Gizonduz: Informazioa.
ZER DA GIZONDUZ?
Gizonduz 2007an sortu zen, eta gaur egun Eusko Jaurlaritzaren gizonekin eta maskulinitateekin berdintasunaren alde lan egiteko zerbitzua da, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak kudeatua. Gizonen kontzientziazioa, parte-hartzea eta inplikazioa bultzatzea du helburu, emakumeen eta gizonen berdintasunaren alde, bai eta maskulinitate askotarikoak eta berdinzaleak sustatzea ere.
Hauek dira bere helburuak:
• Emakumeen eta gizonen berdintasunaren alde eta indarkeria matxistaren aurka sentsibilizatutako, prestatutako eta konprometitutako gizon kopurua handitzea, bereziki gazteak, liderrak eta sektore estrategikoetakoak.
• Gizonek etxeko lanetan eta zaintza-lanetan duten erantzukidetasuna handitzea, eta haien artean zaintzaren etika eta praktika orokortzea, lan horren banaketa orekatua lortzeko, norberaren eta besteen garapen eta ongizaterako, eta genero-desberdintasunak, indarkeria matxista eta pertsonentzat eta ingurunearentzat kaltegarriak diren arrisku-jokabideak murrizteko.
• Portaera matxista problematikoak dituzten eta beren portaerak aldatzeko laguntza jaso duten edo bestelako zerbitzuetara bideratuak diren gizonen kopurua handitzea, bereziki gazteak.
• Gizonen, berdintasunaren eta maskulinitateen esparruan jarduerak berariaz edo zeharka garatzen dituzten erakundeen kopurua handitzea.
• Gizonduz programaren esparruan Emakunderekin lankidetzan diharduten erakundeen kopurua handitzea.
ZERGATIK JARRI DUGU ABIAN GIZONDUZ?
Ekimen hau abiaraztearen arrazoiak ondorengo hauek dira:
a) Emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunek diraute.
Emakumeek eta gizonek bete izan ohi dituzten roletan aldaketa handiak ari dira gertatzen. Emakumeek lan-merkatuan daukaten partaidetza handiagoa, hezkuntzako maila guztietan egoteko aukera, prestakuntza eta kulturara sarbide handiagoa izatea, eta, hein txikiago batean, erabakiak hartzen diren eremuetara sarbide handiagoa izatea, bada, horiek guztiak emakumeen eta gizonen berdintasunerako bidean aurrera egin ahal izateko aldaketa onuragarriak ari dira eragiten gizartean.
Haatik, lan-merkatuari, partaidetza politikoari, etxeko lanak egiteari, pobreziari, emakumeen aurkako bortizkeriari eta abarri buruzko datuek oraindik ere erakusten dute desberdintasuna dagoela gizonek eta emakumeek gizarte honetan betetzen duten lekuan. Desberdintasun horren jatorria, hain zuzen, sexuaren araberako jokaera-estereotipo eta -eredu soziokultural batzuk dira, funtsean, emakumeei etxeko eremuaren ardura eta gizonei eremu publikoaren ardura izendatzen baitiete, eta hori, gainera, balorazio eta aitorpen ekonomiko eta sozial oso ezberdina eginez.
b) Gizonek gutxi parte hartzen dute etxeko lanean eta berdintasunaren aldeko ekintzetan.
Teorian gizon gehienak emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alde ageri diren arren, praktikan oraindik ez da behar adina inplikazio lortu aipatutako berdintasuna lortzeko. Hala ondoriozta daiteke gizonek emakumeekin alderatuta etxeko lanen eta pertsonen zaintza-lanen esparruan eta berdintasunaren aldeko eta emakumeen aurkako indarkeria matxistaren kontrako jardueretan izandako parte-hartze eskasetik.
c) Gizonen inplikaziorik gabe berdintasuna ez da posible.
