2012ko uda – 85. zk

Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2.  
  3. Aldizkaria
Aurkibidea
Artikuluak

Hauek ere, Emakume bikainak

Andrea Ruiz eta Ane Alberdi, Pakea Bizkaiako bi tripulatzaile

Andrea Ruiz eta Ane Alberdi “Pakea Bizkaia” belaontziko tripulazioaren parte dira. Belaontzia urriaren 7an abiatu zen Bizkaitik eta Antartidara iritsiko da. Ingurumena zaintzeko beharrari buruzko sentsibilizazioa sustatzeko helburuarekin hezkuntzarako materiala sortzeko informazioa, irudiak eta esperientziak biltzea du xede.

Unai Basurko nabigatzaile euskalduna kapitain dutela, hirugarren espedizio honek beste zortzi pertsona daramatza. Andrea Ruiz-ek (Getxo) 30 urte ditu eta Pakea Bizkaiko Hezkuntza-koordinatzailea da. Ane Alberdik (Zarautz) 24 urte ditu eta itsas-biologoa da. Kanariasetik eta Cabo Verdetik pasatu ondoren, Atlantikoa gurutzatuko eta Buenos Aireserako bidea hartuko dute. Etapa honetan lurra zapaldu gabe 20 egun egongo dira, tripulazioaren aurreikuspenen arabera. Espedizioak sei bat hilabete iraungo ditu, baina tripulazioa aldatzen joango da. Andrea Ruiz zeharbide guztian egongo da eta Ane Alberdik belaontzia Bahía Blancan utziko du espedizioaren lehen zatia bukatu ondoren (Bilbo-Kanarias-Cabo Verde-Buenos Aires-Bahía Blanca). Han beste ikasle bati utziko dio bere postua. Espedizioaren bigarren zatian belaontzian Marta Duch sartuko da eta hirugarrenean, Laura Terceño. Horrela, espedizioaren tarte bakoitzean bi emakume egongo dira. Tripulazioko kideek blog batean idazten dituzte zeharbidean izandako sentsazio eta esperientziak. http://www.pakeabizkaia.com/eu/

Michelle Bachelet, Giza Ibilbidearengatik Gabarrón Nazioarteko Saria

Michelle Bacheletek, NBE Emakumeak erakundeko Zuzendariak eta Txileko lehendakari ohiak, Giza Ibilbidearengatik 2012 Gabarrón Nazioarteko Saria lortu du. Sari horren helburua pertsona edo talde bat saritzea da, gizadiarentzat eredugarri diren lorpenak eskuratzeagatik nabarmendu direlako, beren bizitzako aldi luze batean maila sozio-politikoan, kulturalean edo zientifikoan izandako konpromiso pertsonal nahiz profesionalean. Michelle Bachelet kategoria honetan saritutako lehen emakumea izango da.

Epaimahaiak Michelle Bachellet aukeratu du 21 hautagairen artean, eta kontuan izan ditu emakumearen eta haurtzaroaren alde egindako etenik gabeko defentsa, eta bere herrialdeko "erreforma politiko eta ekonomiko berritzaileei " eman dien bulkada Txileko gobernuan izan zituen karguetatik".

Halaber, kontuan hartu da Michelle Bacheletek, NBE Emakumeak erakundearen bidez, "bere konpromiso soziala mantentzen eta biderkatzen duela mundu guztian, milaka emakumeen eta haurren bizitza hobetuz eta genero-berdintasuna eta hezkuntza haurtzarotik sustatuz”.

Aurreko edizioetan sari hau ondokoek jaso zuten: Guillermo Luca de Tena kazetaria (2002); Belisario Betancur abokatua, literatoa eta politikari kolonbiarra (2003); Jaime Garralda jesuia, Padre Garralda Fundazioaren (GKE) sortzailea, gizarteko talde baztertuenentzat lan egiten duena (2004); Eduardo García de Enterría, legelari espainiarra (2005); Sami Naïr, politologoa, filosofoa, soziologoa eta katedradun frantziarra, migrazio-mugimenduetan aditua (2006); Julio María Sanguinetti politikari uruguaiarra (2007); Vicente Ferrer Fundazioa (2008), Morgan Tsvangirai, Zinbabue-ko lider politikoa (2009), Antonio Garrigues Walker politikari eta legelari espainiarra (2010) eta Ernesto Zedillo, Mexikoko lehendakari ohia,(2011tako).

