2012ko negua – 83. zk

Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2.  
  3. Aldizkaria
Aurkibidea
Artikuluak
Emakunde martxan

Emakundek emakume eta gizonen berdintasunerako legea onartu ondorengo aurrera pausoen ebaluaketa egin du

Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legeak aurreikusten du bost urterik behin lege honen betetze, garapen eta aplikazioaren eta, hala badagokio, berrikusteko egokitasunaren jarraipena egingo duela. Honen ondorioz, Emakundek honen ebaluaketa aurkeztu du Eusko Legebiltzarreko Gizarte Politika, Lan eta Berdintasun Batzordearen aurrean. Ikerketak Legea onartu ondoren eman diren aurrera pauso nabarmenenak eta oraindik garatu gabe dauden aspektuak agerrarazten ditu. Nabarmenen artean eratu diren berdintasun egiturak eta pertsonalaren formazioa. Oraindik garatu gabeen artean nabarmenetarikoak: oraindik ez da lortu elkarte eta erakunde profesional eta enpresarialetako, ekonomia sozialeko erakundeetako, sindikatuetako eta erakunde politikoetako zuzendaritza organoetan emakumeen eta gizonen presentzia orekatua izatea. Hauek dira ebaluazioaren konklusio batzuk, gaika sailkatuta:

Hiru euskal administrazioetako berdintasunerako erakundeak

Koordinaziorako organoak

Plangintza

Finantzaketa
 
Estatistikak eta azterlanak

Administrazio publikoko langileen gaikuntza

Generoaren araberako eraginaren aldez aurretiko ebaluaketa

Hizkera ez sexistaren erabilera

Genero ikuspegia diru-laguntza eta kotratazio deialdietan jasotzea

Emakumeen ordezkaritza txikia den administrazioko esparruetan ordezkaritza handiagoa sustatzeko neurriak hartzea

Sariak emateko sortutako epaimahaietan eta epaimahaikideen artean emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua sustatzeko neurriak

Hainbat jarduera arlotan berdintasuna sustatzeko neurriak

Emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua erakunde publikoetako zuzendaritza organoetan eta kide anitzeko organoetan

Lanbide, enpresa, gizarte ekonomia, sindikatu, politika, kultura edo bestelako arloekin lotutako elkarteetako eta erakundeetako zuzendaritza organoetan emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua

Enpresetan berdintasuna bultzatzeko planak edo programak

Erakunde laguntzaileak

Jazarpen sexista

Alarguntasun pentsioak

Mantenu pentsioak eta pentsio osagarriak ordaintzen ez direnerako berme funtsa

Emakumeen eta gizonen berdintasunerako defentsa erakundea

Emakumeen eta gizonen presentzia hautagai zerrendetan

Ondorioak


HIRU EUSKAL ADMINISTRAZIOETAKO BERDINTASUNERAKO ERAKUNDEAK
Administrazio Orokorra: Eusko Jaurlaritzaren sail guztietan, orobat EHUn, berdintasun unitate bat eta berdintasunerako teknikari bat dituzte. Unitate horietako gehienak 2009an sortu dira. Halaber, berdintasun unitateen langileria-kostuak estaltzeko aurrekontu bat daukatela jakinarazi dute. Oraindik, kasu gehienetan, berdintasun eta genero politikak sustatzeko eta garatzeko aurrekontu espezifiko bat esleitzeke dago. Halaber, oraindik ez da bete azaroaren 27ko 213/2007 dekretuak hirugarren artikuluan arautzen duena, Jaurlaritzaren organismo autonomoetan eta erakunde publikoetan berdintasunerako unitate administratiboak sortzeari buruz.
Foru Administrazioan: Hiru foru aldundietan berdintasun unitate administratibo bat eta teknikari espezifikoak dituzte. Halaber, 2005ean, Bizkaiko Foru Aldundiak soilik zuen berdintasunerako politikak egituratzeko eta garatzeko aurrekontu bat; 2008az geroztik, Arabako eta Gipuzkoako foru aldundiek ere egoera hori bera dute.
Toki Administrazioan: 2005ean, EAEko 39 udaletan zegoen berdintasun unitate bat (emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari bakarrik loturiko funtzioekin edota zenbait esku-hartze esparruri loturiko funtzioekin, berdintasuna barne); 2010ean, 49 udalek eta 5 mankomunitatek dituzte halako unitateak, hots, % 38ko igoera izan da, gutxi gorabehera. Unitate horien % 38,9 Gizarte Ekintza/Gizarte Ongizate/Gizarte Zerbitzuen mende daude. Lanpostu-zerrendetako plaza kopurua handitzeko joera dago. Egoera positibo horrekin batera, beste egoera negatibo batzuk daude. Zehazki, azpikontratatutako aholkularitzek (langile autonomoak barne) kudeatutako berdintasun unitateen ehunekoa handitu egin dela ikusi dugu; 2005ean, guztizkoaren % 5,3 ziren; 2010ean, berriz, % 18,4. Egoera horrek ezegonkortasun handiagoa ekartzen du, ez soilik langileentzat, baita berdintasunerako politikak sustatzeko egiturarentzat berarentzat ere.

