2011ko uda – 81 zk.

Aurkibidea
Artikuluak

Bertsolaritza, definizio berri baterantz?

Jone Miren Hernández
Gizarte Antropologia irakaslea. UPV-EHU.

Villabona 1801 urtea. Herriko plazan 4.000 pertsona bildu dira. Otsaileko egun batean, iñauteriak direla eta, bi bertsolarien arteko desafioa iragarrita dago. Irabazleak urrezko 5 ontza eramango ditu. Hiru pertsonek hartu dituzte epaile lanak. Juan Ignazio de Zabala (Amezketakoa) eta José Joaquin de Erroicena “Txabalategi” (Hernanikoa) bi orduko saioa burutzeko prest daude.

Gertaera hau bertsolaritza garaikidearen hasiera ofizialtzat jotzen da. Aurretik baziren bertsolariak eta (nolabaiteko) bertso saioak, baina horien inguruko testigantzak modu soltean eta isolatuan iritsi zaizkigu. Bertsoak, erromantzeak, koplak, kantak, eresiak… bizitzari eta egunerokotasunari loturiko adierazpenak ziren. Halere, 1935 urtearen inguruan herriko adierazpen hauek ikerketa objektu bilakatu ziren. Manuel Lekuonak, ahozko literaturaren esparruan kokatu zuen bertsolaritza eta geroztik horrekiko interesa zabaldu eta handitu egin da. Egun, Euskal kultura eta Euskal gizartea ulertzeko ezinbesteko elementua bihurtu da.

1980. eta 90. hamarkadek berrikuntza nabarmenak ekarriko zizkioten bertsolaritzari. Toki garrantzitsu bat bereganatzen du, oro har, komunikabideetan eta bereziki telebistan. Txapelketen oihartzunak masa fenomeno bilakatzen ditu bertsolariak Euskal Herrian. Urte hauetan transmisioaren kezka ere nabarmentzen da eta horren ondorio dira bertso eskolen sorrera eta garapena.

Halere, aldaketa nabarmen hauek ez dira nahikoak izan bertsolaritza guztiz eraldatzeko. Horregatik, agian, ditu bertsolaritzak hain oinarri sendoak egungo Euskal kulturaren esparruan ere. Ikuskizun bihurtuta edo gabe, bertsolarien lanaren oinarrian betiko elementuak topatzen ditugu: hitza, doinua eta bapatekotasuna publiko aurrean. Bere proposamena guztiz minimalista da, sinpleen artean sinpleena. Eta kooperatiboa. Bertsolariaren ikuspegitik publikoa ezinbesteko agentea da, izan ere bertsoak publikoarengana iristen denean bakarrik hartzen du zentzua. Gutako bakoitzak bereganatzen eta barneratzen ditu bertsolariaren hitzak. Irentsi eta hausnartu egiten ditu. Hor borobiltzen da bertsoa. Gainera, behin barneratuta denboran zehar iraun dezake. Bergogoratutako bertsoak berriz kantatu daitezke, emozioak piztuz eta berpiztuz.

Beti izan dira emakume bertsolariak

Honaino oinarrizko zertzelada batzuk bertsolaritzaren izaera zer den eta zertan datzan ulertzeko. Eta bertsolariak? Zeintzuk izan dira bertsoen sortzaileak eta egileak? Azkenengo bi mendetan, nagusiki, gizonak, plaza-gizonak. Esparru publiko ezberdinetan ez ezik (herriko plazak), tabernetan eta sagardotegietan aritzen ziren bertsolariak. Jende aurrean, giro informaletan gehienetan topatzen ditugu XIX. eta XX. mendeko bertsolariak. Dibertsioa zuten gustuko, alaitasuna eta umorea zuten ardatza euren zereginetan baina, aldi berean, hausnarketarako joera eta zentzu handiko diskurtsoak osatzeko gaitasuna aitortzen zitzaien. Plaza-gizonak herriaren ahotsa irudikatzen zuen.

Eta, emakumeak? Zein izan da bere zeregina bertsolaritzaren sorreran eta garapenean? Beti izan dira emakume bertsolariak. XV. mendeko dokumentuetan emakume bertsolariak aipatzen dira. Kantu epikoen edo eresien egileak ziren. Eta horregatik zigortuak izan ziren. 1452ko Bizkaiko Foruan espresuki debekatzen ziren emakumeen kantu eta kopla publikoak. Debekatzeraino iritsi baziren pentsa daiteke euren protagonismoa ez zela edonolakoa izango. Oztopoen gainetik ere, emakumeak kantuan eta bertsotan jarraitu zuten, hori bai euren agerpen publikoak murriztuz joan ziren.

