2012ko udaberria – 84. zk

Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2.  
  3. Aldizkaria
Aurkibidea
Artikuluak
Emakunde martxan

Hauek ere, Emakume bikainak

 

Ana Murugarrenen “El precio de la libertad” San Francisco Women’s Independent Jaialdian birritan saritua

Estibaliz Díaz Tena ingeniari gasteiztarra, Karrera Amaierako Proiekturik Onenaren saria

María Teresa Pàmies idazlea zendu da

Alicia Ortín, emakumeen eskubideen alde atsedenik gabe borrokatu duen emakumea

Aung San Suu Kyi, Bake Nobel Sariak, Birmaniako hauteskundeetara aurkeztuko da

Eleonora Menicucci, emakumezkoen politikarako ministro berria Brasilen

Wislava Szymborskari agurra, 1996ko Literatura Nobel Saria

Maria da Graça Foster Petrobras-en aginduko du, Brasilgo enpresa handiena

Golshifteh Farahani irandar aktorea, bere herritik erbesteratua

Diana Taurasi saski baloi jokalariari jantzi estuak ez eramateagatik isuna jarri diote

Iraia Garciak Unibertsitateko Errendimendu Akademikoko Bikaintasunaren saria lortu du

Maite Fuentes Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzien Fakultateko dekano berria

Susana Egea eta Cristina Ferradásek irabazi dute, ex aequo, Arte Eszenikoen Ikerkuntzarako Artez Blai IV. Nazioarteko Saria

Eunate Aguirre, bodyboardeko munduko txapelduna

Gemma Agirregomezkortak Gure Balioak Saria jaso du

Encarnación Roca Trías Real Academia de Jurisprudencia y Legislación-eko lehenengo emakumea

Carmen del Riego, Madrilgo Prentsa Elkarteko lehen emakume lehendakaria

Maria Bayo Eusko Ikaskuntza saria

Trine Sejthenek indarkeria matxistaren kontrako txartelaren lehiaketa europarra

Isabel Burdiel 2011ko Historia Sari Nazionala

Selma Ancira Itzulyz Itzultzailearen Lana sari Nazionala

Olivia de Miguel, Itzulpen Onena  Sari Nazionala

Francisca Aguirre, Poesia Sari Nazionala

Maite Carranza, Haur eta Gazte Literatur Sari  Nazionala

Teresa López, COPA Emakume Komitearen lehendakari berria

Patricia Sancho-Uriarte, Encarnación Goicoechea y María Dolores Guillén, UPV/EHUko ikertzaileek, Sigma-Aldrich saria jaso dute

Ana Carrasco, Beatriz Orcajo Miren Artaraz, Amaia Ríos eta Blanka Gómez de Segura Arabako Profe¬si¬o¬nal eta Enpresari Ema¬kumeen Elkarteak saritu ditu

Mariasun Landa, IV Dabilen Elea saria

Ana Borderas,  2011ko Kazetaritza Kulturaleko Sari Nazionala

Eusko Jaurlaritzak Mendebaldeko Saharan giza eskubideen defentsan diharduen Aminetu Haidar-i emango dio 2011ko René Cassin Saria

 

Buthania Kamel lehenbiziko emakumea presidentziarako lehian

Almudena Grandes  XIX  Sor Juana Inés de la Cruz Saria

L´Oréal-Unesco Ikerketa Poltsa eskuratu dute Espainiako bost ikerlarik

Barbara Celis Kultur Kazetaritzarako   Paco Rabal Saria

Euskal Herriko Unibertsitateak Marilyn Strathern  honoris causa doktore izendatuko du

Mire Agur Meabe, Haur eta Gazte Literaturako Euskadi Saria

Josefina Triguero, 2011ko Manuel Irujo Saria

Aizpea Goenaga, zinemagile lez Simone Beauvoir Saria

Ellen Johnson Sirleaf, Leymah Gbowee eta  Tawakkul Karman 2011ko Bakearen  Nobel Saridunak

Amale Arzelus II Antzerkizale Saria

Wangari Maathai, “ Emakume arbola” zendu da

Ikerketa sarian irabazitako 25.000 euroak  dirulaguntzarako eman ditu Consuelo Guerrik

Sara Lovera ohoratua Mexikoko emakumeen eskubideak defendatzeagatik

María Teresa Fernández de la Vega, Carmen Quintanilla eta Graça Machel saritu dituzte

Ofelia Rey Castelaok, María Josefa Wonenburger saria jaso du

María Ángeles Durán Heras, doktore “honoris causa” izendatuko dute Valentziako Unibertsitatean

Pilar Mateo Munduko Emakume Indigenen Mugimendua aurkeztuko du Gasteizen

Patricia Cornwellek eleberri beltzako nazioarteko RBA saria irabazi du

Montse Velasco bartzelonako sommelier gaztea "Nariz de Oro 2011" saria

Natalia Rodríguez Atletismoko Munduko Txapelketan brontzezko domina

Esther M. Rebato Antropologia Fisikoaren Espainiako Elkarteko presidente hautatu dute

Christine Lagare, NDFko zuzendari berria

Josefina Molina, Zinemako Emakume saria

Bibiana Aído, NBE Emakumeak erakundearen aholkularia

María Blascok Babacid ordezkatu du Ikerketa Onkologikorako Zentro Naziolanaren buruan

 


 

Ana Murugarrenen “El precio de la libertad” San Francisco Women’s Independent Jaialdian birritan saritua

Ana Murugarren nafarraren “El precio de la libertad” mini-telesailak Epaimahaiaren Award of Merit Sari Berezia eskuratu du eta Muntaia Onenaren Saria Women’s Film Institutek antolatutako San Francisco Women’s Independent Jaialdian. Lan hori Mario Onaindiaren bizitzan eta ibilbide politikoan oinarrituta dago. Protagonista Quim Gutiérrez da eta ekoizlea BlogMedia, TVErekin eta ETBrekin batera.

“El precio de la libertad” Donostiako azken Zinemaldian estreinatu zen eta Montecarloko Telebista Jaialdiaren 52. edizioan sari nagusia –Urrezko Ninfa– lortzeko lehian ariko da. Jaialdi hori ekainean ospatuko da Printzerriko Grimaldi Forum-en.

Horrez gain, hautagaia izango da datozen Telebista Akademiako Sarietarako zazpi kategoriatan; besteak beste, Zuzendaritza Onena (Ana Murugarren), Aktore Onena (Quim Gutiérrez), Ekoizpen Onena (Joaquín Trincado), Argazki Zuzendaririk Onena (Carles Gusi), Gidoi Onena (Luis Marías), Musika Onena (Javier López de Guereña) eta Fikzio Autonomiko Onena.

  

Estibaliz Díaz Tena ingeniari gasteiztarra, Karrera Amaierako Proiekturik Onenaren saria

Fabrikazio Ingeniaritzako Espainiar Elkarteak (SIF) Karrera Amaierako Proiekturik Onenaren saria eman dio UPV/EHUko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoko Makina Erreminta Gelako Estibaliz Díaz Tena Gasteizko ikasleari. 

'Análisis del mecanizado del cobre libre de oxígeno para instalaciones científicas'  izenburupean, mekanizazio teknika berrien ikerketan oinarritzen da bere lana eta ekipamendu zientifikoen osagaiak fabrikatzeko mekanizazio lehorraren teknikan sakontzen du. Proiektu irabazlea, Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoko Makina Erreminta eta Fabrikazio Teknologien Gelan gauzatu da.

 Etorkizunean prozesu hau kontrolatzeko gai diren zentro edo enpresetan,  Know-how balio handikoa izango da, pieza eta osagaiak arrazoi termiko eta egitura arrazoiengatik kalterik izan gabe fabrikatzeko, eta prezisio handiko prozesuak gauzatzeko. Horregatik  saritu du lana Fabrikazio Ingeniaritzako Espainiar Elkarteak (SIF, gazteleraz).

María Teresa Pàmies idazlea zendu da

Teresa Pamiés idazle katalana pasatako martxoaren 2an zendu zen 92 urterekin. Frankismo garaian eta demokrazia eta askatasunarekin zuen konpromisoa zela eta erbestera alde egin zuten intelektualen belaunaldiaren azkeneko ordezkaria zen. Lleidako Balaguer herrian 1919an jaioa, hogei bat liburu izadtiz zituen, katalanez gahienak, hala nola, “Testament a Praga”, “Quan érem refugiats”, “Gent del meu exili” o “La memòria dels morts”. Gaztetandik politikarekin oso konprometitua, hamazazpi urterekin Kataluniako Alderdi Sozialista Batuaren (PSUC gazteleraz) alderdikide egin zen eta espainiar Gerrate Zibileko borrokalariei laguntzeko Alianza Dona Jove de Catalunya emakumezkoen erakundearen sortzaileetako bat izan zen. Gerrate zibilaren ondoren erbesteratu egin zen eta lau urtez Mexikon bizi zen, hamabi urtez Txekoslovakian eta beste hainbat, Frantzian. Pragan bizi ziren bitartean, bere aitak oroitzapenak idatzi zituen eta idazleak, Bartzelonako literatur lehiaketa batetar bidali zituen, zuzendu ondoren. “Testament a Praga” lan honengatik Katalan Letren Josep Pla Saria irabazi zuen 1970ean.

 

Urte bat beranduago Kataluniara itzuli zen eta 1974ean Joan Estelrich Saria irabazi zuen  “Quam érem capitans” eleberriarekin. 1984an Generalitat-aren Sant Jordiko Gurutzea jaso zuen eta 1989an, “Una palabra, otra” II. Emakumeen Narratiba Lehiaketan, - espainiar probintzi ezberdineko Emakumezkoen Liburudendak babestutako lehiaketa-  lehenengo saria lortu zuen “Cómo nos fregaron, Dora” lanagatik. 2000.urtean, Bartzelonako Udalak hiritar merezimenduaren domina eman zion eta urte bat beranduago, Katalan Letren Ohorezko saria jaso zuen.

Aipatutako lanetaz aparte, “Crònica de la vetlla”, “Va ploure tot el día”, “La dona de pres”, “Amor clandestí” eta “Aquel vellet gentil i pulcre” idatzi zituen, guztiak narrazio – generoan, “Opinió de dona”antzezlanaz aparte. Poesiari dagokionez, “Cróniques de naufragio”, “La chivata” eta “Segrest amb filipina” nabarmentzen dira eta saiakeren atalean, “Una española llamada Dolores Ibárruri”, “Cartes al fill recluta”, “Gent del meu exil” eta “Memòria dels morts”. Bere azkeenko lana 2008ko “Informe al difunt” izan zen, 2007an hil zen Gregori López Raimundo bere senarraren omenez, PSUC-eko presidentea izandakoa.

 

Alicia Ortín, emakumeen eskubideen alde atsedenik gabe borrokatu duen emakumea

Alicia Ortin“Bagenekien Alicia emakume indartsua zela, bere energia, barrea, hitzak, pentsaerak edo haserreak –beharrezkoak zirenean– María de Maeztu Foro Feministarentzako ekarpen handia izan baitziren. Batez ere, bere indarraz jabetu gara hil denean utzi duen hutsuneagatik”. Hitz horiekin oroitzen dute Gasteizko bere kideek.  Alicia Ortín emakume poliedrikoa, feminista, frankismoaren aurkako borrokalaria, sindikalista, errepublikarra, internazionalista, kausa ezberdinetako militantea, eta azken unean, heriotza duin batetako militantea izan zen.

Aliciarentzak feminismoa ez zen aukera bat, ia-ia genetikoki zetorkion zerbait zen, barru-barrutik zetorkion behar bat. Agian oso gaztetandik emakumeek jasaten zituzten injustizien jakitun izan zelako, edo agian injustizia horiek oso gertutik bizi izan zituelako, bere bizitzan zehar emakumeek jasaten zuten zapalkuntza aldarrikatzeaz arduratu zen arlo guztietan. Bost anaia-arrebetatik zaharrena zen, eta 11 eta 19 urte bitartean haiek zaindu zituen, beren ama gaixotu egin baitzen. Bitartean, Irakasle-ikasketak egin zituen, eta 70. hamarkadan bukatu zuen karrera. Jaioterria zuen Cascantetik Gasteizera joan zen bizitzera. Irakaslea izan zen, pinu baten azpian ere klaseak ematen dituzten irakasle horietakoa izan zen, eta hezkuntzan ere jarrera aktibo eta parte-hartzailea izan zuen, bera halakoa baitzen.

Ez zuen inporta zein borroketan zegoen –eta borroka askotan sartuta zegoen: antifrankismoan, sindikalismoan,  pedagogiaren berrikuntzan, internazionalismoan…–, baina bere ekintzaren abiapuntuan uste sendo bat zuen: zapaldutako edo baztertutako edozein kolektibotan emakumeen egoera okerragoa zela. Eta berak esfortzurik handiena egiten zuen egoera hori aldatzeko.

Bizitza osoan feminista izan zen, baina bere konpromisoak bide ezberdinak jorratu zituen, bere ibilbideak bere generazioko emakume askoren ibilbidea islatzen du. Ezkerreko militantziatik, beti borrokatu izan zuen emakumeen eskubideengatik, lehenik klandestinitatean eta ondoren LKIko kide aktibo bezala. Arabako Emakumeen Batzarra sortu zenean sartu zen mugimendu feministan, eta bertan parte hartu zuen 1976. urtetik aurrera. Lokal bat lortzen saiatu zen, baita militante berriak ere. Emakumeen oinarrizko eskubideak –trantsizioarekin “oparitu” ez zirenak, gazte askok uste duen bezala–  aldarrikatu zituen. Antisorgailuengatik, abortuarengatik, dibortzioarengatik eta fabriketan lan egiten zuten emakumeen eskubideengatik borrokatu behar izan zuen. Azken hauei aurpegiratzen zieten ahaztuak sentitzen zirela batzuetan, ez baitzieten gehiegi laguntzen pentsamendua lantzerako orduan… Errebindikazio-kanpaina eta
-ekintza ugarietan eta eztabaida ideologiko gogorretan parte hartu zuen, eta gauza asko lortu zituen.

