Terminoen glosarioa

AHALDUNTZEA

1. Ahalduntzea terminoa ingelesezko empowerment kontzeptuaren itzulpen literala da, eta pertsonek edo taldeek «ahalmen gehiago izatea» esan nahi du, hau da, posizio sozial, ekonomiko eta politikoa indartzea. Emakumeen eta gizonen berdintasunaren testuinguruan, ahalduntzea prozesu bat da, eta prozesu horren bidez, emakumeek emakume izateagatik aurre egin behar dieten desberdinkeria- eta diskriminazio- egoera estrukturalaren kontzientzia indibiduala eta kolektiboa hartzen dute, eta beren bizitzaren gaineko eskumena, boterea eta kontrola eskuratzen dute. (EAEko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 2030 Estrategia).

2. Gizonek eta emakumeek beren bizitzen kontrola izateko egiten duten prozesua adierazten du: beren agendak ezartzen dituzte eta gaitasunak lortzen dituzte (edo beren gaitasunengatik eta ezagutzagatik baloratzen dituzte), autoestimua hobetzeko, arazoak konpontzeko eta autogestioa garatzeko. Prozesu bat eta emaitza bat da. (INSTRAWtik hartua; hemen oinarritua: IDRC 1998).

3. Esan nahi du emakumeek beren bizitzetan aukeraketa estrategikoak egiteko gaitasun gehiago izatea gaitasun hori mugatuta egon ohi zen testuinguruetan. (INSTRAWtik hartua. Hemen oinarritua: Kabeer, N. Reflections on the Measurement of Women’s Empowerment).

4. Genero-ikuspegiaren kontzeptu nagusia. Emakumeen posizio sozial, ekonomiko eta politikoa indartzea barne hartzen du. Sexuen arteko botere-harremanak gutxitzea edo ezabatzea du helburu. Garrantzitsua da botere terminoa "zerbaitetarako botere" gisa erabiltzen dela azpimarratzea –adibidez, gizarte-harreman batzuetan edo guztietan eragina, boterea eta buruzagitza izateko bakoitzaren gaitasun eta trebetasunak aintzat hartzea eta horren arabera aritzea–, eta ez beste pertsonengan izan dezakegun boterearen arabera. (Aurrekontu Publikoak Genero Klabean, Emakunde).

ANDROZENTRISMOA

Hipotesi honek gizonezkoei dagozkien berezkotasunak eta ezaugarriak unibertsoaren ardatz, errealitatea aztertzeko parametro eta giza espeziearen esperientzia unibertsal gisa hartzen ditu. Gizateria gizonekin nahasten du. Sexismo mota jakin bat da, eta agerian jartzen da batez ere emakumeak ezkutatzen dituelako eta definitzen ez dituelako. (Aurrekontu Publikoak Genero Klabean, Emakunde).

ANIZTASUNA

Pertsonen arteko desberdintasunak adierazten ditu, bai emakumeen eta gizonen artekoak. bai emakumeen artekoak eta gizonen artekoak. Honako faktore hauek dira desberdintasunen iturriak: arraza, kolorea, jatorri etnikoa, hizkuntza, erlijioa, politikari edo bestelako gaiei buruzko iritziak, gutxiengo nazional bateko kide izatea, ondarea, jaiotza, desgaitasuna, adina, sexu-joera edo beste edozein baldintza edo inguruabar pertsonal edo sozial. (Giza Eskubideen Europako Gutuna). Aniztasun horrek potentzialtasuna eta aberastasuna adierazten ditu, baina, kultura-, gizarte- eta denbora-testuinguru jakin batzuetan, aniztasuna adierazten duten faktoreak diskriminazio-faktoreak bihurtzen dira, eta, sexu-diskriminazioari batuta, diskriminazio anizkoitza sortzen dute (ikusi Diskriminazio anizkoitza).

AUKERA-BERDINTASUNA

Emakumeek eta gizonek benetan era berean baliatzea eskubide politikoak, zibilak, ekonomikoak, laboralak, sozialak, kulturalak, ingurumenekoak eta arauetan aitor lekizkiekeen gainerako oinarrizko eskubideak, barne dela boterea eta baliabide eta etekin ekonomikoak eta sozialak eskuratu eta kontrolatzea.

