Aurrekariak

Emakumeen Gizarte Mugimendua

60. hamarkadan eta 70. hamarkadako lehenbiziko urteetan mendebaldeko munduko emakumeek mundu gerren ondorioz baztertuta zegoen diskurtso feminista berreskuratu zuten. Garai hartan Euskadiko, eta Estatuko, egoera soziopolitikoak ez zuen inguruko herrialde gehienetako egoerarekin inongo zerikusirik. Emakumeak ama eta emazte gisa zuen zeregina sustatu zuen frankismoak; seme-alaben guraso-agintea aitari zegokion; Mugimenduko Sail Femeninoaren esku zegoen neskatoei politika eta gizarte-gaiak irakastea; boto ematea famili buruaren bidez egiten zen, eta beste muga batzuen artean, emakumeak ezin zuen bere ondasunik beregain eduki, horrek guztiak gizon eta emakumeen sozializazioa baldintzatu zuen. Zentsura frankista egon arren, atzerrian argitaratutako liburuen bidez, noizbehinkako bidaien bidez eta kanpoarekin zeuden harremanen bidez iristen ziren Europa eta Ipar Amerikako feministen hitzak.

Atzerapenarekin eta frankismoaren aurkako borroken lehentasunak baldintzatuta izanda ere, ideia berriak erakunde feministetan –artean urriak– sartzen ari ziren. Garapen ekonomikoak eta mendebaldeko demokrazietako baloreen eta jokabideen eraginak aldaketak ekarri zituen gure herrialdera. 60. hamarkada amaierako eta 70. hamarkada hasierako Euskadiko bizitzaren ezaugarria frankismoaren aurkako borroka izan zen. Borroka horretan emakumeek zuten partehartzea nabarmena zen. Era askotako gizarte-mugimenduak zeuden aldi berean; politikoak, langileenak eta kulturalak. Askatasunaren aldeko gure esfortzuak batzeko indar multzo bakarra zirela zirudien, eta gehienak autogobernuaren eta euskal hizkuntza eta kultura berreskuratzearen aldeko esfortzuak ere baziren.

Testuinguru honetan garrantzi berezia izan zuen lehen ikastolen sorrerak, lehenbiziko eskola mistoak ziren eta euskal bizitza soziokulturalaren ardatz bilakatu ziren. Emakumea lan-merkatuan sartzeak ere behar berriak sortu zituen eta lehenbiziko haurtzaindegiak sortzeko ekimenak jarri zituzten abian. Mugimendu horiek guztiek epe luzeagorako erantzunak eta alternatibak lantzen lagundu zuten.

Franco hil ondoren trantsizio politikoko aldia hasten da. Demokraziarantz zihoan aldi honetan lehen ahots feministen eraginez emakumeen erakundeak sortzen hasi ziren. Kide gutxiko kolektiboak ziren eta euren artean harremanetan hasi ziren denen artean hausnarketak egiteko eta eztabaidatzeko. Biltzar erako egiturak sortzen dira eta denen arteko frontea, errebindikazio eta estrategiak izateko beharra islatzen dute. Emakume batzuk "feminista independenteen taldeetan" antolatu ziren eta emakumeak biltzen ziren mugimenduetan parte hartzen zuten. Emakume horiek asko lagundu zuten Mugimendu Feministaren oinarri ideologikoak ezartzen. Beste emakume batzuk, horrez gain, partidu politiko eta sindikatuetako kide ziren. Horren ondorioz, emakumeen errebindikazioak hurrengo hauteskundeetarako programa politikoetan sartu ziren.

1977ko abenduan antolatu ziren Emakumearen Lehen Jardunaldiak Euskal Herriko Unibertsitatean, Leioan. Hilabete batzuk lehenagotik biltzen ari ziren Euskadiko zenbait talde feministek antolatu zituzten. Jardunaldiok bultzada handia eman zuten eta emakumeek modu iraunkor eta trinkoan elkartzeko zuten erabakia indartu egin zen.

1984ean antolatu ziren Emakumearen Bigarren Jardunaldiak Euskal Herriko Unibertsitatean. Erakunde demokratiko berrietan parte hartzea edo ez hartzea izan zen jardunaldi horietako gai garrantzitsuenetakoa eta bi jarrera erabat desberdin zeudela argi gelditu zen. Mugimendu feministarekin hitz emandako emakume gehien gure Erkidegoko errealitate soziopolitikoarekin eta erakundeen errealitatearekin bat zetorren feminismo politikoagoaren alde hitz egiten hasi zen publikoki. Batzuen ustez emakumeen aldeko ekintzak gobernuz edo erakundeez kanpoko taldeek bideratu behar zituzten; besteek, ordea, behar hori bazegoela aitortu arren, erakunde-politikak lantzeko beharra defendatzen zuten zeuden bazterkeria eta gizarte desberdintasunak kentzeko lanean aritzeko. Lanketa horrek Eusko Jaurlaritzaren beste politika batzuena adinakoa izan beharko zukeen eta erabakiak Legebiltzarrean eztabaidatuko ziratekeen.

