2011ko uda – 81 zk.

Aurkibidea
Artikuluak

Lina Gálvez-i elkarrizketa: "Erne ez bagaude, krisialdiak etxeratuko gaitu

Lina Gálvez: Udako ikastaroak, 2011Testua eta argazkiak: Carmen Ruiz de Garibay

Era errealistan eta eskuan datu asko dituela, krisialdiak ekarritako kaltea, emakumeek gizonek baino era handiagoan jasaten dutela dio Sevillako Pablo Olavide Unibertsitateko Historia eta Erakunde Ekonomikoak irakasleak. UPV/EHUko Udako Ikastaroetan, krisialdiaz eta genero ikuspuntuaz eman zuen hitzaldian oso jarrera kritikoa adierazi zuen genero ezberdintasunak sortzen dituzten politika neoliberalekin. “ Bizikiago indigna gaitezen, era koordinatu batean, berdintasun inguruko gaien inguruan  irmo lerratu behar dugu”, esan zuen. Bestela “bidetik datorren  modernitatez mozorroturiko olatu kontserbadoreak ito egingo gaitu”.

Amatasun baja batetik etorri berria da Lina Gálvez. Astirik izan du krisialdi honen garapenaren azterketari berriro ekiteko. Ezberdintasunak krisialdiaren sorreran egon bazeuden eta irakasleak horien gertuko zein egitura mailako arrazoiei buruz hausnarketa egin du.

Oraindik dirauen mundu mailako krisialdi honen zergatiak azalduko dizkiguzu? Zergatik eta nortzuek sortua da?

2001ko atentatuen ondoren Estatu Batuetako diru agintariek interes tipoak jaistea erabaki zuten krisialdi ekonomikoa ekiditeko asmotan. Interes tipoa diruaren prezioa da, banketxeek kobratzen dutena dirua mailegatzeagatik. Neurrik gabeko aberastasunaren bila abiatuta, bezero berriengana, NINJA (no Income, no Jobs, no Assets) izenekoengana, jo zuten. Pertsona horiek momentu hori arte ezin zitezkeen higiezinen merkatuan sartu ez zutelako ez diru sarrerarik, ez lanik, ez ondasunik. Horrela zabor hipotekak jaio ziren, jende gehienak ulertu ez zuen  letra txikiaz idatzirik. Zabor hipoteken intentzioa zein den jakiteko hona hemen adibide bat, EEBBko populazioaren %6a besterik ez dira emakume afroamerikarrak baina zabor hipoteka guztien erdia jaso zuten.

Ahulagoak izateagatik?

Emakume horiek beste kreditu mota eskatzeko aukera gutxiago zuten. Eragiketa mota horietan parte hartu zuten bankariek beraiek esana da emakumeak fidaberagoak direnez engainatzeko errazagoak zirela. Zabor hipotekek genero ukitu handia zuten. Beste aldean zeudenek, neurrik gabeko anbizioa dutenek eta etengabeko desregularizazioko joko arau horiek erabiltzen dituztenek testosterona dezente zuten.

Eta inor ez zen  momentu horretan konturatu?

Bai, finantza munduko ardura handia zuten zenbait lagunek eta emakumezko zein gizonezko hainbat politikarik nabaritu zuten. Brooksley Bornena, Commodity Futures Trading Commissioneko presidentearena, kasu nabarmena da. Eratorri horien erregularizazioa eskatzeko Estatu Batuetako Kongresuan 17 aldiz egon zen, zeren, zabor hipoteka horiek, finantza beste produktu “onekin” biltzen zituzten eta eratorri moduan merkatuan salduz, merkatua pozoitzen zuten. Estatu Batuetako goi mailako finantzariek eta finantza prentsa ekonomikoak andre hori kritikatu zuten. Zehazki zertan zebilen ez zekiela eta finantza krisialdi bat sor zezakeela argitara eman zuten. Jarrera maskulino deritzogunetik asko zegoen krisialdi honen hasieran.

Munduaren ikuskera hau izan da finantza boterea bultzatu duena?