Emakumeek lan-merkatuan nabarmenki txertatzea; hezkuntzako maila guztietan parte hartzea; prestakuntzan, kulturan eta erabakiak hartzen diren eremuetara sarbide handiagoa izatea..., horiek guztiak justuago eta berdintasun maila handiagoa izango duen gizarte bat lortzeko bidean aurrera egin ahal izateko aldaketa onuragarriak ari dira eragiten. Dena den, emakumeek gizartean duten paperean aldaketa garrantzitsuak gertatzen ari diren bitartean, eta tradizionalki maskulinotzat joak izan diren eremuetan gero eta gehiago parte hartzen duten bitartean, gizonen partetik ez da gertatzen ari esku hartze nabarmenik etxeko lanei dagokienez, ezta tradizionalki femeninotzat joak izan diren gainontzeko funtzio eta balioei dagokienez. Baina ez da nahikoa emakumeen aldaketa benetako berdintasuna lortzeko, eta haiek ez dira berdintasun maila handiagoa izango duen gizartea lortzeko interes duten bakarrak.
d) Berdintasuna lortzeak pertsona guztiekin zerikusia du, gizonekin zein emakumeekin, eta denei onurak ekar diezazkieke.
Gainera, bizikidetza-eredu berriak ez die horiei bakarrik mesede egiten, gizarte osoari baizik, gizonei barne. Izan ere, gaur egungo gizarte-sistema patriarkalak gizonei talde gisa pribilegioak ematen dizkien arren (diru-sarrera, botere-maila eta esparru publikoko autoritate-maila handiagoak, eta nagusiki emakumeek egindako etxeko lanen eta zaintza-lanen onurak jasotzea, besteak beste), sistemak zereginak eta esperantzak sexuen arabera modu zurrunean bereizteak kostuak ere eragiten dizkie gizonei. Gizonen bizi-itxaropena txikiagoa da emakumeena baino, eta joera handiagoa izaten dute droga-mendekotasuna, zirkulazio-istripuak, lan-istripu larriak, eskola-porrota, indarkeriazko heriotza eta kartzelaratzea jasateko. Gizonek, gainera, familiak ekonomiaren aldetik mantentzeko sozializatu dituzten aldetik, presio handiagoa jasaten dute lanaldia luzatzeko. Hala, nagusiki produkzioaren munduari eskaintzen diote beren bizitza, eta ez dituzte, neurri handi batean, bestelako zenbait potentzialtasun eta gaitasun garatzen, ugalketaren eta afektuen munduarekin erlazionatutakoak nagusiki. Hautemangarriak dira, halaber, nagusi den eginkizun sozialetik urruntzen diren eta tradizionalki "femeninotzat" hartu izan diren portaerak eta zereginak publikoki hartzera ausartzen diren gizonek jasandako onarpenik eza eta, zenbaitetan, gutxiespen soziala.
Azken finean, gure gizarteak, emakumeak baztertzeaz gain, atsekabea eragiten die hala emakumeei nola gizonei. Hori horrela izanik, mende honetako erronka eredu sozial berri demokratikoago, justuago eta berdintasunezkoagoa eraikitzea izan beharko litzateke. Hala, pertsona guztiak eremu publikoan zein pribatuan beren gaitasunak guztiak garatzeko eta erabakiak sexuaren araberako tradiziozko zereginek eta estereotipoek ezarritako mugarik gabe hartzeko gai izan beharko lirateke, eta gizarteak berdin aintzatetsi, baloratu eta sustatu beharko lituzke emakumeen eta gizonen jarrerak, itxaropenak eta beharrak. Horretarako, funtsezkoa da gero eta gizon gehiago honako ekintza hauek aurrera eramateko prest izatea: maskulinitatearen tradiziozko eredua zalantzan jartzeko, sistema patriarkalak ekar diezazkiekeen pribilegioei uko egiteko, beren buruak gaizki ulertutako maskulinitatearen zamatik aske uzteko eta pertsona askeagoek eta libreagoek osatutako gizarte berria lortzeko emakumeekin batera aktiboki lan egiteko.
e) Gizonekin eta maskulinitateekin lan egitea legezko betebeharra da.
Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabeko bizitzetarako Legearen testu bateginak ekintza espezifikoez gain, gizonentzako berdintasun-politiken zeharkako ikuspegia eta maila anitzekoa garatzeko beharra eta betebeharra planteatzen du, baita indarkeria matxistaren bigarren mailako prebentzioaren eremuan esku-hartze handiagoa izatea ere.
f) Badaude, gainera, aldeko baldintzak.
Azken urteotan modu esponentzialean hazi da herritarrek eta erakunde publiko eta pribatuek gizonekin eta maskulinitateekin berdintasunaren alde lan egiteko duten interesa eta eskaria.
Gainera, Lehendakariak 2022an aurkeztutako Berdintasunaren eta emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko bizitzaren aldeko Herri Itunak eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Autonomia Erkidegoko Planak berariaz jasotzen dituzte gizonak eta mutikoak berdintasunaren alde inplikatzeko konpromisoak eta helburuak.
Bestalde, hogeita hamabost urte baino gehiago dira gure erkidegoko erakunde publikoak emakumeen eta gizonen berdintasun eraginkorra sustatzeko lanean ari direnetik, eta 15 baino gehiago Gizonduz sortu zenetik. Berdintasun-politikak garatzeko aldez aurreko ezagutza horrek aldeko jarrera ematen dio Euskal Autonomia Erkidegoari, berdintasun-politiken esparruan gizonei eta maskulinitateei zuzendutako esku-hartze ildo egonkor bat garatzeko.
Gainera, inkestek erakusten duten moduan, gehiengoak dira ikuspegi teoriko batetik sexuen arteko berdintasunaren alde agertzen diren gizonak. Beraz, berdintasunaren aldeko diskurtsoak bere isla eguneroko praktikan izan dezan sustatu beharra dago.
ZERTAN DATZA GIZONDUZ?
Bere helburuak lortzeko, Gizonduz-en esparruan, sentsibilizazioarekin, prestakuntzarekin, aholkularitzarekin, sustatze-lanarekin, prebentzioarekin, lankidetzarekin, ezagutza sortzearekin eta nazioartekotzearekin lotutako neurri sorta bat planteatzen da.
Hori guztia ondorengo bi ideietan oinarrituta: batetik, sentikortasuna eta trebakuntza pentsamoldea eta portaera aldatzeko giltza direla, eta, bestetik, gizonek sexuen arteko berdintasunaren aldeko kontzientziazioa eta konpromisoa handitzeko berariazko neurriak proposatzeak portaera-eredu soziokulturalen aldaketaren esparruan aurrerapauso handiagoa ematea erraztuko duela. Aldaketa ezinbestekoa da emakumeen egiturazko berdintasun ezeko egoeraren prozesuak edo faktoreak zuzentzeko, eta gizaki gisa garatzeko dauzkaten aukerak indartzeko (bai emakumeenak, bai gizonenak).
Ekimena 2007ko azaroan abian jarri zen eta ordutik hura aurrera eramateko berdintasunaren eta maskulinitatearen alorrean adituak diren eta gizonekin berdintasunaren aldeko lanean esperientzia duten pertsonen laguntza bilatu da.
Ekimen hau gizonei berariaz zuzendutako neurriak emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzeko proposamen orokorrean eta integralean txertatuta daude. Planteamendua Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legean dago jasota, bai eta Gobernu Batzordeak 2024ko otsailaren 13an onartutako Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako 2030 Estrategian ere. Bere lehentasunezko helburuak emakumeen autonomia pertsonala bultzatzea eta haien egoera soziala, ekonomikoa eta politikoa indartzea dira; helburu horiek erdiesteko, ezinbestekoak dira gizonen konpromisoa indartzeko neurriak.
