2012ko udaberria – 84. zk

Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2.  
  3. Aldizkaria
Aurkibidea
Artikuluak
Emakunde martxan

Azken eguneratzea: 2012/04/02

Udaletxeak

Berdintasunerako lehen ordenantza markoa argitaratu da

EUDELek, Emakundek eta Eusko Jaurlaritzako Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzak gida didaktiko bat argitaratu dute, Euskadiko udalek Berdintasunerako udal ordenantza bat egiteko erabil dezaten, EAE osorako irizpide komunetan oinarrituta.Berdintasunerako ordenantza markoa.

Proiektua Euskadiko udalei eta Estatuko udalei aurkeztu zaie, gaur goizean Eudelen egoitzan egindako Jardunaldi baten markoan. Jardunaldiaren irekieran EUDELen elkarteburu Ibone Bengoetxea, Emakunderen zuzendari María Silvestre eta Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Bulegoaren zuzendari Mariola Serrano izan dira.

Ondoren, instituzio horietako talde teknikoak xehetasunez azaldu du gidaren edukia, eta aholkularitza eskaini die Jardunaldian izan diren Berdintasun Politiken ardurdunei.

Gida

Gaur aurkeztutako gida orientazio-katalogoa da, udal bakoitzak bere Berdintasunerako udal ordenantza egin dezan, bere errealitatean eta berezitasunetan oinarrituta.

8 kapituluren bitartez, agiriak Berdintasunerako udal Ordenantza bat egiteko jarraitu beharreko urratsak azaltzen ditu; era berean, eranskin bat ere badu, berdintasunaren arloko erkidegoko, Estatuko eta Europako legerian oinarritutako artikuluak jasotzen dituen testu ireki baten ereduarekin.

Udal autonomia errespetatuz, gida hau proposamen eta aholku gisa prestatu da, eta udal bakoitzari dagokio Gida ezartzeko erabakia hartzea.

Helburua da udal bakoitzak gidan proposatutako artikulu eta kapituluei buruzko gogoeta eta eztabaida egitea. Ordenantza egiteko prozesuan, EUDELek aholkularitza teknikoa eskainiko die udalei, udal bakoitzaren beharrizanei erantzunez.

Ekimen berritzailea

Ekimen hau berritzailea da Estatuan; izan ere, beste autonomia erkidego batek ere ez du bere udalekin adostu irizpide komunetan oinarritutako berdintasunerako ordenantza baten eredua.

Berdinsarea osatzen duten erakundeek, gainera, uste dute Ordenantzak aukera ekar dezakeela udalerrietan herritarren gogoeta eta partaidetzarako guneak sortzeko, emakumeen eta gizonen arteko Berdintasuna lortzeko helburuarekin. Hori dela eta, laguntza-gidaren arabera, ordenantza bera egitea bezain garrantzitsua da udal bakoitzak egindako prestaketa eta onarpen prozesua.

Zergatik behar da Ordenantza bat?

Toki-administrazioak oinarrizko eginkizuna betetzen du Berdintasunaren aldeko eta emakumeenganako diskriminazioaren aurkako borrokan. Izan ere, desberdintasunak udalerrian gauzatzen dira, eta, aldi berean, gizarte-aldaketarako aukerak ere bertan sortzen dira.

Eudelek, Emakundek eta Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzak udaletan beraietan sortutako eskaeraren ondorioz ekin zioten Gida hau egiteko proiektuari. Orain arte, eta Tolosa (Gipuzkoa) salbuetsita –dagoeneko badauka gaiari buruzko Ordenantza bat–, Euskadiko gainerako udalerrietako tresna arauemaile nagusia Berdintasun Planak dira. Ordenantzaren asmoa ez da Berdintasun Planak ordezkatzea; aitzitik, tokiko berdintasun-politikei egonkortasuna eta maila arauemailea eman nahi die, plangintza parte-hartzailerako eta negoziazio politikorako tresna horiek indartuz.

Ordenantzaren indarra bere izaera arauemailean datza, eta, gainera, denboran irauteko dago diseinatuta, izan ere, udaleko sail guztiek Berdintasunari dagokionez nahitaez bete beharreko ildoak zehazten ditu. Ordenantza udal-gobernuak mailarik gorenean hartutako konpromisoa da, udalerriko Berdintasun-politikaren oinarri izan behar duten printzipio orokorrak arautzen baititu.

Euskadi, auzolana