Gora

KOORDINAZIORAKO ORGANOAK
2006an, Eusko Jaurlaritzaren Sailarteko Batzordea erregulatzen duen abenduaren 28ko 261/2006 Dekretua onartu zen, Legeak (13. artikulua) agintzen duen moduan. Dekretu horretan ezartzen da Batzordearen osoko bilkurak, gutxienez, urtean ohiko bi saio egin behar dituela. 2010eko urtarrilaren 25ean, IX. Legealdiko Batzordea eratu zen.
Halaber, 2007an Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Erakunde arteko Batzordea arautzeko urtarrilaren 16ko 5/2007 Dekretua onartu zuten. 2010eko urtarrilaren 14an, IX. Legealdiko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Erakunde arteko Batzordea eratu zen. Batzorde horren osaketako berrikuntza bat Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo Saileko Genero Indarkeriaren Biktimei Arreta emateko Zuzendaritza barne hartzea izan zen. Erakunde arteko koordinazio-egitura horrez gainera, Toki Administrazioan badira beste koordinazio-egitura batzuk ere, hala nola Berdinsarea, Berdintasunaren aldeko eta Emakumeen kontrako Biolentziaren aurkako Euskadiko Udalen Sarea, Parekatuz (Bizkaiko Foru Aldundiak sustatua), Bizkaiko eta Gipuzkoako jabekuntza eskolak, edo berdintasunerako eskualde batzorde edo foroak.
Foru administrazioetan eta toki administrazioetan ere badira erakunde publikoen baitan berdintasun-politikak sustatzeko eta koordinatzeko helburua duten egiturak. Une honetan, hiru foru aldundietan daude halako egiturak, eta 2005ean Bizkaiko Foru Aldundian bakarrik zuten baliabide hori.
Toki Administrazioan halako egituren sorreran gorakada nabarmena antzeman da. 2005ean, berdintasun plan bat zuten udalen % 15,38k bakarrik zuen sailarteko egitura bat ere (hainbat arlo edo zerbitzuren arteko koordinazioa); 2010ean, berriz, % 27,27k.
Emaitzek adierazten dutenez, legealdi honetan, foru aldundietan eta hiriburuetako udaletan aurrerapen handia egin dela, koordinazio-egiturak sortzeari dagokionez, bai politikoak, bai teknikoak.

Gora

PLANGINTZA
Plangintzari buruz jasotako datuek agerian uzten dute emakumeen eta gizonen arteko berdintasun politikak agenda politikoko zati direla, ez soilik Euskal Autonomia Erkidegoan, oro har, non 1991z geroztik baitute presentzia (Berdintasunerako I. Plana onartu zuten), baita lurralde eta tokiko mailan ere; izan ere, esan daiteke berdintasun-politika orokorrenak politika zehatzetan jaso direla lurraldeko eta tokiko mailan, eta berezko esanahi erreal eta sinbolikoa hartu dutela.
Gaur egungo berdintasunerako politikak aldatzeko joera erlatiboa alde batera utzita, hau da, foru aldundietan zein udal askotan jada bigarren belaunaldiko planak izatea, Euskal Autonomia Erkidegoan emakumeen eta gizonen berdintasunerako politikak nolabait sendotuta daudela esan dezakegu.
Berdintasunerako planik ez duten ia udalerri guztiak landa eremuetan daude, biztanleria-dentsitate baxua dute eta, kasu askotan, biztanleriaren zati handi batek 65 urtetik gora du. Eremu horietan genero berdintasunerako politika espezifikoak sustatzea erronka handietako bat da, bai Eusko Jaurlaritzarentzat, bai foru aldundientzat, eta, gaur egun, Emakunde, foru aldundiak eta Eudel zenbait ekimen abian jartzen ari dira helburu horrekin.