Gabarrón sariak datorren azaroaren 27an banatuko dira Gabarron Foundation-ek New Yorken duen egoitzan. Zeremonia horretan kategoria desberdinetan saritutako bederatziek Cristóbal Gabarrónen jatorrizko lan bat jasoko dute. Cristóbal Gabarrón Fundazioari izena ematen dion nazioarteko artista da.

Mara Torres, 2012 Planeta Sariko finalista

Mara Torres kazetaria Planeta Sariko 61. edizioan finalista izan zen bere lehen eleberriarekin, “La vida imaginaria”. Idazleak deskribatzen duen bezala liburuak hitz egiten du "gizakiok porrotaren ondoren gauzak berrasmatzeko dugun beharraz".

Istorio hau bi fasetan idatzi zuen –2007an hasi zen, denboraldi batez bertan behera utzi zuen eta duela gutxi gorabehera hiru urte berriz ekin zion-. Istorio hori Fortunata Fortunarena da, “Nata”rena, 30 urteko neskaren istorioa alegia. Erreala baino imajinatua den bere bizitzaren atal batzuk gehitu dizkio istorioari. Planeta Sarira aurkezteko Pilar Otero izenordea erabili zuen; asko maite duen 74 urteko emakumeari dagokion izena.

Torresek, 1974an jaioa, kazetaritza ikasi zuen Madrilgo Complutense Unibertsitatean, eta profesionalki irratian zaildu zen. SER-eko “Hablar por hablar” gaueko programan izandako esperientziatik sortu zen bere lehen liburua, “Historias de madrugada”. Bere bigarren liburuak, “Sin ti. Cuatro miradas desde la ausencia”, Setenil Saria jaso zuen eta gertuko norbait galdu duten pertsonen kontaketak biltzen ditu.

Orain sei urte Torresek TVE-ko zerbitzu Informatzaileetan parte hartzen du eta gaur egun La 2 Noticias aurkezten du, telebistaren historiako albistegi sarituena.

Maysun Qawasmi, emakumez osatutako lehen alderdiko zerrenda burua mundu arabiarrean

Maysun Qawasmi kazetariak eta arabiar hizkuntzan lizentziatuak mundu arabiarrari erronka egin dio, joan den urriaren 20an Zisjordanian ospatutako udal-hauteskunde partzialetara bere burua aurkeztuta “Parte hartuz posible da” alderdiaren zerrendaburu gisa. Alderdi hori soilik emakumez osatua dago eta alderdi politikoekiko erabat independentea da. Erronka itzela zen eta Maysum Qawasmi ez da Hebrón-eko alkate izatera helduko. Bere burua aurkezten zuen hiri palestinar handiena da Hebron, baita kontserbadoreena ere, Mahmud Abas lehendakariaren Fatah mugimendua irabazlea izan baita. Hala ere, Maysum Qawasmi-ren ekimen adoretsua nazioarteko komunikabideetan azaldu da, eta lehen alderdi politiko femenino arabiarraren bultzatzaile gisa pasatuko da historiara.

43 urterekin, bost seme-alaba dituen ama hau "Parte hartuz posible da " alderdiaren liderra izan zen. Hautagaitza horrek ez zuen ez Al Fatah-ren ezta Hamás-en babesik, eta alderdi horiek dira okupatutako lurraldeetako bizitza politikoan nagusitzen diren alderdiak. Kanpaina bere sakelatik ordaindu zuen, eta kartel bakar bat eseki ahal izan zuen hiri guztian. "Emakumeak ez dira konformatu behar gizonek haientzako erabakitzen dutenarekin", deklaratu zuen liderrak hauteskundeak baino lehen.