Hori guztia, giza eskubideen ikuspegia eta ikuspegi feminista, intersekzionala, integrala, eraldatzailea eta positiboa oinarri hartuta. Hau da, maskulinitateari lotutako gizarte-arauetan eta balioetan egiturazko aldaketak sustatu eta aldaketa- eta eraldaketa-prozesuak sortu nahi dira, gizonak errudun bihurtu gabe eta enpatiatik abiatuta, gizartea bidezkoagoa eta berdintasunezkoagoa izateko erantzukizun pertsonalarekiko eta kolektiboarekiko kontzientzia eta konpromisoa hartzea erraztuko dutenak.
EKINTZAK
2007ko azaroaren 2ko Gizonduz ekimena sortzen duen agirian jasotzen den plangintzari jarraiki, besteak beste, ondorengo ekintzak burutu dira.
Lehenengo ekintza izan zen 2007ko azaroaren 5ean eta 6an Donostian maskulinitatea eta eguneroko bizitzari buruz egin zen nazioarteko biltzarra. Bertan izan ziren hainbat lurraldetako aditu, eta horiekin batera gutxi gora-behera 400 parte hartzaile.
Hilabete horretan bertan "Berdintasunak gizonago egiten zaitu" sentsibilizazio kanpaina burutu zen, batez ere gizonei zuzendua, emakumeen eta gizonen berdintasunaren alde beraien konpromiso aktiboa bultzatzeko. Kanpainan zehar euskal telebista publikoan (ETB-1 eta ETB-2) hainbat iragarki eman ziren.
2008ko apirilean Lehendakariak jendaurrean aurkeztu zuen “Euskal gizonen eskutitza, berdintasunaren alde eta emakumeenganako indarkeriaren aurka” agiria. Gutunari atxikimendua eman zioten gizonen artean daude politika arloko, kultur arloko eta hedabideetako ordezkariak. Era berean, azken urteetan gure erkidegoan berdintasunaren eta maskulinitateen inguruan lan egiteko sortutako hausnarketa taldeek ere beraien atxikimendua erakutsi zuten. Jendaurrean aurkeztu zenetik, hainbat ekimen egin ziren beronen aldeko sentsibilizazioa eta zabalpena bultzatzeko, hala nola kartelen bidez, prentsa eta irratien bidez, aldizkari bat eginez edo herrietan informazioa emateko eta sinadurak biltzeko karpa ipiniz. Eusko Jaurlaritzak eta hainbat udalek, beste zenbait erakunde publiko eta pribaturekin batera, gutunaren hedapenean eta sinadura bilketan lagundu zuten. Horri guztiari esker, 10.000 gizonek baino gehiagok gutunari atxikimendua erakutsi zioten urte bateko epean.
2008ko apirilean Eusko Jaurlaritzako web orrialdean (www.euskadi.eus/gizonduz) web orrialdean Gizonduzentzat gune berria sortu zen, ekimenari buruzko informazio zabala modu desberdinetan eskainiz, hala nola elkarrizketekin osatutako atalaren bidez, dokumentazio gunearekin, bibliografia eskainiz, bideoak eskueran jarriz, intereseko web guneetara bideratzeko estekekin, etab. Gainera, 2009ko uztailetik 2018ra arte web orrialde horretan Gizonduzen bloga egon zen, herritarrei zabalduriko gunea berdintasunarekin, gizonekin eta maskulinitatearekin zerikusia duten berriei buruzko iritziak, hausnarketak eta iruzkinak adierazi ahal izateko. Era berean, 2009ko abendutik Gizonduz ekimenari buruzko berriak Facebook-en eta Youtube-n eta Twitter-en (X) ere aurki daitezke. Eta 2022tik Instagram-en ere.