Carmen Larrañagak egindako lanari esker XX. mendean aritu ziren hainbat emakume bertsolariren bizitza eta sormen lanak ezagutu ditugu. Biografia horietan erreparatzen bada, XX. mendean eta XXI. mendearen hasieran emakume bertsolarien kopuru murritzaren zergatia argiago azalduko zaigu. Esan den moduan, tabernak, sagardotegiak eta herriko plaza bertsolaritzaren ohiko eszenatoki gisa finkatzen dira. Garaiko ideologiak agintzen zuenaren arabera etxeko esparrua (pribatua) zen emakumeei naturalki atxikitutako esparrua; kalekoa (publikoa) aldiz gizonei egokitzen zitzaien. Emakume aitzindari hauen hitzetan normalean bertsoak entzuten ziren tokietan ez zegoen ondo ikusita emakumeak aritzea, ez behintzat hizlari edo bozeramaile moduan. Horregatik, emakume batzuk bertsolari izateko grina aitortzen bazuten ere, bakarrik gune zehatzetan aritu ahal izango zuten: etxeko giroan (familiako ospakizunetan) eta erlijio-giroan (elizan, komentuetan edota horien inguruan antolatutako ekimenetan).

Bertsozaleen Elkartearen bultzada

Villabona 2011 urtea. 200 urte baino gehiago pasa dira. Herri honetan du egun Bertsozaleen Elkarteak bere egoitza nagusia (Mintzola Fundazioarekin batera, Subijana Etxean). Bertaratzen bagara emakume asko ikusiko ditugu, bertsogintzan, izugarrizko lana eta ahalegina egiten, besteak beste bertsolaritzan emakumeen presentzia areagotzeko eta generoaren gaia aintzat hartua izan dadin. Emakume eta gizon askok egindakoaren fruituak jada agerian daude. Azkenengo 30-40 urteotan emakumeen presentzia nabarmentzen hasi  da, besteak beste, bertso eskoletan (ikasle zein irakasle gisa) edo txapelketetan (partehartzaile, zein epaile edo gai-jartzaile moduan). Ikusezin izatetik, itzal izatera pasa dira. Izen eta izaera propioak agertzen dira: Arantzazu Loidi, Kristina Mardaras, Maialen Lujanbio, Estitxu Arozena. Atzetik beste batzuk.

Ibilbide honetan data bat dago gorriz markatuta: 2009ko abenduaren 13an Maialen Lujanbio Euskal Herriko txapelduna bihurtzen da. Emakume txapeldun baten irudia oso indartsua izan da eta zenbaitek berdintasunaren helmuga lortuta ikusi dute. Parekotasun eza, diskriminazioak iraganeko kontuak dirudite. Euskal gizartearen egoerari begiratuta eta euskal kulturan erreparatuta, hori horrela dela sinesteko nahikoa argudiorik ba al dugu? Bertsolaritza ezin da ulertu euskal gizartea eta euskal kultura ulertu gabe. Horregatik, zaila dirudi pentsatzea gizarte eta kultur esparruan diskriminazioa dirauen bitartean beste esparru batzuetan, bertsolaritzan kasu, horren isla ez aurkitzea.

Oraindik ere, argi eta garbi ikus dezakegu genero sistemak duen pisua gizartean, bizimoduan, bizipenetan, ikaste prozesuan, gizarteratze prozesuan, identitate eraketan, aurreikuspenetan. Guzti hori gure motxilan sartzen dugu, sormen prozesuan zehar gainean daramagun motxila berberean. Eta motxila hori oso ezberdina izango da emakume edo gizonezkoentzat. Gizonezkoek bereganatutako motxilan tresna gehiago izan dituzte bertso munduan aurrera egiteko: euren egiteko moduak, euren agerpena, euren diskurtsoa, euren hitzak eta doinuak, euren planta, bat etorri dira bertsolari batetik, oro har, espero zitekeenetik. Bertsolaritzaren inguruan eratutako definizio nagusiak (kanona) bat egin du gizonezkoen esperientzia eta moldeekin. Aldiz, emakumezkoen motxilak bertsoak egiteko osagaiez beteta egon arren, ez dute topatu modua haien bizipenetatik sortutako diskurtsoak, hitzak eta doinuak eredua bihurtu eta taularatzeko. Gehienetan “kanona” simulatzera jo behar izan dute.

XX.mendean plaza-gizonaren eredua nagusitu zen. Eta XXI. mendean? Aurreikuspen bat: bertsolaritza definizio berri baterantz doa eta, honetan, emakumeen ekarpena ezinbestekoa izango da. Emakumeen bizipenaz, emozioez, doinuez, nahiez eta aldarrikapenez beteko dira bertsoak, denon bertsolaritza irudikatu ahal izateko. 

Euskadi, auzolana