"Parte hartuz posible da” alderdiaren helburuetako bat Oinarrizko Lege palestinarrak emakumeei ezartzen dien % 20aren muga gainditzea zen. Lege horren arabera Palestinako Autoridade Nazionalaren (PANen) Zisjordaniko Gobernuan sei Ministerio dituzte eta Parlamentuak dituen 132 aulkietatik 17 beren esku dituzte. Palestinako Estatuaren Independentzia Deklarazioak sexua aintzat hartuta berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren printzipioei buruz hitz egiten du, baina errealitatea bestelakoa da; izan ere, emakume palestinarrek ez dute Justiziarako gizonezkoek duten sarbide bera eta Zigor Kodeak ez ditu berdin tratatzen Freedom House erakundeak egindako txostenaren (Ekialde Hurbilean eta Afrika Iparraldean emakumeek dituzten eskubideak: desabantaila sakona) arabera.

Desberdintasunaren beste adibide batzuk: lurralde palestinarretan etxeko indarkeria bereziki zigortzen duen legerik ez dago. Botere judizialean eta auzitegietan emakumeek duten ordezkaritzak baxua izaten jarraitzen du eta apenas emakumeen % 7k du bere izenean erregistratutakojabetza.

Hauteskunde-programan uraren (lurralde horietan ondasun urria) banaketa sartuta zegoen, baita kiroldegien eraikuntza eta palestinarren eskubideak hiriaren erdian jasoko dituen akordioa ere. Hiria 500 bat kolono israeldarrek okupatzen dute, eta populazioaren aurkako tratu txarrengatik salaketak dituen Armadak babesten ditu kolono horiek. Programan ez zegoen generoari buruzko errebindikaziorik, eta neurri hori aurrez pentsatutako estrategiari zor zaio. Maysun Qawasmi-ren arabera, hiyab-aren erabilera bezain gai korapilatsuak saihestea erabaki zuen, "garrantzitsuena barruan egotea baita, erabakiak hartzeko prozesuan parte hartzea. Emakumeen alde gauzak barrutik aldatzeko aukera badut, egingo dut, baina ez dut iragarpena lau haizetara zabaltzeko beharrik".

Yvonne Blake, Zinematografiako Sari Nazionala

Zinematografiako eta Ikusmenezko Arteetako Institutuak ( ICAA gazteleraz) Zinematografiako Sari Nazionala eman dio Yvonne Blake-ri “ bere jarduera profesionala zorroztasunez, dotoretasunez eta kreatibitatez espainiar zineari dedikatzegatik, parte hartu duen pelikuletako jantziak hauen zati baliotsuenetakoa bihurtuz”. Susana de la Sierra ICAAko zuzendari nagusiak buru zuen epaimahaiaren erabakia aho-batezkoa izan da, eta Lau Goya Sari eta Oskar sari baten irabazle den figuringile honen ibilbidea saritu nahi izan dute.

1938an Manchester-en jaioa, Yvonne Blake Bermans jantzigintza etxeko titularra izan zen eta bertan, Hammer zinema – estudioetako beldurrezko pelikuletarako arropa diseinatu zuen. Beste 56 ekoizpenetarako lan egin du ere, azkenekoa 2010ean, Roland Joffé-ren“There be Dragons” pelikulan.

Yvonne Blake Francois Truffaut, Albert Finney, Richard Quine, John Sturges, Richard Donner, Paul Verhoeven, Mark Rydell, Peter Bogdanovich, Milos Forman, Richard Lester edo Al Pacino bezalako zuzendariekin lan egin du, baita Gonzalo Suárez, Vicente Aranda edota Jaime Chávarri espainiarrekin ere, eta Marlon Brando, Audrey Hepburn, Ava Gardner, Robert de Niro, Sean Connery edo Elisabeth Taylor bezalako izarrak jantzi ditu.

Irene Cózar, Inmaculada Ibáñez, Gemma Vilahur eta Eva Póveda, UNESCOren beka jaso dute ikerketarako

Berrogei urte baino gutxiago duten bost ikertzaileek L´Oreal etxeak babestutako UNESCOren dirulaguntza jasoko dute biologian eta antzeko zientzietan ikerketa proiektuak garatzeko. Herentziazko minbiziaren gene berrien bilaketa, kimioterapiarenganako erresistentziarako ikerketa eta hepatitis C birusaren antibiralen azterketa dira, besteak beste, saritutako ikerketa proiektuetako batzuk.

