orokorrean hartutako emakumeena baino baxuagoa da (%44) eta desgaitasuna duten gizonezkoena baino baxuagoa (%34).

Euskadi, auzolana