2011ko uda – 81 zk.

Aurkibidea
Artikuluak

Hauek ere, Emakume bikainak

 

Patricia Cornwellek eleberri beltzako nazioarteko RBA saria irabazi du

Montse Velasco bartzelonako sommelier gaztea "Nariz de Oro 2011" saria

Natalia Rodríguez Atletismoko Munduko Txapelketan brontzezko domina

Esther M. Rebato Antropologia Fisikoaren Espainiako Elkarteko presidente hautatu dute

Christine Lagare, NDFko zuzendari berria

Josefina Molina, Zinemako Emakume saria

Bibiana Aído, NBE Emakumeak erakundearen aholkularia

María Blascok Babacid ordezkatu du Ikerketa Onkologikorako Zentro Naziolanaren buruan

Jeannine Longo txirrindulari frantziarra bere 58 sari nazionala irabazi du 52 urte dituela

Edurne Pasaban 2011eko Euskal Herritar Unibertsala Saria

Chus Gutierrez, Valentziako Cinema Jove-n saritua

Isabel Sánchez, Periodismo Solidario Saria

Estefanía Morcillo, Miramon-eko Parke Teknologikoko zuzendari berria

Maria Bayo, Eusko Ikaskuntzako Humanitate Saria

Jill Abramson kazetariak zuzenduko du The New York Times

Leonora Carrington artista surrealista zendu da

Manal al Sherif, Arabia Saudin espetxeratua autoa gidatzeagatik 

Jasone Cenoz UPV/EHUko irakasleak Hizkuntzalaritza Aplikatuko Espainako Elkartearen ikerketa saria lortu du

Alma Guillermoprieto kazetari mexikotarrak, Agustín Merello Komunikazio Saria jaso du 

María Helena Nazaré Europako Unibertsitateko Elkarteko lehen emakumezko presidentea

Rigoberta Menchú Guatemala-ko presidentziarako hautagaia

Yoana Figueras Zinemaldiaren 59. edizioaren kartelen egilea Australian

 


Patricia Cornwellek Eleberri Beltzako Nazioarteko RBA saria irabazi du.

Estatu Batuetako Patricia Cornwell (Miami, 1956) idazleak Eleberri Beltzako Nazioarteko RBA bosgarren saria irabazi du. Polizia generoan ikerketa forensea sartu zuen Kay Scarpetta auzitegiko medikua pertsonaiaren bitartez. Telesaio ugariek inspirazio iturri izan dute gero ekarpen hori.

Cornwell, Patrick Welsh izengoitiaz,  Red rain izeneko lanarekin aurkeztu zen sarira. Lehenbiziko pertsonaz kontaturik, aurreko eleberrietako zenbait pertsonaia erabili ditu egileak. Scarpetta doktorea Lege eta Auzitegi Medikuntzako zuzendaria da Cambridgen (Massachussets) eta defentsa departamenduan laguntza ematen du.

Idazleak Auzitegiko Zientziak eta Medikuntza ikasteaz gain ezbeharren kazetaria izan eta Virginiako Richmondeko gorputegian lan egin zuen. Saritutako eleberria Gabonetan argitaratuko dute ingelesez.
Hasiera

Montse Velasco Bartzelonako sommelier gaztea Nariz de Oro 2011 saria

Montse Velasco beste 48 sommelierrekin lehian aritu zen 2011ko Nariz de oro saria lortu ahal izateko. Lehiaketan parte hartzen zuen laugarren aldia zen eta azken hiru urte hauetan jarraian, emakumeak izan dira sari ospetsu hau jaso dutenak. Aurretik, Andrea Alonso eta María José Vázquez izan ziren irabazleak.
Montse Velasco ados dago emakumeek usaimena gizonek baino garatuagoa dutela ziurtatzen duten ikerketekin. Honez gain, Velascoren ustez emakumeak lanean oso eraginkorrak eta irmoak dira, eta lehiaketaren azken aldi hauetan hala gertatu da. Lanbide honetan gizonak gehiengoa badira ere, gero eta emakume gehiago dago, enologiaren alorrean eta ardoen munduaren alderdi komertzialetan bezala. Dastatze unean, dio, emakume bat izatea inportantea da, beste kutsuren bat aurki dezakeelako.

Montse Velasco turismo ikasketak egin zituen eta handik ostalaritzan eta sommelier arloan sartu zen. Familiaren negozioan lan egiteak girotu egin zuen eta 2005ean egin zuen sommelierentzako ikastaroa. Dastatzean prestakuntza izateaz gain, sommelier on bat izateko, batek, ahosabai egokia, memoria ona eta sormena izan behar duela uste du, bai eta bezeroei aholkua emateko eta zapore berriak dastatzeko gaitasuna ere.
Hasiera


Natalia Rodríguez, Atletismoko Munduko Txapelketan brontzezko domina

Natalia Rodríguez kataluniarrak 1.500 metrokoan brontzezko domina lortu du Daegun ospaturiko (Hego Korea) Munduko Atletismo Txapelketan. Tarragonan jaioak Berlinen 2009an izan zuen desengainua gainditu egin du. Bertan, urrezko domina kendu zioten pistatik Gelete Burka ateratzeagatik eta brontzezko domina ipini behar izan zioten, Jennifer Barringer-Simpson estatubatuarraren eta Hannah England britainiarraren atzetik.