Gora

FINANTZAKETA
Berdintasunerako Legean erresistentzia gehien eragiten dituen eta, hortaz, gutxien aplikatzen den artikuluetako bat 14.a da. Artikulu horren arabera, hiru administrazioek «urtero, lege honetan jasotzen diren eginkizunak betetzeko eta neurriak egikaritzeko behar dituzten ekonomia-baliabideak izendatuko eta zehaztuko dituzte bakoitzaren aurrekontuetan».
Egoera 2005arekin alderatuz dezente hobetu den arren, adibidez, giza baliabideei (lanpostu-zerrendetan berdintasunerako teknikarien plazak sortzea) edo foru mailako eta tokiko berdintasun unitateak sortzeko aurrekontu espezifiko bat onartzeari dagokienez, oraindik bide luzea dago egiteko, Legeko artikulu hori aplikatzen ari dela esan ahal izateko.
Hutsune handienak Toki Administrazioan hautematen dira, non sail gehienetan ez baitago Legean aurreikusitako neurriak egikaritzeko aurrekontu espezifikorik (horien artean, Euskal Autonomia Erkidegoko Berdintasunerako Plana onartzetik eratortzen diren neurriak daude).
Foru aldundiei dagokienez, aurrerapenak oso esanguratsuak izan dira. 2005ean, Bizkaiko Foru Aldundiko Berdintasun Unitatean bakarrik zegoen berdintasunerako plan bat egikaritzeko aurrekontu espezifiko bat; beste bi foru aldundietan berdintasun unitate espezifiko hori eta horri dagokion aurrekontua Berdintasunerako Legea indarrean egon den bost urte hauetan lortu dira.
Toki Administrazioan, datuek erakusten dutenez, udalek berdintasunerako planetan jasotako jarduerak gauzatzeko duten aurrekontuan gorakada handia izan da: 2010ean, udalen heren batek, gutxi gorabehera, 100.000 € inguru izan ditu egikaritzeko; 2005ean, berdintasunerako planak zituzten udalen % 10ek baino gutxiagok zuten diru hori eskura.
Erakundeek emandako datuek adierazten dute 2010ean berdintasunerako politiketarako aurrekontuetan murrizpenak izan direla, eta arrazoi nagusia gaur egungo krisialdi ekonomikoa dela adierazi dute. Horrek neurri mota horiek bereziki zaintzera behartzen gaitu, orobat emakumeen eta gizonen berdintasunean lortutako aurrerapenetan izan dezaketen eragina ebaluatzera.

Gora
 
ESTATISTIKAK ETA AZTERLANAK
Estatistikak eta azterlanak egokitzea bizitzako hainbat esparrutan gertatzen diren genero ezberdintasunak edo desoreka anitzak erakutsi ahal izateko, ezinbesteko baldintza da, botere publikoen ohiko jardunean genero-ikuspegia kontuan hartu ahal izateko. Legearen 16. artikuluan zabal aipatutako ildo horri dagokionez, Emakunderekin lankidetzan, EUSTATek emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko atal espezifiko bat sortu du bere webgunean, eta hor hamar gai-eremuri buruzko 200 taula ageri dira. Honekin batera, beste aurrerapausu batzuekin batera, pertsonei lotutako operazio estatistikoen emaitzen analisian, EUSTATek, normalean, sexua aldagai moduan kontuan hartzen du.

Gora

ADMINISTRAZIO PUBLIKOKO LANGILEEN GAIKUNTZA
2008an, EAEko Administrazio Orokorreko eta haren erakunde autonomoetako langileentzako trebakuntza plan adostu bat egin zuten eta, hala, pauso garrantzitsua eman zuten. Plan horretan, 988 prestakuntza-ordu zeuden programatuta, urte bereko urriaren eta 2009ko abenduaren artean; 2010ean, HAEEk berdintasunari buruzko 120 ordu eskaini ditu. Urtean administrazio publikoan (hiru mailak) lan egiten duten 2.508 pertsonak jaso dutela, batez bestez, emakumeen eta gizonen berdintasunari loturiko prestakuntza motaren bat.

Gora

GENEROAREN ARABERAKO ERAGINAREN ALDEZ AURRETIKO EBALUAKETA
2007an, otsailaren 13ko Kontseiluak Genero eraginaren aldez aurretiko ebaluazioa gauzatzeko eta gizonen eta emakumeen arteko desberdintasunak ekidin eta berdintasuna sustatzeko neurriak hartzeko jarraibideak onartu zituen.
Jarraibide horiek onartzearen ondorioz, Eusko Jaurlaritzako sail guztiek ebaluazio-txostenak egin dituzte arau proposamenek eta hainbat mailatako administrazio-egintzek (legeak, dekretuak, aginduak eta ebazpenak) genero-ikuspegitik duten eraginari buruz.
2009. urtetik, gutxitu egin da Emakunderi bidalitako generoaren araberako eragina ebaluatzeko txosten kopurua, arau gutxiago egin delako, segur aski.
Foru Administrazioari eta Toki Administrazioari dagokienez, berdintasun-eragileen eta foru aldundietako eta udaletako berdintasunerako talde teknikoetako pertsonen ustez, generoaren araberako eraginaren aurretiazko ebaluazioa berdintasun politikak zeharkakotzea lortzeko potentzial handiko tresna da, batetik, emakumeen eta gizonen egoera diferentzialari buruzko informazioa bilatzea eskatzen duelako, eta bestetik, arauak eta legeak aplikatzeak emakumeengan eta gizonengan dituen ondorio eta eragin ezberdinak aztertu behar direlako.  Nolanahi ere, oraindik administrazio horietako instituzio gutxi ari dira gai horren inguruan lanean. Une honetara arte, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Bilboko Udala izan dira gai horren gainean sakonkien lan egin duten instituzioak. Gipuzkoako Foru Aldundiak txostenak prestatzeko gida bat taxutu du, Emakundek garatutako gidan oinarrituta, baina sinplifikatuta eta errealitate foralera egokituta. Bestetik, Bilboko Udalak adierazleen gida sakon bat sortu du, generoaren araberako eraginaren aurretiazko ebaluazioa egiteko.
Arabako Foru Aldundian hausnarketa-prozesu bat hasi da, Emakunderekin elkarlanean arituta lan hori egiteko modu onena analizatzeko, eta foru-arautegi batekin edo gehiagorekin proba pilotu bat egitea aurreikusten da.