Aukera-berdintasuna ezarri behar da, alde batetik, boterea, baliabideak eta onurak eskuratzeko abiapuntu edo hasierako baldintzetan, eta, bestetik, horiek guztiak baliatzeko eta behar den moduan kontrolatzeko baldintzetan. (1/2023 Legegintzako Dekretua, martxoaren 16koa, emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duena).

BALIABIDEAK

Baliabideak bitartekoak eta ondasunak dira, eta bertan sartzen dira bitarteko eta ondasun ekonomikoak (familiako diru-sarrerak), produktiboak (lurra, ondasunak, tresnak, lana, kreditua), politikoak (liderra izateko, informatzeko eta antolatzeko gaitasunak) eta denborazkoak.

– Eskuragarritasuna: Emakumeek baliabide bat eskuratu ahal izateak esan nahi du baliabide jakin bat (materiala, finantzarioa, gizatiarra, soziala, politikoa, eta abar) erabili dezaketela eta onura atera diezaioketela.

– Kontrola: Emakumeek baliabide bat kontrolatu ahal izateak esan nahi du, eskuratzeaz gain, baliabide horren erabilerari buruzko erabakiak ere har ditzaketela. Adibidez, lurra baliabidea kontrolatu ahal izateak esan nahi du emakumeek eskuratu dezaketela (erabili dezaketela), eta, horrez gain, jabe ere izan daitezkeela (legezko jabeak) eta lurraren erabilerari, salmentari eta errentari buruzko erabakiak har ditzaketela.

– Onurak: Baliabide bat erabiltzeagatik lortutako ordainsari ekonomikoak, sozialak, politikoak eta psikologikoak dira, eta erabil daitezke behar praktikoak (elikadura, etxebizitza) edo interes estrategikoak (hezkuntza eta gaikuntza, botere politikoa) asetzeko. (INSTRAW).

DISKRIMINAZIO ANIZKOITZA

Desabantaila sozialeko egoera da, eta pertsona batengan edo talde sozial batean diskriminazioa eragin dezaketen faktore bat baino gehiago elkartzean gertatzen da. Emakumeen eta gizonen berdintasunaren testuinguruan, hau adierazten du: emakume batek edo emakume-talde batek, sexu-diskriminazioaz gain, beste diskriminazio batzuk jasaten ditu, besteak beste, arrazoi hauek direla medio: arraza, kolorea, jatorri etnikoa edo soziala, hizkuntza, erlijioa, kultura, politikari edo bestelako gaiei buruzko iritziak, gutxiengo nazional bateko kide izatea, ondarea, jaiotza, familia-eitea, desgaitasuna, adina, sexu-joera sexu-edo genero-identitatea, genero-adierazpena, landa-eremukoa izatea, migratzailea, errefuxiatua, seropositiboa, guraso bakarra izatea edo beste edozein baldintza edo egoera pertsonal, sozial edo administratibo (Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 3. artikuluko printzipio orokorretan oinarrituta).

EKINTZA POSITIBOA

1. Neurri espezifikoak eta aldi baterakoak, helburu dutenak bizitzaren eremu guztietan sexuan oinarritutako egitatezko desberdinkeriak desagerraraztea edo murriztea. (1/2023 Legegintzako Dekretua, martxoaren 16koa, emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duena).

2. Talde jakin bati zuzendutako neurriak dira, eta horien helburua da bereizkeria ezabatzea eta prebenitzea, edo egungo jokabide, portaera eta egiturek sortutako desabantailak konpentsatzea. (Europako Batzordea).

EMAKUMEEN AUTONOMIA

1. Autonomiarekin lotutako zenbait alderdi bereiz daitezke:

– Autonomia emozional eta fisikoa: norberak bere buruaren balioa errekonozitzea eta autoestimu-sentimendua edukitzea, bai eta gorputzarekin eta osasunarekin lotutako prozesu eta erabakiak kontrolatu ahal izatea ere.

– Autonomia ekonomikoa: baliabide eta ondasun ekonomikoak eskuratu eta kontrolatu ahal izatea.

– Autonomia politikoa: oinarrizko eskubide politikoak eskuratu eta benetan erabili ahal izatea, hots, erakundeetan, erabakitzeko esparruetan edota alderdi politikoetan parte hartzeko eskubidea, bai eta prozesu horietan eragiteko gaitasuna ere.