Natalia Rodríguezen domina Espainiako emakumeen atletismoak irabazi duen hamargarrena da.  Natalia Rodriguezek atletismoko zita inportante batean parte hartzen duen laugarren aldia da. 2010ean, Dohako Munduko Txapelketan eta 2009an Turingoko Europarrean zilarrezkoak lortu zituen, biak pista estalian, eta joan den udan Bartzelonako Europako Txapelketan, aire librean, brontzezkoa.
Hasiera

Esther M. Rebato Antropologia Fisikoaren Espainiako Elkarteko presidente hautatu dute

Esther M. RebatoEsther M. Rebato, Zientzia eta Teknologia Fakultateko (UPV/EHU) Genetika, Antropologia Fisikoa eta Animalien Fisiologia Saileko irakaslea, Antropologia Fisikoaren Espainiako Elkarteko (SEAF) presidente hautatu dute, ekainean Bartzelonan egindako XIX. Batzar Nagusian.
Esther M. Rebatoren ikerketa ildo nagusiak elikaduraren antropologia, auxologia (giza hazkundea eta garapena) eta giza ekologia dira. Egun garatzen ari den lanen artean “Obesidad en familias de etnia gitana del Gran Bilbao. Aspectos sociales y de género” proiektua dago. Horren haritik, ijito etniako familietan gizentasun fenotipoen zenbait faktore genetiko eta ingurumeneko aztertuko ditu gutxienez hiru urtez. Ikerlan epidemiologikoen esparruan, ikerkuntza lan sakona egin du Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren bi sexuetako “unibertsitateko ikasleen elikadura egoerari eta gorputz irudiaren pertzepzioari” buruz.

Esther Rebatok Aleš Hrdlička domina akademiko entzutetsua jaso du, Txekiar Errepublikako Antropologia Elkarteak eta Estatu Batuetan jardun zuen zientzialari horren jaioterri Humpolec hiriak egindako proposamenari jarraiki. “Ikasle txekiarren prestakuntzan laguntzeagatik, irakasle eta ikasleekin truke hitzarmenak ezartzeagatik eta Pragako Charles Unibertsitatearekin arlo zientifikoan elkarlanean aritzeagatik” eman zaio saria.

Antropologia Fisikoaren Espainiako Elkartea (SEAF) irabazi asmorik gabeko elkarte bat da. Horren baitan, askotariko ibilbide profesionaletako zientzialariek -nagusiki, Biologiaren arlokoek, baina baita beste arlo batzuetakoek ere, esate baterako, Medikuntzakoek- Antropologia Fisikoaren arloan egiten dute lan. Elkartearen helburua Biologiaren arlo honetako ikerketa sustatzea eta ezagutza zabaltzea da.

Hasiera

Christine Lagarde, NDFko zuzendari berria

Christine Lagarde, Frantziako Ekonomiako Ministroa, kontsentsuz aukeratu dute Nazioarteko Diru Funtseko zuzendari berri. Dominique Strauss-Kahn ordeztuko du, honek bere kargua maiatzaren 19an utzi ondoren, New Yorkeko hotel bateko zerbitzari bat bortxatu zuela leporatu ziotenean. Dominique Strauss-Kahnen dimisioa aldarrikatu zutenetik, Lagarde, Agustin Carstens, Mexikoko banku zentraleko gobernatzailearekin lehian sartu zen postua eskuratzeko. Azkenik, izendapen honek Funtsaren buruan europarrek izandako monopolioa iraunarazten du, duela hirurogeita bost urte sortu zenetik, Europako ordezkariek zuzendu dutelako. Gainera, NDFren hamar zuzendarietatik lau frantziarrak izan dira: Pierre-Paul Schweitzer, Jacques de Larosière, Michel Camdessus eta Dominique Strauss-Kahn, erakunde hau 36 urtez zuzendu zutelarik. Christine Lagarde NDFaren buruan izango den lehen emakumea izango da.

Egunkariei egindako aldarrikapenen arabera, politiko frantziarrak enpresen zuzendaritzan eta politikan, ministro gisa, izandako esperientzia guztia ekarriko dio Funtsari eta “jarduera guztietan erakutsi dudan taldeko izpiritu irekiarekin lan egitea” prometatu du. Funtsaren botere egitura egokitzeko ere lan egingo duela esan du, goraka ari diren herrialdeen nabarmena eta aldatzen ari den errealitate ekonomiko globala kontutan hartuz.

Lagarde abokatua da lanbidez. 25 urtez Baker & McKenzie bezalako nazioarteko firmetan aritu zen. Geroago, estatuko zerbitzuan sartu zen, Kanpo Komertzioko Ministro bezala, Jaques Chirac-en administrazioan; Nekazaritza eta Arrantza Ministro bezala Nicolas Sarkozyren gobernuan eta azkenik, Finantza Ministro bezala. G20 eta G7an parte hartu du nabarmenki, krisi ekonomiko berri honetan. 2004an Forbesek munduko emakume boteretsuenen zerrendan sartu zuen.

Hasiera 

Josefina Molina, Zinemako Emakume Saria

Josefina Molina zinema zuzendariak jasoko du datorren 8an Madrilgo Arte eta Zinematografia Zientzien Akademian, 2011ko Zinemako Emakume Saria, bere ibilbide profesionala dela eta. Sari hau Emakumearen Institutuaren ekimena da, zinema eremuan emakumeek egindako lana aldarrikatu eta bistaratzeko.
Ekitaldiaren ondoren, “Función de Noche” (1981) filma proiektatuko da, estreinaldiaren 30 urteurrenarekin bat. Lan hau Josefina Molinaren lan aipagarrienetakoa da.
Madrilgo Complutense unibertsitatean Politika Zientziatan lizentziatua, Josefina Molina Espainiako Zinematografiako Eskola Ofizialean zuzendari eta errealizadore titulua lortu zuen lehen emakume espainola izan zen. Cordoban, bere jaioterrian, Medea Saiakera Antzerkia sortu zuen eta bertan zenbait ikuskizun zuzendu. TVEn hainbat programa dramatiko egin zituen, bai eta Franz Kafka, Charles Dickens, Edgar Allan Poe eta Lope de Vega bezalako idazleen egokitzapenak ere.