Aliciak “militantzia bikoitza” defendatzen zuen –pentsatzen zuen alderdien estrategia politikoa eta borroka feminista uztartu zitezkeela–, beti saiatu zen elkarlanerako guneak aurkitzen desadostasunen gainetik. Baina 80ko hamarkadaren bigarren erdialdean, desadostasun politikoengatik dinamika feminista zailtzen joan zen. Aipatutakoagatik eta Aliciaren berezko berezitasunengatik, beti baitzebilen zerbaiten bila eta ez zen sekula lortutakoarekin asetzen, arlo sindikalera bideratu zituen gizarte justuago bat lortzeko ahaleginak. Eta horrela, feminista izateari utzi gabe, urte batzuetan ez zen inolako erakundeko kide izan.

Hala ere, 90. hamarkada bukaeran, mugimendu feministak ebidentzian jarri zuenean indarkeria sexista ez zela arazo pribatu bat baizik eta arazo politiko larri bat zela eta emakumeen eskubideen  urratze onartezina, Aliciak kolektibo feminista ezberdinen eta emakume independentisten koordinazioa sustatu zuen. Orduan Emakumeok plataforma sortu zen, eta urte batez hileko lehen ostegunetan jende ugari biltzea lortu zuen biolentzia matxistaren aurka kontzientziatzen eta eraildako emakumeen errekonozimendua eta memoria galdatzen saiatzen zen kontzentrazioan.

Esperientzia hori erabakigarria izan zen Aliciak modu antolatuan lan egiteko gogoa berreskuratzeko eta FFMMn sartzea erabakitzeko. Azken urteotan bere grina ezagutu dugu burutu dituen jarduera guztietan, mintegietan, konferentzietan, etab. Urraketa-egoerak detektatzeko gaitasunak azken hilabeteetan harremanetan jartzera eraman zuen emakume etorkinen kolektiboekin, etxeko lanetan aritzen diren langileekin eta mendekotasuna duten pertsonen zaintzaz arduratzen diren pertsonekin. Konbentzituta zegoen gaur egungo feminismoak emakume horiekin egon behar zuela…eta baita gizarte justuago batengatik borrokatzen dutenekin ere, hala nola, 15-Mko gazte suminduekin. Azken hauengana ere gerturatu zen.

Beti arretaz jarraitzen zituen inguruko jendearen beharrak, eta beti prest zegoen bere denbora eta arreta kideei eskaintzako. Berak kontatzen zuen emakumeen gorputzaren medikalizazioari buruzko hitzaldi batean bururatu zitzaiola Heriotza Duin baten aldeko eskubidea Gasteizen bultzatzeko ideia. Azken aldian ilusio handienarekin lan egin du kausa honen alde. Bere bizitza justizia, berdintasuna eta elkartasunaren alde beti borrokatu izan duen emakume bati dagokion duintasunarekin bukatu du.

Hasiera


Aung San Suu Kyi, Bake Nobel Sariak, Birmaniako hauteskundeetara aurkeztuko da

Demokraziarako Elkarte Nazionalaren buru (LND gazteleraz) eta Bake Nobel Saria den Aung San Suu Kyi, datorren apirilaren 1ean bere herrialdean ospatuko diren hauteskunde partzialetara aurkeztuko da, Birmaniako Hauteskunde Batzordeak bere hautagaitza onartu ondoren. Hauteskunde batzuetara aurkeztu daiteken lehenengo aldia da 1988an Birmaniara bueltatu zenetik, demokraziaren ezaugarri eta milaka pertsonen idolo bihurtu zenean. Suu Kyi – azkeneko 22 urteetatik 15 etxe barruko arrastatzean igaro zituena- 2010eko azaroaren 7ean ospatu ziren hauteskundeak boikotatu zituen, lehenengoak 20 urteetan, askeak eta demokratikoak ez zirelako. 1991. urtean Bake Nobel Saria eman zioten bere herria demokrazia eta giza eskubideen errespetura bideratzen saiatzeagatik.

Hasiera


Eleonora Menicucci, emakumezkoen politikarako ministro berria Brasilen

Soziologo eta akademikoa, gerrillari ohia, feminista, bi semeen ama, dibortziatua dago eta 68 urtekin, Brasilen emakumezkoen politika defendatzeko ministro kargua onartu du. Otsailaren 10ean, kargu berriaz jabetu zenean, 70.hamarkadan Dilma Rousseff lehendakariaren kartzelako kide izan zela gogorarazi zuen 1964-1985 bitarteko diktadura militarra borrokatzeko gerrillan zeundela, eta emakumeenganako bortxakeriaren deuseztatzea lehentasuna izango duela jakin arazi zuen. Horretarako, 2006ko Maria da Penha legea – emakumeenganako bortxakeria zigortu eta erasotzaileentzako kartzela zigorra ezartzen duena- osotzea ezinbestekoa izango da.

Baina ministro berriak, beste gai gatazkatsu bat argitu beharko du eliza katoliko eta ebanjelikoak eragiten duten presioagatik: abortuaren liberalizazioa. Karguaz jabetu aurretik, Menicuccik abortatzeko eskubidearen alde agertu zen, Kongresuko diputatu ebanjelikoen arbuioa eraginez.

Abortua ez dela arazo ideologikoa, osasun publikokoa baizik argi utzi zuen, eta bere borrokak, emakumezkoen sexu eta ugalketa eskubideak defendatzea eta edozein emakume abortu baten ondoren ez hiltzea, du helburu. Brasilen abortua legezkoa da amaren bizitza arriskuan dagoenean soilik.

Hasiera

 

Wislava Szymborskari agurra, 1996ko Literatura Nobel Saria

1996an Literatura Nobel Saria jasotzen emandako hitzaldia laburra eta ironikoa izan zen: “Idazten dudanean, nire atzean imintzioak egiten ari den norbait dudanaren sentsazioa dut. Horregatik hitz handietatik ihes egiten dut”. Hitz hauetan laburtu daiteke otsailaren 1ean Krakovian itzali zen bere bizitza zuhurra, apala eta uzkurra, literatur batzarretatik aldendua. Kritikoentzat, “poesiaren Mozart-a” zen, bere inspirazio oparo eta maisutasunez erabilitako hitzengatik.

Wislava Szymboreka 1923ko uztailaren 2an jaio zen Bnin-en (Kórnik), Poznandik gertu. Krakoviako Jagelloniana Unibertsitatean Poloniar Filosofia eta Soziologian lizentziaduna, hamar bat poema liburu idatzi zituen, baina lehenengo bietaz -1957 urtearen aurretik argitaratuak-, damutu egin zen, errealismo sozialistatik gertu zirelako.

“Busco las palabras” izan zen bere lehenengo liburua (1945). 1952an “Por eso vivimos” poema – liburua argitaratu zuen eta bi urte beranduago, “Preguntas planteadas a una misma”. “Llamada al Yeti” (1957) lanarekin, errealismo sozialistatik aldendu zen. “Poemas escogidos” (1964), “Cien consuelos” (1967), “Poemas” (1970), “Por si acaso” (1972), “Poemas escogidos” (1973), “Tarsius y otros poemas” (1976), “Un gran número” (1977), "Poemas escogidos II" (1983), “La gente sobre el puente” (1986),  “Poesía” (1987), “Velada del autor: Poemas” (1992) eta  “Fin y principio” (1993) idatziko zituen ondoren. 2009an, eta ezer argitaratu gabe denbora luzez, “Aquí” poema – liburua argitaratu zen gazteleraz, ia Polonian argitaratu zen denbora berean.

 “Zycie Literackie” (“Bizitza Literarioa”) literatur aldizkarian lan egin zuen kritiko bezala 1953 eta 1981 bitartean, baita “Tygodnik Powszechne” astekarian eta “Gazeta” egunkariko liburu atalean ere. Frantziar poeten lanak itzuli zituen, batez ere Barroko arokoak. “Stancykowna” ezizenpean, poloniar “Arka” eta “Kultura” erbesteko paristar  aldizkarietan kolaborazioak idatzi zituen laurogeiko hamarkadan.

Krakoviako Literatura saria eta Poloniako Kultura Ministerioko Saria irabazi zituen 1954 eta 1963ean, hurrenez hurren, hala nola Suitzako Koscielskich Fundazioaren Z. Kalenbach saria, Goethe Saria 1991ean, Herder Saria 1995ean eta poloniar PEN Clubarena 1996ko irailaren 30ean. Urte horretan bertan, Literatura Nobel Saria irabazi zuen “ bere testuinguru historiko eta kronologikoan, giza errealitatearen zatiak zehaztasun ironikoarekin argitzeagatik”.

Hasiera

Maria da Graça Foster Petrobras-en aginduko du, Brasilgo enpresa handiena


Lehenengo aldiz Brasilgo enpresa handienak emakume batek zuzenduko du: berrogeita hemezortzi urteko Maria de Graça Foster-ek José Sérgio Gabrielliren postua hartuko du. Postu hau brasildar administrazio publikoko irrikatuenetakoa da kudeatu behar diren miloi dolarrengatik eta ematen duen botereagatik. Petrobras Estatu brasildarrak kontrolatutako kapital irekiko enpresa da - %50eko boto eskubidea duten akzioen jabe da –Sao Paulo, New York, Madril eta Buenos Airesko burtsetan kotizatzen duena.

Brasil munduko petrolio gordineko ekoizle handienetakoa bihurtu dezaketen Presalgo petrolio – hobi handiak esploratzeko lana izango du lehendakari berriak.

Lanbidez kimikoa den Maria Graça Foster, estatuko Gas eta Energia konpainiako negozio ataleko buru exekutiboa zen 2007. urtetik eta duela 32 urte hasi zen enpresa horretan – non ardurako postuen %85a gizonezkoen esku dago-.  Berea haurtzaroa eta nerabezaroa Complexo Alemaon igaro zituen, Río de Janeiroko favela handienetako bat, eta familia lagundu eta ikasketak ordaintzeko lan egin behar izan zuen. Brasilgo lehendakari den Dilma Rousseff uste osoa du beragan eta boterera iritsi zenean gobernua osatzeko deitu zion.

Hasiera

Golshifteh Farahani irandar aktorea, bere herritik erbesteratua

Golshifteh Farahani aktore irandarra bere herritik erbesteratua izan da gerritik gora erdi biluzik azaltzegatik “Le Figaro Madame” aldizkariko erreportaje batean. Bertan, frantziar zine Akademiak César sarietara hautatuak izan diren beste aktore azaltzen dira erdi biluzik ere. Kultura Ministerioko ordezkari eta irandar gidari islamiko batek, herrira ez bueltatzeko gomendatu dio ongi etorria izango ez delako. Far News, irandar gobernuko berri – agentzia ofizialak, “Golshifteh Farahani deitoragarriaren argazki hau, zinearen zokoen alde txarra ezagutzera ematen duela” jakinarazi du ohar batean.

Golshifteh Farahami Parisera joan zen bizitzera duela urte bat Irango zentsuragatik alde egiteko. Hollywooden lan egiten zuen lehenengo irandar aktorea izateagatik egin zen ospetsu 2008an, Ridley Scott-en “Red de mentiras” filmeko protagonista zelarik  Leonardo DiCaprio eta Russell Crowe aktoreekin batera. Farahanik, bere Facebookeko orrialdera igo du argazki polemikoa eta elkartasun-adierazpen ugari jaso ditu bertan.

Hasiera

Diana Taurasi saski baloi jokalariari jantzi estuak ez eramateagatik isuna jarri diote

Diana Taurasi, Emakumezkoen Saskibaloiko Euroliga osatzen duten 23 taldeetako jokalari bakarra izan da Nazioarteko Saskibaloiko Federakuntzaren (gazteleraz FIBA) arauak bete ez dituena janzkerari dagokionez. “Femeninoagoa” den uniformea ez janzteagatik eta bere jarreran tinko eusteagatik, 500.000 eurotik gorako isuna ezarri diote.

FIBAk, “ galtza motzak eta kamisetak estuagoak izatea” inposatu zuen, “gorputzeko ingeradak jarraituz”, kamisetak ezin du sorbalda estali, galtzamotzaren zabalerak bi zentimetroko gehienezko tartea utzi behar du oihal eta larruaren artean, eta belaunen  gainetik geratu behar da hamar zentimetrotara.

Horrela ba, emakume kirolari profesionalek jasaten duten diskriminazioa ez du bere lan – egoeran edota gizonekin konparatuta duten ikuspen urrian eragina soilik, baita janzteko eran.

Gaur egun Turkiako Galatasaray taldean jokatzen duen hegaleko kaliforniarrak, munduko hoberenetarikoa, Euroligako arauak ez betetzea erabaki du denboraldi honetan. Lehenengo isuna 500 eurokoa da baina bikoizten doa partidu bakoitzean arauak betetzen ez dituen neurrian: 500, 1.000, 2.000… eta hamar partidu jokatu ondoren, 512.000 eurokoa da isuna.

Madrilgo Udalerriko Emakumeen Kontseiluak, bere garaian FIBAren sexismoa salatu zuena, arau honek berezko irudiaren eskubideari kalte egiten diola gogorarazi du berriro eta Diana Taurasiri jarritako isuna kentzea eskatu du, baita beste jokalarien eta Saskibaloi Jokalarien Elkartearen babes publikoa, hala nola Patrick Bauman, Europako FIBAko zuzendariaren berehalako kargu - uztea.

Hasiera


Iraia Garciak Unibertsitateko Errendimendu Akademikoko Bikaintasunaren saria lortu du

EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko ikasle den Iraia García Santistebanek Unibertsitateko Errendimendu Akademikoko Bikaintasunaren hirugarren sari nazionala lortu du Biokimikan, Hezkuntza Ministerioak emana. Epaimahaiak kontuan izan zituen Zientzia eta Teknologia Fakultateak Biokimikan Espediente Onenari emandako Aparteko Saria eta bosgarren mailako proiektua egiteko lankidetza beka. Egun, doktorego tesia egiten ari da ikastegi horretako Genetika, Antropologia Fisikoa eta Animalien Fisiologia Saileko laborategian.