– Autonomia soziokulturala: kultura- eta informazio-baliabideak eskuratu eta kontrolatu ahal izatea.

Emakumeen ahalduntzea eta gizartearen eta politikaren arloko parte-hartzea ezinbesteko estrategiak dira autonomia eta eskubide osoko herritar izatea lortzeko. (Emakumeen eta gizonen berdintasunerako IV. planetik egokitua).

2. Emakumeen autonomia beren bizitzetan eragina duten erabakiak berdintasun-baldintzetan libreki hartzeko gaitasunaren emaitza da. Autonomia lortzeko, beharrezkoak dira, besteak beste, honako hauek: indarkeriarik gabeko bizitza bat, sexu- eta ugalketa-eskubideak baliatzea, bizitza publiko eta politikoaren eremu guztietan erabakiak hartzen bete-betean parte hartzea, eta diru-sarrerak, jabetza eta denbora eskuratzea, eredu patriarkaletatik eta diskriminazio-ereduetatik libre dagoen kultura batean oinarrituta.

Genero-berdintasuna eta emakumeen autonomia lortzeko, desberdinkeriaren egiturazko korapiloak gainditu behar dira: I) Desberdinkeria sozioekonomikoa eta pobreziaren iraunkortasuna hazkunde baztertzaile baten esparruan; II) Kultura-eredu patriarkalak, diskriminatzaileak eta bortitzak, eta pribilegio-kulturaren nagusitasuna; III) Lanaren banaketa sexuala eta zaintzaren gizarte-antolaketa bidegabea; eta IV) Boterearen kontzentrazioa eta hierarkia-harremanak eremu publikoan.

Emakumeen autonomiaren hiru dimentsioak hauek dira: autonomia ekonomikoa, fisikoa eta erabakiak hartzearena. Hiru dimentsio horiek elkarren mendekoak dira, eta ikuspegi intersekzionalarekin, interkulturalarekin, bizi-zikloaren ikuspegiarekin eta giza eskubideen esparruan interpretatu behar dira. Genero-desberdinkeriaren fenomenoak interrelaziozko ikuspegi batekin aztertu behar dira, hain zuzen ere, elkarren artean gurutzatzen diren eta gizonen eta emakumeen arteko desberdinkeria sortzen edo indartzen duten mekanismoak ulertzerakoan jauzi kualitatibo bat emateko. Politika publikoek, ildo horretan, denborari, baliabideei, prestazioei eta zerbitzuei buruzko politikak antolatu behar dituzte eremu nazionalean eta lurraldean.

Autonomien arteko erlazioek agerian uzten dute benetako berdintasuna lortzeko eta emakumeek, neska nerabeek eta neskatilek beren aniztasunean erabateko parte-hartzea izateko beharrezkoak diren eraldaketa-prozesuen osotasuna, garapen jasangarrirako eta bizitzaren jasangarritasunerako ereduetarantz igaro, eta zaintzaren gizartea errealitate bihurtzeko.

Latinoamerikako eta Karibeko Genero Berdintasunaren Behatokia (CEPAL). 2011. urteko txostena. El salto de la autonomía, de los márgenes al centro.

3. Autonomiaren kontzeptua pertsonek beren bizitzei buruzko erabaki askeak eta informatuak hartzeko duten gaitasunari dagokio, testuinguru historiko egoki batean beren nahien eta desiren arabera jardun ahal izan dezaten. Emakumeen autonomia hiru dimentsiorekin kontzeptualizatu ohi da:

- Autonomia fisikoa (sexualitateari eta ugalketari buruzko erabakiak hartzeko askatasuna eta indarkeriarik gabeko bizitza bat izateko eskubidea);

- Autonomia ekonomikoa (lan egiteko eta nork bere diru-sarrerak izateko eskubidea, ordaindutako eta ordaindu gabeko lana emakumeen eta gizonen artean banatzea); eta

- Erabakiak hartzeko autonomia (emakumeek gobernu-botere guztietan parte hartzea, CEDAWren hautazko protokoloa sinatzea, emakumeak aurrera egiteko aparatu nazionala ezartzea).