“La rama seca”, bere lehen laburmetraia, 1972an zuzendu zuen. Geroago “Vera, un cuento cruel” (1973) egin zuen. “El camino” (1977) telebistarako eginiko filma da, Valladolideko Miguel Delibes idazlearen obran oinarritua. Egile honen drama da ere “Función de noche” (1981), Lola Herrera protagonista duelarik. Lan hau antzokietara eta pantailara eraman zuen. Ospe handia eman zion beste lan bat “Teresa de Jesús” (1984) telebista saila izan zen, Concha Velascok antzeztua. Geroago egin zituen “Esquilache” (1988) filma historikoa; “Lo más natural” (1990); “La Lola se va a los puertos” (1993) eta “Entre naranjos” (1997) tele saila, Blasco Ibáñezen nobelan oinarritua.

Gainera, hiru eleberri argitaratu ditu “Cuestión de azar”, “En el umbral de la hoguera” eta “Los papeles de Bécquer”. Arte Ederren urrezko domina jaso du eta CIMAko (zinema eta audiobisualen emakumeen elkartea) ohoreko presidentea da.

Hasiera

Bibiana Aído, NBE Emakumeak erakundearen aholkularia

Bibiana Aído, Berdintasunerako Estatuko Idazkaria, NBE Emakumeak erakundearen aholkulari izendatu dute. Michelle Bachellet, Chileko presidente ohia da Erakunde honen zuzendaria. Kudeaketa eta Administrazioko Arloaren aholkularia izango da,  Giovanie Biha, arloko buruaren azpitik. Joan den urritik Aído Estatuko Idazkaritza zuen bere gain, Osasun eta Politika Sozialeko Ministerioak Berdintasunerako Ministerioa beretu zuenetik.

Viviana Aído Cadizekoa da eta 34 urte ditu. 2010eko urriraino Berdintasunerako Ministroa izan zen, Zapatero presidentearen azken Gobernu birmoldaketan Osasun eta Politika Sozialeko Ministerioak Berdintasunarena bere gain hartu eta hiru ataleko Ministerio berriaren buru gisa Leire Pajín izendatu zuten arte. NBE Emakumeak luzatutako iragarkiaren arabera, Bibiana Aídok “Espainiako politikan lan asko egin du berdintasunak eremu guztiak zeharkatzeko, bai eta genero berdintasuna eta generoko ikuspegiarekin lotutako arazoak bistaratzeko, atzerriko foro askotan, hala Europar Batasunean, nola Generoko Indarkeriaren aurkako Europako Behategian, estrategia europarra sustatzeko”.
Hasiera 

María Blascok Barbacid ordezkatu du Ikerketa Onkologikoetarako Zentro Nazionalaren buruan

Ikerketa Onkologikoetarako Zentro Nazionalaren Patronatuak (CNIO gaztelaniazko sigletan) aho batez izendatu du María Blasco erakundearen zuzendari, modu honetan Mariano Barbacid ordezkatuz. Barbacidek dimisioa aurkeztu zuen 2009ko irailean. Blasco erakunde bereko Oinarrizko Ikerketa saileko zuzendari ordea zen.

1965ean Alicanten jaioa, María Blascok bere doktoretza tesia Severo Ochoa Biologia Molekularreko Zentroan egin zuen eta Margarita Salasek ikuskatu zion lana. Biokimika eta Biologia Molekularrean egin zuen doktoretza eta ondoren New Yorkeko
Cold Spring Harbor Laboratoryn jarraitu zituen ikasketak 1993 eta 1996 bitartean. Urtebete beranduago Espainiara itzuli zen eta CSICeko Bioteknologiako Zentro Nazionaleko Taldearen buru izendatu zuten. 2003an CNIOra itzuli zen Telomero eta Telomerasa Taldeko buru eta Onkologia Molekularreko Programako zuzendari gisa. 2005etik ere Oinarriko Ikerketako zuzendari orde bazen. Kromosomen muturren edo telomeroen ikerketan aditua da. Telomeroek pertsona bakoitzaren informazio genetikoa duten egitura horiek zirpiltzea galerazten dute.

140tik gora artikulu idatzi ditu zientzia munduan ezinbestekotzat hartzen diren aldizkarietan, adibidez, Nature, Cell edo Science. Era berean, sari desberdinak jaso ditu: Santiago Ramón y Cajal Sari Nazionala, Biologia arloan; Jaime I Erregearen Oinarrizko Ikerketaren saria; eta Biologia Molekularreko Europako Erakundearen (EMBO ingelesez) Urrezko Domina.
Hasiera

Jeannie Longo txirrindulari frantziarrak bere 58 sari nazionala irabazi du 52 urte dituela


52 urterekin, Jeannie Longo Frantziako txirrindularitzako txapelketa irabazi du 58. aldiz. Lehena 1979an lortu zuen. Boulogne-sur-Meren erlojupeko proban garaile izan zen, 1979an jaiotako Christel Ferrier Bruneauren aurretik, 42 segundoko aldearekin, bere hamaikagarren erlojupeko titulu nazionala bereganatuz. Annecyn jaiotako txirrindulari frantziarrak munduko 13 txapelketa eta lau domina olinpiko irabazi ditu. Aparteko ibilbide hau efedrinako positiboa eman zuenean bakarrik ilundu zen1997an.  Debekatutako sustantziarik hartu ez zuela aitortu zuen Longok eta positiboa sendagaien bati leporatu zion. Ez zuen zigorrik jaso eta txirrindularitzan jarraitu ahal izan zuen. Frantziako hiru Tour irabazi ditu, 1897, 1988 eta 1989an. Pekinen, bere zazpigarren joko olinpikoetan, laugarren izan zen.
Hasiera

