Bilaketa-emaitzak

Irati Fernández Pujana: "Amatasuna, gertaera biologikoaz haratago, gertaera sozial, kultural eta, gainera, politikoa da"

Irati Fernández Pujana: "Amatasuna, gertaera biologikoaz haratago, gertaera sozial, kultural eta, gainera, politikoa da"

Irati Fernández Pujana: "Amatasuna, gertaera biologikoaz haratago, gertaera sozial, kultural eta, gainera, politikoa da"

egilea: Emakunde, 

Feminismoari eta amatasunari buruzko haren lanak irabazi du Emakundek berdintasunaren inguruan antolatutako ikerketa-lanen lehiaketa. Irati Fernández Pujanak Gizarte Heziketako diplomatura eta  Ikasketa Feministak eta Generokoak Unibertsitate Masterra dauka, eta ama izateak eragiten dituen aldaketak bizi izan dituzten bost emakume feministaren esperientzian oinarritu du lana. Egilearen esanetan, lanak ez dakar "berebiziko" aurkikuntzarik; baina bai, beste ikuspuntu bat, erakusten duena elkarrizketatutako emakume horiek zer bizi izan duten eta zer estrategia emozional jarri behar izan dituzten martxan, alde batetik, bikotekidearekiko berdintasunezko harremana berreskuratzeko, eta, bestetik, beren baitan, nortasun feministaren eta amatasunaren esperientzian sortu zaizkien kontraesanak zuzentzeko.

Testua: Carmen Ruiz de Garibay

Argazkiak: Karlos Corbella

Elkarrizketa osoa pdf-an (PDF, 1 MB)

Irati Fernández Pujana

 "Ezin dugu ondorioztatu feminismoaren eta amatasunaren arteko harremana gatazkatsua edo bateraezina denik; guztiz kontrakoa baizik" dio Irati Fernández Pujanak, eta eransten ezen, orain arte bikotearen barruan erdietsitako berdintasunezko zenbait lorpenetan amatasunak ezustean aldaketa negatiboak eragin baditzake ere, kontzientzia feministak lagundu egiten duela haiek aldatzen, berrinterpretatzen eta berriro bere lekua ematen. Feminismoaren eta amatasunaren arteko harreman hori, gatazka edo aldaketa negatibo horien ondorioz a priori ezerosoa begitandu daitekeen arren, egunerokotasunean baliatzen diren hainbat estrategia emozionalen kariaz, eraldatu, eta bizipen konstruktibo bihurtzen da, pertsona gisa ikasteko asko balio duena. Ikerketarako elkarrizketetan parte hartu duten ama guztiek adierazi dute feminismoak aberastu egiten duela amatasunaren esperientzia; onerako dela; eta lagundu egiten duela modu alternatiboan eta bikotekidearekiko berdintasunean bizitzen. Are gehiago, guzti-guztiek esaten dute feminismoa ezinbestekoa dela amatasunean.

- Zerk bultzatu zintuen amatasunaren eta feminismoaren gaian murgiltzera?

Hasiera batean, nolabait ere barruko kezka bat nuen ikusten hasi nintzelako hogeitaka urte  betetakoan gizarteak, oro har, ama izatera animatzen zaituela, bizitzan bizitzea dagokizun hurrengo etapa izango  balitz bezala; baina ez nuen ikusten mutilekin gauza bera gertatzen zenik. Ezberdintasun horrek eta emakume-nortasunaren gailur gisa ama izateko presio sozial horrek bultzatuta, gaia auzitan jartzen hasi nintzen. Ordura arte irakurriak nituen ikerketen arabera, hain zuzen ere amatasunera iritsitakoan ikusten omen da, argien, emakumeen eta gizonen arteko desberdintasuna, alderdirik intimoenetan eta interpertsonaletan; orduan jartzen omen da auzitan berdintasuna eguneroko bizitzan. Eta nik jakin nahi nuen zer gertatzen zitzaien emakume feministei, bikote-harreman berdintasunezko batean,  ama izatea erabakitzen dutenean; zer aldaketa bizi dituzten pertsona gisa; ea kontraesanik edo barne-tentsiorik izan duten beren baitan edo bikotearen barruan; ea nola ikusten duten berdintasunaren gaia bikotean, ama izan ondoren, bizikidetasunaz eta erantzukidetasunaz haratago, eta ea inkoherentziarik sumatzen duten ama eta aldi berean feminista izateagatik.

Ama horien ekarpenak izan dira ikerketaren oinarri, eta hori ez da batere ohikoa orain arte argitaratutako azterlanetan.