Latinoamerikako eta Karibeko Genero Berdintasunaren Behatokia (CEPAL). 2011. urteko txostena. El salto de la autonomía, de los márgenes al centro.

GENEROA

1. Gizonak eta emakumeak desberdintzen dituen sinesmen, ezaugarri pertsonal, jarrera, sentimendu, balio, jokaera eta jardueren multzoa da; desberdintze hori gizarte-eraketaren prozesuaren bidez egiten da, eta prozesu horrek hainbat ezaugarri ditu. Alde batetik, zenbait alorretan garatzen den prozesu historikoa da: estatuan, lan-merkatuan, eskoletan, komunikabideetan, legeetan, familian eta pertsonen arteko harremanetan. Beste alde batetik, prozesu horren ondorioz ezaugarri eta jarduera horiek hierarkizatu egiten dira, eta maskulinotzat jotzen direnei balio handiagoa ematen zaie (Lourdes Benería, –1987, 46–; hemen jasoa: Maquieira –1998– eta Esteban –2001, 28–).

2. Gizarteak bi sexuekin era berezituan lotzen dituen rol, harreman, pertsonalitate-ezaugarri, jarrera, jokabide, balio, botere erlatibo eta eraginen multzoa adierazten du; gizarteak berak eratzen ditu alderdi horiek guztiak. Sexu biologikoa ezaugarri genetiko eta anatomikoen bidez dago zehaztuta; generoa, berriz, geureganatutako eta ikasitako nortasuna da, eta asko aldatzen da kultura batetik bestera eta kultura bakoitzaren barnean. Generoa erlazionala da; izan ere, ez dago emakumeekin edo gizonekin bakarrik lotuta, bien arteko harremanekin baizik. (INSTRAW).

3. Genero kontzeptuak gizonen eta emakumeen arteko desberdintasun sozialak (desberdintasun biologikoak kontuan hartu gabe) adierazten ditu; desberdintasun horiek ikasi egiten dira, denborarekin aldatu egiten dira eta asko aldatzen dira kultura batetik bestera eta kultura bakoitzaren barruan. (Europako Batzordea).

4. Ezaugarri kulturalen multzoa, jokabide eta identitate patroiei buruzkoa, zeinetan oinarritzen den gizonen eta emakumeen arteko bereizketa soziala. Generoa ez da ez finkoa ez berezkoa, eraikuntza soziokultural bat baizik, denboran zehar aldatuz joan dena eta aldatu egin daitekeena. Ez da sexuarekin nahastu behar, sexuak ezaugarri biologiko edo fisikoei egiten baitie erreferentzia. Gizartean genero maskulinoa sexu arrari lotzen bazaio ere, eta genero femeninoa, berriz, sexu emeari, kontzeptuok ez dira baliokideak (Sexu eta genero dibertsitateko terminoen glosarioa, EHU).

GENERO ADIERAZPENA

Nork bere generoa adierazteko modua, emakumeei eta gizonei tradizioan egotzi zaizkien rolak kontuan hartuta. Zerikusia du geure burua adierazteko erarekin, gure janzkerarekin eta gizarteak gugandik espero duen portaerarekin. Genero adierazpena izan daiteke femeninoa, maskulinoa edo, bi horien nahasketa bada, androginoa. (Sexu eta genero dibertsitateko terminoen glosarioa, EHU).

GENERO-ESTEREOTIPOAK

Genero-estereotipoak genero-atributuen, desberdintasunen eta emakumeen eta gizonen rolen orokortze sinplistak dira. Gizonak, haien ezaugarri estereotipifikatuen arabera, honelakoak dira: lehiakorrak, diruzaleak, autonomoak, independenteak, beligeranteak eta ondasun pribatuetan interesatuak. Emakumeen inguruko estereotipo paraleloak hauek dira: laguntzaileak, abegikorrak, arretatsuak, komunikatzaileak, taldeari zuzenduak, ondasun publikoetan interesa dutenak. Askotan, genero-diskriminazioa modu zabalagoan justifikatzeko erabiltzen dira estereotipoak, eta teoria tradizional eta modernoen bidez, legeen eta praktika instituzionalen bidez islatu eta indartu daitezke. Genero-estereotipoak indartzen dituzten mezuak eta emakumeak apalagoak direlako ideia hainbat “ontzitan" bilduta agertzen dira: abesti eta publizitate-iragarkietatik hasi, eta esaera zahar tradizionaletaraino. (Genero Berdintasunari buruzko Glosarioa. NBE Emakumeak. Trebakuntza Zentroa).