Hasiera


Maite Fuentes Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzien Fakultateko dekano berria.

Maite Fuentes Azpirozek Inés García ordeztu du dekano gisa Arabako Campuseko EHUko Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzien Fakultatean. Dekano berriak lizentziatura du, Madrilgo Unibertsitate Politeknikoko Jarduera Fisikoan, eta diplomatura, Magisteritzan (EHU). Horrez gain, kirol munduarekin lotura izan du, eta, batez ere, saskibaloiarekin, jokalari internazionala izatera iritsi zelarik. 1991. urtean saskibaloiko klaseak ematen hasi zen gaur egun dekanoa den fakultate berean. Ikertzaile lanean ari zela, bere ikasketak kirolarien prestakuntzan zentratu dira, eta, bereziki, minibasketean. ANADECOL, kirol kolektiboetan espezializatzen den Unibertsitateen arteko ikerketa-taldeko partaide da.

Hasiera

Susana Egea eta Cristina Ferradásek irabazi dute, ex aequo, Arte Eszenikoen Ikerkuntzarako Artez Blai IV. Nazioarteko Saria

Susana Egea kataluniarrak aurkeztutako ‘La interpretación actoral en la escena operística. Análisis en torno a una especificidad’ eta Cristina Ferradás galiziarrak idatzitako ‘La construcción del espectador en el teatro breve de José Sanchis Sinisterra’ Arte Eszenikoen Ikerkuntzarako Artez Blai IV. Nazioarteko Sariaren irabazle suertatu dira. Hala erabaki du antzerki zuzendaria eta sariaren lehenengo edizioko irabazlea den Borja Ruiz, Madrilgo Antzerki Dokumentazio Zentroko kidea den Berta Muñoz eta Artez Aldizkariko zuzendaria eta antzerki kritikaria den Carlos Gilek osatutako epaimahaiak. Ikerkuntza testuak jasotzen dituzten liburu bana plazaratuko ditu Artezblai Argitaletxeak, aurreko edizioetan Borja Ruiz, José Luis Arce, Zulai Macias eta Denis Rafteren lanekin egin duen bezala.
 
Susana Egeak operarako antzezpenaren inguruko lan teorikoa egin du, teknika desberdinen batuketaz haratago doan baterakotasunaren bidea defendatuz. “Ahotsa, emozio eta mugimendua hasi eta batetik eta batera garatzen dituen teknikaren alde gaude, operan antzezteak bereizitasuna eskatzen duen heinean”, dio egileak.
 
Cristina Ferradásek, bestalde, José Sanchis Sinisterra antzerkigileak sortutako antzezlan laburren inguruko ikerketa proposatu du, betiere ikuslearekiko duten eraginean oinarrituta.

Artez Blai Kultur Elkarteak antolatuta eta Bizkaiko Foru Diputazioaren laguntzarekin burututako Arte Eszenikoen Ikerkuntzarako Sariaren laugarren edizio honetan inoiz baino lan gehiago jaso dira, jatorriak honako hauek direlarik: Argentina (12), Venezuela (4), Kolonbia (3), EEBB (1), Kuba (1), MexiKo (1), El Salvador (1), Galizia (4), Euskal Herria (3), Madril (3), Andaluzia (2), Valentzia (2), Asturias (1), Katalunia (1) eta Gaztela eta Leon (1).

Hasiera

 

Eunate Aguirre, bodyboardeko munduko txapelduna.

Eunate Aguirre bizkaitarrak (Bilbo, 1982) bodyboardeko –surfaren espezialitate bateko– txapelduna izatea lortu zuen azaroaren 27an Azores Uharteetan. Etenik gabeko lana izan da 13 urte dituenetik. Sopelanan egunero egindako entrenamenduek eta adore hauskaitzak oraindik ere hein handi batean gizonezkoa den kirol honen gailurreraino eraman dute.

16 urterekin txapelketa nazionalak irabazten hasi zen eta laster bere ibilbidea sostengatu duten babesleei deigarri gertatu zitzaien. Bere hurrengo helmuga europar zirkuitua izan zen eta eutsi egin zion. Txapelketa askoren finaletara iritsi zen eta Europa junior-eko txapelketa bitan irabazi zuen (1998-1999 / 1999-2000). Munduko zirkuitua hurrengo etapa izan zen eta ez zen batere erraza izan, planetako bodyboarder onenekin indarrak neurtu behar izan baitzituen. Japoniara, Brasilera, Hawaiira, Kaliforniara, Australiara, Hego Afrikara bidaiatu zuen… proba hauek antolatzen dituzten hondartza hoberenetara. 2004an mundialean bederatzigarren postua lortu eta Europako podium-ean hirugarren lekua hartu zuen. Hurrengo urtean zirkuitu kontinentalean berriz maila eman eta aldi honetan bigarren postua lortu zuen. 2006. urtean Eunatek bigarren postua lortu zuen Ranking Mundialean, eta berriro ere Europako txapeldunorde izan zen. Hurrengo urtean Europako txapeldunaren titulua lortu zuen. 2008an munduko txapelketako laugarren postua lortu zuen kemen handiz, eta 2009. urtean ia berriro lortu zuen bigarren postuan geratu zenean.

Hasiera

Gemma Agirregomezkortak Gure Balioak Saria jaso du

“Gemma Agirregomezkortak ezin hobeki ordezkatzen ditu Debabarrenan bultzatu nahi ditugun lau baloreak: errespetua, osotasuna, espiritu ekintzailea eta lankidetza eta elkarlana”, ziurtatu zuen Gure Balioak Saria entregatu zuen epaimahaiak Ermuako Lobiano Jauregian azaroaren 10ean.

Epaimahaiak nabarmendu zuen irabazlearen “ekimena , elkartasuna, osotasuna, iraunkortasuna, pertsonekiko errespetua eta horien kulturekiko eta, batez ere, bere borrokarako kemena eta oztopoak gainditzeko gaitasuna”. 12 urterekin diagnostikatu zioten desgaitasunaren ondorioz mugak dituen arren, Gemma pertsona ekintzailea izan da eta da, baita pertsona osoa eta solidarioa ere. Oso gaztetatik kolektibo-mota ezberdinak bultzatzen hasi zen, hala nola desgaitasunak zituzten taldeak, emakumeen elkarteak, baita ere droga-mendekotasunaren prebentziorako eta HIESA duten pertsonen autolaguntzarako elkarteak.

Tere Gancheguik, aurreko edizioko irabazleak, entregatu zion saria.

Egindako diskurtsoan, Agirregomezkortak esker oneko hitzak izan zituen Tere eta Elgoibarko herritar guztientzako. Halaber, Miskik Perun egindako lana gogoratu zuen eta “quechua hizkuntzan bukatu zuen “Gora Elgoibar” esanez.

Hasiera

Encarnación Roca Trías Real Academia de Jurisprudencia y Legislación-eko lehenengo emakumea

Encarnación Roca Trías (Bartzelona, 1944) legelaria, Zuzenbide Zibileko katedraduna eta Auzitegi Goreneko epailea Real Academia de Jurisprudencia y Legislación-en sartu den lehenengo emakumea da.
Encarnación Roca moldeak apurtzen ohituta dago gizonek kontrolatutako lanbide bat aukeratu baitzuen. 1978an Zuzenbide Zibileko lehen emakume katedraduna izan zen Espainian. Egoera hartan, lehen aldiz sentitu bazuen ere emakume izatea eragozpen bat izan zitekeela, ez du inoiz gehiago horrelakorik sentitu. 12 urte beranduago, katedra gainditua zuenean beste muga bat gainditu zuen, bera izan baitzen Academia de Jurisprudencia y Legislación de Cataluña-n sartu zen lehenengo emakumea.  Kataluniako familia-zuzenbidean aditua zen emakume hori Auzitegi Goreneko Sala Zibileko lehen emakume epailea izan zen eta erakundean sartzen zen laugarrena.
Aparteko curriculuma bazuen ere, Rocak gogor lan egin behar izan du Real Academia de Jurisprudencia y Legislación-en sartzeko. Lehenengo aukeran, orain dela hilabete batzuk, hautagai ezberdinak zeuden, baina hiru botazioren buruan eserlekua bete gabe geratu zen. Azaroaren 21ean, hautagai bakarra izaki, irabazi egin zuen. Bere hautagaitza Gracía de Enterría, Menéndez Menéndez eta López Vilas akademikoek aurkeztu zuten. Akademiko berriak aukeratu duen sarrera-diskurtsoa zuzenbide-familian gizarteko aldaketek duten eraginari buruzkoa izango da.
Espainiako Insitutua osatzen duten zortzi akademia errealek 347 kide dituzte eta horietatik soilik 20 dira emakumezkoak, hau da %5,76. Ondorengo hiru erakundek euren organigraman emakumezko akademiko bat dute: Real Academia de Jurisprudencia y Legislación, Real academia de Ciencias Morales y Políticas eta Real academia de Medicina. Aldiz, Real Academia de Ciencias Exactas-ek, Real Academia de Físicas y Naturales-ek eta Real Academia de Historia y Bellas Artes de San Fernando-k bina emakume dituzte. Emakumezko akademiko gehien Real Academia de Farmacia-k ditu –40 kide, eta horietatik 6 emakumezkoak dira– eta Real Academia Española-k –42 kide, eta horietatik 5 emakumezkoak dira–.

Hasiera

Carmen del Riego, Madrilgo Prentsa Elkarteko lehen emakume lehendakaria

Carmen Del Riego (Oviedo, 1960) kazetaria  Madrilgo Prentsa Elkarteko lehen emakume lehendakari izendatu dute elkarteak dituen 116 urte hauetan. Emandako botoen %45ak haren hautagaitza babestu zuen, Fernando Jauregui eta Juan Caño-renak babestu ordez. Datozen lau urteetan lehenengo lehendakariordea  Marisa Ciriza izango da, bigarrena Javier Olave eta hirugarrena Miguel Angel Noceda. Idazkari Nagusia María Jesús Chao izango da eta idazkariordea Nemesio Rodríguez.

Carmen Del Riego La Vanguardiako kronista politikoa izan da, baita SER Kateko, Telemadrid-eko eta Canal 9-ko tertulianoa ere. Bere kargu berritik kazetaritzako praktika onak defendatu nahi ditu “galdutako sinesgarritasuna” berreskuratzeko eta medioetako eredua eztabaidatzeko. “Aurrera egitea hobetzeko”, horixe izan zen bere hautagaitzan erabilitako lema, eta orain arreta berezia jartzeko konpromisoa hartu du kazetaritzak dituen langabeziaren arazoetan eta komunikabideetan gertatzen diren kaleratzeetan –krisia hasi zenetik 4000tik gora–.

Era berean, erabaki du Lehen Enplegua izeneko Programa eta Caixa-rekin sinatutako hitzarmena lehenestea, eskoletan irakurtzen diren egunkariak sustatzeko.
Bere programako beste puntu interesgarri bat galderarik gabeko prentsaurrekoei egindako kritika izan da.

Hasiera 

Maria Bayo Eusko Ikaskuntza saria

Maria Bayo sopranoak Humanitate,  Kultura eta Zientzia Sozialen Eusko Ikaskuntza Saria jaso zuen Donostiako Miramar Jauregian joan den azaroaren 25ean. Angel Gabilondo Hezkuntza ministroa bertaratu zen ekitaldira. Jose Maria Muñoak, epaimahaikideen buruak, Mariaren ezaugarri bat azpimarratu zuen “jaso duen sariaren filosofiarekin bat ondo datorrelako: ahaleginak eginez lorturiko meritu pertsonala”.

Aho batez erabaki zuen epaimahaiak saria ematea “ ibilbide artistiko eta kulturala eta balio humanoagatik ez ezik musika ondasuna berreskuratzeko egiten dituen ahaleginengatik. Beste meritu batzuk ere aipatu zituzten, hala nola, “kontzertu kantak zabaltzeko saiakerak eta euskaraz abesten duela nahiz eta euskalduna ez izan”.
Horretaz gain, hainbat euskal maisuen kantak (Arambarri, Guridi eta Canteloube, besteak beste)  grabatu dituela gaineratu zuten. Sari banaketako ekitaldian Maria Bayok karrerako 23 urte laburtu zituen “ikasteko etengabeko prozesua” izan direla esanez.  Halaber, bere lehenbiziko maisuak gogora ekarri zituen eta baita Mozart eta Bach ere. Azken horiek dira gehien miresten dituen musika egileak. Operari buruz jardun zuenean, aurrekontu guztietarako sarrerak egonik “elistista” delako aurreiritzia atzean utzi behar litzatekeela adierazi zuen. “Partidu edo rock kontzertuen sarreren prezioa, berriz, ez da eztabaidatzen”.

Maria Bayo 2009ko Musika Sari Nazionala izan zen eta nazioartekoan itzal handiko ahotsetako bat da. Operako rol anitz antzeztu ditu, Barrokotik hasita (Cavalli, Graun, Hasse, Haendel, etab.) XX mendera iritsita (Debussy, Granados, Falla, Poulenc, Stravinski). Rossini eta Eskola frantziarra ( Gounod, Bizet, Offenbach y Massenet) bere kuttunenak dira. Munduko antzeztoki puntakoenetan abesten ohi du:
Scala (Milan) Staatsoper (Berlin), Hamburgo, Munich, Dresde, La Monnaie, Covent Garden, Teatro Colón (Buenos Aires), Metropolitan (New York); La Bastille, Palais Garnier eta Théâtre Chatelet (Paris), Roma, Bologna, Florencia, Viena, Teatro Real eta La Zarzuela (Madril), Liceu (Bartzelona), Bilbo, Sevilla, Iruña, La Coruña, Lisboa, San Frantzisko, Los Angeles, Houston, Sâo Paulo, Lyon, Ginebra, Marsella, Montpellier, Montecarlo, Tel-Aviv, Tokio; Salzburg, Aix-en-Provence, Granada, Perelada, Beaune, Ruhr Triennale jaialdietan eta Donostiako Hamabostaldian, besteak beste.