Edurne Pasaban  2011eko Euskal Herritar Unibertsala Saria

Eusko Jaurlaritzak eta Euskadiko Kutxak Edurne Pasaban mendizaleari  emango diote 2011eko Euskal Herritar Unibertsala Saria. Pertsona, elkarte edo erakunde batek "Euskadiko irudi positiboa zabaltzeagatik" garatutako ekintza pertsonal edo profesionala nabarmendu nahi da sari horren bitartez. Patxi Lopez lehendakariak ekainaren 28an eskuratuko dio.
Epaimahaiak Pasaban-ek kirol arloan eginiko ibilaldia eta lortutako arrakastak saritu nahi zituen, hau da,  munduko 14 gailurrik altuenak zapaldu izana. Ibilaldi horri hasiera eman zion euskal alpinistak 2001ko maiatzean Everest-ean eta   aurtengo maiatzean Shisha Pangma-ko  gailurrera iritsi zenean amaiera eman dio. Epaimahaiak Pasaban aukeratu du beste 11 hautagairen artean, "Euskadiren izena planeta osora" eraman duelako, "diziplina, pertseberantzia eta pasioa" baloreek lagunduta. Transmititzen dituen balore eta bere kirol "ibilbide miresgarriagatik" "Euskadiren enbaxadore handia" da epaimahaikideen ustez. 
2009ko urrian  Jaurlaritzak ematen duen Lan Ona Saria ere jaso zuen alpinistak,  Iñaki Gabilondo kazetaria, Juan María Bandres politikaria, eta  Mondragon Taldeko zuzendaria den  José María Aldekoa-rekin batera.
Hasiera

 
Chus Gutierrez, Valentziako Cinema Jove-n saritua

Ekainaren 17 eta 24 bitartean ospatu den  XXVI Nazioarteko Cinema Jove Jaialdian Chus Gutierrez zuzendariaren  erretrospektiba  eskaintzeaz gain, La Luna de Valencia Saria eman diote. 
Chus Gutierrez (Granada, 1962) zuzendari eta gidoi egileak 80 hamarkadan hasi zen zinema munduan eta harrezkero haren ahots  zinematografikoa gero eta handiagoa bihurtu da. Haren garaiarekin konpromisoa izaki dozena bat filma errodatu ditu. Bertan emakumeak protagonistak dira. Lehenbiziko filmean, Sublet-en (1991) gure munduaz duen emakumezko begirada agerian utzi zuen. New York-en errodatuta eta Fernando Trueba-k ekoiztutako film honetan gazte espainiar bat bere  bizitza aurrera atera nahian zebilen  etxe orratzen hirian. Goya sarien hautagaia izan zen zuzendari berrien sailean eta  Cinema Jove Jaialdian Sari bat jaso zuen.
Emakumeen munduak egituratzen du Chus Gutierrez-en zinematografiaren  gehiena. Haren filmek nazioartekoan sari ugari jaso dituzte: “Poniente” (2001), Fipresci  Saria Guadalajaran (Mexiko) izan da; “Retorno a Hansala” (2008), Valladolid-eko Epaimahaiaren Sari Berezia,  eta  Kairo-ko Zinema Jaialdian saritua izan da.
Hasiera

 
Isabel Sanchez, Periodismo Solidario Saria

Hazloposible  Fundazioak AECID-en laguntzaz antolatzen dituen   Periodismo Solidario sarietan Isabel Sanchez saritu du  “Detrás de una llamada” artikuluagatik. Kazetariak patrikako telefonoak eta koltan-aren inguruko gaia ikertu zuen sakonki. Mineral hori  Kongo Errepublika Demokratikoko meategietatik atera eta telefonoak egiteko balio du.  
Honako hauek izan ziren epaimahaikideak: Marta Arroyo, ElMundo.es-eko Solidaritate saileko kazetari arduraduna, Rosa Jimenez Cano, ElPais.com-eko Blogen Komunitateko arduraduna, Jose Antonio Ritore, La Regla de Williams izeneko blog-en sortzailea, lainformacion.com egunkarian, Daniel Seseña, kazetaria RTVE-ko Camara Abierta saioko arduraduna, Hernan Zin, gerra berriemailea eta Viaje a la Guerra blog-eko sortzailea  20Minutos.es atarian  eta  Paloma Ortega,  Fundacion Hazloposible-ko kazetaria eta komunikazio arduraduna. 
Saria, Brasileko mikroproiektu bat ezagutzeko bidaia bat da, GKE AIPC Pandora-ren eskutik.
Hasiera

Estefania Morcillo, Miramon-eko Parke Teknologikoko zuzendari berria

Estefania Morcillo, Miramon-eko Parke Teknologikoko zuzendari berria izango da Lucio Hermandoren ordez. SPRI Taldeko Azpiegituren Arloan integratutako eta Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailari atxikitako Donostiako Parke Teknologiko Administrazio Kontseiluak hala erabaki zuen ekainaren 15ean.
Estefania Morcillo Hernaniko zinegotzi sozialista ezagun baten alaba da. Euskal Herriko Unibertsitatean Arkitektura ikasi zuen eta 2003tik Industrialdeak Programako Tailsa-Tolosaldeko Apattaerreka Industria Lurra sozietateko kudeatzearekin batera zinegotzi lanak egiten zituen Hernaniko Hirigintzako Batzordean. Azken hauteskundetan PSEko alkategaia izan da. Hernanirekin duen loturagatik eta Hernanirako egin duen lanagatik parte hartu ahal izan du Hernaniko Galarreta eremuan  Miramon-eko Parke Teknologikoa zabaltzeko proiektuaren aurrerapenean. Donostiako Parke teknologikoan  emango duen aldi berrian Galarretakoa  izango da lideratu beharko duen  proiektu estrategikoa,  bai eta Gipuzkoako SPRIren  azpiegituraren Lurraldeko Zuzendaritzaren kudeaketa. Lurzoruaren kudeaketa publikoan duen eskarmentuari gehitu behar zaio  Lurraldearen Antolamendurako Batzordean Industria Saileko ordezkari moduan lan egin izana.
Hasiera