GENERO-IDENTITATEA

Pertsona bakoitzak bere buruaz duen pertzepzioa, hau da, bakoitza zein generorekin identifikatzen den. Normalean oso gaztetatik identifikatzen gara generoren batekin. Genero identitateak ez du zertan bat etorri pertsonaren sexu biologikoarekin, eta ez dauka zerikusirik orientazio afektibo eta sexualarekin. Identitate batzuk sistema binariotik harago doaz, eta, beraz, beste kategoria batzuk sortzen dira: bigeneroa, demigeneroa, ageneroa, genero fluidoa etab. Horiek guztiak ez-binarioak dira. (Sexu eta genero dibertsitateko terminoen glosarioa, EHU).

GENERO-ROLAK

Genero-rolak gizarte- eta jokabide-arauei dagozkie. Arau horiek, kultura espezifiko baten barruan, sozialki egokitzat jotzen dira sexu jakin bateko pertsonentzat. Tradizionalki gizonei, emakumeei eta neska-mutikoei esleitutako erantzukizunak eta zereginak zehaztu ohi dituzte. Askotan, etxeko egiturak, baliabideetarako sarbideak, munduko ekonomiaren inpaktu espezifikoek, gatazka- edo hondamendi-egoera batek eta tokiko beste faktore garrantzitsu batzuek (baldintza ekologikoak, adibidez) baldintzatzen dituzte genero-rolak. Generoa bezala, genero-rolak ere eraldatu egin daitezke denborak aurrera egin ahala; bereziki, emakumeen ahalduntzearekin eta maskulinitateen eraldaketarekin. (Genero Berdintasunari buruzko Glosarioa. NBE Emakumeak. Trebakuntza Zentroa).

GENEROAREN ARABERAKO AZTERKETA

1. Programek, proiektuek, politikek eta legegintza-piezek gizonengan eta emakumeengan duten eragin berezitua ikusteko modu sistematikoa da. Prozesu honen hasieran, sexuaren arabera bereizitako datuak eta barne hartutako biztanleriari dagokion generoarekin lotutako informazioa biltzen dira. Generoaren araberako azterketak barne har ditzake baita ere gizonek eta emakumeek –gizarte-eragile gisa– erabiltzen dituzten hainbat era, gizartean ezarritako rolak, harremanak eta prozesuak aldatzen parte hartzeko, banakako eta taldeko interesek motibatuta. (Hemendik hartua: United Nations Internacional Research and Training Institute for the Advancement of Women- INSTRAW. Hemen oinarrituta dago: Health Canada, 2003 and ILO 2000 and Gender and Biodiversity Research guidelines. Otawa: International Development Research Centre, 1998).

2. Generoaren araberako azterketa da kritikoki aztertzea rolek, jarduerek, beharrek, aukerek eta eskubideek/prerrogatibek nola eragiten dieten gizonei, emakumeei, neskatilei eta mutikoei, egoera edo testuinguru jakin batzuetan. Generoaren araberako azterketak emakumeen eta gizonen arteko harremanak eta baliabideen eskuragarritasuna eta kontrola aztertzen ditu, baita batzuek besteekiko dituzten mugak ere. Sektorekako ebaluazio edo egoera-analisi guztietan sartu behar da generoaren araberako azterketa bat, ziurtatzeko esku-hartzeek ez dituztela genero-bidegabekeriak eta -desberdinkeriak areagotzen, eta, ahal denean, genero-harremanetan berdintasun eta justizia handiagoa sustatuko dela (UNICEF, UNFPA, PNUD, NBE Emakumeak. Gender Equality, UN Coherence and you).

GENEROAREN IKUSPEGIA SISTEMATIKOKI SARTZEA (GENERO-MAINSTREAMINGA)

Sistematikoki kontuan izatea emakumeen eta gizonen egoera, baldintza, jomuga eta beharrizan diferenteak, eta, horretarako, desberdinkeriak ezabatzeko eta berdintasuna sustatzeko xedea duten helburu eta jarduera espezifikoak gehitzea politika eta ekintza guztietan, maila guztietan eta horiek planifikatzeko, betearazteko eta ebaluatzeko fase guztietan. (1/2023 Legegintzako Dekretua, martxoaren 16koa, emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duena).