1986ko maiatzean mintegi bat ospatu zen Zarautzen “Emakumearen arazoa eta Euskadiko Erakundeak” izenburuarekin. Honakoa zen mintegiaren helburua: Europako Ekonomi Elkarteak bere Zuzendaritzen eta Programen bidez adierazten zituen lerroei jarraiki, emakumeen gizarte eta ekonomia-mailako integrazio handiagora bideratutako politika jakinak abian jartzea ahalbideratuko zuen eskumen estatutarioa garatzeko euskal Erakundeak estutzea.

Jardunaldiak amaitu zirenean "Emakumea eta Erakundeak" Mintegiaren Jarraipen Batzorde bat sortu zen. Bere helburua Eusko Jaurlaritzari eta zenbait talde parlamentariei ondorioak azaltzea zen eta Lege Proposamen bat aurkeztea lortzea. Hilabete horietan zehar, Euskal Parlamenturako hauteskundeak hurbil zeudela, ondorioak partidu politiko desberdinen arduradun gorenei aurkeztu zizkieten, baita Lehendakariari ere. Denek onartu zuten Emakumearen Euskal Erakundea sortzea.

Urte bete geroago Zarautzen bildu zen berriz ere Mintegia. Mintegiko emakumeek partidu politikoen jarrera salatu zuten emakumeen arazoekiko zuten sentiberatasun gabeziagatik eta arazo horiek hauteskunde-programetan izan zuten oihartzun urriagatik. Emakumearen Euskal Erakundea eratzea sustatuko zutela hitz emanda zeudela gogoratu zen. Garai hartan Eusko Legebiltzarren zeuden emakume kontzientziatuen lana erabakigarria izan partidu politiko guztiek, ñabardura desberdinekin, hauteskunde kanpainan hartutako konpromisoa ez zutela bete gogorarazi baitzuten. Orduan hasi ziren Erakundea sortzeko Legearen aurreproiektua lantzen. Lege Proposamena Legebiltzarreko talde guztiek batera aurkeztu zuten eta 1988ko otsailaren 5ean onartu zuen Eusko Legebiltzarrak Instituto Vasco de la Mujer/Emakumearen Euskal Erakundea sortzeko Legea.

 

Nazioarteko Markoa: Nazio Batuak

1946an Nazio Batuek Emakumearen Egoera Juridiko eta Sozialeko Batzordea sortu zuten. Batzorde hori emakumeen eskubideak -politika, ekonomia, gizarte eta hezkuntza arloetan- sustatzeko presazko gai interesgarriei buruzko Gomendioak eta Txostenak prestatzeaz arduratzen da.

1972an Nazio Batuen Osoko Bilkurak 1975. urtea Emakumeen Nazioarteko Urte aldarrikatu zuen. Horrela, bada, Nazio Batuek urte horretan gizon eta emakumeen arteko berdintasuna sustatzera bideratutako neurri zorrotzagoak hartzea erabaki zuten, baita garapenaren alde egitea eta horrela emakumeak guztiz integratzea lortzea ere, eta munduko bakea indartzen gehiago laguntzea.

Horiek izan ziren NBEk emakumeei buruz antolatu zuen I Mundu Hitzaldiko oinarriak. Hitzaldi hori Mexiko D. F.n egin zen 1975ean "Berdintasuna, Garapena eta Bakea" lemarekin. Bertan, beste akordio batzuen artean honako hauek onartu ziren: Mundu mailako Ekintza Plana eta Nazio Batuen Emakumeen aldeko Hamarkada (1976-1985), denboraldi horretan Mundu mailako Ekintza Planaren oinarria landuko zela.

1979an “Emakumeen aurkako mota guztietako bazterketak kentzeko Hitzarmena” onartu zen Nazio Batuetan.

1980an Kopenhagen egin zen Emakumearen Bigarren Mundu Batzarra, eta hamarkadaren bigarren erdirako Ekintza Programa bat onartu zen. Batzar horretan berdintasuna ez zen berdintasun juridikora mugatu, baizik eta emakumeek garapenean parte hartzeko eskubide, erantzukizun eta aukera berdintasuna ere bazen. Garapenaren onuradunak eta agente aktiboak izango ziren emakumeak, Hamarkadaren hasieran, 1975ean, garapenari buruzko ikuspegia oso optimista baitzen. Baina 1980.eko lehen urteetan ekonomiak atzerakada orokorra izan zuen, eta Hirugarren Batzarrean eragina izan zuen.