2008ko irailean aita izango direnentzako Gizonduzen motxila aurkeztu zen, eta harrezkero 2012ko abendura ia 30.000 gizonek jaso dute Osakidetzako emaginen bidez eta foru aldundietan adopzio kontuak daramatzaten atalen bidez. Bertan sentsibilizazio materiala biltzen zen, aitatasunarekin eta zaintzarekin lotuta dauden jarraibideak eskaintzeko asmoarekin, baita ere balore ez sexisten transmisioan aitaren irudiaren eraginari buruz hausnarketa egiten laguntzeko. Materialen artean “Aitak” dokumentala, “Aitaren sekretua” ipuina, “Aitak berdintasunean” gida, “Gizonak, berdintasuna eta maskulinitate berriak” gida, autoan jartzeko eranskailua eta Gizonduzen egunkaria jasotzen ziren.
Azaroaren 25eko ospakizunak zirela eta, 2008ko azaroaren 24an Bilboko Arte Ederren museoan “Euskal gizonak emakumeenganako indarkeriaren aurka” ekimena burutu zen. Ekimenera Lehendakariarekin batera, 200 gonbidatu baino gehiago joan ziren, gehienak gizonak, euskal gizarteko hainbat eremutako ordezkariak, hala nola politika, kultur eta kirol arlokoak, hedabideetakoak, ekonomia arlokoak, gizarte mugimenduetakoak, etab.
2009ko martxoan Gizonduzen sentsibilizazio eta prestakuntza programa abian jarri zen. Programa hainbat ikastarok osatzen dute, horietarik zenbait aurrez aurre egitekoak dira eta beste zenbait internet bidezkoak. Ikastaroen bereizgarria da dohain izatea, eta horrekin batera eskaintza zabal eta anitza izatea, eta baita moldagarriak eta malguak izatea ere. Bezeroaren arabera moldatzen dira, bai luzerari eta edukiei dagokienean, baita ere egingo den lekuari eta hartzaileari dagokienean. Ikastaroetan emakumeek parte har dezaketen arren, bereziki gizonei zuzenduta daude. Helburu diren gizonek, bakarka edo kolektiboan, interes pertsonala dutelako edota profesionala dutelako, gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna zer den eta beraren alde nola lan egin dezaketen jakiteko eta sakontzeko jakin mina daukate. Zentzu horretan, gizonekin, berdintasunarekin eta maskulinitatearen lotutako gaiak lantzen dira, eta baita ere osasuna, zaintza, aitatasuna, sexualitatea, zahartzea, klima-aldaketa, diskriminazio eta indarkeria matxista, bide-segurtasuna, toxikomaniak prebenitzea, kriminaltasuna prebenitzea, eta antzeko gaiak ere. Gizonduzen prestakuntza- eta sentsibilizazio-programa hasi zenetik 2023ko abendura arte, 32.000 pertsona inguruk parte hartu dute, % 60 gizonak, eta gogobetetze-maila oso altua izan da (8,3 puntu 0tik 10era bitarteko eskalan). Era berean, datuek erakusten dute prestakuntzak eragin nabarmena izan duela parte hartu duten gizonen sentsibilizazioan (4,8 puntu 6tik) eta ezagutzetan (4,9 puntu 6tik). Gainera, % 95 inguruk uste dute ikastaroak baliagarriak izan direla beren bizitza pertsonal eta profesionalerako.
2009 eta 2012 bitartean Emakundek emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alde diharduten gizon-elkarteentzat diru laguntzak eman zituen. Proiektuetan berdintasunaren alde eta emakumeen indarkeriaren aurkako ekimenak aurkeztu ziren, hala nola sentsibilizazio kanpainak, prestakuntza programak, jardunaldiak, topaketak, eta abar.
2011n “Maskulinitateak eta berdintasuna: jakintza-alor anitzeko azterketa” argitaratu zen. Agiri digital hau pentsatua dago ikuspegi pertsonaletik zein profesionaletik, gizonen berdintasunaren eta maskulinitateen alorrekin lotutako gaietan eta oso desberdinak diren hainbat arlotan –hala nola osasuna, zaintza, giza eskubideak, indarkeria maskulinoak, emakumeen aurkako indarkeria, bide segurtasuna, drogamendekotasunen eta kriminalitatearen prebentzioa– sakondu nahi duten guztientzat.
