Hitzez emakume baserritarren elkarteak Andrakintza saria jaso du.
Muskizko Udaleko Berdintasun Sailak Aian egoitza duen Hitzez emakume baserritarren elkarteari eman dio Andrakintza saria. Emakume eta gizonen arteko aukera berdintasuna defendatzea eta sustatzeagatik hautatu dute elkartea. Aiako emakumeen elkartea 2007 urtean sortu zuten eta harrezkero handituz joan da. Egun, berrogeita hamar partaide ditu. “Hitzez” hautatu zuten “ hitzaren bitartez harremanak mantendu, sentimenduak eta zirrarak eta baita gure bizitzako gazi-gozoak konpartitzen ditugulako”.
Bere helburu nagusiak dira landa-inguruetako emakume baserritarrentzako elkarguneak sortzea eta dinamizatzea; landako emakumeen arteko harremanak sendotzea eta haien heziketa pertsonalaren alde egitea; errealitate familiarra eta sozialaren inguruko hausnarketa eta azterketa bultzatzea eta, ahal den neurrian, aukerak bilatzea; prestakuntza bultzatzea, osasun gai eta kontuetan kontzientzia harraraztea eta landa eremuan gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren aldeko lana egitea.
Eskultura eta 4.500 euroko sari ekonomikoa jaso dituzte Rosa Aramendik eta Arantza Eizagirrek elkartearen izenean. Hurrengo ekitaldien artean, ekainaren 16an Elorriagan (Itziar) Maria Jesus Balbas ginekologoak menopausiari buruz eskainiko duen hitzaldia dago.