Gora

HIZKERA EZ SEXISTAREN ERABILERA
Hizkera sexistarik ez erabiltzeari buruzko Legearen 18.4 artikuluari dagokionez, aldizkari ofizialetan argitaratutako dokumentuak eta hainbat webgune aztertuta, emaitza oso positiboak lortu ditugu, 2005ekoen aldean. Gutxi gorabehera, Euskal Autonomia Erkidegoko eta hiru lurraldeetako aldizkari ofizialetan barne hartzen diren dokumentuen heren bat hizkera ez-sexista erabiliz idatzita daude. 2005ean, dokumentuen % 2,9an bakarrik erabiltzen zuten hizkera ez-sexista.

Gora

GENERO IKUSPEGIA DIRU-LAGUNTZA ETA KONTRATAZIO DEIALDIETAN JASOTZEA
Legearen 20.2 eta 20.3 artikuluei lotuta aurkitutako datuek erakusten dutenez, esleipen irizpideetan genero-ikuspegia barne hartzeari dagokionez aurrerapauso batzuk eman dira, bai diru-laguntzen kasuan, bai kontratazioen kasuan. 2005. eta 2008. urteekin alderatuta, ia 20 puntu igo da berdintasun-irizpideak dituzten lizitazioen ehunekoa.
Eskakizun-mailari dagokionez, 2008an igoera handia gertatu zen nahitaezko irizpideak jasotzen zituzten lizitazioetan (% 30 gehiago); hala ere, 2010ean, jaitsi egin da apur bat (% 5 gutxiago).
2008. urtearekin alderatuta, 2010ean, bai Administrazio Orokorrean, bai Toki Administrazioan, gorakada nabarmena izan da berdintasun-irizpideak jasotzen dituzten lizitazioen ehunekoan (16,2 puntu eta 12,5 puntu gehiago, hurrenez hurren).
Emakumeen eta gizonen berdintasunerako politikak edo jarduerak garatzearen inguruko jardunbidea exijitzeari dagokionez, berriz, ez da ia aldaketa positiborik gertatu: 2008an, lizitazio bakar batek ere ez zuen jaso eskakizun hori; 2010ean, bi lizitaziok jaso dute, biak Bizkaiko Foru Aldundiak sustatuak. Hala ere, horri dagokionez, argitu behar da administrazio-kontratazioa erregulatzen duten arauak jardunbide hori exijitzea onartzen dutela soilik kontratuko prestazioaren ezaugarriek hala eskatzen dutenean eta zehaztapen teknikoetan hala adierazten denean.
2008. urtearekin alderatuta, EAEko administrazioaren hiru mailetan nabarmen igo da genero-ikuspegia txertatzeari buruzko irizpideak dituzten diru-laguntzen deialdien ehunekoa: %  26,5  gehiago Administrazio Orokorrean; % 13,4 gehiago Foru Administrazioan, eta % 36,2 gehiago Toki Administrazioan.
Kontratazioekin gertatzen den bezala, diru-laguntzen deialdi gehienek ez dute irizpidetzat hartzen emakumeen eta gizonen berdintasunerako politikak edo jarduerak garatzearen inguruko jardunbidea; hala ere, 2008. eta 2010. urteen artean, 4,8 puntuko igoera gertatu da. Igoerarik handiena Toki Administrazioan gertatu da, 9,7 puntukoa; Administrazio Orokorrean, 2,2 puntu jaitsi da.
Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legearen azken xedapenetako seigarrena betetzeari dagokionez, oso emaitza positiboak lortu dira: 2010ean berrikusitako diru-laguntzen deialdien % 58k bete dadin exijitzen dute; 2008an, kopurua % 30,6koa zen (k=147) eta 2005ean, berriz, % 11,3koa bakarrik (k=56).