Bai, hala da. Ia ez dago bibliografiarik ama feministen esperientzien inguruan. Badira bizikidetzari eta erantzukidetasunari buruzko azterlanak, baina ez dago azterlanik amatasunak eta aitatasunak berdintasunari  bikotearen alderdirik intimoenean nola eragiten dion jorratzen duenik; oso gutxi argitaratu da horri buruz, eta iruditu zitzaidan bazegoela ikertu beharreko zerbait, ez agian aurkikuntza handiak egiteko, baina bai solaskide izan ditudan emakume feministei interesatzen zaizkien zenbait  alderdi bistaratzeko eta aipatzeko; izan ere, emakume horien iritziz, mugimendu feministak berak jorratu beharrekoak baitira gai horiek. Amatasuna beti gertaera biologiko gisa aztertu da, demografian, psikologian edo are antropologian ere; eta ama bigarren mailako elementu bat izan da, beti. Azterlan feministetan bere lekua eman zitzaion emakumeen paperari, amatasuna estatistikaren ikuspuntutik ez ezik, emozioen aldetik ere hasi ziren lantzen, bai eta ikuspuntu biografikotik ere, eta,  batez ere, zalantzan jarri zuten amatasunaren eta amen paperaren naturalizazio edo esentzializazio hori. Zeren eta amatasuna eraikuntza soziokulturala da. Nik hari horri heldu nahi izan diot, amatasuna ezin baita gertaera biologiko huts gisa interpretatu; aitzitik, batez ere gertaera sozial, kultural eta are politiko gisa hartu behar da.

Irati Fernández Pujana

Historikoki saldu izan diguten irudi hori eraistea izan zen, beraz, zure helburua?

Bi helburu nituen: alde batetik, esan izan zaigu amatasuna ederra, zoragarria dela; horrexek betetzen duela benetan emakumea eta horrek ematen diola zoriontasuna. Baina amatasunak baditu alderdi txarrak ere; ez da saltzen digutena bezain harmoniatsua, eta historikoki ezkutatu izan diguten alderdi negatibo bat dakar berekin,  genero-sistema eta sistemaren barruko desberdintasunak indartu egiten dituena, gainera. Amatasunaren eredu idealizatu edo mitifikatu hori auzitan jartzen saiatu naiz.  Nire asmoa zen amatasunarekin emakume jakin batzuei gertatzen zaizkien aldaketa negatibo batzuk azaleratzea; baina, bestetik, alderdi positiboa ere atera nahi  nuen; analizatu nahi nuen zer estrategia erabiltzen dituzten ama feministek, eredu tradizionaletik aldendurik,  amatasuna beste modu batean, modu liberatzaileago eta ez-behartzaile batean bizi ahal izateko; hau da, emakumea errudun sentiaraziko ez duen modu batean. Emakume horiek haustura bat eragin dute eredu tradizionalean, eta amatasun-eredu berriekiko hurbiltasuna ekarri dute. Elkarrizketatutakoen kasuan, gainera, esango nuke pertsonala den zerbait benetan politiko bihurtzen dutela, txikitasunetik, egunerokotasunetik abiatuta. Hari horri ere heldu nahi nion amatasuna bizitzeko era berriak proposatzeko. Hain zuzen ere, ama izatearen inguruko esperientzia berri eta alternatibo horiei deitzen diet "amatasun feministak" ikerketan.

Errudun sentimendua asko azaltzen da amen erantzunetan, zuk "ama feminista" deitzen dituzun horien erantzunetan.

Bai; elkarrizketetan ez nuen horrelakorik aurreikusi, eta, hala ere, denetan azaldu da. Baina egia da, halaber, ez dela behin eta berriro agertzen, ez eta ikaragarri azpimarratzen. Gerta liteke, kontu horretan kontzientzia feministak funtsezko eragina izatea. Egun dugun amatasun-eredua azken bi mendeetan eraikiz joan den "ama onaren" idealean dago oinarrituta. Ideal hori betetzeko exijentzia sozial akin batzuk bete behar dira -umea hazteari erabateko lehentasuna eman, emakume izate hutsagatik arlo batzuetan gehiago jakin-, eta hori guztia herentzian hartu dugu. Gaur egun, berriro ere balio handiagoa ematen hasi zaio ama onaren eta hazkuntzaren inguruan onargarria eta egokia zer den ezartzen duen kode ideal horri, eta horrek pisu handia dauka emakumeengan. Kontua da, azkenean, ama onaren portaera-kodeetatik ateratzen edo aldentzen den oro gaizki dagoela. Bularra ematen badiozu, bularra ematen diozulako; erabaki bat hartu baduzu, hartu duzuelako;  eta bestela, kontrakoagatik; beti marmarra. Eta ama feministek ez dira horretatik libratzen. Amatasunaren inguruko ideologia horrek erredun-sentimendu sakonak eragiten ditu espektatibak betetzen ez dituzten amengan, eta errudun egiten ditu eredu hori bere sentitzen ez duten eta gauzak bestela egin nahi dituzten amak, hala nola ikerketa  honetan parte hartu dutenak. Baina, era berean, esan beharra dago -eta hori garbi ikusten da elkarrizketetan-  errudun-sentimendua emakumeak amatasunaz duen kontzeptuaren baitan dagoela. Amatasunak eta hazkuntzak izan behar duenaz pentsatzen duenaren arabera, errudun-sentimendua aldatu egiten da.  Zuk sinesten baduzu amatasuna ez dela hazkuntzari erabateko lehentasuna ematea, eta hori baino haratago doala, orduan, amatasuna ez duzu hain modu itogarrian bizitzen, ez zara denagatik frustratzen.