  • Irene Cózar, diabetesari buruzko ikerketak egiten ditu, intsulina terapia bezala sortzen duten pankreako beta zelulen birsorkuntzari buruzkoak, konkretuki. Valladolideko Unibertsitateko Biologia eta Genetika Molekularreko Institutuko (IBGM) ikertzailea da.
  • Inmaculada Ibáñez, minbiziko epigenetikan aditua, Madrilgo La Paz Hospitalean lan egiten du.
  • Laura Velascok minbiziarekin lotutako ikerketak egiten ditu ere, herentziazko koloneko minbiziko geneak konkretuki, Institut Català d´Oncologian.
  • Gemma Vilahur, Institut Català de Ciències Cardiovasculars-ekoa, kolesterol “ona”k (HDL) suposatzen duen babesa aztertzen du eta honekin lotutako botika berriak.
  • Eva Póvedak hepatitis C-ak sortzen duen infekzioa tratatzeko eragin zuzeneko antibiralak ikertzen ditu. Madrilgo Carlos III hospitalean lan egiten du.

“Emakumeak Zientziagatik” UNESCOko programaren barneko dirulaguntza hauen zazpigarren urtea da eta bakoitza 15.000 euroko kopurua du. “Munduak zientzia behar du eta zientziak emakumeak behar ditu” da bere leloa.

Shulamith Firestone, feminismo erradikalaren sortzailea, hil da

Abuztuaren 28an, Shulamith Firestone (1945, Kanada, Otawa), feminismo erradikalaren sortzaile teoriko nagusietakoa izan zena, hil zen. Berak 25 urte zituenean idatzitako “sexuaren dialektika” obra, eztabaidagarria izan zen mahaigaineratu zituen utopiengatik. Firestoneren tesi nagusiak dio, Engels, Beauvoir eta Marcusekin elkarrizketan, badela klase-borroka baino dialektika erradikalagoa: mirabetza biologikoa hain zuzen ere, zeina emakumeen zapalkuntzaren kausa baita.

Estatu Batuetara joan zen judutar ortodoxoen familia batean hezi zuten, eta St. Louiseko unibertsitatean lehenik, eta Chicagoko unibertsitatean ondoren ikasi zuen. Bertan arte ederretan lizentziatzea lortu zuelarik.

Bere lanak sekulako arrakasta izan zuen eta unibertsitate-giroko emakumeen artean ezinbesteko irakurgai bilakatu zen. Firestonek jendaurreko lanari utzi zion, eta behin baino gehiago ospitalera eraman behar izan zuten, buruko gaitzak jota. 1998an “ Espacios sin aire” (airerik gabeko espazioak), ipuin-liburua argitaratu zuen.

Maitasun erromantikoari eta familia nuklearrari kritika zorrotza egin zien. Firestone ekofeminismoaren aitzindaria izan zen, baita zientziaren kritika epistemologikoarena ere, zeina menderakuntza patriarkalaren sistemaren zati moduan interpretatu zuen.

Ane Rodríguez, Donostiako Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroko zuzendari berria

Donostiako Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroko Administrazio Kontseiluak Ane Rodríguez (Donostia 1978) izendatu du zuzendari artistiko gisa. Postua 2010etik zegoen hutsik, aurreko zuzendariak dimititu ondoren.

Informazio Zientzietan lizentziaduna, kultur kudeaketan eskarmentu handia du eta azkeneko urtea Madrilgo Mataderoko edukien koordinazioan eman du. Lau urtez ARCOn egin zuen lan Lourdes Fernández zuzendariarekin batera eta bertan, atzerriko galerien kudeaketa eta komisariotza programen ardura zeraman. Ondoren, Gaztela eta Leongo Arte Garaikideko Museoan (gazteleraz, MUSAC) egon zen koordinatzaile orokor eta alboko zuzendari lanetan, aurrekontu orokorren kontrola eta erosketen kudeaketa bezalako lanak eginez. Zinea eta ikus – entzunezko munduari oso lotua  Donostiako Zinemaldia, Arteleku edota Manifesta bezalako proiektuen bidez, Basque Culinary Center eta Tabakalera berarentzako proiektuak egin dituen Estudio C+Arquitectos-ekin lankidetzan egon da ere.