 

María Bayo, Eusko Ikaskuntzako Humanitate Saria

Epaimahaiak aho batez erabaki zuen Maria Bayo soprano nafarrari Eusko Ikaskuntza – Euskadiko Kutxa Humanitate, Kultura, Arte eta Gizarte Zientzien 2011ko Saria ematea. Epaimahaiak kontuan izan ditu “haren ibilbide artistiko eta kulturala, eta bere balio humanoa”. Era berean azpimarratu du “haren lanaren unibertsaltasunak” haren  nafar sustraiak, musikarekiko pasioa eta haren  lanbidea barneratzen dituela.

Munduko eszenatoki nagusienetan jardutea, lieder eta oratorio errepertorioak bereziki lantzea eta ondarea berreskuratzeko egindako lana baloratu ditu, bai eta Bayo-ren interes berezia kontzertu-kanta generoa zabaltzeko, euskal kanten errepertorioa grabatuz eta munduan zehar kantatuz.

Bayo, Jakiunde Zientzia, Arte eta Letren Akademiako kidea da eta lehendik Nafarroako Vianako Printzearen Saria du.

Maria Bayo Fiteron jaio zen 1958ko maiatzaren 28an. Iruñeko Pablo Sarasate Kontserbatorioan musika ikasketak egin zituen eta Detmold-eko (Alemania) Hochschule Für Musik Westfalen Lippe eskolan ikasi zuen. Lieder, oratorio eta opera interpretari gisa Europan, Amerikan eta Japonian kantatu du. Oso maiz gonbidatzen dute munduko eszenatoki nagusietan kantatzera, hala nola,  Milaneko Scala, Berlingo Staatsoper, Bruselako la Monnaie, Londreseko Covent Garden eta New Yorkeko Metropolitan, besteak beste.

Azpimarratzekoa da ondare musikala berreskuratzeko egindako lana. XVII mendeko zarzuela barroko eta klasikoak, bai eta XIX eta XX mendeko zarzuelak ekoiztu ditu. Indian emakumeen egoerari buruzko sentsibilizazio kanpainetan parte hartu du UNICEFen eskutik. 35 disko grabatu ditu. 

Eusko Ikaskuntza – Euskadiko Kutxa Saria udazkenean emango diotela badakigu, baina oraindik ez dute datarik finkatu. Sari hau 1995ean eratu zen Humanitate, Kultura, Arte eta Gizarte Zientzia arloetan ibilbide garrantzitsua izan duten pertsonak nabarmentzeko, baldintza hau betetzen delarik: “saritutako pertsonaren lan orokorrak Baskoniako garapen kulturalari ekarpena egin izana”.
Hasiera

Jill Abramson kazetariak zuzenduko du The New York Times

Jill Abramson kazetaria izango da The New York Times egunkariko zuzendari berria. Horrela, 160 urte dituen egunkari honetako lehen emakume zuzendaria izango da. Irailean hartuko du kargua Bill Keller ordezkatuz. Abramson New Yorken jaio zen eta  kazetari lanetan ibilbide luzea du. Harvarden lizentziatu ondoren NBC telebistan hasi zen kazetaritza lanetan. Handik gutxira lege gaietako The American Lawyer and Legal Times argitalpenean sartu eta edukien zuzendari lanetan ere aritu zen. Ondoren,  Wall Street Journal-en lan egin zuen Washington-eko erredakzioan The New York Times-en jardun aurretik, ikerketa erreportari gisa eta hiri horretako bulegoko buru gisa. 2003an New Yorkera joan zen editore – zuzendari kargua hartzeko eta joan den urtean egunkariko web orriaren eta on-line edizioaren ardura izan zuen.
Kazetaritza munduan, emakumeek gehiengoa osatzen dute baina hala eta guztiz ere, emakume batek zuzendaritza postu bat eskuratzea oraindik  berria da tamalez. Iaz Espainian lortu zituzten 3000 kazetaritza lizentziaturetatik % 70a emakumezkoenak ziren. Estatu batuetan hedabideetako langileen erdia izaten dira emakumeak, % 51a hain zuzen ere. Aitzitik, IWMF-ren (Nazioarteko emakumeen Komunikabideen Fundazioak) Txosten Globalak komunikabideetako emakumeen egoera aztertu du. Horren arabera, esparru honetako goi mailako karguetako % 73a gizonezkoen eskuetan dago.
Hasiera

Leonora Carrington artista surrealista zendu da

Leonora Carrington pintore, eskultore eta idazle surrealistaren heriotzak mundu artistikoan bete ezinezko hutsunea utzi du. Haren bizitza Elena Poniatowska-k berriki idatzita utzi zuen “Leonora” izeneko eleberrian. Maiatzaren 25ean pneumonia baten ondorioz zendu zen 94 urte zituela, konbentzioen eta nazismoaren aurka borrokatu zuen emakume berezi hau.

