2011ko udazkena – 82 zk.

Aurkibidea
Artikuluak

Indarkeriak, biktimak eta erreferenteak

Azaroaren 25ak, emakumeek jasaten duten indarkeriaren aurkako nazioarteko egunak, genero-indarkeria arbuiatzeko eta salatzeko hil bihurtu du azaroa, zero tolerantzia eskatzekoa.  Kanpainaren leloa, Beldur Barik, Euskadiko erakunde guztiek partekatzen dute, Berdinsarearen gidaritzapean: Eudelek, Emakundek, genero-indarkeriaren biktimei Laguntzeko Zuzendaritzak, foru aldundiek, Unibertsitateak, EiTBk, Hezkuntza Sailak eta ikastetxeek. Emakumeenganako indarkeriaren arbuioarekiko erakusgarri da puntu lila, zeina gure hiri eta herrietan ikus daitekeen, zeina guztiok partekatzen dugun sinbolo bihurtu den, herri baten sinbolo.

Emakumeen indarkeriari —emakumeek eta gizonek borrokatzeko eta aldarrikatzeko partekatzen dituzten jarrera positiboen bidez— aurre egiteko ahalegina erakusten dute puntu lilak eta Beldur Barik kanpainak. Indarkeria arbuiatzea, beldurrik gabe, gizarte berdinzale bat elkarrekin eraikitzeko borondateak bultzatuta.

Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna aldarrikatzea nahitaezkoa da genero-indarkeria erauzteko.  Ez dago emakumeenganako indarkeriari aurre egiterik berdintasun-politiketatik at. Genero-indarkeria sexuan oinarritutako desberdintasunaren adierazpenik odoltsuena da. Desberdintasun hori egiturazkoa eta kulturala dela jakitea nahitaezkoa da indarkeria behar bezala erauzteko. Hala ere, emakumeenganako indarkeriaren benetako kausak zeintzuk diren jakiteak gizartea epe luzera eraldatzeko helburuak planteatzea ere eskatzen digu, kultura-iraultza bat ez baita gauetik goizera lortzen. Sozializazio-eragile guztiek parte hartu behar lukete balio hauek zabaltzen: aniztasuna errespetatzea, berdintasuna, auziak konpontzeko indarkeriarik ez erabiltzea, pertsonen arteko harremanak eraikitzean indarkeriarik ez erabiltzea, eta maitasun erromantikoaren ideia faltsua eta kontrola alde batera uztea.  Orobat, funtsezkoa da helburuak epe laburrera planteatzea,  balioak aldatzen poliki-poliki aurrera egiteko, eta batez ere, indarkeriaren emakume biktimak eraginkortasunez artatu ahal izateko, laguntza eta aholkularitza juridikoa, psikologikoa, medikoa, asistentziala eta polizia-babesa kontuan hartuta. Emakumeekin lan egiten dutenek espezializatuta egon behar dute, genero-indarkeriatik irteteko bide zail horretan lagundu ahal izateko.

Genero-indarkeria jasaten duten emakumeen ahalduntze pertsonala funtsezkoa da biolentziaren ziklotik ateratzen lagundu ahal izateko. Izan ere, ziklo horrek autoestimua kaltetzen du,  eta jasandako indarkeria dela-eta erru sentimendu irreala eta faltsua  sorrarazten die, eta erantzukizun-sentimendu gaizki ulertua. Funtsezkoa da emakumeak ahalduntzea haien autoestimua handitzeko,  beldurrak uxatzeko eta zaurgarri bihurtzen dituen egoera horretatik irten ahal izateko.

Genero-indarkeriaren aurkako borroka emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren aldeko borrokan kokatzen badugu, ez dugu ahantzi behar emakumeen ahalduntze soziala. Emakumeak sozialki eta kulturalki ahalduntzea  berdintasunaren alde lan egiteko modu bat ere bada. Horretarako, emakumeak botere politikoan, sozialean, ekonomikoan, kulturalean, zientifikoan eta historikoan ere erreferente izatea agindu bat da. Halaber, emakumeek interpretazio sozialak eraiki behar dituzte, kontakizunak, non gizarte bakoitzari zentzua ematen zaion parte aktibo legez, pentsalari, proposatzaile, motore eta erreferente legez, ez bakarrik biktima legez. Ez da presentzia absente bat aldarrikatzea, baizik eta  emakumeek gerretan, auziak ebaztean, borroka zibiletan eta mugimendu iraultzaile eta demokratikoetan beti izan duten protagonismoa aldarrikatzea. Horren guztiaren adibide garbia dira  Bakearen azken Nobel Sariaren irabazleak: Ellen Jonson Sirleaf, Leymanh Gbowee eta Tawakkul Karman, Liberian eta Yemenen bakea eta justizia lortzeko borrokatu diren emakumeak.

Euskadin ere garrantzizkoa izan da emakumeek egindako lana. Ez dira soilik indarkeria terroristaren biktima izan. Emakumeak egon dira eta daude politikan, emakumeak gizarte mugimenduetan, emakumeak jakintzen munduan, emakumeak literaturan, emakumeak komunikabideetan, baita indarkeria terrorista baliatzen ere. Gure iragana emakumeek eta gizonek eraiki dute, gaur egun gehienbat maskulinoa den kontakizun bat eraikitzen ari dela dirudien arren.

ETAren indarkeriaren amaiera ez da bukaera zurtz bat izan, zenbait eragilek ahalbidetu baitute hori: demokraziaren joko-arauen irmotasunak eta horiek defenditzen dituztenak , besteak beste. Aurrera egiten jarraitu beharra dugu, eta orain bizipenak, esperientziak eta testigantzak josi eta ehuntzea dagokigu,  kolorez eta irudiz betetako oihal bat egin ahal izateko.  Kolore eta irudi horiek partekatzeko gai izan behar dugu, horiek partekatzen ikasi behar dugu, eta, horrela, oihal horrek lagunduko digu  gure etorkizuneko oinarri sendoak eraikitzen, guztiok partekatuko ditugun oinarriak eraikitzen.

Berreskura dezagun gure gizartean emakumeek duten zeregina, baita  gure iragan hurbilaren eta gure etorkizun irekiaren kontakizunaren eraikuntzan duten zeregina ere, zeren eta egin ezean, galera handia gertatuko da, absentziak, eta , beste behin ere, amaitu gabeko kontakizunak, osatu gabeak,  ekarriko dituena.

Euskadi, auzolana