Hainbat urtetan politika neoliberal deflazionistak izan ditugu. Demostratu gabeko ideia bat barreiatu dute, hots, merkatuak botere publikoa baino eraginkorragoak direla eta hazkunde egon dadin, kapital mugimenduak  nazioartekoan libreak izan behar direla diona. Gero eta kontrol gehiago kentzen ari zaizkie mugimendu horiei. Horrek ekartzen du zenbait segundotan kontrol gabe euro mila milioi mugitzeko ahalmena. Horren bitartez finantza erakunde  handiak eta baita inbertsio banku handiek botere handia eskuratu dute. Azken horiek euren joko arauak jartzen dituzte. Aberastasuna kapitala dutenengana itzultzen da, ez da soldata dugun eta populazioaren gehiengoa garenongana heltzen. Soldata baten menpe gaudenok ia diru sarrera guztia gastatzen dugu, aurrezten dugun apurra kontsumitu egiten dugu eta ekonomia produktiboari itzultzen diogu. Kapital handiak, berriz, ekonomia produktiboan inbertitu ordez, dibidendoak banatzen ari dira, eta diru horrekin jokatzen eta espekulatzen ari dira.

Emakumeek ez dute krisialdia sortu baina hura nozitzen dute.

Bai, eta gizonek baina bizikiago. Ondorioak pairatzen ari gara, langabezia, gastu publikoko murrizketak (batez ere gastu sozialean) eta kredituen gutxitzea. Langabezia, Espainian hasi zen, publizitate ikuspuntutik, gizon aurpegia zuela. Argitara ematen ziren argazki guztiak gizon kaskodunenak ziren. Nahiko pribilegiatua eta maskulinizatua dagoen eraikuntza esparruan galtzen ari ziren lanpostuak, baina, langabezien tasa maskulinoa ez da inoiz ere emakumezkoena baina altuagoa izan. Lehen bi digitu bageneuzkan eta Espainia zen Europar Batasunean emakume eta gizonen arteko langabezian alde handiena zuena. Krisialdiak langabezia tasa biak gerturatu ditu. Ez zen oso azkarra izan behar, eraikuntzak beste sektoreak -eta batez ere hain feminizatuta dagoen zerbitzu sektorea- kaltetuko zituela ikusteko. Egun, langabezien kopuru handi bat  emakumeak izaten ari dira. Gainera, langabeziak prekarietatea dakar, lan merkatuan egote aldera edozein gauza onartzen baita. Horrek ahulagoak eta prestakuntza gutxiko langileak atzean uzten ditu.

Soiltasun neurriak diskriminatzaileak izan dira?

Ezartzen ari zaigun soiltasuna dela medio, enplegu eskaintza publikoa murriztu da. Arlo hori emakumeen tarte pribilegiatua da kasu askotan oposaketen bitartez sartzen baita, hor ez dago diskriminaziorik zein sartzen den edo zein ez den sartzen erabakitzeko orduan. Eta baita, gizonen bateragarritasun eta koarduraren arazoei aurre egiteko eragatik, emakumeek, beste lan mota baten ordez, lanpostu iraunkor bat nahiago zutelako. Pribatizazioen alde egingo dute eta horrek emakumeengan eragin handia izango du, Estatua eta publikotasuna pisu handia duten herrialdetan genero berdintasuna handiagoa da. Eta krisialdiko aipatu dudan hirugarren ondorioaz, kredituen murrizketatik ondorioztatzen denaz, termino absolutuetan eragin handiagoa izango du emakumeengan gizonengan baino,  enpresari gehienak gizonezkoak direlako. Kreditu bat eskuratzeko aukera gutxiago dutenek kalte handiagoa nozitzen dute.

Beraz, emakumeek.

Hain zuzen ere. Kredituei buruzko finantza erakundeen datuak ez dira inondik inora azaltzen baina gure eskarmentuak zer gertatzen den esaten digu. Esaterako, emakume banandu berria, eta era berean ezkondu gabeko ama, pertsona arriskugarritzat jotzen dute. Espainian ematen diren kredituetatik 6% soilik dira emakumeei emandakoak eta Europar Batasunean % 3a. Kredituari bideak itxi dizkiote eta jaso duten dirua ez da izan pertsona edo enpresenentzat baizik eta haien lotsakeriak eta zuloak estaltzeko. Europako herriek beste jarrera komuna izan balute, gobernu nazionalek beste soluziobideak, beste aukerak izan zitzaketen.

Egoera ez da poztekoa.