Leonora Ingalaterrako ehungintzan aberastu zen familia burges batean jaio zen baina txikitatik gizartearen konbentzioen, guraso eta irakasleen aurka joan zen eta lotura erlijioso eta ideologikoak hautsi zituen arlo pertsonalean eta artistikoan emakume librea izateko. Sutsuki bizi izan zen eta bere lengoaia piktorikoa garatzea lortu zuen. Gai zeltikoak, sinbologia alkimikoa, gnostizismoa, kabala, psikologia jungiarra eta budismo tibetarra izan zituen eragile, 2003an “Artstudio Magazine” aldizkarian adierazi zuenez. Ehunka marrazki, eskultura, tapiz eta mural egin zituen, hainbat liburu argitaratzeaz gain. Horien artean aipatzekoak dira “La Casa del miedo”, “Una camisa de dormir de franela”, “El mundo mágico de los mayas”, “La señora Oval: Historias surrealistas”, “Memorias de abajo”, “La puerta de piedra”, “El séptimo caballo y otros cuentos”, “En bas” (autobiografia), “Conejos blancos”, “La invención del mole” eta “La trompeta acústica”.
Marx Ernst margolari alemaniarrak sartu zuen surrealismoan eta berarekin amodio istorio zurrunbilotsua bizi izan zuen. Joan Miró, André Breton, Picasso eta Salvador Dalí ere ezagutu zituen. 1938an Amsterdam eta Paris-eko Nazioarteko Surrealismoko Erakusketa handian parte hartu zuen “La casa del miedo” izeneko ipuin liburuarekin. Max Ernst kontzentrazio eremu batean sartu zutenean depresioak jo zuen eta nazien inbasioaren ondorioz Espainiara etorri zen. Bere aitak hala erabakita Santanderreko eroetxe batean sartu zuten baina  bertatik Lisboara ihes egin zuen. Portugaleko Hiriburuan Renato Leduc diplomatiko mexikarra ezagutu eta berarekin ezkondu zen. Denboraldi batez New Yorken bizi ondoren  1942an Mexikon finkatu zen behin betiko. Senarrarengandik banandu, Emérico “Chiki” Weisz argazkilari hungariarrarekin ezkondu eta bi seme izan zituen: Gabriel eta Pablo.
Mexikon erbestean ziren lagun surrealistekin harremanetan hasi zen berriro, André Breton, Benjamín Peret, Alice Rahon, Wolfgang Paalen, Luis Buñuel eta Remedios Varo margolari espainiarrarekin. Hemen garatu zuen benetan bitxia eta apartekoa izango zen ibilbide artistiko eta literarioa.
Ingalaterrako Isabel II Erreginak Inperio Britainiarraren Ordena eman zion eta 2005ean Mexikoko Gobernuaren esku Arte Ederretako Sari Nazionala jaso zuen.
Hasiera


Manal al Sherif, Arabia Saudin espetxeratua autoa gidatzeagatik

Manal al Sherif saudiarabiarra atxilotua eta emakume presondegi batean espetxeratua izan da Saudi Arabian autoa gidatzeagatik. Bertan ez dago hori debekatzen duen legerik baina “sharian”  jasotako arau erlijiosoetan oinarritu dira emakumea atxilotzeko, horien arabera emakumeek ezin dutelako ibilgailurik gidatu. Agintariek ez diete uzten emakumeei gidatzeko agiria eskuratzen, baina Al Sharif-ek nazioarteko baimena dauka.
Manal al Sherif-ek 32 urte ditu eta sare sozialen bitartez beste emakumeekin batera protesta kanpainari ekin zion emakumeei arau hori desobeditzea eskatuz. Giza eskubideen aktibista hau informatikan aditua da eta Aramco petrolio enpresa saudian lan egiten du. Webetan irudiak eseki ditu emakumeen diskriminazioa salatuz eta ekainaren 17rako emakume eta autoen kontzentrazio baten deialdia egina du.
“2011ko ekainaren 17an, Saudi Arabian gauden emakumeok, nazionalitate desberdinekoak, gure autoak guk geuk gidatuko ditugu” idatzita utzi zuen 'Women2Drive' kanpainako postan. Horretan zioenez, helburua ez da legea haustea edo agintariei desafioa botatzea, baizik eta emakumeen eskubidea erabiltzea. “Gidatzeko baimena dugu eta gidatzeko arauei mugatuko gatzaizkio” defendatu zuen.

Fiskaltza Nagusiak “ordena ez errespetatzea,  gidatzea eta emakumeei gauza bera egitera bultzatzea” leporatzen dio. Giza Eskubideen Asanblada Nazionala izeneko GKE saudiarrak atxiloketa ilegaltzat jo du, emakumeek gidatzeko debekua arau erlijioso bat delako eta gobernuari debekua kentzea eskatu dio. Estatu Batuetako Human Rights Watch (HRW) Giza Eskubideen erakundeak ere Abdulá erregeari Manal al Sharif askatzea eskatu dio.

Arabia Saudi, bertako  emakumeei edo kanpotarrei  gidatzea debekatzen dien munduko herrialde bakarra da. Debeku honen ondorioz emakumeak gizonen menpe daude lanera edo ikastera joateko, bai eta eguneroko bizitzan normaltasunez jarduteko.
Hasiera

Jasone Cenoz UPV/EHUko irakasleak Hizkuntzalaritza Aplikatuko Espainiako Elkartearen ikerketa saria lortu du

Saritua izan da Euskadiko hezkuntza-sisteman, eleaniztasunari buruz egindako ikerketa baten argitalpenagatik.

Hizkuntzalaritza Aplikatuko Espainiako Elkarteak (AESLA) ‘AESLA Ikerketa saria’ eman dio (A modalitatean aritutako ikertzaileentzat) Jasone Cenoz-i, UPV/EHUko Hezkuntza Zientzietako Katedratikoari, ‘Towards Multilingual Education: Basque Educational Research in International Perspective’ izeneko liburuarengatik.
‘Towards Multilingual Education: Basque Educational Research in International Perspective’ liburua Erresuma Batuan argitaratu da, eta bertan Euskadiko hezkuntza-sisteman, eleaniztasunari buruz egindako ikerketen emaitzak eta metodologia aztertzen ditu.