2017ko ekainean, EJIE SA elkarte publikoarekin elkarlanean, Gazteak Berdintasunean proiektua aurkeztu zen. Proiektu horren bitartez, emakumeen eta gizonen berdintasunaren aldeko eta emakumeenganako indarkeriaren aurkako jarrerak bultzatu nahi dira nerabeen eta gazteen artean (bereziki, mutilen artean). Horretarako, heziketarako tresna berritzaileak erabiltzen dira, hala nola komiki interaktibo bat eta mahai-joko bat.
2017tik udal-eremuan eta 2018tik Eusko Jaurlaritzaren esparruan, hainbat prozesu garatu dira berdintasunaren aldeko eta emakumeenganako indarkeriaren kontrako gizon politikarien taldeak eratzeko. Prestakuntza-, hausnarketa- eta truke-eremu horietan, gizon horiek beren eragin-eremuan berdintasuna sustatzea lortu nahi da eta, bereziki, beste gizon batzuek kausa horrekin duten konpromiso pertsonala eta kolektiboa sustatzea. Gainera, 2021etik euskal erakunde publikoetan kargu politikoak betetzen dituzten gizonentzat lineako prestakuntza saioak egiten dira.
2018. urtean "Gizonok esan eta egin" kanpaina jarri zen martxan. Kanpaina honekin euskal gizonek berdintasunaren aldeko ekintza konkretuak haien egunerokotasunean egitearen konpromisoa hainbat eremuetan har dezatela bilatzen da: erantzukidetasuna bultzatzeko, zaintzetan, indarkeria matxistari aurre egiteko, berdintasunaren aldeko ideiak hedatzeko eta mezu eta jarrera sexistak salatzeko.
2020an, itxialdi garaian, ”Kronabirus garaian, zaintza +. Egin dezagun dagokiguna” kanpaina abiarazi zen. Kanpaina hau gizonei zuzendua zegoen beren gain har zitzaten etxeko lanak eta zaintza lanak, neurri handi batean emakumeen esku uzten direnak, abiapuntutzat hartuta COVID-19ak eragindako krisia aukera bat zela gogoeta egiteko eta gizonen aldaketa positibo bat sortzeko emakumeen eta gizonen berdintasunaren alde.
Gizonduz ekimenaren 15. urteurrena ospatzeko, 2022an Gizonak, maskulinitateak eta politika publikoak. Berdintasunarekiko konpromisoa nazioarteko biltzarra antolatu zen. Helburua zen Euskadin gizonezkoei zuzendutako berdintasun-politika publikoen inguruan egindako lanaren berri ematea eta horri buruz hausnartzea, legegintzako zein gizarteko erronka berriei aurre egiten lagunduko duten esperientziak eta jardunbide egokiak partekatzea, zeharkako aliantzak ezartzea eta sendotzea hainbat sektorerekin, etorkizunerako proposamenak egitea eta gizonezkoek —banaka eta kolektiboki— eta batez ere gazteek, berdintasunaren eta indarkeria matxistarik gabeko bizitzen alde egin dezaten lortzea.
Horiez gain, gizonek emakume eta gizonen arteko berdintasunari buruzko ikastaro, master eta graduondokoetan parte hartzea bultzatzeko, jarduera horiei buruzko publizitatea egiteari ekin zaio Gizonduzen webgunearen bitartez eta sare sozialetan.
Ekimena abian jarri zenetik, Gizonduzen alderdi eta neurriekin, zehazki, zerikusia zuten hainbat kontsulta erantzun dira, aholkularitza lana eginez. Kontsulta horiek pertsonek, berdintasuneko eragileek, emakumearen institutuek, legegintza-organoek, udalek, kirol federazioek, elkarteek, sindikatuek, enpresek, emaginek eta abarrek egin dituzte.