Laura Arroyok Kirol Kontseilu Gorenaren saria jaso du 

Laura Arroyo saskibaloi jokalari donostiarrari Kirol Kontseilu Gorenak saria eman dio.  Saria Kirol Kontseilu Gorenak ematen die eskola eta unibertsitateko kirol arloan nabarmendu direnei. Aipamena emateko orduan, erakunde deitzaileek aintzat hartu dituzte, alde batetik, 2011. urteko Espainiako Txapelketan eta estatuko eta nazioarteko beste lehiaketa batzuetan parte hartu zuenean lortu dituen kirol merituak, eta beste alde batetik, 2010/2011 ikasturteko espediente akademikoa. Emakunderen ustez,  sariak Arroyoren lana eta ahalegina saritzeaz gain, balio du baita ere emakumeek kirol arloan egiten duten lana ikustarazten laguntzeko, emakumeek egiten duten lanari merezi duen balioa emateko eta helburu horrekin lan egiten jarraitzeko.

 

Eli Tolaretxipi-k Londreseko Poesia Parnasoan parte hartzen du munduko elite literarioaren ondoan

Eli Tolaretxipi idazle donostiarrak Londresen uda honetan ospatuko den Poesia Parnasoan parte hartuko du, elite literarioa bilduko duen jaialdian. Parte hartzaileen artean aurkitzen dira Seamus Heaney eta Wole Soyinka Literatura Nobel Sariak edo 2011ko Poesiako Pulitzer Sariaren irabazlea Kay Ryan. Eli Tolaretxipi Estatu Espainiarreko ordezkari bakarra izango da. Tailer eta eztabaida literario horiek ekainaren 26a eta uztailaren 1a bitartean Londreseko Southbank Center-ean ospatuko dira eta 204 poetek parte hartuko dute, Joko Olinpiarretan parte hartzen duen herri bakoitzeko poeta bat. Horrela, Joko Olinpiarren antolatzaileek Greziako Olinpiaden jatorria eta espiritua berreskuratu nahi izan dute, artistei eta kirolariei garrantzi bera ematen ziena.
Tolaretxipi aukeratua izan zen Estatu Espainiarreko 80 hautagaitzen artetik, eta guztira 204 herrialdeetatik 6000 aurkeztu ziren.
Eli Tolaretxipi-ren proposamena “Arc”  bere argitaletxe britainiarrak aurkeztu zuen.
Poeta donostiarrak poesia “leku posible bakarra” bezala definitzen du, “gainerako guztia keinukaria, iragankorra, delako. Poesia beste dimentsio bat da, beste bizitza bat,  existentziaren esanahira hurbiltze erratua edo zuzena, nire kasuan behintzat esperientziaz, egunerokotasunaz, hondakinez, galerez, arteaz, liburuez, besteen istorioez, baita ametsez ere elikatzen dena”.
Ni ez naiz komunikatzaile aparta, eta nire poesia ezta ere. Hizkuntzarekin lan egiten dut, baina oraindik ez dakit zertarako balio duen. Izan ere, irakurtzen duten pertsonekin konektatzeko modu bat lortu nahi dut, planoak edo tolesturak ezarri nahi ditut, non beraiekin bat egingo dudan”.  

Tolaretxipik hiru poema-liburu argitaratu ditu: “Amor muerto - Naturaleza muerta”

(1999), “Los lazos del número” (2003),  “El especulador” (2009). Gaur egun "Edgar"-en prestaketa fasean dago, Edgar Allan Poe-ri eskaintzen dion omenaldia da, eta horretarako egile estatubatuarrak emakume-izenen  izenburua jarri zien ipuinei buruzko poema bilduma bat aukeratu du. Tolaretxipiren lanak ingelesez, frantsesez eta italiarrez argitaratuta irakur daitezke. Arantza Fernández Iglesias-ekin batera Sylvia Plath, Elizabeth Bishop, Menna Elfyn eta Tess Gallagher-en lanak gaztelaniara itzuli ditu, baita Patti Smith abeslariarenak ere. Horiez gain Itxaro Borda eta Aurelia Arkotxa idazle euskaldunen lanak ere itzuli ditu. Ingelesera, aldiz,  Ramon Saizarbitoriaren  “Egunero hasten delako” eta Blas de Oteroren “Pido la paz y la palabra”. Poeta eta itzultzailea izateaz gain, ingeleseko irakaslea ere bada Donostiako hizkuntza eskolan.