Eusko Ikaskuntza Saria 1995tik sortu zenetik behin bakarrik eman diote emakume bati (Maïté Lafourcade) . Sariak 20.000 euroko diru laguntza du.

Hasiera


Trine Sejthenek indarkeria matxistaren kontrako txartelaren lehiaketa europarra

Danimarkako Trine Sejthen diseinatzaileak “La Violencia no es siempre visible/ Indarkeria ez da beti ikusgai izaten” lanagatik indarkeria matxistaren kontrako Txartel Lehiaketa Europarra irabazi du. Lehiaketaren antolatzaileak honako hauek dira: Mendebaldeko Europarako Nazio Batuen Eskualdeetako Informazio zentroa eta NBE Emakumeak. Lehenbiziko edizio honetan 40 herrialdetako 2.700  lan aurkeztu dira.
Trine Sejthenekekin batera beste bi diseinatzaile saritu dituzte: Kosovoko Gjoke Gojani eta Raphaelle Moreau, batak herri botazioa eta besteak Gaztedia saria irabazi dutelarik. 
Sari banaketa ondoren joan den azaroaren 25ean argitaratu zen txartel irabazlean Europako prentsan. Egun, Bruselako Harlan Levey Proiektu Galerian erakusketan ikusgai dago beste 30 lan finalistekin batera. Erakusketa  Mosku, Praga eta Kievera iritsiko da laster.

Hasiera

Isabel Burdiel 2011ko Historia Sari Nazionala

Aurtengo Historia Nazional saria Isabel Burdielek irabazi du (1958).  Valentziako Unibertsitateko Historia Garaikideko Katedratikoak “Isabel II. Una biografía (1830-1904)” lanagatik jaso du Kultur Ministerioaren aipamena.   20.000 euroko diru laguntza duen errekonozimenduak Espainiako historian egiten ari diren ikerketa eta ikasketak eskertu eta bultzatu nahi ditu.

Isabel Burdielen espezialitatea XIX mendeko liberalismoaren historia politiko eta kulturala da. Idazlan ugari idatzi ditu, hala nola, “La política de los notables” (1987) “Vindicación de los derechos de la mujer de Mary Wollstonecraft “ l(1994), Mary Shelleyren “Frankenstein” (1996) liburuen edizio kritikoak, “La dama de blanco” saiakera. 2004an  “Isabel II. No se puede reinar inocentemente” bukatu gabeko biografia argitara eman zuen. 2010ean beste biografia bat kaleratu du,  saria irabazi duena, hain zuzen ere.

Erregina 16 urte zituela gorrotatzen zuen lehengusu batekin ezkonarazi zuten; gobernuaren ardura 13 urte hartu behar izan zuen eta denboraren poderioz monarkia eta herrialderako pertsonaia negatiboa bihurtu zen. Burdiel irakasleak aldaketaren arrazoiak ikertu ditu.

Hasiera


Selma Ancira Itzulyz Itzultzailearen Lana sari Nazionala

   Jatorri mexikarreko Selma Ancira filologoak itzultzaile baten lanari  Kultur Ministerioak ematen duen Sari Nazionala irabazi du. Errusiako XIX mendeko literatura eta Literatur garaikide greziarra dira haren espezialitateak.  Marina Tsvietaievaren prosa gehiena itzuli du gaztelaniara eta Alexandr Pushkin, Nikolai Gogol, Fiodor Dostoievski, Ivan Goncharov, Ivan Bunin, Mijail Bulgakov, Boris Pasternak, Serguei Eisenstein, Nina Berberova, Ósip Mandelshtam, Bulat Okudzhava, Izrail Metter eta Lev Tolstoi idazleen itzultzailea da.

 Literatur greziarraren arloan Giorgos Seferisen saiakerak, Yannis Ritsosen olerkiak, Yakobos Kampanellisen lanak de Maria Iordaniduren eta “Loxandra” eleberria itzuli du.1988 tik Bartzelonan bizi da. Selma Ancira Espainiako nazionalitatea du.

Hasiera 

Olivia de Miguel, Itzulpen Onena  Sari Nazionala

Olivia de Miguelek Kultur Ministerioaren Itzulpen Onenaren Saria jaso du  Marianne Mooren “Poesía completa” lanagatik. 20.000 euroko diru laguntzaz hornituriko errekonozimenduak Espainiako edozein hizkuntzetara eginiko testu atzerritarraren itzulpena saritzen du. Olivia de Miguel (Logroño, 1948) Zaragozako unibertsitatean Filologia Anglogermanikoan lizentziatua da eta Bartzelonako Unibertsitateko doktorea “Itzulpenaren Teoria” arloan. Egun, Pompeu Fabra Unibertsitateko Traducció i Interpretació  Fakultateko irakaslea dihardu. Itzultzaile gisa honako argitaletxeekin lan egiten du: El Acantilado, Siruela, Alba, Tusquets, Destino, Hiperión, Galaxia Gutenberg, Edhasa, Ediciones del Bronce, Random House Mondadori eta Global Rhythm. Haren itzulpenetan  Joan Didionen “Una liturgia común”, eta George Orwelen “1984” nabarmentzekoak dira. G. K. Chestertonen “Autobiografía” lanagatik  Ángel Crespo Itzulpen Saria irabazi zuen, Catalunyako Idazleen Kolegioak ematen duena, hain zuzen.

Hasiera

Francisca Aguirre, Poesia Sari Nazionala

Francisca Aguirre, (Alacant, 1930), Kultura Ministeritzaren  Poesiako Sari Nazionala irabazi du “Historia de una anatomía” lanagatik. Testuak iaz Miguel Hernández Poesia Sari Internazionala lortu zuen ere. Lan honetan,  bere bizitza eta familia gertaerei buruz idazten  du, esaterako,  Lorenzo Aguirre margolariaren heriotzaz mintzo da. Idazlearen  aita zena  errepublikarra izateagatik frankismoak garrotez  hildako azken pertsona (1942) izan zen Espainian.

Félix Grande poetarekin ezkondua eta baita beste poeta baten ama denak liburua aldarrikapen oihua dela zehaztu du: “ Margolari errepublikar baten alaba naizela esan nahi nuen eta testuan , gizon alaia zela argi utzi, bizitza, pintura eta bere emaztea maite zituena, eta guzti honen gainetik, justizia. Legezko gobernu bat defendatzeagatik asasinatutako margolari zoragarria zen”.

Olerkaria Paca Aguirre izenez ezagutzen dugu literatur munduan.  1972an argitaratu zuen bere lehenengo eleberria. Haren  lanan artean  “Los maestros cantores”, “La otra música”, “Que planche Rosa Luxemburgo” (Galiana Saria, 2004), “Espejito, espejito” oroitzapen liburua, “Itaca” (Leopoldo Panero Poesia saria), “Los trescientos escalones” (Irun Hiria Saria), “Ensayo general”(Esquio Saria), “Pavana del desasosiego” (María Isabel Fernández Simal Saria), “La herida absurda” eta “Nanas para dormir desperdicios” (Institución Alfonso El Magnánimo Erakundearen Balentzia Saria) aurkitzen ditugu. Haren  idazlanak valentzierara, ingelesera, frantsesera, italierara, portugalera eta arabiarrera itzuli dira.

Hogei mila euroz esleitutako sari honen epaimahaia Soledad Puértolas, Manuel Rivas, Juan Carlos Mestre, Jon Kortazar, Vinyet Panyella, Asunción Escribano, Paula Izquierdo, Ángel Luis Prieto eta Teresa Martín Pecesek osatu dute.

Hasiera

Maite Carranza, Haur eta Gazte Literatur Sari  Nazionala.

Maite Carranza idazle katalanak (Bartzelona, 1958) Kultura Ministeritzak ematen duen  Haur eta Gazte Literatur Sari  Nazionala irabazi du katalanez idatzitako “Paraules emmetzinades” (Pozoindutako hitzak) lanagatik. Eleberria, adingabeen abusuei buruzkoa, Natayscha Kampusch austriar gaztearen kasua dela eta – zortzi urtez gizon batek bahiturik egon zena- idatzi zuen.

Maite Carranza 25 urtez darama haur eta gazte literaturaren gaian, eta berrogei bat titulu idatzi ditu. Bere lehenengo lanak, “¡Toma castaña!”, Crítica Serra d´Or saria irabazi zuen, “Paraules emmetzinades” ere irabazi duena. Bere “Trilogía de las brujas” hogei hizkuntzatara itzuli da. Helduentzako idatzi du ere: “Sin invierno” (1999), mota honetako lehenengo eleberria izan zen. Bi urte beranduago, TV3 telebistarentzako hasi zen lanean telesail gidoilari bezala.
2011ko Haur eta Gazte Literatur Sari  Nazionaleko Epaimahaia, Rosario Álvarez, Itziar Zubizarreta, Lidia Pons, Ramón Nicolás, Gemma Lluch, Antonio Hernández, Amaya Corral eta Gracia Iglesiasek osatu dute, 2009 eta 2010eko Alfredo Gómez Cerdá eta Eliacer Cansino Macías irabazleekin batera.

Hasiera

 

Teresa López, COPA Emakume Komitearen lehendakari berria.

Fademur, Landatar Munduko Emakumeen Elkarteen Federazioaren lehendakaria den Teresa López, COPA, Nekazaritza-elkarte profesionaletako emakume komitearen lehendakari  hautatua izan da herri ezberdinetako ordezkariekin Bruselan burututako  asanbladan.

Teresa Lópezek, Espainian duela gutxi onartu den Nekazaritza-ustiategien titulartasun partekatuaren legeaz aritu da, nekazaritza arloko familia  ustiapenetan emakumeek egiten duten  lanari ikusgarritasuna eta esker ona emateko adibide moduan. Hemendik aurrera, Europar Batasuneko emakume nekazari eta ganaduzaleenganako esker ona sustatzea izango du erronka , besteak beste.

Hasiera

Patricia Sancho-Uriarte, Encarnación Goicoechea y María Dolores Guillén, UPV/EHUko ikertzaileek, Sigma-Aldrich saria jaso dute

UPV/EHUko Farmazia Fakultateko Elikagaien Teknologia Arloko “Elikagaien Prozesatzea, Kalitatea eta Segurtasuna” (Procayseal) ikerketa-taldekoak diren Patricia Sancho-Uriarte, Encarnación Goicoechea eta Mª Dolores Guillén ikertzaileek saria jaso zuten Kimika Analitikoko Espainiako Elkarteak (SEQA) antolatutako Analisi Instrumentaleko 13. Jardunaldietan. Jardunaldi horiek Bartzelonan egin ziren 2011ko azaroaren 14tik 16ra. 2011ko apirilean Journal of Food Science and Agriculture aldizkarian argitaratu zen “Volatile components of several virgin and refined oils differing in their botanical origin" izeneko euren lana saritua izan zen, olio jangarrien gaineko ezagutzari eginiko ekarpenagatik, horien osagai hegazkorrak aztertuta Fase Solidoko Mikroerauzketaren (SPME) bidez, eta jarraian Gasen Kromatografia/Masen Espektrometria (GC/MS) eginda. Lan horrek frogatu du olio baten osagai hegazkorren artean, aroma eta neurri handi batean zaporea eragiten dituzten konposatuez gain, jatorri botanikoaren markatzaileak, olioari edo horren jatorria diren haziei egin zaizkien prozesuen markatzaileak eta oxidazio- edo narriadura-mailaren markatzaileak daudela; azken finean, agerian utzi dute olioaren osagai hegazkorrek balio handiko informazioa ematen dutela olio jangarrien kalitateari eta segurtasunari buruz. UPV/EHUko Procayseal ikerketa-taldea 90. hamarkadako erdialdetik ari da lanean animalia- eta landare-jatorria daukaten koipe eta olio jangarrien osaera, oxidazio-egonkortasuna eta prozesatze-baldintza ezberdinen pean daukaten portaera aztertzen. Horretarako, espektroskopia-tekniketan oinarritutako metodologia espezifikoak garatu ditu. Gaur egun, metodologia horiek nazioarteko beste ikerketa-talde batzuek ere erabiltzen dituzte oso eremu ezberdinetan (giza ehunak, biofuel-oila...). Talde horren ikerketek agerian utzi dute olio batzuen prozesatze termikoan aldehido oxigenatuak alfa, beta-insaturatuak sortzen direla, hala nola, 4-hidroxi-2-nonenala. Olio degradatu batzuetan dauden konposatu horiek genotoxikoak eta zitotoxikoak dira, eta, gaur egun, endekapenezko gaixotasunak (hala nola minbizia, Alzheimerra, Parkinsona, etab.) sor ditzaketen eragiletzat hartzen dira.

Hasiera

Ana Carrasco, Beatriz Orcajo Miren Artaraz, Amaia Ríos eta Blanka Gómez de Segura Arabako Profe­si­o­nal eta Enpresari Ema­kumeen Elkarteak saritu ditu

AMPEAk, Arabako Profe­si­o­nal eta Enpresari Ema­kumeen Elkarteak,  XI edizioko  saridunak izateko Beatriz Orcajo, Ana Carrasco, Miren Artaraz, Amaia Rios eta Blanka Gomez de Segura aukeratu ditu.

Ana Carrasco biologoak 2011n jaso zuen saria. Arabako patata ereintza aeropponikoaren arduraduna da. Teknika horri esker, patatak  zoruan landuta egon beharrean, airean hazten dira eta ekoizpena handiago lortzen da eta gainera  gaixotasun kopuruak behera egiten du. Carrascorekin batera Eva López de Arroyabe abelduna eta  Pilar García Merino argazkilari hautagaiak izan dira.

Beatriz Orcajok  Juber klinikako podologia espezialistak emakumezko enpresaria kategoriako sari  lortu zuen. Sari horretarako beste hautagai hauek izan ziren: Pitimini  haurren  moda dendako Miren Nekane González eta Iturgintza lanetako Incafrisako enpresako Monica del Campo.