Gora

EMAKUMEEN ORDEZKARITZA TXIKIA DEN ADMINISTRAZIOKO ESPARRUETAN ORDEZKARITZA HANDIAGOA SUSTATZEKO NEURRIAK HARTZEA
2005 eta 2008 bitartean, Legearen 20.4 artikuluan jasotako a) klausula  barne hartzen zuten hautaketa-prozesuen ehunekoa 10,3 puntu handitu zen; 2010ean, berriz, 4,1 puntuko beherakada gertatu da.  2008ko datuekin konparatuta, Administrazio Orokorreko eta Toki Administrazioko hautaketa-prozesuetan klausula horren aplikazioak okerrera egin du; 2008ko neurketa hartan ikusi zen klausula hori prozesuen % 17,6an eta % 20,96an aplikatu zela, hurrenez hurren. Aldiz, Foru Administrazioan Legearen klausula horren aplikazioan 38,6 puntuko gorakada izan da.
20.4 artikuluko b) klausula  barne hartzeari dagokionez, enplegu publikoa eskuratzeko, hornitzeko eta sustatzeko hautaketa-prozesuetan, 2010ean 20 puntuko gorakada hauteman da 2005 eta 2008 urteekin alderatuz (bi urte haietan oso emaitza antzekoak izan ziren).
2008 urtearekin konparatuta, hiru administrazioetan klausula hori barne hartzen duten prozesuen ehunekoa handitu egin da: Administrazio Orokorrean, gorakada 19,2 puntukoa izan da; Foru Administrazioan, 65,7 puntukoa; eta, Toki Administrazioan, 9,4 puntukoa.

Gora

SARIAK EMATEKO SORTUTAKO EPAIMAHAIETAN ETA EPAIMAHAIKIDEEN ARTEAN EMAKUMEEN ETA GIZONEN ORDEZKARITZA OREKATUA SUSTATZEKO NEURRIAK
2005ean, aztertutako sari bakarrean ere ez zegoen baldintza gisa ezarrita hautespen-epaimahaietan gaitasun eta prestakuntza egokia zuten emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua izatea; 2008an, aldiz, sarien % 40an zegoen baldintza hori (20.5 art.); eta, 2010ean, heren batean.
2008ko datuekin konparatuta, Administrazio Orokorrak antolatutako sarietan murriztu egin da epaimahai orekatua dutenen ehunekoa (% 66,7tik % 50era, 2010ean). Aldiz, Tokiko eta Foru Administrazioan ez da ia aldaketarik sumatu.

Gora

HAINBAT JARDUERA ARLOTAN BERDINTASUNA SUSTATZEKO NEURRIAK
Kultura eta kirol arloan egindako ekimen kopuruak oraindik ere ez du eragin positiborik, batez ere emakumeak kultur eta arte eragile gisa sustatzeko, edota arlo hauetako kudeatzaile izateko.  Ez du lortu, era berean, kirolean dagoen banaketa desagertzea, federatutako kirolean emakumeen presentzia areagotzea edota erabakiguneetan parte hartzea.  Arlo hauetako programetan eta helburuetan antzemandako desorekek, batez ere egindako ekimenei eta erabilitako baliabide ekonomikoei dagokienez, azaltzen dute kultura eta kirol arloetako geldiunea.
Emakumeek ugalketa osasunean egin dituzten hobekuntzak aipagarriak dira, baina funtsezkoa da derrigorrezko hezkuntzako etapa guztietan hezkuntza afektibo-sexuala ematea eta koito osteko pilulen erabilpena sustatzea, haurdunaldiaren borondatezko etendurak ekiditeko, GIBa eta sexu-transmisiozko bestelako gaixotasunak hartzeko arriskuaz ohartaraztea, eta, jakina, sexualitate osasungarria izaten ikastea (psikologikoa eta fisikoa), baita sexu harreman orekatu, errespetuzkoak eta arduratsuak izaten ere.
Erakunde publikoetako erabakiguneetan emakumeen presentzian ere aurrerapenak izan dira (herritarrek gehien ikusten dituzten postuetan batez ere), baina erakunde pribatuetan, ia ez da aurrerapenik izan.
Emakume langabetuen kopuruak behera egin badu ere, lan baldintzak lehen bezain txarrak dira, batez ere etxeko lanetan eta pertsonen zaintzan lan egiten duten emakumeenak (eremu pribatuetakoak batik bat).  Horrek, ezbairik gabe, lotura handia du emakumeen eta gizonen soldaten arteko aldearekin.
Lan eremuko jazarpen sexistarekin eta sexu jazarpenarekin lotutako ekimenak landu beharreko arloak dira, materian esku hartzea ahalbidetzen duten arauak egon arren.
Bateratzearen arloan baliabideak ugaritu direla argi dago (haur eskolak, jangelak, eskola garraioa, lanaldi murrizketak eta eszedentziak eta abar); hala ere, berdintasun politikak 30 urte bete eta gero, emakumeek denbora gehiago ematen dute etxean lanean oraindik ere. Gainera, lan hori ez da aitortzen, ez sozialki, ez indibidualki, nahiz eta erkidegoko BPGan eta pertsonen zaintza zein bizi-kalitatean ekarpen handia egin. Zalantzarik gabe, nahi diren helburuak lortzeko ekimen sendoagok eta jarraiagoak jarri beharko dira martxan. 
Emakumeen aurkako Indarkeriaren arloan, gaur egun biktimen arretarako dauden baliabideak onak dira, eta horrek ziurrenik zerbitzuak eta eskainitako baliabideak hobetu ditu; alabaina, hutsunea nabari da lehen mailako prebentzioari dagokionez (programa batzuen onurak baztertu gabe, eskola eremukoak, esate baterako).  Gai honetan adituek prebentzio programak diseinatzearen garrantzia nabarmentzen dute, hezkuntza aro guztietan eragiteko, unibertsitate ikasketetan barne, gazteen eta nagusien artean indarkeria sexista eta matxista kasuak gutxitzeko.
Azkenik, euskal administrazio publikoan mainstreaminga sustatzeko helburuarekin egituretan eta baliabideetan izandako aurrerapen handiak aipatuko ditugu (giza baliabideak, ekonomikoak eta abar).  Horrek, bestalde, egoera horretara iristeko hainbat erakundek (instituzionalek eta gizartekoek, mugimendu feministetakoek batez ere) egindako esfortzuak behar bezala aprobetxatzeko erantzukizun handia eskatzen du. Gainera, erronka handia dakar: esku-hartze arlo guztietako politiketan, programetan eta proiektuetan genero-ikuspegia txertatzea.