Elkarrizketatutako emakumeen artean  amatasuna mugarri izan da?

Emakume horietako inorentzat ez da lehentasuna izan ama izatea; baina, gutxi-askoa, guztientzat izan da mugarri. Batzuentzat aldaketa gehiago ekarri ditu; beste batzuentzat gutxiago; batzuentzat kostu pertsonal handiagoa, baita bikote barruan ere, amatasunaren kontzeptuagatik. Batzuentzat ez da hainbesteko atzerakada izan, bien arteko berdintasunean oinarritutako bikote-itun horretan;  beste batzuentzat, aldiz,  izan da erabateko atzerakada, gibelera egitea, genero-paperen berrindartzea. Alde askotatik bereizten da ama izan aurretikoa eta ondorengoa; aldaketa positiboekin, baina baita negatiboekin ere.

Hitz egin dezagun aldaketa negatiboez, aldaketa positiboak baino gehiago ezkutatu baititu gizarteak.

Aldaketa negatibo batzuk bikote barruan gertatzen dira, eta beste batzuk pertsonaren baitan. Bikoteari dagokionez, elkarrizketatutako emakume guztiek uste zuten bikotekidearekin ezarria zuten berdintasun-ituna ez zela ezertan aldatuko, amatasunaren aurreko horretan eutsiko ziotela; eta, hala ere,  ezustekoak sortu dira: aitaren zenbait portaera eta jarrera; aitaren aldetik zalantzarik gabe espero zuten baina gertatu ez diren inplikazioak; erantzukizunik ez hartzea; denbora eta espazioaren banaketa desberdina... Batzuentzat nolabaiteko haustura gertatu da itun horretan, eta estrategien bidez berreskuratu beharrean suertatu dira. Beste batzuentzat ez da halako hausturarik izan; baina bai genero-aldeak edo -desorekak deitu izan dudana; hau da, mundu honetan mugitzerakoan eta mundu hau ulertu eta sentitzekoan emakumeek eta gizonezkoek dituzten balioen eta lehentasunen hurrenkera desberdinak eragindako aldentzeak. Batzuetan, desberdintasunik izan gabe ere, genero-sozializazioaren eta hazkuntza ulertzeko era desberdinen ondorio diren gatazkak edo aldentzeak izaten dira bikotearen barruan. Eta hor, esate baterako, denboraren erabilera funtsezkoa da.

Irati Fernández Pujana

Etxe barruan eta etxetik kanpo emakumeek eta gizonezkoek  denbora eta espazioa ulertzeko dituzten modu ezberdinez ari zara?

Bai; hori da ikerlanean atera den beste kontu bat. Printzipioz, emakumeek esaten dute banaketa ekitatiboa dagoela, eta denborari dagokionean berdintasuna dagoela; baina elkarrizketan sakonduz joan ahala, ñabardurak agertuz joan dira. Esaterako: "agian denbora bera da, baina dedikazioa ez da berbera. Ni gehiago arduratzen naiz antolaketarekin eta arauekin, arropekin; eta bikotekidea gehiago umeekin egoteaz, aisiaz, ondo pasatzeaz". Kuantitatiboki denboraren banaketa ekitatiboa izan arren, denbora horren erabilera eta denbora horretan egiten dituzten lanak edo bere gain hartzen dituzten erantzukizunak oso ezberdinak dira. Ezberdintasun horiek elkarrengandik urrundu egiten ditu bi kideak, eta zuzen-zuzenean eragiten dio, denbora eta espazioari dagokionez, ordura arte berdintasunean oinarritutakotzat jotzen zuten itunari. Ikerketan egiaztatu ahal izan dut horixe izaten dela gatazkak pizten dituen faktore nagusietako bat, eta gatazka horiek batzuetan ezberdintasun ere bihurtu izan direla. Gainera, -eta kontu hau oso lotuta dago lehen aipatutako erruduntasunarekin- nork bere denbora nola erabiltzen duen dago. Bikoteak erabaki dezake bi-biek denbora bera izatea aisiarako; baina "umea ez dakit norekin utzita joan da" marmarra ez da bera emakumearentzat eta gizonezkoarentzat. Umearen hazkuntzari buruz gizartearekiko sentitzen den askatasuna ere ezberdina da gizonezkoentzat eta emakumezkoentzat, eta horrek feministei ere eragiten die.

