Zer da Nahiko?
Nahiko Berdintasunerako, errespeturako eta indarkeria ezarako hezkidetza-programa bat da.
Berdintasunean oinarritutako bizikidetza lortu nahi duen programa da, balioetan heziz, oinarritzat hartuta giza eskubideak eta genero-rolen azterketa kritikoa, emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko.
Eraldaketa sustatzen du, eskola mistoaren eredutik hezkidetzako eskolaren eredura.
Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan inplementatzen da, non irakasleek programaren material didaktikoari buruzko ezagutza eskuratzen duten eta ikasleekin praktikan jartzen duten.
Ikus ezazu zer eskain diezazukeen programak liburuxka labur honetan:
• Zer da Nahiko? (PDF, 547 KB)
Baina programa sakonago ezagutu nahi baduzu, zergatik sortu zen, nondik datorren, nola inplementatu den eta ikasleengan zer emaitza dituen jakin nahi baduzu, ikus ezazu gida osoa:
• Nahiko! programaren ikaskuntza-gida: laburpena, ondorioak eta esperientzia pilotuak (PDF, 1 MB)
Nahiko! programa, 2021-2023 edizioa
Eskolek bi urtez parte hartzen dute, hots bi ikasturtetan parte hartzeko izena ematen dute. Azken edizioak 2019/2020 eta 2020/2021 ikasturteak hartzen ditu. Gomendatzen da Lehen Hezkuntzako ziklo bakoitzaren hasieran parte hartzea, hau da, lehenengo ikasturtean Lehen Hezkuntzako 1., 3. eta 5. mailetan eta bigarrenean Lehen Hezkuntzako 2., 4. eta 6. mailetan.
Emakundek sortu, garatu eta babestutako esperientzia den Nahiko! programaren inplementazioan parte hartzen duten Lehen Hezkuntzako eskolek, bi ikasturtez ematen dute izena. Lehen Hezkuntzako ikasleei zuzenduta dago, eta zikloka egitea gomendatzen da, lehen urtea Lehen Hezkuntzako ziklo bakoitzeko lehen mailan hasita, nahiz eta hori ez den ezinbestekoa parte hartu ahal izateko.
Horretarako, Emakundek edizioan izena eman duten eskolei beharrezko laguntza teknikoa eskaintzen die, esperientziak irauten duen bi ikasturteetan zehar, hau da:
1. Programaren material guztia, inplementatzeko beharrezkoa dena, doan eskuratzea. Deskarga daitekeen materiala eta material digitalizatua: irakasleen gidak, ikasleen eta familien koadernoa, jolasak, abestiak eta ipuinak.
2. Jardunaldi formatuko irakasleentzako prestakuntza-saioak, hiru hilean behin, hezkidetza-gai orokorrei buruzkoak, bai eta hiruhileko mintegiak ere, materialaren erabilerari buruzkoak; horietan, hainbat ikastetxetako irakasleek esperientziak eta kezkak trukatzen dituzte eta hurrengo hiruhilekoari dagokion unitate didaktikoaren materialarekin lan egiten da.
3. Programa behar bezala ezartzeko etengabeko koordinazioa, jarraipena, aholkularitza eta laguntza.
4. Aholkularitza jasotzea eskolek familiekin informazio-bilera bat egin dezaten, programan parte hartzeko eta, familientzako koadernoa erabiliz, hezkidetzan ere lan egin dezaten.
Nahiko! programaren edizio bakoitzeko esperientzian parte hartzen duten eskolek konpromiso hauek hartzen dituzte:
1. Dagokion edizioko bi ikasturteetan programan parte hartzea. Eskolek nahi dituzten edizioak errepikatu ahal izango dituzte. Izen-ematea iritsitako ordenaren arabera jasoko da, libre dauden plazak agortu arte.
2. Ikastetxeak parte hartzen duen ikasturteari dagokion hezkuntza-mailako tutore bat, gutxienez, programako hiruhileko jardunaldi eta mintegietara joatea.
3. Ikasleekin hezkidetzako materialak erabiltzea, astean ordubetez gutxienez. Ikasturte eta hiruhileko bakoitzerako adierazitako materialen hurrenkerari jarraituko zaio.
4. Emakundek bidaltzen dituen ebaluazioak betetzea, ikasleengan ikusitakoa adieraziz eta programa eta materialak ebaluatuz.
5. Esperientziaren ezarpenaren lehen hiruhilekoan, programari buruzko informazio-bilera bat egitea familiekin programa azaltzeko eta ikasleen koadernoa aurkezteko. Koaderno hori etxean landuko da.
Dagoeneko 16 urte daramatza Nahiko! programak ikastetxeekin hezkidetza lantzen, parte hartzen duten irakasleek beren ikasgeletan inplementatzen duten materialaren bidez; aldi berean, irakasle horiek hezkidetzan trebatzen dira.
Hona hemen programan orain arte izandako parte-hartzearen datuak:
• Parte hartzu duten ikastetxeak: 143 (eskola askok hainbat ediziotan errepikatzen dute, urtez urte.)
• Ikasleak: 12.189
• Irakasleak: 750
Asko dira dagoeneko irakasleak prestatzeko dagoeneko egin diren jardunaldiak. Jardunaldiak zabalik daude joan nahi duen edozein irakaslerentzat, nahiz eta programan parte hartu ez, leku-edukiera bete arte.
Jardunaldiak streaming bidez ematen dira Irekiaren plataformaren bidez. Hitzaldietarako erabilitako dokumentazioa kontsultarako eta deskargarako "irakasleen prestakuntza" atalean egongo da eskuragarri, bai eta Irekiaren bideoak ere, aldi baterako eskuragarri egongo direnak.
Jardunaldietako dokumentazio guztia ikusteko: Irakasleen formakuntza
Unitate didaktikoak lantzeko eta programan parte hartzen duten irakasleen artean esperientziak partekatzeko mintegiak jardunaldi orokorraz besteko egunetan egiten dira.
Hasiera batean, aurreko hiruhileko unitate didaktikoaren esperientzia partekatzen da, erabilitako estrategiak eta baliabideak trukatuz, baita aurkitutako lorpenak eta zailtasunak ere, eta ikasleek egindako ikaskuntzak elkarrekin hausnartu eta sistematizatzen dira.
Jarraian, hastera doan hiruhilekoaren unitate didaktiko berria aurkeztuko da, haren helburuak, edukiak eta materialak, eta haren erabilerari buruzko gogoeta egingo da.
Edizio bakoitza amaitzen denean, bertan parte hartu duten ikasleak jardunaldi batean elkartzen dira ikastetxeek antolatzen dituzten jarduera ludikoen bidez (abestiak, bertsoak, antzerkiak), eta edizioan landutako edukiak gainerako ikastetxeen aurrean irudikatzen dituzte. Era berean, balioa ematen zaio ikasleek eta irakasleek egindako lanari, eta hori adierazteko sinbologia duen zerbait ematen zaie, hala nola ziurtagiri bat.