Gora

EMAKUMEEN ETA GIZONEN ORDEZKARITZA OREKATUA ERAKUNDE PUBLIKOETAKO ZUZENDARITZA ORGANOETAN ETA KIDE ANITZEKO ORGANOETAN
Emaitzek agerian uzten dute 2004 eta 2010 urteen bitartean aurrerapen handia gertatu dela emakumeek Eusko Jaurlaritzako goi-karguetan duten presentziari dagokionez. Sailburutzen kasuan, emakumeen ordezkaritza % 50ekoa da; sailburuordetzetan/idazkaritza nagusietan, emakumeen ordezkaritzak baxua izaten jarraitzen duen arren, distantzia pixkanaka murriztu da 2004 eta 2010 urteen bitartean. Bai Eusko Jaurlaritzaren erakunde autonomoetan, bai erakunde publikoetan, gizonek betetzen dituzte goi-kargu gehienak.
2008an, foru aldundietako exekutibetan, nabarmen hazi zen emakumeen presentzia. Hala, diputatu kopuru osoa batuz, parekotasunera iritsi dira.  Zuzendaritzei dagokienez, emakumeen kopurua gizonen parekoa izatetik oso urrun dago oraindik.
Tokian toki askoz txikiagoa da erantzukizun politikoko karguak (adibidez: alkatetza) betetzen dituzten emakumeen kopurua.  Izatez, 2007an, EAEko udalen % 19,9an bakarrik agintzen zuten emakumeek. 

Gora

LANBIDE, ENPRESA, GIZARTE EKONOMIA, SINDIKATU, POLITIKA, KULTURA EDO BESTELAKO ARLOEKIN LOTUTAKO ELKARTEETAKO ETA ERAKUNDEETAKO ZUZENDARITZA ORGANOETAN EMAKUMEEN ETA GIZONEN ORDEZKARITZA OREKATUA
Emakumeek eta gizonek Euskadiko sindikatu nagusietako idazkaritza nagusietan eta batzorde exekutiboan daukaten presentzia, LABen kasuan izan ezik, oso desorekatua da.
Euskal ugazaben elkarte guztietan gizonak dira presidente eta, zuzendaritza batzordeetan, kasu onenean, emakumeak % 20 dira (Adegi). Datu positiboa da 2010eko abenduan emakume bat izendatu dutela Confebaskeko idazkari nagusi.
2008ko azterketa batek agerian utzi zuen analizatutako elkargo profesional guztietatik % 12,6k bakarrik zutela emakume bat presidente, eta, lurraldeei begiratuta, ehuneko handiena Arabakoa zela (% 16). Halaber, agerian utzi du merkataritza ganberetan, kargu gorenak (presidentetza, zuzendaritza nagusia eta idazkaritza nagusia) gizonek betetzen zituztela.
EAEn egoitza soziala duten finantza erakundeen kasuan, guztietako presidenteak gizonak dira. Horien zuzendaritza kontseiluei dagokienez, emakumeen presentziak txikia izaten jarraitzen du, eta EAEko kutxetan dago (Ipar Kutxan salbu) presentzia handiena (% 18,8 eta % 37,5 bitartean).
Ibex35-aren parte diren euskal enpresei (BBVA, GAMESA eta IBERDROLA) dagozkien datuek erakusten dutenez, denetan gizonak dira buru eta administrazioko kontseiluetan ez dago ia emakumerik.
Erakutsi berri ditugun datuek agerian uzten dute halako erakundeetako zuzendaritza organoetan oraindik emakumeen eta gizonen presentzia orekatzeko lan handia egin behar dela.

