"Gizon politikariak berdintasunaren alde" proiektua
Gizonduz ekimenaren esparruan, 2017tik kargu politikoak dituzten gizonekin lan egin da gizon horiek beren eragin-eremuan berdintasuna sustatzea lortzeko eta, bereziki, beste gizon batzuek kausa horrekin duten konpromiso pertsonala eta kolektiboa sustatzeko. Proiektua martxan jarri zenetik 500 gizon politikari inguruk hartu dute parte antolatutako jardueretan.
Hasiera batean, gizon politikarien bi talde sortu ziren: bata Eusko Jaurlaritzaren barruan, eta bestea udal-mailan, EUDELekin lankidetzan. Prestakuntza, gogoeta eta trukerako espazioak ziren, eta politikan lan egiten duten gizonen partaidetza eta inplikazioa indartzea zuten helburu, gizon horiek erreferenteak izan eta erabakiak hartzeko guneetan parte hartzen duten heinean.
Bideo honek esperientziaren lehen faseko ideiak eta helburuak laburbiltzen ditu.

Esperientzia positiboki baloratu ondoren, ekimenari jarraipena emateko asmoz, 2020aren hasieran bigarren faseari ekin zitzaion, gizon kargu publikodunei zuzendutako berdintasunerako gida-zirriborro batean oinarrituta. Gida-zirriborroa egiteko 5 lan-saio egin ziren (2 Eusko Jaurlaritzako politikariekin, 2 tokian tokiko politikariekin eta saio bateratu bat), eta, guztira, 25 gizonek hartu zuten parte.
Prozesua eten egin zen 2022ko Euskal Berdintasun Legearen erreformaren emaitzen zain; izan ere, gizonen inplikazioa sustatzeko eta maskulinitate askotarikoak eta berdinzaleak sustatzeko agindu berriak ezarri zituen.
2026an, Europako Segurtasun eta Lankidetzarako Erakundearen Erakunde Demokratikoen eta Giza Eskubideen Bulegoak (ODIHR) egindako lanera batu zen Emakunde eta gizon politikariei zuzendutako gida hau itzuli eta zabaldu duen: Sarajevo Tresna, gizonezko politikariak politikan genero-berdintasuna lortzen inplikatzeko.
2019tik aurrera gizon politikariei zuzendutako aurrez-aurreko prestakuntza-prozesuak egin dira erakunde hauekin elkarlanean:
• Aiarako Kuadrilla.
• Kanpezu-Arabako Mendialdeko Kuadrilla.
• Enkarterriko Mankomunitatea.
• Amurrioko Udala.
• Arabako Foru Aldundia.
2021ean prestakuntza lan ildo berri bat jarri zen abian, prestakuntza pilulen formatuan oinarritutako jarduerak, administrazio autonomikoetan, foru- eta toki-administrazioetan, Eusko Legebiltzarrean eta Batzar Nagusietan postu politikoak betetzen dituzten gizon guztientzat irekiak.
- Miguel Lorente: "Kargu publikoak dituzten gizonen zeregina berdintasunaren sustapenean" - 2021/05/18
- Ander Bergara: "Gizonak, berdintasuna eta politika publikoak" - 2021/06/10
- Josetxu Riviere: "Identitate maskulinoa, boterea eta lidergo-moduak" - 2021/10/24
- Pilar Kaltzada: "Kargu politikoak dituzten gizonen adierazpenak, diskurtsoak eta ekintzak indarkeria matxistaren aurrean" - 2021/11/24 (YouTube)
- Ander Bergara: "Berdintasunerako EAEko legearen erreformaren aldaketa nagusiak, gizonei zuzendutako neurriei aipamen berezia eginez" - 2022/05/18 (YouTube)
- Pilar Legarra: "Denboraren erabilerak eta parte-hartze politikoa, berdintasunari dagokionez" - 2022/07/05 (YouTube)
- Miquel Missé: "Maskulinitateak, aniztasuna eta politika publikoak" - 2022/11/28. (YouTube)
- Gary Barker: "Gizon politikarien eginkizuna berdintasunaren sustapenean" - 2022/12/13 (YouTube)
- Alan Greig: "Manosfera eta halako eremuetan gizonek duten eginkizuna" - 2023/10/24 (YouTube)
- Hilario Sáez Méndez: "Egungo erreakzio neomatxistaren testuinguruan gizonek berdintasunerako eragile gisa duten papera" - 2025/12/02 (YouTube)
- Rodrigo Montero Cano: "Erabakiak hartzeko postuetan dauden gizonen berdintasunaren aldeko sareak" - 2026/02/17 (YouTube)
2026ko apirilean, Gizon politikarien berdintasunerako euskal sarea sortzeko proposamena jendaurrean aurkeztu zen, Berdintasunaren aldeko gizon politikariak. Esperientziak eta proposamenak berdintasunaren kontrako inboluzio testuinguru globalean izeneko jardunaldiaren barruan.
Bere sorrera Gizonduz 2030 Estrategiaren 1.7. neurrian aurreikusten da eta 2017tik aurrera gizon politikariekin egindako lanari jarraipena ematen dio. Horrek politikan emakumeekin egiten ari den lana osatu eta indartuko du, bereziki, Virginia Woolf Basqueskola proiektua, Euskadiko Udalen Elkarteak (EUDEL) eta Emakundek bultzatutako tokiko emakume hautetsientzako gune propioa.
Sareak gune diskretua eta segurua izan nahi du emakumeen eta gizonen berdintasunaren aldeko eta indarkeria matxistaren aurkako sentsibilizaziorako, prestakuntzarako, trukerako, konpromisorako eta ekintzarako, gizonen beharretara egokituta eta haien aniztasuna kontuan hartuta.
Berdintasunaren aurkako nazioarteko testuinguru batean, emakumeen eskubideen eta berdintasunaren aurrerapena, indarkeria sexistaren prebentzioa eta maskulinitate berdinzaleak eta zaintza demokrazia sustatzea du helburu.
Sarea erakunde publiko edo alderdi politikoetan kargu politikoak dituzten gizonei zuzenduta dago, aholkulari politikoak barne eta informazioa, prestakuntza, aholkuak, materialak eta abar eskainiko dizkie, haien beharretara egokituta.
Parte-hartze mota desberdinak aurreikusten dira – parte-hartzailea, lankidea eta sustatzailea – pertsona bakoitzaren interesen, beharren, konpromiso mailaren eta eskuragarritasunaren arabera.
Informazio gehiago nahi izanez gero, ikus Sarea sortzeko agiriaren proposamena.
Sarean sartu nahi baduzu, bete inprimaki hau.
Gizon politikariekin egindako lan hori jardunbide egoki gisa aurkeztu zen Europako Udalerrien eta Eskualdeen Biltzarrak (CEMR) 2019ko azaroaren 19an Bruselan antolatutako #InvolveMen nazioarteko mintegian.
Horrez gain, arlo honetan egindako lana jardunbide egokitzat jo da Equimundo, Save the Children, Oxfam, MenEngage Alliance eta Nazio Batuen Fundazioaren laguntzarekin egindako State of the World’s fathers 2021 txostenean.
NBE Emakumeak erakundeak ere jardunbide egokitzat jo du, eta inspirazio-iturri gisa hartu da herrialde arabiarretan kargu publikoak dituzten gizonen berdintasunaren aldeko sarea sortzeko, Dare to Care nazioarteko proiektuaren esparruan.
Era berean, 2025etik ekimena Espainiako Irrati Telebistaren Berdintasuna Helburua proiektuaren jardunbide egokien katalogoan agertzen da.

