- Euskal Autonomia Erkidegoko genero-indarkeria eta adineko emakumeak: kalteberatasun opakoa ikusaraziz azterlanaren ondorioetako bat da.
- Miren Elgarrestak errealitate hori ikusaraztearen garrantzia nabarmendu du; izan ere, kasuak detektatzen eta emakumeei baliabide espezializatuak eskuratzen laguntzen die.
Gaur goizean aurkeztu da Iratxe Herrerok eta Carlos Díaz de Argandoñak Emakundek emandako bekari esker egindako "Genero-indarkeria eta adineko emakumeak Euskal Autonomia Erkidegoan: zaurgarritasun ezkutua agerian uzten" azterlana. Adineko emakumeen aurkako indarkeria matxistaren ikusezintasuna gogorarazten duen txostenak EAEn indarkeria honek duen dimentsioari buruzko gutxi gorabeherako balorazioa egiten du: 65 urtetik gorako lau emakumetik batek ( % 23,4) bere bizitzan zehar genero-indarkeria jasan duela eta gaur egun % 5,7k pairatzen duela kalkulatzen da. Horrek esan nahi du adineko 67.559 emakumek jasan dutela nolabaiteko genero-indarkeria bizitzan zehar, eta 16.456 emakume inguru jasaten ari direla gaur egun.
Emakundeko zuzendari Miren Elgarrestak nabarmendu duenez, oso “garrantzitsua da adineko emakumeek indarkeria matxistaren aurrean duten zaurgarritasun berezia agerian uztea; izan ere, indarkeria horren ikusgarritasunak kasuak detektatzen eta baliabide espezializatuetara sarbidea errazten laguntzen du”.
Elgarrestak gogorarazi duenez, “adineko emakumeak askotarikoak izan arren eta guztiek profil berari erantzuten ez dioten arren, zaurgarritasun bereziaz hitz egin daiteke, haien adinari lotutako faktoreengatik”. Horien artean, honako hauek aipatu ditu: “gehienak autonomia ekonomikorik izan ez duten emakumeak dira; senarrei lan egiteko, kontu korronte bat irekitzeko edo atzerrira joateko baimena eskatu behar izan zieten garai batean; garai hartan, emakumeen aurkako indarkeria arazo pertsonala zen, ate barrukoa, eta ez soziala, gaur egun bezala; eta, gehienbat, gainerako pertsonak zaintzen jardun dute, aisialdirako eta gozamen pertsonalerako aukerarik gabe”.
Indarkeria jasaten duten 65 urtetik gorako emakumeen ezaugarri berezien artean, azterlanak adierazten du iraupen luzeko indarkeriaren biktimak direla; indarkeria onartzen eta normalizatzen dute, horretara egokituz; emaztearen eta amaren rolari eutsi behar diote, eta beren nortasuna eta gizarte-ospea definitzen duten elementu denez, zeregin horretatik aldentzeak zailtasun handiagoa dakarkie; gehiago aguantatzen dute, «aguantatzearen kultura» izenez ezagutzen dena; osasun fisiko eta psikologikoko egoera kaxkarragoa dute, eta beren adineko beste emakume batzuek baino irudi negatiboagoa dute euren osasun egoeraz; eta gizarte-isolamendu maila handiagoa dute.
Era berean, horietako gehienek harremanari eusten diote gizona edo beraiek hil arte; gutxiago ikusarazten dute bere egoera, eta gutxiago komunikatzen diote bere inguruari; eta zailtasun handiagoa dute biktima gisa identifikatzeko, laguntza jasotzeko eskubidea aitortzeko eta esplizituki laguntza eskatzeko.
Tratu txarrak ematen dituzten adineko gizonek ere ezaugarri bereziak dituzte, eta, horien artean, belaunaldi gazteenekin alderatuta jaso dute sozializazio patriarkalagoa indarkeria matxistarekin egungoa baino gizarte laxoago batean, eta horrek lagundu du indarkeria-jokabideak indartzen eta legitimatzen. Gainera, urteak igaro ahala, indarkeriazko portaera kronifikatzen dute, eta indarkeria mota modulatzen doaz zahartzeak berak gaitasun fisiko eta kognitiboetan eragindako aldaketaren arabera. Era berean, ematen duten irudi publiko eta pribatu bikoitza erakusten dute, eta horiek indarkeriazko jokabidea ezkutatzen laguntzen du. Ezaugarri hori bereziki da esanguratsua zahartzaroan, adinekoekin loturiko ontasun- edo hauskortasun-estereotipoak daudelako, eta horiek ere beren bizitzako etapa honetan indarkeriazko portaerak ikusezin bihurtzen laguntzen dutelako.
Azterlanak nabarmentzen du elkarteek zeregin garrantzitsua dutela adineko biktimei ematen zaien gizarte-erantzunean, funtsezkoak direla hainbat funtzio betetzen dituztelako: Elkartzeko espazio informalak eskaintzen dituzte, biktima horiei zuzendutako edozein jarduketa erraztuko duen konfiantza-giroa sortzeko beharrezkoak diren loturak ezartzeko, bai kasuak identifikatzeko, bai sentsibilizazio-, informazio- eta esku-hartze-jarduerak garatzeko. Atsedenerako tarteak eskaintzen dituzte oraindik bikote-harremana mantentzen duten emakumeentzat. Arreta-sare formaleko baliabide-sistemak egindako lanaren ezinbesteko osagarria dira.
Bestalde, genero-indarkeriaren biktima diren adineko emakumeen artean, bereziki daude egoera zaurgarrian: laugarren adineko emakumeak, landa-ingurunean bizi direnak eta arreta-baliabideetara edo elkarteetara jotzen ez dutenak.
Ikerketa-taldea honako hauek osatzen dute: Iratxe Herrero Zarate, soziologoa, gerontologoa eta kriminologoa; Carlos Díaz de Argandoña Fernández, politologoa, berdintasun-agentea eta garapen profesional eta pertsonalerako gaitasunen prestatzailea. Ikerketa sozial aplikatuan eta prestakuntzan 20 urte daramatzan talde bat osatzen dute biek. Gaur egun, y-logika zuzentzen dute, adineko pertsonetan espezializatutako aholkularitza.
Txosten osoa
Txostenaren laburpena
2020an indarkeria jasan duten emakumeen testigantzekin egindako bideoa