Ba ez. Azken finean moztukatze hau berdintasun aurrerapenetan atzera pausoa baita. Osasun publikoan murrizketak baldin badaude, esate baterako ebakuntza baten ondorengo ospitalizazio egunen kopuruan, efikaziaz hitz egingo duenik egongo da. Baina arretaren beharrean jarraituko du gaixoak, etxean, doan, eta, nork egingo dio? Emakumeek. Emakume eta gizonen arteko berdintasunerako utopia honi kalte egiten dio horrek. Gauzak horrela, berriro sartuko gara lan merkatuan harriz betetako motxila are handiago bat soinean daramagula, eta ezin izango dugu gizonen korritzeko era edota abiadurari eutsi. Gizonek bateragarritasunaz arduratzen ez badira eta Estatuak atzera pausoak ematen baditu,  ordaindu gabeko lanak gora egiten du. Gure bizitzaz zer egin nahi dugun aukeratzeko aukerak gutxitu egiten dira eta emakumeen finantza autonomiak kalte jasotzen du. Hartara, irtenbideetako bat izango da nolabaiteko dualtasuna familia bat osatzeko edo ez osatzeko erabakitzeko garaian.

Orduan,  jaiotze tasek eragina jasoko dute, ezta?

Familia egoera, errenta edo lanbideagatik merkatuko zerbitzu pribatuak erabili ahal dituzten emakumeek aukera handiagoa izango dute zer bizitza mota garatu nahi duten erabakitzeko. Baina ez da horrela izango gehiengoarentzat eta horrek planifikazio familiarraren estrategietan eragina izango du. Alemanian emakumezko lizentziatuen
% 40ak besterik ez du ama izatea erabakitzen. Espainiako datuen arabera, amatasunaren alde bi emakume motak egiten dute: enplegu iraunkorra dutenek eta etxean geratzea behin-betiko, behin-behineko edo partzialki erabakitzen dutenek. Enplegu iraunkorra gero eta gutxiago egoteko tendentzia nagusitzen bada, emakumeek erabaki zorrotzagoa hartu beharko dute bi aukeren artean. Bestaldetik, krisialdian amatasun mobbing handiagoa izaten ari gara. Umeentzako txekearekin ados egon ala ez, haren desagerpena ikusi dugu eta lan erreformak bertan behera utzi ditu emakumeak kontratatzeagatik eskaintzen ziren hobariak. Hala ere, horren inguruan eztabaida genezakeen, ea hobariek eragin onuragarri edo gaiztoak zituzten. Kontua da modernitatez jantzitako olatu kontserbadorea gainean dugula, eta, kontuz, zeren krisialdiari jaramonik egiten ez badiogu, berriz etxeratuko gaitu, fabrika eta lantegitik apartatuko gaitu, Frankok eta gerra zibilaren ondorengo Lanaren Foruak egin zuen moduan. Egun, gainera, modernitatea, hau dela saltzen digute, ama gisa garatu ahal garela, gure umeei bularra eman diezaiekegula bost urte betetzen duten arte. Ume bat erditu beri dut eta pediatren presioa sentitu dut, familiarena eta oro har gizartearena, azkenean errua beti zurea da eta, baimeneko hilabetez gaindi, bularra emateko gogoz ez bazaude,  ama zatarra zara.

Feminismoaren ikuspegitik, zeintzuk dira zure proposamenak krisialdi honetatik ateratzeko, eredu ekonomikoa aldatzeko?

Neoliberalismoak oso mentalitate indibidualista ezarri digu eta asko kosta zaigu haserretzea, erreakzionatzea. Orain, krisialdiaren jatorriari eraso egin behar zaio, politika ekonomiko deflakzionista eta neoliberal horiei, desberdintasuna sortzen duten horiei, eta kapitalaren mugimenduei kontrol demokratikoak jarri behar dizkiegu. Hori egiten ez badugu,  berdintasunerako munduko legerik onenak egin baditzakegu ere, ez dute ezertarako balio izango. Berdintasunerako oso lege ona dugu. Martxoan berdintasun hitzarmena onartu zuten Europan eta hil berean euroaren hitzarmen madarikatua. Bi hitzarmenak betetzea ezinezkoa da. Beraz, politika ekonomikoaren erdian berdintasuna ipintzen dugu edo ez goaz inora. Hori egin behar dugu gure gainetik pasa ez daitezen. Nazioarteko finantzari guzti horiek arrastoan sartzen ez baditugu, beste krisialdia izango dugu. 70 hamarkadaz geroztik ehunetik gora krisi finantzario izan dira, baina sekula ez, tradizioz, herrialde aberatsek gaur egun nozitzen ari garena bezain zabala. Orain mundu osoa krisian dagoela uste dugu, baina badira krisialdi hori jasaten ari ez diren herrialdeak, Argentina eta Brasil asko hazten ari dira, Txina baita ere. 

