2011ko uda – 81 zk.

Aurkibidea
Artikuluak

Bertsolaritza, berdintasunaren bidean

Testua: Edurne Begiristain

Emakume bertsolariek historian izan duten presentziari buruzko lehen erreferentziatzat hartu ohi da 1986a, urte horretan Bertso Txapelketa batean lehen aldiz agertu baitzen emakume bat: Kristina Mardaras. Bera mugarria izan zen, ordutik aurrera hasi baitziren emakumeak bertsotan. 2009an, berriz, beste mugarri bat jarri zuen Maialen Lujanbiok Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia irabazita, historian txapela jantzi duen lehen emakumean bilakatuta.

Hala ere, ezin ahaztu daiteke aurretik ere abilezia izan zuten emakume bertsolariak egon zirela. Historian atzera joanez gero, XV. mendean Bizkaiko Foruetan profazadora izenez ezagutzen ziren emakume bertsolariak ageri dira. Kopla eta abestiak modu iraingarrian abesten zutela egotzita, jendaurrean abestea debekatu egin zitzaien foru legearen arabera. Lege horri erreparatuta ikus daiteke emakumeek dolu eta ospakizunetan bertsoak idatzi eta abesten zituztela. Bertso haiek Eresiac moduan ezagutzen ziren.

XIX. mendera arte ez da emakume bertsolarien presentzia berreskuratuko. Bertso paperetan ageri denez, Bixenta Mogel eta De la Cruz izeneko erlijioso batek bertsoak idatzi zituen. Bilintxek ere, Joxepa izeneko emakume bati jarritako bertsoak ere jasotzen dituzte bertso paperek, emakume bertsolariek  plazatan ere abesten zutela frogatzen delarik. Carmen Larrañagak Del bertsolarismo silenciado lanean aipatzen duenez, 1895eko Ezpeletako Lore Jokuetan Maria Argainek bertso txapelketa bat irabazi zuela jasota dago, eta berari eta beste emakume bertsolari bati egindako erreferentziak ezagutzen dira.

XX. mendearen bigarren zatian egin zuen salto emakumeak plazara, modu nabarmen batean. Bertsozale Elkarteak emandako datuen arabera, egun bertso eskoletan ari diren haurren %47 neskak dira. Helduen taldean, berriz, emakumezkoak partaideen % 26 dira. Plazaz-plaza ere, emakumezko bertsolarien presentzia gorantz doa, oraindik orain desoreka nabarmena den arren: saioetan emakumeen presentzia %20ekoa da gaur egun.

Bertsozale Elkarteak parekidetasunaren alde egin duen lanarik gabe nekez ulertu daiteke emakume bertsolariek azken urteotan egindako urratsak. Elkartearen barruan Genero Taldea sortu zen 2008an parekidetasuna sustatzeko, izan sorkuntza mailan (bertsogintzan), nola ekimen zein proeiktuen antolaketan, elkarteko egituraketa eta funtzionamenduan zein harremanetan.

Mugimendu gisa, 1993an egin zuten lehen aldiz bertsolaritako emakumeen topaketak, eta 2003an hasi ziren bertsolaritzako emakumeak elkartzen generoaz gogoeta egiteko. Orduz geroztik, bertsolaritzaren esparruan formazio tailerrak eta gaiari buruzko hitzaldiak, elkarrizketak eta artikuluak apurka apurka ugarituz joan dira. Oholtza gainean ere lehen esperimentazioak egiten hasi dira, eta baita generoa eta bertsolaritzari buruzko ikerketak martxan jarri ere (lehena, Jone Miren Hernandezen eskutik).

Elkarteko kideek uste dute bertsolaritzan genero prespektiba lantzea funtsezkoa dela. Batetik, bertsolaritzak euskarazko kultur jarduera gisa gizartean duen presentzia zabalagatik. Izan ere, Bertsolaritza eta Bertsozale Elkartearen egitasmoak milaka pertsonengana iritsi direnez, erantzukizun sozial handia dute proiektatzen duten horrekiko. Bestetik, bertsolaritzak kultur jarduera gisa eszenifikatzen duen guztiagatik ere bada garrantzitsua bertan genero ikuspegia eragitea, elkartearen ustez.

Hastapenak: Mardaras eta Loidi

Emakumezko bertsolaritzan aintzindaria izan zen Kristina Mardaras (Iurreta, 1948). Zortzi-bederatzi urterekin hasi zen bertsotan bere lagun taldearekin batera, Durangoko ikastolan, eta 39 urterekin ekin zion plazan kantatzeari.1983an kantatu zuen lehenbiziko aldiz plazan, eta berau izan zen ondorengo emakumeei bidea irekitzen lehena. Pozez gogoratzen du une hori, "gerora ikusita, aro berri bati hasiera eman zitzaiolako". Esperientzia "polita eta aberatsa" izan zela dio, baina baita "dudaz eta arduraz" betea: "Asko zegoen egiteko eta gutxi ematen nuenaren sentsazioa nuen sarri".