Gainera, programaren berri eman da eta hainbat erakunderekin lankidetzan aritu da, hala nola Nazio Batuekin edo Genero Berdintasunerako Europako Institutuarekin, hainbat herrialdetako berdintasun-erakundeekin (Argentina, Txile, Uruguai...) eta Estatukoekin (Kanarietako Berdintasun Institutua, Andaluziako Emakumearen Institutua, Bartzelonako Udala...). Era berean, Europako eta nazioarteko proiektuetan parte hartu da, hala nola GEMMA, Men in Care edo Dare to Care proiektuetan.
Amaitzeko azpimarratu behar da Gizonduz abian jarri zenetik berau ezagutarazteko asmoz Emakundek hainbat sentsibilizazio ekimenetan parte hartu duela (hitzaldiak, jardunaldiak, biltzarra, graduondoko ikastaroak, etab.) eta hainbat hedabidetan izan dela Gizonduzi buruz hitz egiten.
Informazio gehiago duzu memorien atalean.
2024KO NEURRIAK
2024ari begira, Gizonduz ekimenaren esparruan, honako neurri hauek aurreikusten dira:
Dagoeneko garatzen ari diren jarduera-ildoak indartzea, hala nola:
• Sentsibilizazio- eta prestakuntza-programa. Doako prestakuntza eskaintzen die interesa duten pertsona eta erakunde publiko eta pribatuei, eta, besteak beste, prestakuntza-erakunde hauek laguntzen dute: UPV/EHU, IVAP edo Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia. Eskaintza zabala eta askotarikoa dago, eta ikastaroetan hainbat gai lantzen dira, hala nola diskriminazio eta indarkeria matxista, homofobia, erantzukidetasuna, osasuna, aitatasuna, sexualitatea, maitasuna, arriskuen prebentzioa, kirol-jarduera, lan-eremua, zahartzea, klima-aldaketa, etab.
• Gazteak Berdintasunean Proiektua. Gazteen artean berdintasuna eta indarkeriaren prebentzioa sustatzera bideratua dago. Hezkuntza formaleko eta ez-formaleko ikastetxeetako irakasle eta ikasleekin lan-saioak egiten dira. Besteak beste, tresna hauek erabiliz komiki interaktibo bat eta "Kapelaz seduzitzea" mahai-jokoa. Azken hau ikasleen hezkuntza emozionala sustatzera bideratua dago, bereziki mutilena.
• Kargu politikoetan eta bestelako lidergo postuetan dauden gizonei prestakuntza.
• Gizonak zaintzan eta berdintasunean inplikatzeko kanpainak: aitaren eguna, Gizonok Esan eta Egin, etab.
Gainera, neurri berriak hartuko dira, hala nola:
• Erakunde publiko eta pribatuei aholkularitza eta laguntza emateko ildo egonkorra sortzea, beren erakundean gizonekin eta berdintasunaren aldeko maskulinitateekin lan egiteko plan, lan-ildo edo proiektu bat diseinatzeko, gauzatzeko, jarraipena egiteko eta ebaluatzeko.
• EAEko adingabeak hartzeko eta babesteko pisu eta zentroetako erabiltzaileak eta profesionalak berdintasunean sentsibilizatzeko eta prestatzeko esku-hartze ildo egonkor bat.
• Profesionalei prestakuntza ematea eta esperientzia pilotu bat garatzea, portaera matxista arazotsuak dituzten eta portaera hori aldatu nahi duten gizonei laguntzeko.
• "Maskulinitatearen kutxa" azterlana. Egin beharreko lana datza FAD Fundazioa estatu mailan garatu zuen "La Caja de la Masculinidad: construcción, actitudes y impacto en la juventud española" azterlanaren hedapen metodologikoa EAEn errepikatzean.
• Gizonduz programaren ebaluazio berri bat, egindako lorpenak ezagutzeko, hobekuntza-esparruak hautemateko eta antzeko beste ekimen batzuekin alderatzeko aukera emango duena. Horretarako, MenEngage Alliance and FemJust-en proposamen metodologikoa erabiliko da, gizonei zuzendutako politiken garapenari eta ebaluazioari buruz aholkatzeko, kontuak ematearen ikuspegitik.