Gora

ENPRESETAN BERDINTASUNA BULTZATZEKO PLANAK EDO PROGRAMAK
Emakundek, Legearen 3. paragrafoko 40. artikulua betez, urteko deialdien bitartez, enpresei eta erakunde pribatuei diru-laguntzak eman dizkie emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko diagnostiko bat eta berdintasun plan bat egiteko aholkularitza homologatu bat kontratatzeko. 2008 eta 2009 bitartean, 13 enpresak jaso dituzte halako laguntzak (16k eskatu zituzten).
Aipatu dugun moduan, diru-laguntza horien helburua diagnostikoa eta berdintasun plana egiteko aholkularitza homologatu bat kontratatzea da.  Legea onartu zutenetik 2009ko abendura arte, 14 erakunde homologatu zituzten.

Gora

ERAKUNDE LAGUNTZAILEAK
Erakunde laguntzaile figura 1994an sortu zen, azaroaren 8ko 424/1994 Dekretuaren bidez, barne-antolaketan berdintasunerako politika ezartzen duen erakundeak aintzatesteko eta beste erakunde batzuek horrelako ekimenekin bat egitea sustatzeko.  Berdintasunerako Legeak 41. artikuluan jaso du figura horren sorrera. Berdintasunerako Legea indarrean sartu zenetik, erakunde laguntzaileen kopurua asko hazi da: 8 erakunde ziren 2005era arte eta 42, berriz, 2009ko abenduan.

Gora

JAZARPEN SEXISTA
Legearen 43. artikuluari, jazarpen sexistari buruzkoari dagokionez, legea onartu zenetik Ogasun eta Herri Administrazio Sailak eta Herrizaingo Sailak lau agindu kaleratu dituzte.
Emakundek jakinarazi duenez, 2010ean, 50 langiletik gora duten enpresetan lanean sexu-jazarpenari eta jazarpen sexistari aurre egiteko protokolo bat landu du. Horretarako, lan-talde bat osatu da, Emakundeko zenbait langileren eta osasunean, lan-zuzenbidean eta gizarte-segurantzan adituak diren kanpoko zenbait langileren artean. Gaur egun, zenbait erakunderekin kontrastatu ostean, burutze prozesuan dago eta 2011ren hasieran ezagutarazi ahalko dela espero da, enpresetan eta beste erakunde batzuetan txertatzeko.

Gora

ALARGUNTASUN PENTSIOAK
2008an, Diru-sarrerak Bermatzeko eta Gizarteratzeko abenduaren 23ko 18/2008 Legea onartu zen, alarguntasun pentsio apalenetarako osagarriak ezartzeko. Interesgarria eta beharrezkoa da lege horrek alargunengan duen eragina ebaluatzea eta haien egoera ekonomikoa hobetzeko beste neurri batzuk martxan jartzeko aukera aztertzea, betiere, neurri horietan legeak izan ditzakeen ondorio positiboak kontuan hartuz.

Gora

MANTENU PENTSIOAK ETA PENTSIO OSAGARRIAK ORDAINTZEN EZ DIRENERAKO BERME FUNTSA
45.2 artikulua betetzeari dagokionez, zenbait mugimendu gertatu dira eta txostenean jasota daude. Dena den, ondorio gisa, esan genezake exekutiboak gaur egungo krisialdia dela medio planteatzen dituen aurrezte-neurriek betetze-mailan eragina izan dutela.  2010eko maiatzean, lehendakariak, Eusko Legebiltzarraren aurrean egindako hitzaldi batean, adierazi zuen gutxienez bi urtetan Familiaren Legea garatzeko lankidetzazko lege dekretu edo dekretu berriak garatzerik ez zuela nahi. Eta horrek Berme Funtsari eragiten dio.