Miren Artarazek, Arabako Campuseko Enpresa Ikasketako zuzendariak, emakume zuzendarien saria lortu zuen. Kategoria horretako beste hautagaiak Elena Zudaire kazetaria  eta  Esperanza Gómez dela Iglesia, agente komertzialen kolegioko presidentea  izan ziren . Artarazek idatziriko tesian Gasteizko hondakinen kudeaketa jasangarria ikertu zuen. Horretarako administrazio, enpresen eta hiritarren inplikazioa nahitaezkoa dela deritzo. Hondakin gutxiago sortzeko beharra eta hondakinen kudeaketa zuzenago baten premia dagoela dio  bere ikerketako ondoriorik nabarmenak.

Biziera enpresako  Amaia Ríos diseinatzaileak enpresa gaztearen kategoriako saria jaso zuen. Enpresa bereko María Cle diseinatzailea  ere hautagaia izan zen kategoria berean. Biziera ingurumen zerbitzuak eskaintzen ditu, betiere, naturarekiko gizartearen konpromiso handiago lortze aldera.

Blanka Gómez de Segura eskulangileak ibilbide profesionalari ematen dioten saria jaso du. Elosu herriko Ollerias auzoan bustigintza lantzen du. Bertan ikasi zuen azken buztingileak irakatsita eta bertan ireki du “Ollerias Euskal Bustingintza Museoa”.

Hasiera

 

Mariasun Landa, IV Dabilen Elea saria

Mariasun Landak (Errenteria, 1949)  Dabilen Elea  saria jaso du idazle moduan eginiko ibilbide emankorragatik. Euskal Editoreen Elkarteak (EEE); Euskal Idazleen Elkarteak (EIE); Euskal Irudigileen Elkarte Profesionalak (EIEP); Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak (EIZIE); eta Galtzagorri Haur eta Gazte Literaturaren Elkarteak dira sari honen sortzaileak. Euskal Literaturaren Gaua  ekitaldian eman zioten saria Landari, Victoria Eugeniako Klubean joan den azaroaren 10ean.

Antolatzaileek “irakurzaletasuna sustatzen egindako lanaren garrantzia” eta “gazte eta haur literaturari  eginiko ekarpen berria” goraipatu dituzte eta baita ere hizkuntz askotara itzulpenak dituela gogoratu dute.

Filosofia eta Letrak lizentziaturaduna da Landa eta haur  hezkuntzako eta Irakasleen euskalduntzerako erakundeko (IRALE) irakaslea  izan da hainbat urtetan. Egun, EHUko Irakasleen Eskolan  Literaturaren Didaktika irakasten du irakasle titular moduan. Literatura “bidaiak egiteko modurik onenetako bat”  dela dio eta harekiko sentitzen zuen grinak  haurrentzat idaztera bultzatu zuela. Zerbait berria egin nahi zuen eta ez “lorez eta txoriz beteriko literatura”. Erritmo narratiboa eta lengoaiaren gardentasuna  bere obsesioa direla aitortzen du. Horrekin batera sentimenduetan sakontzea gustukoa duela dio. Emakumezko pertsonaiak sortzeko garaian gogo bizia jartzen du, ondo gorpuztuak nahi baititu eta ez izaera lauakoak. Umorea bere  autodefentsa handiena dela dio, agurrak ez zaizkiola gustatzen eta eten puntuak, berriz,  gogokoak dituela. Landaren liburuak honako hizkuntzetara itzuli izan dira: katalanera, galegoa, gaztelania, ingelesa, frantsesa, bretoiera, eta albaniera.

“Amets uhinak” eta  “Kaskarintxo”, 1982 urtean, haren lehenbiziko idazlanak argitaratu zuenetik sari asko jaso ditu Errenteriako idazleak. Esaterako, Haur  Literaturarako Lizardi Saria Txan Fantasmagatik eta  Euskadi Saria Haur eta Gazte Literaturan Alex idazlanagatik. 2003an Espainiako Haur eta gazte Literaturako Sari Nazionala irabazi zuen “Krokodilo ohe azpian” ipuinagatik. 2004 urtean Bustintza Saria eman zion Euskal Editoreen elkarteak.  Zientzia, Arte eta Letren  Jakiunde Akademiako partaidea da. 2007an  “Festa aldameneko gelan” eleberri autobiografikoa kaleratu zuen.

Hasiera

 

Ana Borderas,  2011ko Kazetaritza Kulturaleko Sari Nazionala

Eibarreko Ana Borderas (1962) Kultur Ministerioak ematen duen Kazetaritza Kulturaleko Sari Nazionala jaso du aurten. Sariak 20.000 euro ekarriko dizkio kazetari eibartarrari.

Madrileko Complutense Unibertsitatean lizentziatu zen eta orain 13 urte  SER irrati kateko “La hora extra” kultur saioko zuzendaria da. Radio Vitorian eman zituen haren ibilbide profesionaleko lehenbiziko pausuak; geroago, 1985an Onda Madriden hasi zen lanean. Bertan programen arduradun moduan aritu eta lau urtetan zinema sarien antolakuntza eta aurkezpenaz arduratu zen.

Saria eskertu zuen Borderasek, Madriletik kanpo lan egiten duten lankideak  bereziki, gogora ekarri zituen.

Kazetaritza Kulturaleko Sari Nazionala Kultur Ministerioak sortu zuen kultur arloan aritzen diren kazetarien lanak edota sormen esparruko partaidetzak   goraipatzeko.

Hasiera

 

Eusko Jaurlaritzak Mendebaldeko Saharan giza eskubideen defentsan diharduen Aminetu Haidar-i emango dio 2011ko René Cassin Saria

Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Herri Administrazio Sailak ematen duen Giza Eskubideen René Cassin saria Mendebaldeko Saharan giza eskubideen defentsan ari den Aminetu Haidarrek eskuratuko du 2011ko edizioan.

Ekintzaile honen ospea mundu osora iristen da. Inork non zegoen jakin gabe, espetxeratuta egon zen 1987tik 1991ra, eta 2005ean zauri larriak egin zizkioten manifestazio batean. Ospitalean sendatzen ari zela, atxilotu, espetxera eraman eta han eduki zuten hainbat hilabetez; han zegoela, gose-greba egin eta oso makaldu zitzaion osasuna. Giza eskubideen Sajarov saria jasotzeko hautagai izan zen, eta kondena betetzen ari zela Juan Maria Bandres saria eman zioten, Errefuxiatuei Laguntzeko Espainiako Batzordeko Errefuxiatuekiko Elkartasunaren eta Asilo Eskubidearen Defentsaren saria, alegia.

Orain dela gutxi, Solidar GKEen nazioarteko aliantzaren Silver Rose saria eman diote, gizabanakoen askatasun eta duintasunaren alde egin duen lanagatik. 2009ko azaroan, New Yorken Train fundazioaren Kuraia Zibilaren 2009ko saria jaso ondoren bere herrira bueltan zihoala, polizia- eta segurtasun-indar marokoarrek berriz atxilotu zuten, oraingo honetan El Aaiun-eko aireportuan, Mendebaldeko Saharako lurralde ez autonomoan. Gero, El Aaiunetik kanporatu zuten eta beste gose-greba bat egin zuen Lanzaroteko aireportuko terminalean bertan.

Epaimahaiak, azpimarratu du Aminetu Haidarren  defentsa-lana  zailagoa eta arriskutsuagoa dela saharar emakumeentzat, izan ere bizimodu tradizionalari jarraipena emateko funtsezko eginkizuna dutenez, haien giza eskubideen aurka gehiegikeria handiak egin izan eta egiten baitira.

http://www.irekia.euskadi.net/eu/news/8060-eusko-jaurlaritzak-mendebaldeko-saharan-giza-eskubideen-defentsan-diharduen-aminetu-haidar-emango-dio-2011ko-rene-cassin-saria

Hasiera

Buthania Kamel lehenbiziko emakumea presidentziarako lehian

Telebistako aurkezlea da eta orain Egiptoko presidentziarako hautagaia. Azaroaren 28an  burutuko dira  Hosni Mubaraken erregimena bukatu ondorengo lehenbiziko  hauteskunde parlamentarioak. Presidentziarako hauteskundeak, aldiz,  oraindik data gabe daude.
Ibilbide profesionala irratian hasi zuen eta 90 hamarkadan telebistako esatari gisa lan ekiteari egin zion. 2005ean, konstituzioaren erreformei buruzko erreferendum eztabaidatsu ondoren politikan hasi zen. Mubaraken kontrako Kefaya mugimendu demokratikoko eragile sutsua bihurtuko zen handik gutxira.  Tahrireko plazako protestetan, Mubaraken aurkako iraultzakoetan hain zuzen, parte hartu zuen. Autoritate militarrek hiru aldiz itaundu dute, azken aldian Kontseilu Nagusia argi eta garbi zalantzan jartzeagatik.  Ez du izena eman iraultza ondoren sortu ziren inongo alderdi liberaletan, bere kabuz  aurkeztu nahiago du. Haren plataformak “ boto emateko eskubidea ez duten egiptiarrak” defendatuko ditu. Emakumeengatik soilik ez dela aurkezten esan du, baztertutako populazio guztia defendatuko duela dio. Programa politikoak bi gai ditu nagusi: ustelkeria eta langabezia.
Nahiz eta konstituzioak aurkezteko eskubidea errekonozitzen dion,  populazio gehiena musulmana izatea oztopo nagusi izango du. Gehiengoak ez  du emakumezko presidentea onartzen. Alderdi politiko batzuek, eta bereziki Anai Musulmanek,  ideia horren kontra azaldu dira.

Hasiera

 
Almudena Grandes  XIX  Sor Juana Inés de la Cruz Saria

 Idazle madrildarrak Sor Juana Inés de la Cruz   XIX Saria irabazi du “Inés y la alegría” eleberriagatik. Testuak emakumeen subertsioa du gaia eta “bertute literario asko”  ditu epaimahaikideen ustez. Azaroaren 30ean Guadalajarako Nazioarteko  Liburu Azokan eskuratuko du Almudena Grandesek 1993an Nikaraguako Milagros Palma mundu hispanoko emakume idazleen lana errekonozitzeko asmoz  abian jarri zuen saria. 10.000 dolar ekarriko dio “ofizio handiko” idazle honi epaimahaiaren erabakiak idazle madrildarrari.  Yolanda Arroyo, Ignacio Padilla eta Malena Mijares epaimahaikideek “perfekzio narratiboa” aipatu zuten erabakia ezagutzera eman zutenean. Gainera,  “Inés y la alegría” nobelak subertsio kulturan  emakumearen ahalegina islatzen du giza borrokaren ispilu moduan eta erbesteratzearen merituak mespretxu eta aurreiritzien ondoan ezartzen ditu.

Hasiera

L´Oréal-Unesco Ikerketa Poltsa eskuratu dute Espainiako bost ikerlarik

Arantxa Fraile Rodríguez, María Ángeles Laguna Marco, Cristina Carnal Barnils, Rebeca Hernández Velasco, eta Isabel Pastoriza Santos garaile suertatu dira  L´Oréal-Unesco Ikerketa Poltsa Seigarren edizioan .
Zientzia eta Berrikuntza  Ministerioak  “Zientzian Emakumeen alde” sariketarako 100 hautagai  artean aukeratu zituen Materiaren Zientzietan eginiko ikerketengatik. Aipamen horri esker euren lana garatzeko aukera izango dute Espainiako zenbait laborategitan eta 15.000 euroko diru laguntza jasoko dute. Diru horrekin prestakuntza eta ikerketa materiala erosteaz gain, haien bizitza laborala eta familiarra kontziliatzeko eskumena izango dute.
Arantxa Fraile Radríguez (1973) nanoeskalaren propietate magnetikoen kontrola ikasiko du. Mikroskopian oinarrizko ikerketa da haren lanaren ardatza,  ikusezina ikasgarria bihurtzeko. Emaitzek eragina izan lezakete sentsore eta ordenagailuetan baina baita ere minbizia bezalako gaixotasunen tratamenduan. Tumoreak erradiazio bitartez osatu beharrean tokian tokiko beroaz erabiliz senda litezke.

María Ángeles Lagunak (1979) espintronika  eta gailu optoelectronikoentzat  material berrien ikerkuntzan dihardu. Haren lanak ordenagailuen erregistro magnetikoen sistemen memoria handitzea ekarriko luke eta horixe da hain zuzen ere epaimahaiak nabarmendu nahi zuen garrantzi teknologikoa.

Cristina Canal Barnils (1977) ehun oinarriko  biomaterialak ikertzen ditu. Material horiek , era kontrolatuan  botikak askatzeko propietateak dituzte eta hainbat patologia eta aplikazio biomedikotan erabilgarriak izan daitezke. Ehun horiek, gorputzak xurga ditzakeen  antibiotikoak mailaka askatzeko gai dira. Inplante eta hernietan erabilgarriak izateaz gain, gaur egunean zainetan botikak sartzen dituzten txertoen ordez erabil daitezke.

Isabel Pastoriza Santos (1974) urre, zilar, eta kobrearen  nanopartikulak ikertzen ditu. Partikula horiek kontrolpean batzen direnean osasunerako zein ingurumenerako kaltegarriak diren molekulak detektatzeko gauza dira.

Rebeca Hernández (Salamanca, 1977) Medikuntza arloan erabiliko diren Birsortzerako ehunak,bereziki,  kirurgia ekiditen duten materiak txertagarriak ikertzen ditu.  Materialak nanometrikoak dira eta elkarretaratzen dira  egitura tridimentsionalak sortzeko. Egitura horietan zelula hazi eta txertatuko lirateke kirurgia erabili ordez.