Liburuak 11 kapitulu ditu. Horietan, irakaskuntza elebidunaren eta hiru eledunaren ezaugarriak azaltzen ditu, eta horren helburua nazioarteko komunitate zientifikoari Euskadin egindako ikerketa ezagutzera ematea da. Aztertutako gai batzuek honako galdera hauei erantzuten diete: Zein abantaila du haur-hezkuntzan ingelesa ikasten hastea, 3 edo 4 urterekin?; Arazoa al da hainbat hizkuntza aldi berean ikastea? Hizkuntzak nahasten dituzte?; Zein jarrera dute euskal ikasleek eleaniztasunarekiko? Herritar eleaniztunak izan nahi al dira?; eta, Ikasle elebidunek erraztasun handiagorekin ikasten dute ingelesa?, besteak beste.

Jasone Cenoz UPV/EHUko Hezkuntzako Ikerkuntza eta Diagnosi Metodoen Saileko katedratikoa da eta Zientzia eta Berrikuntza Ministerioaren Hezkuntza Zientzien Ebaluazio eta prospektibaren Estatuko Agentziako koordinatzailea (ANEP). Bere ikerketa batik bat, gai hauen gainekoa da: hezkuntza elebiduna eta eleanitza, paisaia linguistikoa, adinaren faktorea, jarrerak eta bigarren eta hirugarren hizkuntzak eskuratzeko pragmatika.

Liburu eta artikulu ugari argitaratu ditu nazioko eta nazioarteko aldizkarietan. Era berean, ‘International Journal of Multilingualism’ aldizkariaren editorea da (Ulrike Jessner-ekin batera) eta Hizkuntza Aplikatuko Nazioarteko Elkartearen (AILA) eta Eleaniztasunaren Nazioarteko Elkartearen (IAM) zuzendaritzako kidea.
Hasiera

Alma Guillermoprieto kazetari mexikotarrak,  Agustín Merello Komunikazio Saria jaso du

Cadiz-eko Kazetarien elkarteak  XX Agustín Merello Komunikazioa Saria eman dioAlma Guillermoprieto kazetari mexikotarrari haren ibilbide profesionalagatik. Kazetariak erreportaia eta kronika generoak  goi mailara  eraman ditu zorroztasun eta zintzotasunez. Epaimahaikideek José Oneto-k, José Miguel Larraya-k, Pepa Bueno-k, Carmen Morillo-k eta Kity Pastor-ek, inongo zuzendaritzako kargutik egon gabe kazetaritza irauli duen belaunaldiaren ordezkaria dela esan dute. Halaber, haren lana balio literario handikoa dela gehitu dute: “ pertsonai eta gertakizun epiko nahiz jende anonimo eta gertaera arrunten  bitartez  Latinoamerikaren garapena ulertzeko oinarrizkoa”
70. hamarkadaren erdialdera lanean hasi zen The Guardian egunkarian. Urte batzuk beranduago Washington Post-en aritu zen. 80. hamarkadan  Newsweek aldizkariko burua izan zen Hegoaldeko Amerikarako. Hurrengo hamarkadan  The New Yorker eta The New York Review of Books aldizkarietako erreportajeak idazten hasi zen. Kronika horiek  “Al pie de un volcán te escribo” tituluko liburuak bildu zituen.
Kazetariak aitortu du berak egiten duen erreportaje motak, gerraren ingurukoak hain zuzen ere, heriotza bizitzeko modu bat bezala ulertzera eraman duela.
Alma Guillermoprietok dozena bat liburu idatzi ditu. Latinoamerikako gertakizun garrantzizkoenen berri eman ditu: Salvadorreko guda zibila, Peruko Sendero Luminoso gerrillaren gailentze eta porrota, Argentinako gerra zikina, Nicaraguako sandinismoa eta postsandinismoa eta Colombiako gatazka armatua. The New York Times-eko  Ray Bonner kazetari estatubatuarrarekin batera  Ronald Reagan-en gobernua kolokan jarri zuen Salvadorreko Ejerzitoak, Estatu Batuei lagunduta, egindako sarraskia salatzeagatik gerra zibilean  (1980-1992).
1995 García Márquez-ek  Fundación Nuevo Periodismo Iberoamericano  deritzonaren inaugurazioko lantegira gonbidatu zuen Cartagena de Indiasen, (Colombia). Harrezkero Amerika Latinoaren herrialde guztietan kazetaritza lantegiak ematen ditu gazteentzat. Fundazio horretako partaidea izateaz oso harro dago. 2008An Chicagoko Unibertsitateko Centro para Estudios Latinoamericanos delakoan irakasle bisitaria izendatu zuten. 
Iaz Mexikoko Tamaulipas -eko etxalde batean 72 emigratzaileren hilketa ondoren idazle eta kazetari talde bat koordinatu zuen Alma Gillermoprieto-k eta hildakoen  profilak eman zituzten. Ekimen horren xedea da sarraski hura gogoan mantentzea eraildakoei ahotsa emanez zein  haien biografia ezagutaraztea. Omenaldi moduan istorio laburrak idatzi dituzte idazle ospetsu hauek: Alma Guillermoprieto, Elena Poniatowska, Juan Villoro, Roberta Garza, Diego Osorno, Alejandro Almazán, José Gil Olmo, Marcela Turati eta Laura Emilia Pachecok. Aurki,  liburua argitaratuko da.
Hasiera

María Helena Nazaré Europako Unibertsitateko Elkarteko lehen emakumezko presidentea

Aveiro-ko Unibertsitateko errektore ohia den Maria Helena Nazaré irakasle portugaldarrak Europako Unibertsitateko Elkarteko (EUA, ingelesezko sigletan) lehen emakumezko presidentea izango da aurki. Elkarte horrek 47 herrialdetako ia 900 unibertsitate, errektoretza elkarte nazional eta goi mailako irakaskuntzako zein ikerkuntza erakundeak ordezkatzen ditu. EUA Boloniako prozesuaren ordezkari ofiziala da unibertsitate mailan, eta hori horrela izanik, lan eta aholkularitza talde anitzetan parte hartzen du. Elkartea iritzi unibertsitarioen ordezkaria izateaz gain, Europako Batzordearen aholkularia da ikerketa politikei buruzko foro askotan. Gainera, ELGA, Kontseilu Gorena eta UNESCOrekin lankidetzan aritzen da. 