Londresera bidaiatzeko hilabete bat baino gutxiago falta denean, idazleak berria asimilatu du jada, eta “aurreiritzirik gabe eta  aske sentitzen da; planik gabe. Egingo dudan gauza bakarra irakurgaiak entseatzea eta itzulpenak errepasatzea izango da. Behin han naizela ikusiko dut gauzak nola doazen eta senak gidatuta jokatuko dut, dena ahalik eta hobekien joan dadin saiatuko naiz. Oso pozik nago nire ingelesezko argitaratzaileek Still life with loops liburua proposatu dutelako eta aukeratua izan naizelako.
Poesia Parnasoak antologia bat argitaratuko du herrialde bakoitzeko olerki batekin. Tolaretxipik “El pez" aukeratu du, oso gertuko dituen Elizabeth Bishop eta Marianne Moore poetei eskainia

 Esther Ferrerrek, Eusko Jaurlaritzako Gure Artea saria jaso du bere ibilbide artistikoagatik

Esther Ferrer (1937), bere ibilbide artistikoa saritzen duen Gure Artea golardoa jaso du. Duela urteak Parisen bizi den donostiarrak, Espainiako Arte Plastikoen Sari Nazionala irabazi zuen 2008an.
1966. urtean Zaj taldearekin hasi zenetik, artista aitzindaria izan da Ferrer, eta performancearen alorrean, egoera ezezagunak, gogoeta eragiten dutenak eta aztoratzaileak aurkeztu izan ditu. Horrek guztiak nazioartean ezaguna eta estimatua izatea ekarri dio, eta bere obrak mundu osoan erakutsi ditu. Gaur egun, ekitaldi, jaialdi eta arte zentro garrantzitsuetan presentzia handien duen artista euskalduna da.

Kulturan nahiz arte garaikidean egindako ekarpenak saritzeko sortu zituen Eusko Jaurlaritzak Gure Artea sariak. 

Martha Nussbaum filosofoa, Gizarte Zientzietako Príncipe de Asturias Saria 

Martha Nussbaum filosofo estatubatuarrak jaso du 2012ko Gizarte Zientzietako Príncipe de Asturias Saria, maila etikoa duten bere teoria filosofikoetan konpromiso soziala erakusten duelako. Sari horretarako hautagaia izan zen 2008., 2009. eta 2010. edizioetan, eta aurten 14 herrialdetako 26 hautagaitzei gailendu zaie. Nussbaum gaur egungo ahots filosofiko berritzaile eta eraginkorrenetako bat dugu, eta hezkuntzan giza zientziek duten papera defendatzen du. 

Epaitegiaren aktak dio Nussbaum-ek, greziar pentsaeraren ezagutza sakona duenak, gizakiaren dignitatearen eta emakumearen eskubideen kontzepzio unibertsala defendatzen duela. Epaimahaiaren iritziz Estatu Batuetako filosofoaren teoria ondoko konbentzimenduan oinarritzen da: ona izatea modu ezberdinean ulertzen dutenak ados jar daitezke “injustizia edo diskriminazioa ematen den egoeratan aplikagarria den printzipio etiko unibertsaletan”.

  Gaur egun Martha Nussbaum Chicagoko Unibertsitateko irakaslea da. Maila oneko familia batean sortu zen eta 1975ean Harvardeko Unibertsitatean filosofiako doktoretza egin zuen. Amartya Sen-ekin, Ekonomia Nobelarekin, lan egin du garapenarekin eta etikarekin zer ikusia duten gaietan, eta Harvard-en eta ondoren Brown Unibertsitatean (Rhode Island, AEB) klaseak eman ditu. 

