BERDINTASUNAREN LABORATEGIA. BERDINALDIA.

Berdintasunaren Laborategia Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen apustu irmoa da, herritarrak emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunaren aurkako borroka aktiboan integratzearen alde, Berdintasunerako eta indarkeria matxistarik gabeko bizitzetarako Herri Itunaren baitan.

Emakunde Laborategia herritarren partaidetzarako prozesu ireki gisa diseinatu da, proiektuak eta konponbideak proposatzeko eta hainbat eremutatik hausnarketa bateratua egiteko. Partaidetza kolektibo sustatuko duten hainbat topaketa izango ditu, eta horietan gogoeta bultzatuko da, ekintza-proposamen zehatzak lortzeko.

Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundean, euskal gizartearen ordezkaritza bat, bereziki gure gazteak, hausnarketaren eta, batez ere, ekintzaren protagonista izatea nahi dugu, hainbat proposamenen bidez. Horregatik esperientzia hau gazteriarekin hasi nahi dugu, NBE Emakumeak erakundeak bultzatzen duen "Generation Equality" nazioarteko mugimenduarekin bat etorriz, Euskadin Berdinaldia izena hartzen baitu.

Herritarren laborategi honek hainbat fase izango ditu. Lehenengo fasea, gutxienez, Herri Itunaren lau puntu garrantzitsutan oinarritzen da: emakumeen aurkako indarkeria matxista, haurtzaroa eta nerabezaroa, emakumeen eta nesken ahalduntzea eta gizonek eta mutilek berdintasunarekin duten inplikazioa. Hala ere, gai horiei heltzeak, ezinbestean, Itunaren gainerako puntuez ere hitz egitea ekarriko du, guztiak elkarrekin lotuta, guztiak beharrezkoak baitira berdintasunerako.

Helburua gazteak indarkeria matxistaren aurkako borroka aktiboan integratzea izango da , beren hizkuntza propiotik, beren kanalen bidez, arazoaren ikuspegi propiotik, beren bizipen pertsonaletik abiatuta. Helburua berdintasun-politiken begirada aberastea da, haien ekarpenarekin eta parte-hartzearekin. Berdintasun-politikak gazteei hurbiltzea eta gazteak berdintasun-politiketara hurbiltzea.

Berdintasun Laborategiak berdintasuna aktibatu eta bizkortzeko helburua du, protagonisten errealitatetik bertatik konponbideak ematen saiatzen.

Beraz, lortu beharreko emaitzen artean honako hauek azpimarra ditzakegu:
• Gure gazteen inguruan komunitate aktibo bat sortzea, berdintasun ezarekin eta indarkeria matxistarekin lotutako benetako gaiak eta problematikak lantzeko.
• Jarrera aktiboa eta proaktiboa garatzea, euskal gizarte osoan sentsibilizazioa eta iritzia zabal dezaketen jarduerak proposatu ahal izateko.
• Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun ezaren inguruko portaeren eta jarreren joerak identifikatzea.
• Lanerako metodologia propioa garatzea, desberdintasunarekin lotutako hainbat eremuri heldu ahal izateko.

Aurreko esperientzia pilotu bat

2022an, baterako diseinuko jardunaldi pilotu bat egin zen, eta 16 gaztek bat egin zuten, berdintasunaren aldeko irtenbide zehatzak sortzeko. Saioan zehar aldaketaren eragile bihurtu ziren, indarkeria matxista mota desberdinak sakon jorratuz eta alternatibak elkarrekin sortuz. Jardunaldi horren emaitza 5 proposamen zehatz izan ziren, eta hogei bat garapen-ekintza egin ziren, indarkeria matxistarik gabeko ingurune seguruagoak lortzeko.

Ekintza berri bat

2023an, abenduaren 12an eta 19an ekintzei berriro ekingo zaie. Ekintzak indarkeria matxistaren aurkako borroka aktiboan integratzen ditu gazteak, haien hizkera, kanalak, ikuspegia eta esperientziak erabiliz. Abenduaren 12an, indarkeria matxista desagerrarazteko irtenbide bideragarriak proposatzeko ko-sorkuntza jardunaldia egingo da; eta abenduaren 19an, itxiera-saioa egingo da, proposamen sendoenak aurkezteko. Gainera, proposamen horiek banan-banan aztertuko dituzte profesionalek, eta lantalde bakoitza prozesuan gidatuko dute.

Laborategia, gazteak protagonista izateko eta indarkeria matxistarik gabeko mundu feministago bat eraikitzen laguntzeko aukera bat da.

Ekitaldia Jesus Guridi kalean dagoen Abastos Merkatuko Erabilera Anitzeko Aretoan izango da. Abenduaren 12ko ko-sorkuntza saioa 16: 00etatik 20: 00etara egingo da, eta abenduaren 19ko aurkezpen-saioa 18: 00etatik 20: 00etara izango da.