María Helena Nazaré 2012 eta 2015 bitarteko aldian egongo da karguan. Goi mailako irakaskuntzako emakumeen beirazko sabaia hautsi nahi duela argi utzi du. Londreseko King's College-ko doktorea da. Egun EUAko presidente ordea dugu baina laster ordezkatuko du Jean-Marc Rapp presidentea.

Aarhus-en (Danimarka) izandako  EUAren urteko bileran aukeratu zuten. Bertan ere zuzendaritzako beste bost kide izendatu zituzten. Horien artean Esther Giménez-Salinas, Ramón Llull Unibertsitateko errektorea dago.
Hasiera  

Rigoberta Menchú Guatemala-ko presidentziarako hautagaia

1992ko Bake Nobel saria, Rigoberta Menchú, Guatemala-ko presidentziarako hautagaia izango da bigarren aldiz. Gauzak horrela, presidentziarako ordezkari indigena bakarra izango dute Menchú irailaren 11ko  hauteskundeetan. Menchú-k sorturiko  Winaq mugimendu politikoak hala erabaki zuen maiatzaren 7ko asanblada orokorrean. Horrekin batera Frente Amplio de Izquierda deritzonarekin bat etorri nahi dute koalizio bat osatzeko eta hauteskundeetara elkarrekin joateko. Frente Amplio de Izquierda koalizio bat da, hogei herri erakundek osatzen dute. Bere baitan daude gazte, indigena eta nekazarien erakundeak eta baita antzinako gerrilla armatuaren alderdiak, Revolucionaria Nacional Guatemalteca (URNG) eta Alternativa Nueva Nación (ANN).

Inkesten  arabera Otto Pérez Molina eskuineko jeneral erretiratua irabazle izango litzateke hauteskundeetan. Haren atzetik Sandra Torres lehenbiziko dama ohia. Rigoberta Menchú, berriz, ez da botoen %2ra iristen.

Guatemalako Giza- eskubideen aldeko ekintzailea dugu Rigoberta Menchú eta nekazari giroko maya-quiché etniakoa. Haurtzaro eta gaztaroan, pobrezia, arraza bazterkeria eta Guatemaleko goi mailako klaseen zapalketa bizi zituen. Zenbait senide, haren ama barne, militarrek edota  heriotza eskuadroietako polizia paraleloak torturatu eta erahil zituzten. Aita, Espainiako Enbaxadan 1980an, protesta zibil moduan, nekazari talde batekin gorde eta hil egin zuten poliziak sua eman zionean tokiari. Anai-arrebak gerrillarekin bat egitea erabaki zutenean Rigoberta Menchú kanpaina bakezaleari egiteari ekin zion. Horrez bitartez, Liberazio teologiaren kristautasun ideologiaz, Guatemalako erregimena salatu nahi zuen hala nola, nekazari indigenen giza eskubideen urraketa sistematikoa.

Errepresiotik alde egiteko Mexikon erbesteratu zen. Bertan 1983an bere autobiografia argitaratu ondoren, munduan zehar abiatu zen bere mezua zabaltzeko. Nazio Batuen erakundean (NB) hitz egin zuen. 1988an Guatemalara itzuli zen bertako zuzengabekeriak salatzen jarraitzeko. Ordurako bazuen haren nazioarteko itzala handiaren babesa. 1992 Bake Nobel saria eman zioten bere lana errekonozituz. Urte horretan bertan ere  Amerikaren aurkikuntzaren bostehun urteurrena ospatzen zen. Menchú azken ospakizun horren kontra azaldu zen gertakizun horren ondorioz indiar amerikanoek pairatu behar izan zuten sufrikarioaz ahaztu egiten baitziren. Hurrengo urteetan gerrilla eta Gobernuaren arteko artekari lanak bete zituen Guatemalako Bake prozesuan.
Hasiera

Yoana Figueras Zinemaldiaren 59. edizioaren kartelen egilea

Yoana Figueras diseinatzaileak Donostiako Nazioarteko Zinemaldiak antolatu duen kartel lehiaketa irabazi du. Gauzak horrela, diseinatzaile lasartearraren kartelak zinemaldiaren 59. edizioaren irudia izango dira. Deialdia mundu zabaleko diseinatzaileentzat ireki eta 60 proposamen jaso ondoren Donostiako Bi Tanta izeneko enpresan lan egiten duen gipuzkoarrarentzat izango da. Diseinatzaileak Donostiako 2010ko Euskal Jaiaren kartela egin zuen ere. Saila  Ofizialaren afitxean maleta batek zinemaldiaren bidaia egiteko gonbidapen isla irudikatzen du. Zabaltegikoan testuinguruko profila azaltzen da baina sail horretako izenaren letrak ikusgai daude, leku bereko interpretazio ezberdinak zabalduz. Horizontes Latinos sailean kontrastez beteriko begitarte baten gaineko egunsentiaren argitsuak argi eta itzalak ikustarazten dizkigu kolore epeleko mundu batean.
Hasiera

Euskadi, auzolana