Hasiera


Barbara Celis Kultur Kazetaritzarako   Paco Rabal Saria


Barbara Celis kazetari freelance-ak  Kultur Kazetaritzarako   Paco Rabal Sariaren bosgarren edizioa irabazi du. 2007tik aurrera AISGE Fundazioak zinema, antzerkia, telebista eta dantzaren inguruko kazetaritza lanak sustatu nahi izan du Paco Rabal Sariaren bitartez. Blogako  La otra cara del Oscar y el glamour: party crashers eta  Crónicas bárbaras artikuluengatik irabazi du 6000 euroko saria. Artikuluek Hollywoodeko festetan  parte hartzeko eta famatuekin egoteko  jendearen trikimailuak deskribatzen dituzte. Irabazleak diruaz gain estatuatxo bat jasotzen du.
Kazetaria New Yorken bizi da. Hiri amerikarretik El País, La Voz de Galicia, Vogue, Cinemanía, Rolling Stone, El Correo, Viajar, Gantleman, La Repubblica, Europa Press, Telemadrid, TVE eta  TVGrako lan egiten du. 2009an USC Annenberg/Getty Arts Journalism Fellowship lortu zuen. Getty Fundazioak eta Kaliforniako Hegoaldeko Unibertsitateak ematen dute  kulturari buruz idazten duten sei kazetariri. Gainera, 2010ean Valladolideko Semincin “Surviving Amina” estrenatu zuen. Filmak leuzemiak jota alaba baten heriotza eta gurasoengan izaten duen eragina islatzen ditu.

Hasiera

Euskal Herriko Unibertsitateak Marilyn Strathern honoris causa doktore izendatuko du

Euskal Herriko Unibertsitateak Marilyn Strathern honoris causa doktore izendatuko du. Strathern Gizarte- eta kultura-antropologiako pertsona ezagunenetakoa da mundu osoan eta antropologia feministan aditu nagusietako bat da. Teresa del Valle UPV/EHUko Giza Antropologiako katedraduna emeritua doktoregaiaren amabitxia izango da.
 
Marilyn Strathern (sortzez, Ann Marilyn Evans) Gales iparraldean jaio zen (Erresuma Batua), 1941. urtean. Cambridgeko unibertsitatean egin zituen gizarte-antropologiako gradua, masterra eta doktoregoa. Edmund Leach, Meyer Fortes eta pareko antropologo entzutetsuekin jardun zuen lanean. Irakasle bisitaria izan zen Canberrako (Australia) Australian National Universityn eta Berkeleyko University of Californian. 1985etik 1993ra bitarte, gizarte-antropologiako irakaslea izan zen Manchesterko Unibertsitatean, eta gerora, Cambridgekoan. Gainera, Mistress of Girton College izan da, 1998. urteaz gero. 1994tik 2008ra, Cambridgeko Unibertsitateko William Wyse Professor of Social Anthropology izan zen, eta hantxe erretiratu zen 2009an.

Gizarte- eta kultura-antropologiako pertsona ezagunenetakoa da mundu osoan. Azpimarratzekoa da genero-ikerlanei eta antropologia feministari begira egindako lana, eta baita Melanesiari zein Ozeano Bareari buruz egindako ekarpen teoriko eta etnografikoa ere. Manchesterreko Unibertsitatean eta batez ere Cambridgekoan (2004ra arte) izan zen bitartean, eta irakasle gonbidatu moduan Estatu Batuetan, Australian eta Europan egindako egonaldietan, antropologo gazteen belaunaldi baten aholkularia izan da; eta gazte horiek, gerora, Ozeano Barean eta beste toki batzuetan egin dute euren lana.

Royal Anthropological Institutek Rivers Memorial Medala eman zion. 1987an, Fellow of The British Academy aukeratu zuten. 2001ean, bestalde, Daughter of the British Empire saria eman zioten. Berriki eskuratu dituen sarien artean, berriz, Viking Fund Medal of the Wenner- Gren Foundation for Anthropological Research dugu, 2003koa. Azkenik, Association for Social Anthropology in Oceania elkarteak (ASAO) Honorary Fellow izendatu du.

Bere ibilbide osoan, hamarka artikulu argitaratu ditu, eta baita liburu ugari ere. Honako hauek dira nabarmentzeko modukoak: Women in Between (1972), Self-decoration in Mount Hagen (1971, Andrew Strathernekin), Dealing with Inequality (arg. 1987), The Gender of the Gift (1988), Big Men and Great Men: Personifications of Power in Melanesia (1991, Maurice Godelier koeditorearekin), Partial Connections (1991, ASAOren Argitalpen Berezia, 3. zk.), Property, Substance and Effect (1999), Transactions and Creations (Eric Hirschekin), eta Kinship, law and the unexpected: Relatives are often a surprise (2005).

Hasiera

Miren Agur Meabe, Haur eta Gazte Literaturako Euskadi Saria

Miren Agur Meabe idazle bizkaitarrak  (Lekeito, 1962) Haur eta Gazte Literaturako  Euskadi Saria eskuratu du  “Errepidea”lanagatik. Bigarrenez jaso du saria modalitate honetan. Aurreko aldia 2002an izan zen “Itsaslabarreko etxea” obragatik.
Magisteritza eta Euskal Filologia ikasi zituen. Bilboko ikastiola batean irakasle jardun zuen zenbait ikasturtetan baina 1990tik argitaletxe batean eta idazle moduan aritzen da.
1986an “Uneka...Gaba” argitaratu zuen eta lau urte beranduago “Oi, hondarrezko emakumea”. 1997An “Ohar orokorrak” olerki bildumagatik Imagínate  Euskadi Saria jaso zuen . Lan horren zenbait  olerkik  hurrengo liburuaren oinarria izan ziren, hots,  “Azalaren kodea” (2000). Liburuak 2001ko  Kritika Saria jaso zuen.
“Bisita”, “Joanes eta Bioletaren bihotza”, “Etxe bitan bizi naiz”, “Nola zuzendu andereño gaizko bat” eta  “Amal” liburuak nabarmentzen dira idazlearen haur eta gazteentzat  idatzitako literaturan.

Hasiera

Josefina Triguero 2011ko  Manuel de Irujo Saria 

Orain dela 33 urte Espainiako lehendabiziko emakumezko epailea izan zen Josefina Triguerori (Madril, 1946) ematea erabaki du 2011ko Manuel de Irujo sariaren epaimahaiak. Bere jurisdikzio-jardunbidea guztiz bat datorrelako epaileek izan beharreko lanbide-dohainekin eta Espainian karrera judiziala egiten lehenengo emakumea izatea bere garaian ohiz kanpokoa izan zelako erabaki du epaimahaiak saria berari ematea. Triguero 1977ko abenduan ekin zion karrera judizialari, eta Justiziaren balioak bultzatu eta Zuzenbidea sustatu eta garatzeko bide berri bat ireki zuen. Gaur egun Madrilgo Auzitegi Nagusiko Lan arloko Salan dihardu.

Josefina Triguero Zuzenbidean lizentziatu zen Madrilgo Konplutentse Unibertsitatean. 1977an karrera judizialari ekin zion, eta 1978ko urtarrilean hasi zuen bere lanbide-ibilbidea, epaile-lanetan, Navalmoral de la Matan (Cáceres). HHan jardun ondoren, Donostia, Bartzelona eta Madrilgo epaitegietan jarraitu zuen lanean.

Triguerok epaietan teknika juridiko jasoa erakusten duela eta lan-arloko jurisdikzioko lan-gatazkak konpontzeko ahalegin handiak egiten dituela azpimarratzen dute bere lankideek. Bere ibilbideak erakusten du karrera judizialaren feminizazioaren sustatzaile nagusia dela (1966 arte karrera judiziala emakumeentzat debekatuta egon zen Espainian).

Manuel de Irujo Sariaren bidez, publikoki goraipatu nahi da jardunbide pertsonal edo profesionalen bidez Justiziarekiko eta haren balioekiko konpromisoan eredugarri diren eta Zuzenbidearen edozein diziplina edo espezialitate garatzen eta sustatzen duten pertsonen eta taldeen jarduera. Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Herri Administrazio Sailak urtero ematen duen saria da eta Nestor Basterretxea eskultore ospetsuaren lan batez, aintzatespen publikoa egiteko ekitaldi batez eta 15.540 euroko diru-kopuruaz osatuta dago.

Hasiera


Aizpea Goenaga, zinemagile lez  Simone Beauvoir saria

Aizpea Goenaga (Donostia) aktore, gidoi egile, zinema zuzendaria eta Etxepare Institutuko zuzendaria aurtengo Simone Beauvoir saria dugu zineman egindako lanengatik. Goenagak magisteritza ikasi zuen Cristina Rota eta Dina Rothen irakasleekin interpretazio ikasketak hasi baino lehen. Eusko Jaurlaritzaren Arte Dramatiko diplomatua, New Yorken dramaturgia eta interpretazioa ikasi zuen ere H.B. Studio, Ernie Martin Studio eta  New School University-n . Ibilbide profesionala oparoa izan du eta aktorea izateaz gain, idazlea, gidoi egile eta zuzendaria da bai oholtza gainean bai zinema eta telebistarako. “ Sukaldeko kontuak” filmatu zuen 2009an. Lan hori izan zen haren lehenbiziko  film luzea gidoi egile eta zuzendari moduan. Aktore gisan filma askotan parte hartu du, esaterako: Javier Aguirrek zuzenduriko  “El polizón de Ulises” (1987); Ana Diezen “Ander eta Yul”,  (Goya Saria ) 1989an ; José Antonio Zorrillaren “El invierno en Lisboa” 1990ean; José María Tuduriren “Santa Cruz, el cura guerrillero” 1990ean. Interpretazio horrekin Paco Rabal-Actriz Revelación Saria jaso zuen Murtziako Zinema Jaialdian; “La gente de la Universal”, Felipe Aljurek  zuzendua (1991); “Pecata Minuta”  Ramón Bareak zuzendua (1999); “Carretera y manta”  Alfonso Arandiarena (1999); “Yoyes”, Helena Tabernak zuzendua  (2000); “El final de la noche” Patxi Barcorena (2003); “Obaba” Montxo Armendárizek zuzendua  (2005) eta  “La casa de mi padre” Gorka Mentxakak zuzendua.

Antzerkirako “Zu (t) Gabe” / ”Sin ti” idatzi du, 1995 Donostia Hiria Antzerki saria jaso zuena 1995ean eta urte berean Txalok estreinatu zuena.  “Agur betiko”/”Adiós para siempre”, Serantes  Antzerkio Saria 2001ean, “Ongi Ibili”/”Buen viaje”, estrenada en 2005ean estreinatutakoa; “Euskararen 7 Bekatu Nagusiak”/”Los siete pecados capitales del euskara”urte berean oholtzara eraman zena; “Joetuta”, 2004ko Cafe Bilbao Anzerki Laburraren Saria ; “Sancha”, BBK-Euskaltzaindia  Saraia 2005ean ; “Ama quiero ser lehendakari” 2007 estrenatu zena; “Ezker Eskubi” eta  “Kaia” umeentzako antzerki lanez Iruñeko Antzerki Eskolak eta Udalak ematen dute antzerki saria jaso zuen 2008an. “Arrainontzia/ La pecera” genero indarkeriaren metafora Max antzerki sarietan finalista izan zen 2010ean. Urte horretan ere beste bost idazlerekin batera “Las mujeres invisibles” idatzi zuen, Max sarietan Errebelazio sarietarako aipatua izan zena.

Hasiera

Ellen Johnson Sirleaf, Leymah Gbowee eta  Tawakkul Karman 2011ko Bakearen  Nobel Saridunak

Aurtengo Bakearen Nobel Saria hiru emakumeentzat izan da. Hirurek  emakumeen ziurtasunaren aldeko borroka bakezalea  eta bake prozesuetan emakumeek parte hartzeko eskubideen alde lan egin dute. Abenduaren 10ean  Oslon ospatuko den ekitaldian banatuko diete 1’1 miloi euroko saria. Hauek dira aurtengo sarituak: Ellen Johnson Sirleaf  Liberiako Gobernuko presidentea, Liberiako Leymah Gbouee eskubideen aldeko ekintzailea eta Tawakkul Karman Yemeneko lider politikoa.

Ellen Jonson Sirleaf (Monrovia, 1938) presidente izateko demokratikoki aukeratutako lehen emakume afrikarra da. Gizadiaren kontrako krimen egiteagatik epaitzen ari diren   Charles Taylor  Liberiako aurreko presidentea kargutik kentzeko lagundu eta herrialdearen  guda zibila amaitzea lortu zuen. George Weah futbolista ohiaren hautagaitza garaituta 2005ko hauteskundeak irabazi zituen eta botera iritsi izen. Ekonomialaria eta Harvardeko Universtitateko Masterra da .  Citibank eta HSBC bezalako erakunde pribatuetan eta publikoetan - Munduko Bankua eta NBE-  lan egin du.  Mundu zabalean duen izen handia gai hauen defentsak ekarri dio: zorren kentzearen aldeko  borroka, doaneko  lehen hezkuntza unibertsalaren aldeko aldarrikapena, prentsa askatasunerako legea eta  Egia eta Errekontziliatzeko Batzordearen ezarpena.

Leymah Gbouee Monroviako gizarte langileak  Charles Taylor presidentea bere postutik kentzeko borrokatu zuen. Haren sei seme-alaben laguntzaz merkatu batean antolaturiko eseraldiak “Women of Liberia Mass Action for Peace” mugimenduari hasiera eman zion. Indarkeria amaituko  zirenak amak izango  zirela ustekoa zenez sexu greba bat iradoki zien emakumeei, ekintza horren bitartez gizonek gerra arbuiatzea espero zuelarik. 

2005n sortu zen Emakume Kazetariak izeneko taldeko buruzagia da Tawakkul Karman yemeniarra. Nobel Sarirako epaimahaiak  “udaberri arabiarra” eta iraultza horretako emakumeen partaidetzari garrantzia eman nahi izan dio. Administraritzan lizentziaturik eta oposizioko Al-Islah  alderdikidea da. Saná  unibertsitatearen parean  orain zortzi hilabete bizi den kanpin dendan eman zioten sariaren berri. Ezkonduta dago eta hiru seme-alaben ama da. Islamiar erradikalek gogorki kritikatzen diote niqab (aurpegi osoko estaldura) ez duelako erabiltzen. Herriak lortu du  haren liberazioa atxilotu duten hiru aldietan. 2006tik idatziriko  artikuluetan Yemeneko iraultza iragartzen zuen. Egun oposizioak argitarazten ditu.
Nobel Sarirako Batzordeko Presidenteak, emakume sarituen izenak ezagutzera eman ondoren “  ezin dugu ez demokrazia ez bake iraunkorra lortu “ emakumeek gizarteko maila guztietan garatzeko aukera berdinak izaten ez dituzten bitartean ezin zango dugu  ez demokrazia ez eta bake iraunkorra lortu munduan” , esan zuen. .