Mardarasek bazuen emakumearen kontzientzia bertsotan hasi zenean, eta emakume izatearen marka saio gutzietan utzi nahi izaten zuen: janzkeran, kantaketan, esatekoetan.. "Etxeko lanak eginda eramaten nituen", dio. Garai hartan emakume bertsolariak egotea zen bere ametsa. Denbora dexente pasatu ondoren, normaltasunez ikusten da emakumea bertsotan, eta Mardaras oraindik "hunkitu" egin da horrekin. "Heldu garen mailara heldu bagara, ez da izan debaldekoa. Normalkuntzara bidean egoteak aurretik lan asko egin dela esan nahi du". Herrietako antolatzaileei, Bertso Elkarteari eta bertso eskolei ez ezik, emakumeak berak hartu duen lanari esker ere emakumearen presentzia bertsolaritzan "sendo" dagoela iritzi dio. Bere ustez, emakumearen presentziak bertsolaritza aberastu egin du.

Mardarasekin batera, bertsolaritzan lehen urratsak egin zituen emakumea izan zen Arantzazu Loidi (Aretxabaleta, 1967). 12 urterekin hasi zen ikastolan bertsotan ikasten, eta ondoren, Eskolarteko Txapelketetan hasi zen. Garai hartan apenas aritzen zen emakumerik bertsotan, eta Loidik ere hasieran ez zuen emakume kontzientzia handirik. "Ni aritzen nintzen, nire lagunekin, eta ez nuen emakume bezala egiten". Gaurko ikuspuntutik begiratuta,  zenbait zailtasun izan zituela aitortzen du, baina orduan naturaltasunez bizi izan zuela.

Euskal Herriko Txapelduna emakume bat izatea garai batean pentsaezina bazen ere, orain zerbait naturala dela ematen du, bere esanetan: "Normala oraingoa da, bertsolari sena daukanak bizi izan dezala, emakume edo gizonezko izan, neskatila edo mutiko". Emakume bertsolariaren egoeraz galdetuta, hala ere, Loidi ez da bereizitasun hori nabarmenatzearen aldekoa: "Bertsolari ikusten dut, bakoitza bere estilo edo ezaugarriekin, bakoitza bere bertsokerarekin eta taldearen barruan onartuta, eta ez emakume delako". Aurrera begira, berriz, normaltasunaren eta naturaltasunaren bidean egunez egun jarraitzea falta dela uste du Loidik.

Aldaketa, bertso-eskolekin

80ko hamarkada inguruan, bertso-eskolak sortu ziren hainbat ikastoletan Xabier Amuriza bertsolariaren eskutik, eta horietan akuilu lana egin zen emakumeen presentziari dagokionez. "Ordura arte jainkoaren dohai bat bezala zen bertsoa, edo jaio egiten zinen bertsolari edo ezin zen ikasi. Eta bazirudien dohai hori soilik gizonezkoek zutela", adierazi du Ainhoa Agirreazaldegi bertsolariak (Elgeta, 1978). Bertso eskolei esker, baina, egoera aldatu dela dio, eta emakumeek bidea egin dutela. Nolanahi ere, oraindik pauso asko eman behar direla uste du. Bere esperientzia propioa da, horren isla. Aitortzen du bertsotan hasi zenean oso gutxi indartu ziotela "plazakotasuna, ausardia eta jolasa", eta etxean neurri batean eta modu oharkabean, "mutikotu" egin zutela.  Hurrengo belaunaldiek hori puskatzeko gaitasuna izan dezaten lan egiten ari da orain Agirreazaldegi. Bere ustez, genero kontzientzia bat garatu beharra dago bertsolaritzan, bertso eskoletan generoa "zehar lerro" bezala hartuz. Urtetako lana izango bada ere, bide onetik goazela iritzi dio bertsolariak.

Leire Ibargurenek Emakumea, oholtza eta umorea lanean adierazten du emakume bertsolariak bertso eskolatik zuzenean oharkabean bezala igotzen direla oholtza gainera, taldearen babesean, baina behin gora igo eta hango gaiekin, joko arauekin eta oraindik bertsolaritzak daukan forman kantatzen eroso sentitzea gehiago kostatzen zaiela. "Oholtza gainean baloratu izan dena altu kantatzea, arrazoi sendoak botatzea, arrazoiketa horretan besteari irabaztea da, eta hor goian egoteko  lidertza bat izan behar duzu. Baina lidertzaren ezaugarri hori ere ez da, hain zuzen, emakumeei barneratu diguten zerbait, beraz oholtzara igo diren emakumeak han zegoena imitatzeak ez ditu asetu, eta asko izan dira gaztetan bertsotan ibili eta utzi dutenak". Ibargurenen aburuz, arazoa datza oholtza gaineko erreferenteak betidanik gizonak izan direla, eta oso denbora gutxi dela emakumeak oholtza gainean ikustea naturaltasunez hartzen hasi garela.