Gora

EMAKUMEEN ETA GIZONEN BERDINTASUNERAKO DEFENTSA ERAKUNDEA
2010eko abenduan, Zuzendaritza Batzordearen 2010eko abenduaren 22ko ohiko bilkuran, Emakundeko zuzendariak 4/2005 Legearen IV. titulua aldatzeko lege aurreproiektuaren proposamen bat aurkeztu du, aipatutako Defentsa Erakundea organo independente gisa desagerrarazteko eta Emakunderen barruan zerbitzu bat gehiago bezala integratzeko. Zuzendaritza Batzordeak onartu egin du proposamen hori. Aldaketa horrek Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Defentsa Erakundearen eta Emakunde-Emakumeen Euskal Erakundearen artean eskumen-gatazkak eta funtzio-gainjartzeak saihestuko dituela uste da, eta norabide bakar bat izango duela.

Gora

EMAKUMEEN ETA GIZONEN PRESENTZIA HAUTAGAI ZERRENDETAN
Legeak alderdi politikoek, federazioek, koalizioek edo hautesle-taldeek aurkezten dituzten hautagaitzei dagokienez ezartzen duen betebeharra Eusko Legebiltzarreko eta batzar nagusietako zerrendetan emakumeen eta gizonen presentzia orekatuan islatu da eta, hein txikiagoan, zerrenda horietako buru emakumeak agertzean. Azken horri dagokionez, 2009ko hauteskundeetan beherakada bat hauteman zen.
Horren guztiaren ondorioz, Eusko Legebiltzarrean emakumeen proportzioa nabarmen handitu da, nahiz eta IX. Legealdian emakumeen presentzia 10 puntu jaitsi den aurrekoarekin konparatuta. Halaber, batzar nagusietan ere emaitza positiboak ikusi dira, Bizkaikoetan salbu; horietan, emakumeen presentziak behera egin baitu aurreko legealdiarekin konparatuta.

Gora

Aurkeztu berri ditugun ondorioek agerian uzten dute Berdintasunerako Legea indarrean egon den lehen bost urte hauetan aurrerapen garrantzitsuak egin direla Legean barne hartzen diren artikuluetako batzuetan, adibidez, I. tituluan, berdintasunerako organismoei eta koordinazio-organoei dagozkienetan. Gauza bera esan daiteke II. tituluan barne hartzen diren eta euskal administrazio eta botere publikoen jardueran genero-ikuspegia integratzera bideratuta dauden neurriei buruz. III. tituluko partaidetza soziopolitikoari buruzko I. kapituluari dagokionez, 23. artikulua aplikatzeak aurrerapen nabariak ekarri ditu Eusko Jaurlaritzan eta foru aldundietan goi-karguetan dagoen emakume kopuruari dagokionez eta, hein txikiagoan, udaletako goi-karguetan dagoenari dagokionez; ezin dugu gauza bera esan erakunde autonomoetako eta erakunde publikoetako goi-karguetan dagoen emakume kopuruari buruz.
Aldiz, oraindik ez da lortu elkarte eta erakunde profesional eta enpresarialetako, ekonomia sozialeko erakundeetako, sindikatuetako eta erakunde politikoetako zuzendaritza organoetan emakumeen eta gizonen presentzia orekatua izatea.
Gorabehera askoren ondoren, emakumeek eta elkartze mugimenduak modu eraginkorrean eta askean parte hartzeko bidea sortzeari dagokion artikulua ere «Betetzeke» dauden gaien kapituluan jarri behar dugu, orobat publizitateari buruzko aholkuak emateko eta publizitatea aztertzeko organoari dagokiona.
Enpresetako berdintasun planei eta politikei dagokienez, horiek bultzatzeko neurriak sustatzen ari diren arren, gure ustez, egiten ari diren aurrerapenak eta erakunde horietako genero-desberdintasunak murriztea eragozten duten orotariko oztopoak ezagutzeko ebaluazio prozesu bat diseinatu eta martxan jarri beharko litzateke, neurriak aplikatu, beharrezko baliabideak esleitu eta abian jartzen ari diren politikak berrorientatu ahal izateko.
Oinarrizko beste eskubide sozial batzuei buruzko IV. kapituluari dagokionez, pentsioak ordaintzen ez direnerako berme-funtsa eta etxean tratu txarren biktima diren emakumeei laguntzeko programa bukatu gabe edo «etenda» geratu dira.
Azkenik, Berdintasunerako Legeak, azken xedapenetako laugarrenaren bitartez, hauteskundeetara aurkezten diren hautagaitzen inguruan ezartzen duen betebeharra alderdi guztiek bete dute, bai Eusko Legebiltzarrerako, bai batzar nagusietarako hauteskundeetan, eta horrek bien osaketan efektu positiboa izan du. Nolanahi ere, emakume zerrenda-buruen presentziak txikia izaten jarraitzen du bi kasuetan, eta Eusko Legebiltzarrerako azken hauteskundeetako datuak txarragoak dira.

Gora

 

Euskadi, auzolana