 Hasiera

Amale Arzelus II Antzerkizale Saria

Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteak Amale Arzelus antzerkizale eta euskaltzale donostiarra omendu  du II. Antzerkizale Egunean, urriaren 8an, Mungian. Antzerkiaren arloan egindako lanagatik jasoko du Antzerki Saria Arzelusek. Amale (Donostia, 1924) “pozik eta pixka bat lotsaturik” saria jaso zuenean, aita izan zuen gogoan, hari zor baitio  “naizen guztia.” Donostiarrak euskal kulturaren aldeko lan handia egin du haren bizitzan zehar. Zortzi urte zituela  aitak  idatzi zion  Neskamearen marmarrak bakarrizketaz  hasi zen oholtzara igotzen. Gerra ondorengo erbesteratzetik  sorterrira  itzuli zenean, Elbira Zipitriarekin batera, nork bere etxean euskarazko eskolak  irakasten,  ikastolen mugimenduari hasiera  eman zuen. Hizlaria umeetatik, irratiko esataria, hainbat aldizkari eta Euskaldunon Egunkariaren kolaboratzailea izan da urteetan zehar. Gaur egun  Euskerazaintza elkartearen kidea da.

Hasiera

Wangari Maathai, “ Emakume arbola” zendu da

Wangari Maathairen heriotzak dolua ekarri die feminista, ekologista eta giza eskubideen aldeko mugimenduei. Minbiziak jota zendu da ingurumenarekin hain konpromiso handia azaldu zuen emakume ekologista. Ahulenekin konprometiturik haren adibide ederra  sustraiturik geratuko da Afrikan eta  mundu bakezale eta osasuntsuaren alde  lana egiten dutenen baitan.
Lurren higaduraren kontrako kanpaina abian jarri zuen Kenyan 47 miloi arbola landatzeko. Horregatik “ Emakume arbola” gaitzizenaz ezagutzen zen mundu zabalean. Nobel saria lortzen  zuen lehenbiziko emakume afrikarra izan zen 2004an. Garapen jasangarriaren bitartez demokrazia eta bakeari ematen zion sostengua saritu nahi izan zioten eta baita emakumeen gizarteratzen alde egiten zituen ahaleginak. Wangari Maathaik garapen jasangarria eta giza eskubideak batzea lortu zuen.
Egun,  Mwai Kibaki presidentearen  gobernuko ministroa zen Ingurunea eta Baliabide Naturaletarako Ministerioan. Diputatua izateaz gai, 2005ean UAko (Afrikako Batasuna) Batzorde ekonomiko eta Kulturaleko presidente  izan zen.

Wangari Maathaik dirulaguntza bati esker ikasi zuen Estatu Batuetan Biologia. Herrialde horretan katedra lortzen zuen lehenbiziko emakume afrikarretako bat izan genuen baina, sustraiak ahaztu ez, eta Kenya  independentera itzuli zen ikasitakoa erakusteko asmoz. Aktibista izaki,  unibertsitateko emakumeen taldeekin  eta nekazariekin  kontaktuak izan   eta  1977 Gerriko Berdea Mugimendua (GBM ingelesezko sigletan)  sortu zuten. Emakumeak haziak kudeatu eta landatzen hasi ziren. Hasiera batean sail txikietan, gero landa publikoetan GBMren laguntzaz. Nobel jaso zuenerako 3000  haztegi zituzten eta  35.000 emakumek lan egiten zuten bertan.
71 urte zituela zendu da Nairobiko ospitale batean minbiziaren kontra luze borrokatu ondoren. Hiru seme-alabaren ama eta biloba baten amona zen.

Hasiera

Ikerketa sarian irabazitako 25.000 euroak  dirulaguntzarako eman ditu Consuelo Guerrik

Valentziako Príncipe Felipeko ikerlaria den Consuelo Berryk Alemaniako Manfred Lautenschlagerren   The Manfred Lautenschlager Award saria jaso du . Sariketaren 25.000 euroak Valentziako erakundearen dirulaguntzetarako eman ditu osorik. Ikerlariak urteak eman ditu emakume haurdunengan alkoholaren kontsumoaren eraginak ikertzen. Gai hori da hain zuzen saritu diotena.
Consuelo Guerrik zuzentzen duen Patologia Zelularren laborategian etanolen oinarri zelularrak ikertzen dituzte eta baita ere heriotza neuronala, neurodegenerazioa eta Umekien Sindrome Alkoholikoa.   
Esperimentuetako   animalia adoleszenteetan ikerturiko neurotoxizidadea eta alterazio kognitibo zein jarrerazkoen emaitzak gizarteak kontuan hartu beharrekoak dira: “Alkoholaren aldizkako  kantitate handiko kontsumoa ( asteburuetan, esaterako) nerabezaroko neuroplastizitatean eragin izan dezake eta arreta, memoria eta ikasteko arazoak ekar ditzake epe motzean zein luzean. Emaitza horiek garrantzia dute nerabezaroko alkohola kontsumoari aurre egiteko.

Hasiera

Sara Lovera ohoratua Mexikoko emakumeen eskubideak defendatzeagatik

Sara Lovera kazetari mexikarra eta emakumeen eskubideen aldeko aktibista ezagunak Emilio Krieger domina jaso zuen joan den irailaren 19an. Ohoregarria  Giza Eskubideen defentsarako Abokatu Demokratikoen Elkarte Nazionalak eman dio.
Doble Jornada osagarria,  La Jornada  egunkaria eta Agencia Comunicación y Organización de la Mujer A. C. (CIMAC) sortu zituen Loverak. Genero ikusmoldea duten Kazetarien Nazioarteko Sarea bultzatu du eta gainera, komunikabideetako aholkularia izateaz gain,  genero eta komunikaziori buruz irakaslea da. Hari esker emakumeen egoera sozialez konprometituta dauden kazetarien sarea sortu da Mexikon. 
Kazetaritza eta Gizarte Langintzaz gainera,  Nekazaritza  Komunikazioa eta Estatuari buruzko teoria ikasi zituen.1970an Mexikoko Chapingoko Nekazaritza eskolako lehenbiziko emakumezko ikaslea izan zen.  2005 eta 2006 bitartean Mexikoko diputatuen Ganbaran Feminizidioa ikertzeko ikerketa nazionala koordinatu zuen;  kazetari ikerketa sakona burutu zuen ere  Coahuilako (Mexiko) ikatz meatzarien babesik gabeko  alargunei buruz; Palabra de Antígona izeneko zutabe bat idazten du astero eta zenbait komunikabiderekin kolaboratzen du Mexikon bertan eta kanpoan. Izan ere,  Catalunyako La Independent agentziarako lan egiten du.

Hasiera

María Teresa Fernández de la Vega, Carmen Quintanilla eta Graça Machel saritu dituzte

María Teresa Fernández de la Vegak (Estatuko  aholkularia), Carmen Quintanillak (Kongresuko Berdintasunerako Azpibatzordeko presidentea) eta Graça Machelek (giza eskubideen aldeko ekintzaile afrikarra eta Mozanbiqueko Hezkuntza ministro ohia) Genero Indarkeria  Erauzteko Lan Nabarmenaren Errekonozimendua jaso dute. Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko  Etxeko Indarkerien kontrako Behatokiak ematen duen saria da. 

Politikariak dira hirurak. María Teresa Fernández de la Vegaren kasuan, partaidetza politikoaren arloko emakumeekiko  izan duen konpromisoa eta gizarte zuzenagoen alde egingo duten etorkizuneko liderren prestakuntzako lana zpimarratu nahi izan ditu Behatokiak. Ezagutza partekatzeko nazioarteko sareen defendatzaile sutsua izaki Afrikako emakumeekin bi topaketa antolatu ditu .  Espainiako presidenteordea zenean berdintasunerako  politikak eta genero aurkako politikei lehentasuna eman zien gobernuaren agenda publikoan. 
Carmen Quintanillaren kasuan  Behatokiak    nekazaritza esparruko emakumeen rola eta baita horien independentzia  eta autonomiaren aldeko borrokaren aldarrikapena azpimarratu nahi izan da. Europako Kontseiluko Gizakien Trafikoaren Kontrako Azpibatzordeko presidenteorde moduan eta Kongresuko Berdintasunerako Batzordetik Europako legeria berrindartzeko eta emakumeen babesa hobetzeko lan egiten du. 
Mozanbikeko Graça Machel,  giza eskubideen aldeko borrokarako, eta bereziki umeen eta Afrikako emakumeen eta alfabetizazioaren aldeko erreferentea izateagatik saritu zuten. NBko Gatazka Armatuen Eragina Haurtzaroan Ikerketa Batzordeko presidentea izan da. Bizitza osoa eman du afrikarren duintasun eta askatasunaren alde borrokatzen. Emakumeen rola nabarmentzen saiatu da, haren ustez emakumeak izango baitira kontinentea aurrera eramango dutenak.

Hasiera

Ofelia Rey Castelaok, María Josefa Wonenburger saria jaso du

Ofelia Rey Castelaok, Santiago de Compostelako Historia Garaikideko katedradunak, 2011ko  María Josefa Wonenburger saria jaso du. Ohoregarria Galiziako Emakume eta Zientzia Unitateak  ematen du. “Castelaoren ekoizpen zientifiko zabala eta ikerketa arlo berriak irekitzeko gaitasuna”, azpimarratu nahi zuen epaimahaiak.  Zientzialariaren lanak “ gai ezberdinak jorratzen ditu, historia soziala eta  ekonomikoa, historia demografikoa, mentalitateen historia edo kulturarena. Nabarmenak dira emakumeen historian egindako ekarpenak”.
María Josefa Wonenburger saria humanitate arloan ematen duten lehenbiziko aldia da. Aurreko sariak jaso zituztenak saio zientzietako ikerlariak ziren:  Inmaculada Paz Andrade (Fisikoa), Teresa Miras Portugal (Farmatzia), María Soledad Soengas (Biologia) eta Carmen Navarro (Medikuntza).

Hasiera

María Ángeles Durán Heras, doktore “honoris causa” izendatuko dute Valentziako Unibertsitatean.

María Ángeles Durán Heras, Soziologia lehenbiziko emakumezko  katedraduna Espainian,  doktore “honoris causa” izendatuko dute Valentziako Unibertsitatean. Madrileko Unibertsitatean Zientzia Politikoak eta ekonomikoetan lizentziaturik; aldi berean  zuzenbideko hainbat kurtso batera egin zituen. Doktorego lanaz ‘cum laude’ lortu ondoren, "Institute for Social Research -University of Michigan”en espezializazio ikasketak burutu zituen Fulbright Fundazioaren dirulaguntzaz. 
Madrileko Unibertsitate Autonomoaren Emakumeen Ikasketarako Institutuaren sortzailea, Espainiako Soziologia Federazioko presidentea  eta International Sociological Association delakoren Executive Committeeko partaidea izan da. Egun, CSICeko  (Consejo Superior de Investigaciones Científicas, gaztelerazko sigletan) ikerlari irakaslea da Humanitate  eta Zientzia Sozialetan.
Haren ikerketak aitzindariak izan dira  gaia hauek jorratuz: soldatarik gabeko lanak, emakumeen egoera soziala, menpekotasuna dutenen emakumezko zaintzaileak  eta denboraren erabileraren aldeak. María Ángeles Durán Herasek idatziriko  liburuen artean  azpimarratzekoak ditugu : “El trabajo de la mujer”, “De puertas adentro”, “Mujeres y hombres en la Teoría Sociológica”, “La ciudad compartida” eta “Los costes invisibles de la enfermedad”. “Diario de batalla” (2003) autobiografiak Fundación para la Educación Pública y Formación Oncológica Continuada (FEFOC) emandako ohoregarria jaso zuen. 
Sari asko jaso ditu, bestaek beste:  Pascual Madoz  Zientzia Juridiko Sozial eta Ekonomikoetan  Ikerketa  Sari Nazionala; Lanaren Urrezko Domina; Fernando de los Ríos  Urbanismo Saria; Protagonistas (komunikabideak ) Saria; Mensajeros de la Paz Saria; edo Extremadurako Urrezko Domina.

Hasiera

Pilar Mateo Munduko Emakume Indigenen Mugimendua aurkeztuko du Gasteizen

Pilar Mateo, valentziarra Zientzia Kimikoetan doktorea  eta honoris causa doktorea Anahuac-eko (Mexiko) unibertsitatean, datorren irailaren 21ean Gasteizen izango da. MOMIM (Munduko Emakume Indigenen Mugimendua, gaztelerazko sigletan) aurkezteko.
 
Izen handiko zientzialaria da baina ez da hori bere jardunik ezagunena. Bere ekimen humanitarioak, lurralde desberdinetara eraman duena beti behartsuenen aldeko lanean, nazioarteko esker ona balio izan dio. Bereziki azpiragarria da Boliviako Chaco eremuan egindako lana, Chagas-eko gaitzaren kontra eta emakume guaranien bizi baldintzak hobetzearen alde.

Charo González Casasen  “El vampiro de los pobres: La increíble historia de la lucha de Pilar Mateo contra el mal de Chagas” liburuak jasotzen du Pilar Mateok aipatu gaixotasunaren kontra izan duen  borroka. Liburuaren salmenten etekinak Boliviako  Guarani herriarentzat izango dira. 

Sari askoren artean, osasun eta ingurugiro UNICEF saria, teknologia berrien Europa saria, Espainiako Emakume Aurrerakoien Elkarteak ematen duen Bétera en Lilà saria… jaso ditu. Halaber, nazioarteko kooperazioko Príncipe de Asturias sariko finalista izan da 2009 eta 2010 urteetan.