• Gizonen eta maskulinitateen ikuspegia politika publikoetan txertatzeko jarraibideak biltzen dituen gida bat egitea.
• Aholkularitza-batzorde bat, feminismoaren eremuko eta zerbitzuaren funtzionamendua hobetzen lagun dezaketen beste gizarte-mugimendu eta erakunde batzuetako adituek osatua.
• Profesionalak prestatzea eta kirol-arloan sentsibilizatzea, eremu horretan berdintasuna sustatzeko eta indarkeria prebenitzeko, Eusko Jaurlaritzako Kirol Zuzendaritzarekin eta Euskal Kirol Federazioen Batasunarekin lankidetzan.
• Irakasleentzako prestakuntza maskulinitateei, indarkeria matxistaren prebentzioari eta tratu onen alde, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin lankidetzan.
• eLankidetza eta NBE EMAKUMEAK erakundearekin lankidetzan aritzea, "Dare to Care" (Ausartu zaitez zaintzen).nazioarteko proiektua garatzeko
ETORKIZUNERAKO ERRONKAK
Euskal Autonomia Erkidegoan gizonekin eta maskulinitateekin berdintasunaren alde egindako lanari honako erronka hauek planteatzen zaizkio:
• Gizonekin eta maskulinitateekin berdintasunaren alde lan egiteko herritarren eta erakunde publiko eta pribatuen interesaren eta eskariaren hazkunde esponentzialari erantzutea.
• Erantzuna ematea Lehendakariak 2022an aurkeztutako Berdintasunaren aldeko Herri Itunari, bai eta Berdintasunerako Legearen 2022ko erreforman txertatutako agindu berriei ere. Agindu horiek planteatzen dute beharrezkoa eta derrigorrezkoa dela, ekintza espezifikoez gain, berdintasun-politiketan gizonei zuzendutako zeharkako eta maila anitzeko ikuspegi bat garatzea, bai eta esku-hartze handiagoa ere indarkeria matxistaren bigarren mailako prebentzioaren eremuan ere.
• Neomatxismoaren goraldian, talde feministekin, berdintasunaren aldeko gizon-taldeekin eta beste erakunde eta instituzio batzuekin aliantzak areagotzea, egungo gizarteak berdintasunari dagokionez dituen behar eta eskaera berriei erantzuteko.
• Berdintasunarekiko sentsibilizatuta eta konprometituta dauden gizonen kopurua handitzen jarraitzea, ikuspegi intersekzionaletik lan eginez, kolektibo berriekin eta sektore estrategikoetan erreferente diren gizonekin (politika, ekonomia, kultura, gazteria...), beren eragin-eremuetan berdintasuna susta dezaten eta eragin biderkatzailea izan dezaten berdintasunarekiko konpromiso pertsonal eta kolektiboaren bilaketan.
• Ebaluazioan eta kontu-ematean sakontzea, lana ikuspegi eraldatzaile eta etengabeko hobekuntzakotik egiten dela eta emakumeen, gizonen eta gizarte osoaren onerako dela bermatzeko.
Lan horrekin guztiarekin, gure erkidegoan berdintasunaren alde diharduten gizonen masa kritiko bat eratu nahi dugu, maskulinitate tradizionala zalantzan jartzen duena eta beste gizonentzat eta, batez ere, hurrengo belaunaldientzat erreferente izango diren bizimodu berdinzaleagoen aldeko apustua egiten duena. Hori guztia, ziur baikaude berdintasuna sustatzea eta maskulinitate tradizionala edo patriarkala zalantzan jartzea justiziaren eta giza eskubideen kontua dela, emakumeei ez ezik, gizarte osoari eta gizonei beraiei ere mesede egiten diena, haien nortasuna modu integralagoan eta genero-estereotiporik gabe garatzen laguntzen baitu, bai eta harreman pertsonal eta ingurunearekiko harreman gogobetegarriagoak ere.