Europako Kontseiluak genero-zeharkakotasuna (genero-mainstreaming ere deitutakoa) hala definitu zuen 1999an: prozesu politikoak antolatzea (berrantolatzea), hobetzea, garatzea eta ebaluatzea, genero-ikuspegia sistematikoki txerta dadin politika, programa eta proiektu guztietan, horien maila eta etapa guztietan. Genero-zeharkakotasuna emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako esku hartzeko estrategia gisa aitortu zen nazioartean 1995 urtean (Beijingen ospatutako Emakumeei buruzko IV. Konferentzian) eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasun-printzipioa politika publiko guztietan txertatzea ahalbidetu zuen (EAEko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 2030 Estrategia).

HERRITARREN ESKUBIDEAK

Pertsonek gizaki gisa dituzten eskubideen multzoa da, eta horrek dakartzan betebeharrak barne hartzen ditu. Eskubide zibil, politiko eta sozialekin dago lotuta.

Ikuspegi feministaren arabera, herritartasunari buruzko eztabaida oso lotuta dago gizonek emakumeekiko duten botere- edo nagusitasun-harremanarekin, harreman horrek ez dielako herritartasuna erabiltzen uzten emakumeei. Botoa, jabetza edo antolatzeko askatasuna dira emakumeek gizonek baino geroago lortu dituzten eskubideetako batzuk, eta egun, emakumeek bigarren mailako herritartasuna dute: emakume-talde handiek osatzen dituzte pobrezia-poltsa gogorrenak, indarkeria-maila handiagoa jasaten dute.

Ohartzen gara ezen, eskubide unibertsalei eta berdintasun-eskubideei buruzko diskurtso demokratikoaren azpian, sozializazioaren giza prozesuan esku hartzen duten hezkuntza sentimentalak, unibertso sinbolikoak eta ezagutza androzentrikoak osatzen dituztela emakumeen eta gizonen adimenak eta kontzientziak; antolaketa soziopolitiko patriarkalaren euskarria da hori, zeinak kaltetu egiten baititu emakumeak, oro har. Emakumeek eta gizonek kontzeptualizatu egiten dute inplizituki mendekotasun/nagusitasun ikuspegia edo maila, eta, arrazoi nabarmenik gabe, mendekotasun/nagusitasun sozial hori naturak programatu izan balu bezala jarduten dute. (Elena Simón).

IKUSPEGI INTERSEKZIONALA

Kontuan izatea sexua edo generoa nola erlazionatzen den eta elkarreragiten duen arrazarekin, kolorearekin, jatorri etniko edo sozialarekin, hizkuntzarekin, erlijioarekin, kulturarekin, politikari edo bestelako gaiei buruzko iritziekin, gutxiengo nazional bateko kide izatearekin, ondarearekin, jaiotzarekin, familia-konfigurazioarekin, desgaitasunarekin, adinarekin, sexu-orientazioarekin, sexu-identitatearekin edo genero-identitatearekin, genero-adierazpenarekin, landa-izaerarekin, migrazio-egoerarekin, errefuxiatuarekin, seropositiboarekin, guraso bakarrarekin edo beste edozein baldintza edo inguruabar pertsonal, sozial edo administratiborekin, hainbat mailatan eta, askotan, aldi berean; nola sortzen diren identitate gainjarriak eta intersektatuak, bai eta botere- eta zapalkuntza-egoera eta -ardatz desberdinak eta elkarrekin lotuak ere. (1/2023 Legegintzako Dekretua, martxoaren 16koa, emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duena).