Ildo horretatik, Uxue Alberdi bertsolariak (Elgoibar, 1984), uste du azken urteetan gero eta neska gehiagok hautsi dutela lehengo barrera hori, eta gero eta gehiago direla plazara ateratzen direnak, baina, portzentaian oraindik gutxi direla jauzi hori ematera ausartu direnak. Oraindik, "kristalezko sabai" asko gainditu beharra daudela iritzi dio. Besteak beste, amatasunarena aipatu du Alberdik. Oso gutxi dira bertsolari amak, eta are gutxiago asteburuko jarduna egiten dutenak. Amatasunagatik bertsolaritza uzteko erabakia hartzea ez dela kasualitatea dio. Izan ere, bertsolaritzan, beste jarduera batzuetan bezala, ez zaio erraztasunik jartzen ama den bertsolariari  plazaz plazaz aritzeko. "Gainera, bertsolaritzak eskatzen du erdigunea izatea, publikotasuna, desordutan ibiltzea... eta horiek ez dira erraz uztartzen emakumeari tradizionalki ezarri zaizkion rolekin".

Bera, bertsotan hasi zenean hasi zen kontzientzia feminista  eta emakume kontzientzia hartzen, eta aitortu du bertsoak  lagundu egin diola ohartzen zer den emakume izatea, nola jokatu nahi duen emakumetasunean, eta zer den feminista izatea. "Bertsolaritzak krak batzuk ikusarazi dizkit, eta aukera eman dit astero mikrofono batean jartzeko, eta publikoari zerbait eskaintzeko ez ezik, nire buruarekin esperimentatzeko ere".

Lujanbio, bide luze baten mugarri berriena

Lorea Agirre kazetariak Zapia eta Txapela lanean sakon aztertu du emakumeek bertsolaritzan duten presentzia. Ikuspuntu horretatik, Agirrek "oso une interesegarrian" ikusten du egungo bertsolaritza, "aldaketa prozesu batean sartuta".  Kazetariak bere tesinan dioenaren arabera, emakumeen eraldaketaren sustraiak XV.mendetik ezagutzen diren eta "berriki ahanzturatik" berreskuratu diren emakumezko bertsolarien jardunean daude. "Beti izan dira erresistentziak, disonantziak, gaur diren bezala", dio. Emakumeen eraldaketa hori poliki egin dela azaldu du,  ez dela "aurrez aurreko konfrontazio batean" eman, baina "erresistentzia, disonantzia eta kriki-krakak" sortu dituela.

 Oro har, generoaren aldarrikapenaren eragina bertsolaritzan nabaria dela dio, hau da, gaien tratamenduan, epailetzan, antolakuntzan eta formazioan emakumeen presentzia eta ekarria gero eta nabariagoa dela. Bertso munduan emakumezko bertsolariek sortu duten eraldaketa gizartean ere sumatzen dela dio Agirrek, bertsolaritza euskal kulturan eta gizartean erreferente nagusi delako.

Eraldaketa horren guztiaren irudia 2009an ikusi ahal izan zen, Euskal Herriko Bertso Txapelketa nagusia Maialen Lujanbiok irabazi zuenean. Lujanbiok, agurreko bertsoaren hasieran, emakumeen aldarria egin izana adierazgarria izan zen:

Gogoratzen naiz lehengo amonen
zapi gaineko gobaraz,
gogoratzen naiz lehengo amonez,
gaurko amaz ta alabaz
(...)

Agirreren esanetan, bertso horrekin Lujanbiok hizkuntzaren eta bertsoaren transmisioan mendeetan protagonista izan diren emakumeak esparru publiko nagusira ekarri zituen, "konszienteki", eta hamasei mila lagunen begien aurrean jarri zuen. "Txapel janzte ekitaldia, hamasei mila lagunen aurrean, eta Lujanbiok bota zuen azken agurreko bertsoak laburbiltzen du bertsolaritzaren baitan emakumeek ireki duten bidea", azpimarratu du.


Bibliografia:

- Ibarguren Agirre, Leire
  "Nolako umorea egin nahi dugu emakumeok arte eszenikoetan? Emakumeak, oholtza eta umorea"
  2009-2010 Feminismo eta Genero ikasketak

- Agirre Dorronsoro, Lorea
  2010eko ekaina
  Balioen Filosofia eta Antropologia Sozialaren saila, EHU
  "Zapia eta txapela. Emakume bertsolariak tradizioarekin negoziatzen eta eredu berria sortzen. Negoziazioak eta disonantziak: mututasunetik emulaziora, eta emulaziotik        ahots propiora." 
  Ikerketa nahikotasun tesina

Euskadi, auzolana