1985ean Emakumeari buruzko III. Mundu Batzarra Nairobin antolatu zuen NBEk. Batzar horretan gobernuek berdintasuna sustatzeko planak abian jartzearen beharra azpimarratu zen berriz ere, eta baita berdintasunerako oztopoak kentzearen beharra ere. “Emakumeen aurrerapenerako etorkizunera bideratutako Nairobiko estrategiak” adostu zituzten 157 estatuk. Estrategiotan 372 neurri daude. Batzar horietan, batez ere azkenekoan, sendotu ziren emakumeen mugimendu-sareak.

 

Nazioarteko Markoa: Europako Batasuna

Eremu europarrean, gai horri buruzko politika komunitarioak Europako Komunitate Ekonomikoaren Itun konstitutiboaren 119. artikuluko testua kontuan hartzen du. Itun hori 1957an Erroman sinatu zen eta horren bitartez lan berdinarengatik gizon zein emakumeei berdin ordaindu behar zaiela dioen berdintasun printzipioa ezarri zen. 1972an Gizarte-Ekintza programa aurkeztu zuen Batzordeak erabat ekonomikoak ez ziren alderdiak arautzeko lehen saiakeran. 1974ean Ebazpen bat onartu zuen Batzordeak, eta berdintasunera bideratutako ekintzak hasteko borondate politikoa adierazten zen bertan. Borondate politiko hori hainbat Zuzendaritzetan nabaritu zen. Zuzendaritzok alor honetan elkarteko ekintzak egiteko markoa eratzen zuten.

Europako Parlamenturako zuzeneko lehen hauteskundeak 1979an izan ziren eta elkarteko politiketan bigarren aldi bat zedarritu zuten. Emakumeen egoerari buruzko batzorde ikertzaile bat eratu zen emakume parlamentarioen eskariz eta Elkarteak alor honetako ekintzak gehitu egin zituen. Batzordeak bazekien arau juridikoak ez zirela nahikoa emakumeei dagozkien desberdintasunak kentzeko, eta 80. hamarkadaz geroztik legeen lana osatuko zuten ekintza positiboko zenbait programa sustatu zituen.

 

Marko Legala. Autonomia Estatutoa

Euskal Herriaren erregimen aurreautonomikoa ezartzen zuen 1978ko urtarrilaren 4ko Errege Lege-Dekretuan oinarritutako lehen Euskal Kontseilu Orokorra osatu zenean hasi zen etorkizuneko euskal Autonomia Estatutuaren prozesua. Euskal Kontseilu Orokorraren deiari jarraiki, emakume talde batek argi eta garbi planteatu zuen Estatutuaren testuan emakumeen egoerari zegokion eskumena sartzea, eta “izaera femeninoa” esapidea erabili zen horretarako. Lorpen hori izan zen Instituto Vasco de la Mujer/Emakumearen Euskal Erakundea sortzea ahalbideratu zuena.

Autonomia Estatutua 1979ko abenduaren 18an onartu zen. 9 eta 10.39 artikuluak funtsezkoak dira “izaera femeninoa”-ren alorraren lehiakortasun esklusiboari dagokionean. 9. Artikuluak, Konstituzioko 14. artikuluak bezala, Euskal Herriko hiritarren oinarrizko eskubideak eta betebeharrak ezartzen ditu eta botere publikoen esku uzten ditu (9-2 art.) betebehar hauek:

  • Hiritarren oinarrizko eskubide eta betebeharren erabilpen egokia bermatu eta zaintzea
  • Baldintzak sustatzeko neurriak hartzea eta gizabanakoen eta taldeen askatasuna eta berdintasuna eraginkorrak eta errealak izan daitezen oztopoak kentzea,
  • Euskal Herriko politika, ekonomia, kultura eta gizarte-bizitzan hiritar guztien partehartzea erraztea.

NBEren “Emakumeen aurkako mota guztietako bazterketak kentzeko Hitzarmena”-rekin sintonia osoan egon behar du horrek.

Euskal Botere Publikoek badute tresna bat Estatutuan bertan ere, 10.39 artikuluak Izaera Femeninoaren alorrean ezartzen duen lehiakortasun esklusiboa alegia, horri esker bere eredua ezartzeko eta Autonomia Erkidegorako neurri zehatzak definitzeko eta garatzeko ahalmena du. Hori izan zen, hain zuzen, hemen bertako Erakunde batez pentsatzeko gaitasuna eman zuena. Erakunde horrek Euskadiko gizon eta emakumeen artean aukera berdintasun erreala eta eraginkorra lortzeko egingo zukeen lan.

Estatuak Eusko Jaurlaritzari egin beharreko transferentziak hasi ziren eta 1980ko urriaren 26an Kultura Sailari zegozkionak onartu ziren; horien artean “Izaera Femeninoa” zegoen. Erakundea sortzeko lehen urratsak hasi ziren.