Guarani herrien ohorezko enbaxadorea da, CYCA (Ciencia y Conocimiento en Acción www.fundacioncyca.org) fundazioaren presidentea eta MOMIMeko presidentea. www.pilarmateo.com

Hasiera

Patricia Cornwellek Eleberri Beltzako Nazioarteko RBA saria irabazi du.

Estatu Batuetako Patricia Cornwell (Miami, 1956) idazleak Eleberri Beltzako Nazioarteko RBA bosgarren saria irabazi du. Polizia generoan ikerketa forensea sartu zuen Kay Scarpetta auzitegiko medikua pertsonaiaren bitartez. Telesaio ugariek inspirazio iturri izan dute gero ekarpen hori.

Cornwell, Patrick Welsh izengoitiaz,  Red rain izeneko lanarekin aurkeztu zen sarira. Lehenbiziko pertsonaz kontaturik, aurreko eleberrietako zenbait pertsonaia erabili ditu egileak. Scarpetta doktorea Lege eta Auzitegi Medikuntzako zuzendaria da Cambridgen (Massachussets) eta defentsa departamenduan laguntza ematen du.

Idazleak Auzitegiko Zientziak eta Medikuntza ikasteaz gain ezbeharren kazetaria izan eta Virginiako Richmondeko gorputegian lan egin zuen. Saritutako eleberria Gabonetan argitaratuko dute ingelesez.
Hasiera

Montse Velasco Bartzelonako sommelier gaztea Nariz de Oro 2011 saria

Montse Velasco beste 48 sommelierrekin lehian aritu zen 2011ko Nariz de oro saria lortu ahal izateko. Lehiaketan parte hartzen zuen laugarren aldia zen eta azken hiru urte hauetan jarraian, emakumeak izan dira sari ospetsu hau jaso dutenak. Aurretik, Andrea Alonso eta María José Vázquez izan ziren irabazleak.
Montse Velasco ados dago emakumeek usaimena gizonek baino garatuagoa dutela ziurtatzen duten ikerketekin. Honez gain, Velascoren ustez emakumeak lanean oso eraginkorrak eta irmoak dira, eta lehiaketaren azken aldi hauetan hala gertatu da. Lanbide honetan gizonak gehiengoa badira ere, gero eta emakume gehiago dago, enologiaren alorrean eta ardoen munduaren alderdi komertzialetan bezala. Dastatze unean, dio, emakume bat izatea inportantea da, beste kutsuren bat aurki dezakeelako.

Montse Velasco turismo ikasketak egin zituen eta handik ostalaritzan eta sommelier arloan sartu zen. Familiaren negozioan lan egiteak girotu egin zuen eta 2005ean egin zuen sommelierentzako ikastaroa. Dastatzean prestakuntza izateaz gain, sommelier on bat izateko, batek, ahosabai egokia, memoria ona eta sormena izan behar duela uste du, bai eta bezeroei aholkua emateko eta zapore berriak dastatzeko gaitasuna ere.
Hasiera


Natalia Rodríguez, Atletismoko Munduko Txapelketan brontzezko domina

Natalia Rodríguez kataluniarrak 1.500 metrokoan brontzezko domina lortu du Daegun ospaturiko (Hego Korea) Munduko Atletismo Txapelketan. Tarragonan jaioak Berlinen 2009an izan zuen desengainua gainditu egin du. Bertan, urrezko domina kendu zioten pistatik Gelete Burka ateratzeagatik eta brontzezko domina ipini behar izan zioten, Jennifer Barringer-Simpson estatubatuarraren eta Hannah England britainiarraren atzetik.

Natalia Rodríguezen domina Espainiako emakumeen atletismoak irabazi duen hamargarrena da.  Natalia Rodriguezek atletismoko zita inportante batean parte hartzen duen laugarren aldia da. 2010ean, Dohako Munduko Txapelketan eta 2009an Turingoko Europarrean zilarrezkoak lortu zituen, biak pista estalian, eta joan den udan Bartzelonako Europako Txapelketan, aire librean, brontzezkoa.
Hasiera

Esther M. Rebato Antropologia Fisikoaren Espainiako Elkarteko presidente hautatu dute

Esther M. RebatoEsther M. Rebato, Zientzia eta Teknologia Fakultateko (UPV/EHU) Genetika, Antropologia Fisikoa eta Animalien Fisiologia Saileko irakaslea, Antropologia Fisikoaren Espainiako Elkarteko (SEAF) presidente hautatu dute, ekainean Bartzelonan egindako XIX. Batzar Nagusian.
Esther M. Rebatoren ikerketa ildo nagusiak elikaduraren antropologia, auxologia (giza hazkundea eta garapena) eta giza ekologia dira. Egun garatzen ari den lanen artean “Obesidad en familias de etnia gitana del Gran Bilbao. Aspectos sociales y de género” proiektua dago. Horren haritik, ijito etniako familietan gizentasun fenotipoen zenbait faktore genetiko eta ingurumeneko aztertuko ditu gutxienez hiru urtez. Ikerlan epidemiologikoen esparruan, ikerkuntza lan sakona egin du Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren bi sexuetako “unibertsitateko ikasleen elikadura egoerari eta gorputz irudiaren pertzepzioari” buruz.

Esther Rebatok Aleš Hrdlička domina akademiko entzutetsua jaso du, Txekiar Errepublikako Antropologia Elkarteak eta Estatu Batuetan jardun zuen zientzialari horren jaioterri Humpolec hiriak egindako proposamenari jarraiki. “Ikasle txekiarren prestakuntzan laguntzeagatik, irakasle eta ikasleekin truke hitzarmenak ezartzeagatik eta Pragako Charles Unibertsitatearekin arlo zientifikoan elkarlanean aritzeagatik” eman zaio saria.

Antropologia Fisikoaren Espainiako Elkartea (SEAF) irabazi asmorik gabeko elkarte bat da. Horren baitan, askotariko ibilbide profesionaletako zientzialariek -nagusiki, Biologiaren arlokoek, baina baita beste arlo batzuetakoek ere, esate baterako, Medikuntzakoek- Antropologia Fisikoaren arloan egiten dute lan. Elkartearen helburua Biologiaren arlo honetako ikerketa sustatzea eta ezagutza zabaltzea da.

Hasiera

Christine Lagarde, NDFko zuzendari berria

Christine Lagarde, Frantziako Ekonomiako Ministroa, kontsentsuz aukeratu dute Nazioarteko Diru Funtseko zuzendari berri. Dominique Strauss-Kahn ordeztuko du, honek bere kargua maiatzaren 19an utzi ondoren, New Yorkeko hotel bateko zerbitzari bat bortxatu zuela leporatu ziotenean. Dominique Strauss-Kahnen dimisioa aldarrikatu zutenetik, Lagarde, Agustin Carstens, Mexikoko banku zentraleko gobernatzailearekin lehian sartu zen postua eskuratzeko. Azkenik, izendapen honek Funtsaren buruan europarrek izandako monopolioa iraunarazten du, duela hirurogeita bost urte sortu zenetik, Europako ordezkariek zuzendu dutelako. Gainera, NDFren hamar zuzendarietatik lau frantziarrak izan dira: Pierre-Paul Schweitzer, Jacques de Larosière, Michel Camdessus eta Dominique Strauss-Kahn, erakunde hau 36 urtez zuzendu zutelarik. Christine Lagarde NDFaren buruan izango den lehen emakumea izango da.

Egunkariei egindako aldarrikapenen arabera, politiko frantziarrak enpresen zuzendaritzan eta politikan, ministro gisa, izandako esperientzia guztia ekarriko dio Funtsari eta “jarduera guztietan erakutsi dudan taldeko izpiritu irekiarekin lan egitea” prometatu du. Funtsaren botere egitura egokitzeko ere lan egingo duela esan du, goraka ari diren herrialdeen nabarmena eta aldatzen ari den errealitate ekonomiko globala kontutan hartuz.

Lagarde abokatua da lanbidez. 25 urtez Baker & McKenzie bezalako nazioarteko firmetan aritu zen. Geroago, estatuko zerbitzuan sartu zen, Kanpo Komertzioko Ministro bezala, Jaques Chirac-en administrazioan; Nekazaritza eta Arrantza Ministro bezala Nicolas Sarkozyren gobernuan eta azkenik, Finantza Ministro bezala. G20 eta G7an parte hartu du nabarmenki, krisi ekonomiko berri honetan. 2004an Forbesek munduko emakume boteretsuenen zerrendan sartu zuen.

Hasiera 

Josefina Molina, Zinemako Emakume Saria

Josefina Molina zinema zuzendariak jasoko du datorren 8an Madrilgo Arte eta Zinematografia Zientzien Akademian, 2011ko Zinemako Emakume Saria, bere ibilbide profesionala dela eta. Sari hau Emakumearen Institutuaren ekimena da, zinema eremuan emakumeek egindako lana aldarrikatu eta bistaratzeko.
Ekitaldiaren ondoren, “Función de Noche” (1981) filma proiektatuko da, estreinaldiaren 30 urteurrenarekin bat. Lan hau Josefina Molinaren lan aipagarrienetakoa da.
Madrilgo Complutense unibertsitatean Politika Zientziatan lizentziatua, Josefina Molina Espainiako Zinematografiako Eskola Ofizialean zuzendari eta errealizadore titulua lortu zuen lehen emakume espainola izan zen. Cordoban, bere jaioterrian, Medea Saiakera Antzerkia sortu zuen eta bertan zenbait ikuskizun zuzendu. TVEn hainbat programa dramatiko egin zituen, bai eta Franz Kafka, Charles Dickens, Edgar Allan Poe eta Lope de Vega bezalako idazleen egokitzapenak ere.

“La rama seca”, bere lehen laburmetraia, 1972an zuzendu zuen. Geroago “Vera, un cuento cruel” (1973) egin zuen. “El camino” (1977) telebistarako eginiko filma da, Valladolideko Miguel Delibes idazlearen obran oinarritua. Egile honen drama da ere “Función de noche” (1981), Lola Herrera protagonista duelarik. Lan hau antzokietara eta pantailara eraman zuen. Ospe handia eman zion beste lan bat “Teresa de Jesús” (1984) telebista saila izan zen, Concha Velascok antzeztua. Geroago egin zituen “Esquilache” (1988) filma historikoa; “Lo más natural” (1990); “La Lola se va a los puertos” (1993) eta “Entre naranjos” (1997) tele saila, Blasco Ibáñezen nobelan oinarritua.

Gainera, hiru eleberri argitaratu ditu “Cuestión de azar”, “En el umbral de la hoguera” eta “Los papeles de Bécquer”. Arte Ederren urrezko domina jaso du eta CIMAko (zinema eta audiobisualen emakumeen elkartea) ohoreko presidentea da.

Hasiera

Bibiana Aído, NBE Emakumeak erakundearen aholkularia

Bibiana Aído, Berdintasunerako Estatuko Idazkaria, NBE Emakumeak erakundearen aholkulari izendatu dute. Michelle Bachellet, Chileko presidente ohia da Erakunde honen zuzendaria. Kudeaketa eta Administrazioko Arloaren aholkularia izango da,  Giovanie Biha, arloko buruaren azpitik. Joan den urritik Aído Estatuko Idazkaritza zuen bere gain, Osasun eta Politika Sozialeko Ministerioak Berdintasunerako Ministerioa beretu zuenetik.

Viviana Aído Cadizekoa da eta 34 urte ditu. 2010eko urriraino Berdintasunerako Ministroa izan zen, Zapatero presidentearen azken Gobernu birmoldaketan Osasun eta Politika Sozialeko Ministerioak Berdintasunarena bere gain hartu eta hiru ataleko Ministerio berriaren buru gisa Leire Pajín izendatu zuten arte. NBE Emakumeak luzatutako iragarkiaren arabera, Bibiana Aídok “Espainiako politikan lan asko egin du berdintasunak eremu guztiak zeharkatzeko, bai eta genero berdintasuna eta generoko ikuspegiarekin lotutako arazoak bistaratzeko, atzerriko foro askotan, hala Europar Batasunean, nola Generoko Indarkeriaren aurkako Europako Behategian, estrategia europarra sustatzeko”.
Hasiera 

María Blascok Barbacid ordezkatu du Ikerketa Onkologikoetarako Zentro Nazionalaren buruan

Ikerketa Onkologikoetarako Zentro Nazionalaren Patronatuak (CNIO gaztelaniazko sigletan) aho batez izendatu du María Blasco erakundearen zuzendari, modu honetan Mariano Barbacid ordezkatuz. Barbacidek dimisioa aurkeztu zuen 2009ko irailean. Blasco erakunde bereko Oinarrizko Ikerketa saileko zuzendari ordea zen.

1965ean Alicanten jaioa, María Blascok bere doktoretza tesia Severo Ochoa Biologia Molekularreko Zentroan egin zuen eta Margarita Salasek ikuskatu zion lana. Biokimika eta Biologia Molekularrean egin zuen doktoretza eta ondoren New Yorkeko
Cold Spring Harbor Laboratoryn jarraitu zituen ikasketak 1993 eta 1996 bitartean. Urtebete beranduago Espainiara itzuli zen eta CSICeko Bioteknologiako Zentro Nazionaleko Taldearen buru izendatu zuten. 2003an CNIOra itzuli zen Telomero eta Telomerasa Taldeko buru eta Onkologia Molekularreko Programako zuzendari gisa. 2005etik ere Oinarriko Ikerketako zuzendari orde bazen. Kromosomen muturren edo telomeroen ikerketan aditua da. Telomeroek pertsona bakoitzaren informazio genetikoa duten egitura horiek zirpiltzea galerazten dute.

140tik gora artikulu idatzi ditu zientzia munduan ezinbestekotzat hartzen diren aldizkarietan, adibidez, Nature, Cell edo Science. Era berean, sari desberdinak jaso ditu: Santiago Ramón y Cajal Sari Nazionala, Biologia arloan; Jaime I Erregearen Oinarrizko Ikerketaren saria; eta Biologia Molekularreko Europako Erakundearen (EMBO ingelesez) Urrezko Domina.
Hasiera

 

Euskadi, auzolana