Hizkuntza-irizpideak: ZERBITZU-HIZKUNTZA


A) ERAKUNDEAREN IRUDIA

 

A1.) Errotulazioa

• Oro har, errotulu guztiak euskaraz eta gaztelaniaz egongo dira, hurrenkera horretan eta euskarari lehentasuna emanez. Errotuluetako hitzek euskaraz eta gaztelaniaz antzeko grafia dutenean, soilik euskaraz egongo dira.

 

A.2) Marketina eta publizitatea

• Aldizkariak, publizitatea eta argitalpenak euskaraz eta gaztelaniaz argitaratuko dira, euskarari lehentasuna emanez.

• Komunikazio-kanpainak kontratatzerakoan, bi hizkuntzetan sortuak izatea eskatuko da (hala jasoko da baldintza-pleguetan).

 

A.3) Ingurune digitala

• Webgunea euskaraz eta gaztelaniaz egongo da, lehenik euskarazko orrira sartzeko moduan, eta sare sozialetako mezuak  bi hizkuntzetan zabalduko dira.

 

A.4) Jendaurreko ekitaldiak

IRIZPIDE OROKORRA: jardunaldietan eta haien antolaketan erabiltzen diren elementu guztietan euskararen presentzia bermatuko da.

• Jardunaldien programak , izena emateko orria, sinadura-orria, ebaluazio-orria…. euskaraz eta gaztelaniaz egongo dira eta euskarari lehentasuna emango zaio.

• Izena emateko orriak hizkuntzari buruzko atala izango du; hizkuntza-gaitasuna eta dokumentazioa jasotzeko hizkuntza-aukera izango dituena (euskaraz edo ele bietan).

• Hitzaldiaren hizkuntza hizlariaren gaitasunaren baitan egongo da. Dena dela, hizlaria aukeratzeko orduan kontuan izango da hizkuntzaren gaia.

• Gaian aditua den euskaldunik ez bada aurkitu, gutxienez, aurkezpenaren euskarria (PowerPoint...) edo dokumentazioa banatuko da euskaraz.

• Hizlariaren aurkezpena egingo duen aurkezle edo moderatzaileak euskaraz eta gaztelaniaz egingo du, eta euskarari lehentasuna emango dio, batez ere hizlariak gaztelaniaz edo beste hizkuntza batean egin behar badu.

 

A.5) Prentsaurrekoak

IRIZPIDE OROKORRA:  prentsaurrekoak antolatzean hizkuntzak nola erabiliko diren aztertuko da. Bi hizkuntzak maila berean erabiltzea izango da irizpide orokorra, eta egoki iritziz gero, bakarrik euskaraz egitea.

• Hizlarien euskara-gaitasuna nahikoa ez denean, Emakundeko ordezkariek egingo dute laburpena euskaraz, eta beraiek erantzungo diete kazetari euskaldunei.

• Hala ere, euskaraz hitz egiteko gai diren pertsonak izateko ahalegina egingo da.

• Prentsaurrekoen deialdiak ohiko komunikabideetara bidaltzeaz gain, euskal prentsara eta eskualdeko hedabideetara ere bidaliko dira.

• Prentsa-oharrak euskaraz eta gaztelaniaz egingo dira. Euskara erabiltzen ez duten hedabideetan euskaraz ere argitaratzea eskatuko da.

• Prentsaurrekoetan banatzen den dokumentazioa bi hizkuntzetan egongo da.

 


B) HERRITARREKIKO HARREMANAK

 

B.1) Idatzizko harremana

• Zerbitzua edo produktua eskaintzeko orduan:

IRIZPIDE OROKORRA: herritarrentzako dokumentuak, oro har, euskaraz eta gaztelaniaz egingo dira eta euskarari lehentasuna emango zaio.

• Herritarraren eskaerari erantzutean:

IRIZPIDE OROKORRA: harremana euskaraz nahi duenarekin, edo igorritako dokumentuak euskaraz direnean, euskaraz erantzungo zaio. Gaztelaniaz  jasotako idatziari gaztelaniaz erantzungo zaio, baina aukera eskainiko zaio aurrerantzean ele bietan edo euskara hutsean aritzeko.

  • Txostenak: euskaraz eskatzen direnean, euskaraz sortuko dira; eta gaztelaniaz eskatzen direnean, gaztelaniaz, eta hurrengoetan euskaraz egitera animatuko zaie. Ele bietan jasotzen direnean, euskaraz erantzungo dira.
  • Agiri estandarizatuak (inprimakiak bertaratze-agiriak, egiaztagiriak eta abar): ele bietan erantzungo zaie.

 

B.2) Komunikazio telematikoa

• Herritarrak aukeratutako hizkuntza erabiliko da.

• Tramitazioaren azken komunikazioa testu estandarizatua denean, ele bietan jasotzeko aukera emango du sistemak

 

B.3) Itzulpen-irizpideak

• Testu laburrak: 3. edo 4. Hizkuntza Eskakizuna (HE) egiaztatuta izanez gero, langileak berak sortuko ditu euskaraz eta gaztelaniaz.

• Txostenak: 3. eta 4. HE egiaztatuta dutenek euskaraz sortuko dituzte. Gaitasunaren arabera, Idazlagun zerbitzura edo itzultzera bidaliko dira gaitasun nahikoa lortu arte. Langile batek sortzeko gaitasunik ez badu, Emakunden antolatuko dira ikastaroak edo laguntza eskainiko zaio. Behin maila lortuta, sortu beharreko idatzizko dokumentu guztiak euskaraz sortuko ditu.

• Emakundek egokituko du langileen hizkuntza-gaitasunen zerrenda, eta langile bakoitzaren gaitasun eta trebakuntza-beharrak zehaztuko ditu.

 

B.4) Ahozko harremana

• Komunikazioa Emakundek hasten duenean:

IRIZPIDE OROKORRA: lehen hitza beti  euskaraz egingo da. Herritarrari  hizkuntza hautatzeko aukera emango zaio.

• Komunikazioa herritarrak hasten duenean:

IRIZPIDE OROKORRA: Herritarrak euskara aukeratzen badu, euskaraz erantzungo zaio. Langilea gai ez bada euskaraz erantzuteko, lankideren bati eskatuko dio herritarrari erantzuteko, edo protokoloari segitu beharko dio. Langileak ezingo dio herritarrari hizkuntza batean edo bestean jarduteko eskatu.