PATRIARKATUA

Esanahi zorrotzaren arabera, patriarkatua historikoki Grezia eta Erromako legedietatik sortutako sistema da; sistema horretan, etxe bakoitzeko familiaburuak botere legal eta ekonomiko osoa zuen familiako beste kideen gainean, emakume zein gizonen gainean. (…) Familiaburuak senideengan duen nagusitasun patriarkala antzinate klasikoa baino lehenagokoa da; Kristo aurreko hirugarren milurtekoan hasi zen, eta Biblia hebrearra idatzi zen garairako oso finkatuta zegoen jada.
Zentzurik zabalenean hartuz gero, gizonek familiako emakumeengan eta neska-mutikoengan duten nagusitasunaren adierazpena eta instituzionalizazioa da, eta nagusitasun maskulino hori gizarteko emakume guztiengana zabaltzea. Horrek esan nahi du gizarteko instituzio garrantzitsu guztien boterea gizonek dutela eta emakumeei ez zaiela botere hori izaten uzten. Ez du esan nahi emakumeek ez dutenik inolako botererik edo eskubide, edo eragin eta baliabide guztiak kendu zaizkienik. Emakumeen historian dagoen erronka handienetako bat da sakon arakatzea historian zehar patriarkatuak izan dituen erak, egituretan eta eginkizunetan izan dituen bira eta aldaketak, eta presio eta eskakizun femeninoengatik egin dituen egokitzapenak.

Patriarkatuak gizonen nagusitasunaren sistema instituzionalizatua azaltzen badu, paternalismoak harreman patriarkalen azpitalde bat azaltzen du.

Paternalismoak, edo, zehazkiago, nagusitasun paternalistak, talde nagusiaren eta mendeko taldearen arteko harremana azaltzen du. Paternalismoaren ikuspegitik, talde nagusia mendeko taldea baino maila altuagoan dago, baina nagusitasuna arindu egiten da bi taldeek elkarrekiko dituzten betebeharrengatik eta lanengatik. Mendekotasun-egoeran daudenek mendekotasunaren ordainetan babesa jasotzen dute, eta, ordaindu gabeko lanaren ordainetan, mantenua. Jatorriz, patriarkatuaren barnean garatutako familia-harremanetatik dator kontzeptua; familia-harreman horietan, aitak botere absolutua zuen familiako gainerako kide guztien gainean. Ordainetan, laguntza ekonomikoa eta babesa ematera behartuta zegoen. (…) Familia-harremanei aplikatuz gero, esan behar da erantzukizunak eta betebeharrak babestuen artean ez direla berdin banatzen: semeek aitarekiko duten mendekotasuna aldi baterakoa da, haiek familia-buru bihurtu arte irauten du Alaben eta emazteen mendekotasuna bizitza osorakoa da. (Gerda Lerner. “La creación del patriarcado”).

Patriarkatua: literalki “aiten gobernua” esan nahi du, baina feminismoak egindako interpretazio kritikoek honela deskribatzen dute: gizonek emakumeen gain duten nagusitasunaren sistema edo antolaketa soziala, historian zehar forma desberdinak hartu izan dituena. Alicia Puleok bi patriarkatu mota bereizten ditu: alde batetik, hertsadura-patriarkatuak, ohiturazko lege eta arau zigortzaileen bidez, indarkeriarekin erabakitzen dutenak emakumeei zer baimentzen zaien eta zer debekatzen zaien; eta beste alde batetik, baimen-patriarkatuak (legearen aurrean berdintasun formala dagoenean), zeinak honela definitzen baititu: gaur egungo mendebaldeko gizartearen barruan, sexuaren araberako rolak bultzatzen dituztenak, neurri handi batean, komunikabideek zabaldutako irudi erakargarrien eta mito boteretsuen bidez. (Diccionario de Términos de Igualdad. CAVE/Wg). (Hemendik hartua: W.G. Consultoras para el desarrollo S.L)

POSIZIOA

Pertsona bakoitzak besteekiko zer botere- edo hierarkia-leku duen adierazten du. Nagusitasun/mendekotasun ikuspegi patriarkalean bi leku bakarrik daude: gora (nagusitasuna) eta behera (mendekotasuna). (Toki-aurrekontuak generoaren ikuspegitik. Emakunde; Basauri, Bilbo, Donostia, Ermua eta Ondarroako Udalak, eta Berdintasunaren aldeko zeharkaldiak).

ROLA

Aukera/eskakizun sozial eta subjektiboen ondorioz sortutako funtzio, lan, erantzukizun eta pribilegioen multzoa da: hau da, pertsona batek rol bat hartzen duenean, bere inguruko jendeak betetzeko eskatzen dio, eta, ez badu betetzen, zigortu egiten du. Normalean pertsonak bere egiten du rola, eta, batzuetan, bere psikologia, afektibitatea eta autoestimua rol horren arabera eratzen ditu. Normalean pertsonak bere egiten du rola, eta, batzuetan, bere psikologia, afektibitatea eta autoestimua rol horren arabera eratzen ditu. (INSTRAW).