Hogei bat  libururen autorea da, hala nola; La fragilidad del bien: fortuna y ética en la tragedia y la filosofía griega” (1995), “La terapia del deseo” (2003), “El conocimiento del amor” (2005), “El ocultamiento de lo humano” (2006),  “Las fronteras de la justicia” (2007), “El cultivo de la humanidad” (2012) etaCrear capacidades” (2012).
1986 eta 1993 urteen artean ikerketako aholkularia izan zen Nazio Batuen Unibertsitateko parte den World Institute for Development Economics Research-en (Helsinkin, Finlandian). Kooperazio Internazionaleko Batzordeko eta Emakumearen Egoerarako Batzordeko zuzendaria izan da, biak ala biak Ameriketako Filosofia Elkarteko Batzordeak dira.  Elkarteen Arteetako eta Zientzietako Akademia Amerikarraren Kontseiluko kidea izan da, baita Estudio Sozietateetako Kontseilu Amerikarraren bat-egitearen kidea ere.

Elena Arzak, munduko emakumezko sukaldaririk onena

“Restaurant” aldizkariak Elena Arzak donostiarra Munduko Emakumezko Chef Onena izendatu du. Aurreko urtean jada ia lortu zuen saria. Saria apirilaren 30ean entregatuko zaio Londresen.
Juan Mari Arzak-en alaba, Helena bere birraitonek 1897an inauguratutako familiaren jatetxeko suen artean hazi zen. Gaur egun jatetxe ospetsu honen erantzukizuna eta zama partekatzen ditu, eta bere karta sofistikatuko plater askoren egilea da. Bere aitari eta amari zor die txikitandik irakatsi zioten lanbide honekiko maitasuna, baina ahalegin pertsonala izan da leku honetan kokatu duena. "Elenak nazioarteko errespetua irabazi du |etengabeko bilakaera duen sukaldaritza abangoardista sortu duelako, zaporeen ikerkuntza eta esperimentazioan oinarritutakoa", horixe dio sariko komunikatuak. Sari horren bozketan mundu guztiko 837 kritikok parte hartu dute. 

Luzernako (Suitzako) ostalaritza eskolan trebakuntza jaso zuen eta praktikak Europako jatetxerik entzutetsuenetan egin zituen, eta bere aitaren eskutik sukaldaritza berritzen ikasi zuen. Gaur egun Elenaz gain sei nagusi dituen jatetxean erantzukizun txikieneko zeregin guztiak egin zituen bere aitaren konfiantza eskuratu baino lehen. Jatetxeko langileen % 80 emakumeak dira.
Goi-sukaldaritza emakumeak goraipatzen hasi da pixkanaka, nahiz eta orain arte herrialde guztietan gizonezkoez osatua egon. Susi Díaz (Finkako Chef-a, Elche), Anni Sophie Pic, Nadia Santini, Luisa Marelli, Annie Féolde, Elena Arzak edo Carme Ruscadella-k (Catalunyan) Europan atea irekitzea lortu dute.

Tamara Rojo izendatu dute English National Ballet-aren zuzendari 

Tamara Rojo dantzaria izendatu dute English National Ballet-aren (ENB-aren) zuzendari artistiko datozen bost urteetarako, eta irailaren 1ean hartuko duen kargu hori, gaur egungo dantzari lanarekin uztartuko du. ENB-a balet klasikoko Erresuma Batuko bigarren konpainia da, eta Tamara Rojo denboraldi batez lehen dantzaria izan zen, Royal Ballet-era salto egin aurretik.

Víctor Ullate-ren eskolan egin zuen trebakuntza Tamara Rojo-k, eta jadanik badauka Arteetako Príncipe de Asturias saria (Maya Plisetskaia errusiar baletaren diba apartaren ondoan lortu zuena). Bere errepertorioak ia titulu klasiko guztiak jasotzen ditu, baita XX. mendeko guztiak ere, antzoki ingelesetan mantentzen direnak. 

Tamara Rojok aurretik duen erronka handia izango da, ENB-a zuzendaritzaren eta ekonomiaren kudeaketen krisi sakon batean murgilduta baitago. Konpainia honen zuzendaritza orain arte esku maskulinoetan egon da: Sir Anton Dolin, 1950-1962; John Gilpin, 1962-1968; Beryl Grey, 1968-1979, eman iezadazu; John Field, 1979-1984; Peter Schaufuss, 1984-1990; Ivan Nagy, 1990-1993; Derek Deane, 1993-2001; Matz Skoog, 2001-2006 eta Wayne Eagling, 2006-2012.

 

 

Euskadi, auzolana