2012ko udazkena – 86. zk

Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2.  
  3. Aldizkaria
 
Aurkibidea
Artikuluak
Emakunde martxan

Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak gure zerbitzura

Mentxu Ramilo Araujo, Administrazioaren zientzietan eta Zientzia polititikoetan doktorea

Historian zehar, emakumeek hainbat motatako harremanak izan dituzte, Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiekin (IKT). Izan dira ikusezin egin dituzten emakumeak, IKTen erabilera ikusgarri egin nahi izan duten emakumeak, eta baita ohiko lanetan eta nahiz bizitza pertsonalean IKTak erabiltzen ditugun emakumeak ere. Baina, badira zenbait arrazoi direla eta, IKTak erabiltzen ez dituzten asko ere.  Zertarako balio duten ez jakiteagatik, garestiegiak direla iruditzen zaielako (denbora eta prestakuntza eskatzen dutelako), etengabe berritzen den arlo batean egunean egotea ezinezkoa dela uste dutelako, eta dagoeneko dakitenarekin nahikoa dutela iruditzen zaielako, edo besterik gabe, erabiltzeko gogorik ez dutelako.

Egun, nahiko ohikoa da Internet eta beste aplikazio batzuk erabiltzea hamaika ekintzatarako. Gero eta sarriago ikusi eta erabiltzen ditugu Netbook, tablet eta smartphone moduko gailuak, Interneten sartu eta informatzeko, komunikatzeko, eraginkorrago lan egiteko,  edo besterik gabe ongi pasatzeko.

IKTen historia eta emakumeak

XX. mende bukaera arte ez dira emakumeek teknologiaren garapenean egin dituzten ekarpenak aintzat hartu. Egoera hori azken urteetan aldatu egin da, emakumeak ageriko egiten ari diren hainbat ikasketa, ikerketa eta literatur - lanei esker.

Ada Lovelace (1815-1852), egun informatika-programen ama moduan hartzen denari, bera bizi izan zen garaian, eta hil ondorengo urte asko pasa arte, ez zioten bere lana aitortu. Ikusezintasunaren beste adibide bat dugu ENIAC (Electronic Numerical Integrator and Computer) ordenagailuaren kasua. Izan ere XX. mendeko 40. hamarkadan Estatu Batuetan egin zuten lehenengoetako konputagailua izan baitzen. Asmakuntza horren ingeniariak famatu egin ziren bitartean, inork ez zituen konputagailua programatu zuten sei emakumeak ezagutu. 80. hamarkadan, oraindik ere, argazkietan konputagailuaren ondoan agertzen ziren sei emakume haiek, modeloak besterik ez zirela esan izan zuten. Kathryn Kleimen ohartu zen, 1986an Harvarden, emakumeek ordenagailugintzan izandako papera aztertzen ari zela, emakume haiek programazioaren oinarria ezarri zutela, eta eredu soil eta sartzeko errazak erabiliz, lehenengo software programak garatu zituztela.

Adibide gehiago ere badira, eta IKTen garapenean eragina izan duten emakumeak ezagutu, eta ageriko egin nahi dituen orok, wikipediaren “Mujeres en Informatica”  (Emakumeak Informatikan) edo Asturiasko Emakumearen Institutuak abiatutako Enredadas2.0 proiektuaren “Una historia invisibilizada”, (ikusezin egindako historia bat) web-gunean, aurkituko du ezkutuko informazio hori guztia.

IKTen erabilera ikusgarri egiten duten emakumeak

DonesTech kolektiboak, IKTen inguruan emakumeek egindako lana ikusarazi nahian, 2006an ikerketa-proiektu bat hasi zuen Katalunian eta ondoren Espainiar Estatu osoan, emakumeek zuten teknologiaren eskuragarritasuna eta egiten zuten erabilera ezagutzeko.

Proiektuari “Codigo Lela” deitu zioten. Lehenengo zatian, emakumeei eta teknologiei buruzko literatura biltzen du, eta emakumeek IKTan egindako sarbide eta erabilerari buruzko estatistikak baita ere. Bigarren zatian emakume teknologoen perfilaren analisi sakona bildu dute, IKTak erabiltzeko dituzten motibazioak, teknologiak nola erabiltzen dituzten e.a ere aztertu dute. Bukatzeko, ikerketak ekintzarako proposamen batzuk luzatzen ditu, emakumeengan IKTen erabilera bultzatzeko. Proiektu honetan zehar egindako elkarrizketa sakonak erabiliz dokumental bat ere egin zuten “Descifrando el código Lela: El día que me enrollé con la tecnología”, emakumeen eta IKTen arteko harreman, praktika eta erabilerei buruz. DonesTech oraindik ere lan garrantzitsua egiten ari da, emakumeen eta IKTen arteko harremanen inguruko ikerketa berrietan.