SEXISMOA

Patriarkatuan erabilitako metodo guztien multzoa da; metodo horien ondorioz, pertsonei sexuaren arabera pribilegioak ematen zaizkie edo bereizi egiten dira, eta ez zaie uzten daukaten giza gaitasun guztia garatzen. (Toki-aurrekontuak generoaren ikuspegitik. Emakunde; Basauri, Bilbo, Donostia, Ermua eta Ondarroako Udalak, eta Berdintasunaren aldeko zeharkaldiak).

SEXUA

Gizakia gizon edo emakume bezala definitzen duten ezaugarri biologikoak dira. Ezaugarri biologikoen multzoak ez dira elkarren baztertzaileak; izan ere, badira biak dituzten pertsonak, baina normalean ezaugarri horiek gizakiak gizon eta emakumetan banatzen dituzte. (OME, Osasun Munduko Erakundea).

SEXU-IDENTITATEA

Sexualitateari lotutako ezaugarriek definitzen dute, eta norberaren identitatearen parte da. Batzuetan "genero identitatearen" sinonimo moduan erabiltzen da, baina sexu identitatea kontzeptu zabalagoa da, eta beste osagai batzuk ere hartzen ditu bere baitan: genero identitatea bera, sexu biologikoa, sexu orientazioa, sexu adierazpena eta portaera sexuala. (Sexu eta genero dibertsitateko terminoen glosarioa, EHU).

TRATU-BERDINTASUNA

Pertsonen sexuaren araberako diskriminaziorik ez egotea, ez zuzenean eta ez zeharka.

– Zuzeneko diskriminazioa dago pertsona bati, antzeko egoeran egonda, beste bati baino tratu txarragoa ematen zaionean, eman zaionean, edo eman lekiokeenean, haren sexua dela-eta edo sexuarekin zuzenean loturik dauden inguruabarrak direla-eta (esaterako, haurdun egotea edo ama izatea), justifikazio objektibo eta arrazoizkorik egon gabe. Ezertan eragotzi gabe delitu gisa tipifikatu ahal izatea, sexuan oinarritutako zuzeneko diskriminaziotzat jotzen dira sexu-jazarpena eta sexuan oinarritutako jazarpena.

– Zeharkako diskriminazioa dago egintza juridiko, irizpide edo praktika batek, itxuraz neutroa izanda ere, sexu bereko multzo aski handiago bati kalteak eragiten dizkionean, salbu eta egintza juridiko, irizpide edo jardunbide hori egokia eta beharrezkoa denean, eta sexuarekin loturik ez dauden irizpide objektiboak erabilita justifikatzeko modukoa denean. (1/2023 Legegintzako Dekretua, martxoaren 16koa, emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duena).

ZEHARKAKO DISKRIMINAZIOA

Zeharkako diskriminazioa dago egintza juridiko, irizpide edo praktika batek, itxuraz neutroa izanda ere, sexu bereko multzo aski handiago bati kalteak eragiten dizkionean, salbu eta egintza juridiko, irizpide edo jardunbide hori egokia eta beharrezkoa denean, eta sexuarekin loturik ez dauden irizpide objektiboak erabilita justifikatzeko modukoa denean (Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 3. artikuluko printzipio orokorretan oinarrituta).

ZUZENEKO DISKRIMINAZIOA

Zuzeneko diskriminazioa dago pertsona bati, antzeko egoeran egonda, beste bati baino tratu txarragoa ematen zaionean, eman zaionean, edo eman lekiokeenean, haren sexua dela-eta edo sexuarekin zuzenean loturik dauden inguruabarrak direla-eta (esaterako, haurdun egotea edo ama izatea). Ezertan eragotzi gabe delitu gisa tipifikatu ahal izatea, sexuan oinarritutako zuzeneko diskriminaziotzat jotzen dira sexu-jazarpena eta sexuan oinarritutako jazarpena (Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 3. artikuluko printzipio orokorretan oinarrituta).