Beste jarduera ekonomikoa bultzatu behar da, produkzioan eta emakumeen tradiziozko zereginean oinarrituta, hau da, pertsonen ongizatea bermatzean. Ekonomiaren helburuak ez du zergatik Barne Produktu Gordinaren hazkundean fokatuta egon behar; aldiz, pertsonen beharrak bete behar dira, kasinozko ekonomia espekulatibo honen aurrean. 

Hau da, beste botere mota bat, beste modu batera partekatuta.

Bai, nazioarteko ordena beste modu batez arautzea, gaur egun dugun demokrazia areagotuz. Saltzen dizkiguten nazioarteko erakundeak ez dira batere demokratikoak. Zenbait herrialde edo talderen interesak hobesten dituzte eta besterenak kaltetu. Patriarkatua gainditu behar dugu, bestelako pizgarriak izan, balio berriak, fokapen berriak. Une honetan boterea finantzarien eskuetan dago, ez dago ez demokratikoki hautatutako gobernuen eskuetan. Boterearen partekatze oso desberdina dago ere gizonen eta emakumeen artean. Elkartzen bagara botere handia izango dugu eta gobernuek hiritarrek boterea izatea behar dute haiek ere boterea izateko, estortsio egiten ari zaizkien botere finantzari horien aurrean. Gehiago haserretu beharko ginateke, batera, berdintasun gaietan elkarrekin adostasuna lortu.

Humanitatearen aurkako krimentzat har daitezke estortsio eta botere abusu horiek?

Ados nago zurekin. Nazioarteko kapital mugimendu horien artean, krisia, hipoteka zaborra eta banketxeen kredituen itxieraren artean gaudela, inbertsio banketxe famatuen webgunetan zera esaten zuten: elikagaietan inbertitu, balore ziurra da. Elikagaietan inbertitzeak esan nahi du, adibidez, arrozaren prezioarekin espekulatzea, kontuan izanik, arroza dela munduko milioika pertsonen oinarrizko elikagaia eta pertsona horiek gosera kondenatzen ari direla. Horregatik, humanitatearen aurkako krimenez mintza gaitezke. Botere handia dutelako egiten dute hori, demokratikoki hautatutako gobernuei estortsio egiten diete eta gobernu horiek ez gaituzte ordezkatzen, eskuak lotuta dituztelako.

SOBERAN PRESTATUA

  • Sevillako Pablo de Olavide Unibertsitateko Historia eta Erakunde Ekonomikoko Irakaslea eta graduondoko errektore ordea.
  • Genero eta berdintasuneko unibertsitate masterra eta garapen eta hiritargoko doktoretza zuzentzen ditu.
  • Bere ikerketa generoaren analisian eta enpresetako lanaren antolamenduan oinarritu da, bai eta merkatuan, denboraren erabileran eta ordaindu gabeko lanaren definizioan eta kuantifikazioan.
  • Gaur egun ikertzaile nagusia da I+D+i Plan Nazionalari buruzko proiektu batean (Lan merkatuak koardura eta denboraren erabileraren ikuspuntutik) eta Andaluziako Juntako bikaintasun proiektu batean ari da (Zaintzaren ekonomia Andaluzian).
  • Europako Gender and Well-being. Work, Family and Public Policies sareko eta PNUD, Unpaid Work, Gender and the Care Economy taldeko kidea.
  • EcoEcoFem (Ekologia, Feminismo eta Garapen Ekonomia) ikerketa taldeko ikerlari arduraduna.
  • Argitalpenak: Egilea, besteekin batera “Desigualdades: mujeres y hombres ante la crisis financiera” (2010), “Mujeres y mercado de trabajo en España. Cuatro estudios sobre la discriminación salarial y la segregación laboral” (2010), “Impacto de la ley de Igualdad y la conciliación de la vida laboral, familiar y personal de las empresas andaluzas” (2010), “Gender and Well-being. Historical and Contemporary perspectivas” (2009), “Feminismo ante la crisis, XIX Taller de Política Feminista” (2009), “Informations sociales” (2009).
  • Andaluziako Estatistika Kontseiluko Kontseilaria. Andaluziako Estatistika Institutua koordinatzen du Andaluziako Plan Estatistikoan generoaren zeharkako ardatzaren sartzeari buruzkoa.
  • Antequerako Zientzia Akademiako urgazlea.
  • Andaluziako Juntako Meridiana Saria (2011) bere balio akademikoagatik edo genero ikuspegiaren konpromisoagatik, pertsona gazteen edo enpresen artean berdintasunaren aldeko balioak garatzen dituzten ekimenenen sailean.
Euskadi, auzolana