IKTen ohiko erabilerak (lana, komunikazioa, aisia)

Egun, teknologiaren erabilera duela urte batzuk baino errazagoa da. Lehen, informatika eta programazioari buruzko ezagutzak behar-beharrezkoak baitziren. Erabilgarriak diren tresna eta zerbitzuei esker, egun inoiz baino samurrago egiten zaigu informazioa biltzea, mezuak Internet bidez bidaltzea, gure ahotsa entzunaraztea, interes komunen inguruan komunitateak sortzea, edo talde-lanean jardutea. Horretarako, bilatzaileak, weblogak, sare sozialak eta wiki orrialdeak gure esku dauden tresnak dira.

Teknologiarako sarrera eta bere aplikazioen erabilera gero eta errazagoa eta intuitiboa bada ere, badago oraindik arazo bat suposatzen duen eten - digital bat, Internet erabiltzeko trebetasuna gero eta beharrezkoagoa delako emaitza akademiko hobeagoak lortzeko hala nola lanpostu hobeagoa lortzeko.

Emakumearen Institutuak finantzatutako eta Madrilgo Complutense Unibertsitateko Berdintasuneko Behatokiak 2012ko maiatzean aurkeztutako "La brecha digital de género en España: Análisis multinivel (España, Europa, Comunidades Autónomas)  lanean, azken urteetan emakume eta gizonen arteko eten - digitala %26tik %7,2ra jaitsi dela azaltzen da, baina baita emakumezkoen Informazio Gizarterako (IG) heltzean eta genero berdintasunean eragin ezezkorra duten hiru genero - eten digitalak irauten dutela ere:

  1. Emakumeak Informazio Gizartean sartu eta baldintza berdinetan parte hartu dezaten eragozten dien sarbide – etena (kuantitatiboa).
  2. Erabilera – etena; Informazio eta Komunikazio Teknologien (IKT) erabilerarekin lotua. Haste eraginkorreko maila adierazten du (irismen handikoa, kualitatiboa). Intentsitatean, erabileran eta trebetasunean ezberdintasunak.
  3. IKT zerbitzu berrien erabilera – etena (kualitatiboa). Interneteko aplikazio berritzaileenen probetxuan ezberdintasunak, etorkizunerako pentsatuak (aplikazio teknologikoak diseinatu eta egiten diren inguruneak).

Gero eta gazte gehiago Interneten hasi eta IKTak erabiltzen dituzten neurrian, joera hau txikiagotzen doa. Erabilera motan datza ezberdintasuna, gizonezkoek formatu berrienen erabileran errez hasten dira eta erabilerak eta zerbitzuak zabaltzen diren neurrian, genero ezberdintasunak txikitzen dira.

Sareak eratu eta etenak murrizteko motibazioa aurkitu

Oinarrizkoa da motibazio eta interesa izatea IKTetara hurbiltzeko eta Interneten ibiltzera eraman gaitzaken motibazioak mugagabeak dira; Informaziora zuzenean sartzea, komunikatu eta irudiak, bideoak, testuak partekatzea, gure ideiak eta hausnarketak Interneten argitaratzea, beste batzuekin proiektu batean lan egitea, etab.

Gaur egun, gure kabuz lortu ditzakegun ezaguerekin, gure ingurukoei galdetuz, KzGuneko edo beste nonbaiteko ikastaro batera joanez, etab… Interneten ibiltzen ikasi dezakegu. Tablet eta smartphonen etorrerarekin Interneten ibiltzeko ezaguerak nahiko erraztu dira, konektatzeko eman behar diren pausuak murriztuagoak direlako ukipen – ikonoen erabilera dela eta.

IKTei onura ateratzeko prestatu eta informatu

2010ean, EmakumeakSarean proiektuaren barne dagoen Berrikuntza Informazio Gizartearen Euskadi Planean, Emakundek “Emakumeak, berdintasunerako desberdin korapilatzen direnak” topaketa antolatu zuen emakume elkarteen prestakuntza beharrak ezagutzeko. Eusko Jaurlaritzako KzGunea sarea aprobetxatuz, KZEmakumeak Sarean ikastaro programa egin zen, IKT eta Interneten emakumeen erabilera hobetzera bideratua.

2012ko ekainean, Euskadiko Landa Eremuko Emakumeen Batzordeak eta Katiluk,  Barnetegi TICs&TECs lehenengo barnetegia sustatu zuten, SPRIren bitartez Euskadi+Innovak antolatua, eta HAZI eta Innobasqueko Adimen Emozionaleko Partzuergoaren laguntzarekin. IKTen erabilera praktikoak aditzera eman eta bizipenak partekatzeko aukera paregabea izan zen.

Asturiasko Emakumearen Institutuaren Enredadas2.0 ataria informazio – biltegi interesgarria izango litzateke, 2.0 tresna – erabilerari esker sarean emakumeen presentzia sustatzeko eta IKTen erabilera erraztu eta areagotzeko programarekin.

IKTak gure zerbitzura

Informazio eta Komunikazio Teknologiak eskaintzen dizkiguten aukerak aprobetxatzeko Internetek ematen dizkigun baliabideak anitzak dira. Bada garaia hor bertan, gure zerbitzura dauden teknologia horiei ahal den etekin handiena ateratzeko.

Euskadi, auzolana