Hori izango litzateke amatasun-esperientziaren eta nortasun feministaren artean sortzen diren kontraesanetako bat?

Elkarrizketatuak, gaitasun kritiko eta analitiko handia duten arren, harrituta geratu ziren, bai beren jarrera propioekin bai bikotekidearenekin. Adibidez, umea izateko erabakia biek elkarrekin hartu zuten; baina ez ziren haratago joan; ama eta aita izateko erabakiaren alderdi emozionalean geratu ziren. Ez zuten aztertu horrek zer ondorio izango zituen, ez eta bakoitzak zer paper eta erantzukizun izango zuen. Gauza egintzat jo zuten; ordura arte elkarrekiko bizitza eta denboraren banaketa berdintasunean oinarritu zuten, eta, hara non, ezustekoa. Kuriosoa da ikustea nola emakume horietako inor, kontzientzia hori, izan arren, ez den gertatutako aldaketa guztiez jabetzen harik eta umeak urtebete izan arte. Bigarren urtetik aurrera hasten dira aldaketa horiei buelta ematen, eta lehenbailehen egin beharrekoetako bat bikote-harremanarena da, zeren eta harremanak asko nozitzen du, eta bikotekidearekin zuten itun hori berriro doitu beharra daukate. Eta maila pertsonalean ere bai; emakume horien esperientzietan nortasun feministaren eta ama gisa duten nortasunaren arteko inkoherentziak eta tentsioak sortzen dira, esate baterako, konturatzen direnean eurak ere jarrera tradizionalak errepikatzen ari direla.

Zaila da sentimenduak eta arrazoia uztartzea, ala?

Emakume horiek saiatzen dira. Ama diren aldetik sortzen zaizkien sentimendu eta emozio horiek guztiak arrazionalki aldatzen saiatzen dira. Horretarako, negoziaketarako eta aldaketarako estrategiak garatzen dituzte, bai bikotearekin bai beren buruekin. Emozioak eta, zehatzago esanda, estrategia emozionalak ia ardatz nagusi izan ditut ikerketa honetan.   Gehiegi sakondu gabe, bikotekidearekin gehien erabiltzen dena da, seguruenik,  espazio eta denbora gehiago ematea besteari, eta erantzukizun guztietan elkarrekikotasuna bilatzea. Gauetakoa adierazgarria da; gaua haurrarekiko lotura eraikitzeko funtsezko momentutzat jotzen baita. Horregatik, gaueko inplikazioa berdintasunezkoa den heinean, loturaren indartzea berbera izango da aitarentzat eta amarentzat, eta ondorio positiboak izango ditu, bikotearen barruko berdintasunari dagokionean;  bai eta seme-alabentzat ere, biekiko lotura neurri berean izango baita erreferentziala.  Eta hortik ikerlaneko ondorio garrantzitsuenetako bat atera dut nik: Amatasunaren ondoren, bikotearen barruko berdintasunezko harremana hazkuntzaren hasiera-hasieratik ezarri behar da.  Aztertu ditugun esperientzien arabera, susmatzen da hazkuntzaren hasieratik aitaren eta amaren presentzia aktiboak eta berdintasunezkoak baldintzatu egiten duela -edo batzuetan guztiz erabakitzen-, bikotekideen arteko berdintasuna, epe luze eta ertainera.

Eta maila pertsonaleko estrategiak?

Erabiliena autonegoziaketaren estrategia da. Emakumeak etengabe amatasuna birpentsatzen ari dira: nolakoa naiz ama gisa; feminista gisa, amatasunean; emakume gisa, bikotean...; eten gabe. Kontzientziazio hori -emakume horientzat oso tresna indartsua- eta gero praktikara eraman ahal izateko bere buruarekin gauzak eten gabe negoziatzea, hori denei gertatzen zaie. Egiten ari naizen hau komeni zait, bai, ez; gustatzen zait, bai, ez; eta gero, aldatzen saiatu. Begi bistakoa dirudi, baina beste ama askori ez zaio horrelakorik gertatzen; eta ama on gisa ustez egin behar duzunaren inertziak indar handiagoa du kanpotik begiratu eta betidanik izan dituzun printzipio feministen arabera egiten ari zaren hori koherentea den ala ez galdetzeko jarrerak baino. Azkenean, zera gertatzen da: emakume horiek martxan jartzen dituzten estrategia emozionalei esker amatasunari beste esanahi bat ematen diotela daukaten esperientzia feministagatik, eta, hartara, gai dira bikote-harremana berrasmatzeko eta hazkuntza-proiektu alternatibo bat eraikitzeko.

