Emakundek berdintasun politiketan izandako esperientziak aurkeztu ditu El Salvadorreko nazioarteko misio batean

Emakundek berdintasun politiketan izandako esperientziak aurkeztu ditu El Salvadorreko nazioarteko misio batean

egilea: Emakunde, 

  • Noemí Ostolaza idazkari nagusiak adierazi du politika publikoek hobera egiten dutela emakumeen ezagutza txertatzen dutenean.
  • Misioak EUDEL, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia eta NBE Emakumeak erakundeen parte-hartzea du.

Noemí Ostolaza Emakundeko idazkari nagusia nazioarteko misio batean parte hartzen ari da egunotan El Salvadorren, Lankidetza eta Elkartasunerako Euskal Agentziako eta EUDELeko ordezkariekin batera, emakumeen erakundeen eta tokiko gobernuen arteko esperientzia-truke batean oinarrituta, NBE Emakumeen laguntzarekin.

"Emakumeak, lidergo politikoa eta berdintasunerako tokiko politikak indartzea" izenburupean, Ostolazak hainbat hitzaldi egin ditu programan zehar, eta Emakunde "politika publikoak emakumeen ezagutza eta esperientzia txertatzen dituztenean hobetzen direla ikasi duen erakundea" dela adierazi du.

Misio honetan hainbat gai jorratu dira, hala nola komunikabide digitaletan indarkerien prebentzioa, udako ikastaroak edo Gizonduz bezalako ekimenen aurkezpenarekin, edo hirietako beldurraren mapak egitea. Gai horri dagokionez, Emakundeko idazkari nagusiak adierazi du Euskadin hiri debekatuaren mapek ahalbidetu dutela emakumeen eguneroko esperientzia hiri-espazioen azterketan txertatzea. "Emakumeek beren inguruneari buruz duten ezagutza ezinbestekoa da politika publiko onak diseinatzeko", adierazi du.

Noemí Ostolazak azpimarratu duenez, "berdintasunak ez du berdintasun-arloen edo -sailen erantzukizun esklusiboa izan behar, hirigintzan, garraioan, etxebizitzan, hezkuntzan, gizarte-zerbitzuetan eta eguneroko bizitza baldintzatzen duten erabaki publiko guztietan ere egon behar du".

Euskadin nola lan egin den azaltzeaz gain, Emakundek interesa agertu du El Salvadorreko tokiko esperientzietan, irakaskuntzak aplikatu ahal izateko eta "beldurraren mapetatik askatasunaren mapetara igarotzeko".

Emakumeen parte-hartze politikoa izan da El Salvadorko eta EAEko hauteskunde-prozesuetako testuingurua eta emakumeen aurkako indarkeria politikoa aztertzeko beste gai bat. Bi gizarteen artean ezberdintasunak dauden arren, Noemí Ostolazak emakumeen arteko aliantzen alde egin du, erakundeen eraldaketak bultzatzeko. Emakundeko idazkari nagusiak EUDELekin egindako ekimen arrakastatsu batzuk azaldu ditu, hala nola Virginia Woolf Basqueskola emakume hautetsien sarea, alkateek eta zinegotziek adierazitako beharretatik sortu zena.

Emakumeen etxeak

Misioaren azken zatia Chalatenango udalerrian kokatzen da. Bertan, emakumeekin elkartrukea egiteko tailer bat aurreikusi da, Emakumeen Topalekuaren inaugurazioa dela eta. Emakunderen ekarpena Euskadiko esperientzia kontatzean oinarritu da; izan ere, emakumeen etxeek harreman estua izan dute mugimendu feministaren ibilbidearekin eta gune propioen.