Egin duzun landa-lanetik ondoriozta daiteke ama horiek ez dituztela kostu gisa hartzen amatasunaren ondoren maila pertsonalean bizi dituzten galerak.

Maila indibidualean gertatzen diren kostu batzuk gorabehera, hala nola militantziari denborarik ezin ematea, lehen baloratzen zituzten zenbait alderdi pixka bat baztertu behar izatea (aisia, lagunak...) edo, are kasu batzuetan, bikotearekiko harremanean nolabaiteko atzerapenak, horiek guztiak gorabehera, emakume horiek dena testuinguruan kokatzen dute eta beren bizitzako beste etapa bat izango balitz bezala hartzen dute; normala iruditzen zaie, eta pentsatzen dute noizbait, haurra autonomoagoa egiten denean, galdutakoa berreskuratzeko moduan izango direla.  Ez dute berreskuraezin den ezer gisa hartzen, eta iruditzen zaie gauza horiei uko egitea ez dela, berez, kostu bat, baizik eta ikaskuntza pertsonala eta ahalduntzekoa, eta, gainera, aldaketa horiek guztiak eraldatzeko aukera eder  bat, halakoak identifikatzen lagundu dion kontzientzia feministari esker. Guztiak bat datoz puntu batean: amatasuna positiboa da, eta beren esperientziak ere positiboak izan dira. Batzuk bere onetik atera dituzten uneak bizi izan dituzte, gainezka egin dien uneak; baina batez ere alabarekin edo semearekin duten harremana baloratzen dute; eta balio handia ematen diote sozializazioari eta transmititu nahi dieten heziketari. Askorentzat denboraren esanahia aldatu egin da, eta beste era batera baloratzen hasi dira. Hasieran gatazka izan zitekeena, "niretzako denborarik ez dudalako", bat batean beste era batera baloratzen hasi dira, eta beste dimentsio bat  hartu du. Emakume batzuk, gainera, esaten dute amatasunak  lagundu egin diela bizitza, harremanak eta, oro har, gauzak erlatibizatzen eta zentratzen, beraientzat benetan duten garrantziaren arabera, eta horrek ahaldundu egin omen ditu ikaskuntza pertsonaleko prozesu baten barruan.

Emakume horientzako beste alde positibo bat izan da bere aitaren eta bilobaren artean sortzen den harremana.

Bai, hori erabateko aurkikuntza izan da. Haurrak zirela, gizonezkoari etxera dirua ekartzea zegokion gizarte batean, aita urruti sumatzen zuten edo ez behintzat amaren inplikazio-maila berberarekin; eta, orain, aitona delarik, bilobei emana bizi da, zerbait zuzendu nahian edo lehen ezkutuan zituen bere baitako zenbait alderdi deskubritu nahian-edo. Aita izatea egokitu zitzaienean egin ez zutenaren ordaina eman nahiko balute bezala. Beste aldetik, berriz, amaren amak, denetako balio zuten amak izan ziren haiek, distantzia pixka bat jarri nahi dute, lehen ere nahikoa egindakoak baitira. Baina, gainera, aztertutako esperientziaren batean beste aldaketa bat ere gertatu da familiaren barruan; izan ere, amatasunak beste estatus bat ematen du, eta, horren arabera, ama berriek sentitzen dute familia-katean erreleboa pasatu dietela, eta orain beraiei dagokiela familiaren ardura. Baina analisi hori sakonago aztertu beharko da, beste lan batean.

Beste tesi batean, agian?

Ez dut baztertzen ikerketa zabaltzeko aukera. Baina jarraitzekotan, gehiago egingo nuke hazkuntzaren kontzeptuaren aldetik; hazkuntza-aukerak familia tradizional baten barruan ama edo aita izatetik haratagoko kontzeptu inklusiboagoa hartuta.  Uste dut badela garaia bestelako amatasunak ere kontuan hartzen hasteko. Amatasun kolektiboen esperientziak aztertu nahi nituzke; familiaren kontzepzio tradizional horretatik at, odolkidetasunetik haratago joan.