Elkarrizketa: Roberto Díaz Páez

 

Ingeniari industriala da, eta ikasketak dauzka psikologia industrialean eta matematikaren irakaskuntzan. Berdintasunezko maskulinitateen arloa lantzen du Ikaskuntzako Institutu Nazionalaren Berdintasunerako eta Genero Parekidetasunerako Aholkularitza Batzordean, Costa Rican. Halaber, bere herrialdeko Sektore Publikoko Genero Berdintasunaren aldeko Gizonen Sarearen sortzaileetako bat da.

 

 

Nola sortu zen Costa Ricako Sektore Publikoko Genero Berdintasunaren aldeko Gizonen Sarea eratzeko ideia? Zenbat erakundetako gizonek hartzen dute parte? Zein xede dauzka?

2014ko ekainean, Lanaren Nazioarteko Erakundeak tailer bat eskaini zien erakunde publikoetako funtzionarioei, «Gizonekin laneko sexu-jazarpenaren eta maskulinitate sexistaren arloan esku hartzeko gida» izenekoa. Mikel Otxotorena Fernandez adituak eman zituen tailerrak.

Hala, esperientzia horrek piztutako sentsibilitatean eta tailerrak funtzionario publikoekin errepikatzeko konpromisoan oinarrituta, haien erakundeetan genero-berdintasuna sustatzen jarraitzeko xedez elkartzea planteatu zuten jatorrizko tailerrean parte hartu zuten batzuek.

Erakunde batzuetan, oso giro ona sortu zen gai horiek jorratzeko genero-unitate edo -mekanismoetan, eta, beraz, 2014ko urrian, 20 bat funtzionarioz osaturiko talde bat elkartu zen, lan-eremuan genero-berdintasuna lortzearekin zerikusia duten gaien eta gizonok berdintasuna sustatze aldera izan dezakegun eginkizunaren inguruan gaitzeko eta sentsibilizatzeko lanarekin jarraitze asmoz.

Antolatzea erabaki genuen, eta, egun hartatik aurrera, Sektore Publikoko Genero Berdintasunaren aldeko Gizonen Sare izendatu genuen geure burua. Oraindik orain, ahalegin handiz eta benetako pasioz egiten dugu lan, eta hilero elkartzen gara, geure burua berrikusten jarraitzeko eta herrialdeko erakundeetara mezua eraman ahal izateko, hitzaldi laburren nahiz tailer luzeagoen bidez.

Presidentetza Etxeak sarea ofizial egiteko dekretua noiz emango zain gaude oraindik; hortaz, batzuetan zaildu egiten da hileko bileretan parte hartzeko baimena lortzea. Zentzu horretan, oro har, 14-15 gizon inguru elkartzen gara, baina gehienek «ordezko» bat daukate. Beraz, sarearekin konprometitutako 25 bat gizonez ari gara hizketan, zeinek 15 erakunde ordezkatzen dituzten.

Funtsean, Sareak hasieran zituen lau xedeak dauzkagu oraindik ere; hau da:

- Gizon funtzionario publikook gure maskulinitateen inguruan hausnartzeko toki bat edukitzea, horixe izan dadin gure erakundeetan genero-berdintasuna sustatzeko xedez barrura begira egiten ditugun ekintza guztien oinarria.

- Erakunde publikoetako gizonekin eta gizonengandik lantzea matxismoak antolaketa-kulturan nahiz Costa Ricako erakunde publikoen aginte konstituzionalaren eginkizunetan eta lorpenetan duen inpaktua.

- Genero-berdintasuna sustatzen duten gizonen sare instituzionalak sor daitezen bultzatzea.

- Erakunde publikoetako genero-berdintasunerako eta parekidetasunerako unitateekin, sexualki anitzak diren pertsonen berdintasunerako eta diskriminaziorik ezarako batzorde instituzionalekin, Emakumeen Institutu Nazionalarekin eta gure xedeekin bat egiten duten erakunde estatalekin nahiz ez-estatalekin ekintzak antolatzeko mekanismoak sortzea.

 

Zure ustez, berdintasunak zer-nolako egoera dauka Costa Rican? Zein aurrerapauso egin dira azken urteotan? Non daude desberdinkeria handienak? Eta erresistentzia handienak?

Nire ustean, gure herria, gaur gaurkoz, oso urrun dago hainbeste desio dugun berdintasunetik. Lege-arloan zenbait urrats eman dira, nazioarteko adierazpenekin eta mekanismoekin bat egiten dutenak; hala nola, parekidetasuna herriak hautatutako postuetan eta erakunde publikoen zuzendaritzetan. Alabaina, generoko desberdinkeria eta indarkeria gure gizarteko eremu guzti-guztietan agertzen dira, eta, hortaz, baita lanekoan ere. Funtzionario publiko gisa, bileretan onartu egin dugu gatazkak edo botere-gehiegikeria daudenean genero-desberdinkeria agertzen dela; zalantzarik gabe, sexuagatiko erasoen eta sexu-erasoen bidez, laneko jazarpenaren bidez eta emakumeen duintasunaren aurka egiten duten diskriminazio mota guztien bidez agertzen da. Gainera, zoritxarrez, gure erakundeetan pertsona asko diskriminatzen dira oraindik haien sexu-joera, genero-identitatea, desgaitasuna, etnia eta bestelako faktoreak direla-eta.

Ezin dezakegu ahaztu matxismoa botere-gehiegikeria gisa mugitzeko dinamikak laneko harremanetan ere agertzen direla. Dinamika horiek, bada, askotariko arazoak sorrarazten dituzte lan-arloan, emakumeei zein gizonei eragiten dietenak, berezitasunak berezitasun eta desberdintasunak desberdintasun.

Horregatik uste dugu premiazkoa eta ezinbestekoa dela gizonek erakundeetan berdintasunezko kultura eraikitzeko prozesu guztietan parte hartzea. Erresistentzia gogorrenak historikoki boterea izan duten sektore edo eremuetan topa ditzakegu. Gizon asko daude nahiago dutenak berrikuspen- eta hausnarketa-prozesu orori aurre egin, «tortillak bira eman du, eta orain emakumeek dauzkate abantaila guztiak, legea gizonen aurka dagoelako» leloaren pean. Lana zaildu egiten da, agerikoa denez inork ez dielako bere pribilegioei bat-batean uko egin nahi. Hortaz, gizonok gizarte patriarkal honetan ordaintzen ditugun kostu emozionalak azaldu behar ditu Sareak, pentsaera zabaltzeko prozesuari bide egin nahi badiogu eta gizonek aldaketarekin bat egitea eta maskulinitate berdinzaleagoetarantz abiatzea nahi badugu.

 

Sektore publikoan, nola zehazten dira desberdinkeria horiek? Badago berdintasunaren aldeko legerik? Baliagarriak dira? Neurri zuzentzaile berriak beharko lirateke?

Uste dut informazio berri gutxi dugula, okertzeko beldurrik gabe baieztatu ahal izan dezagun nola zehazten diren desberdinkeriak. Hori bai, behaketek esaten digutenez, eskala hierarkikoetan zenbat eta gorago egin, orduan eta gizonezko buru gehiago daude. Eremu batzuetan, gizonen presentzia ikaragarria da: garraio-, segurtasun-, lorezaintza- edo konponketa-zerbitzuetan, adibidez. Eta are handiagoa da, % 100ekoa dela ez esatearren, garbiketaren eta sukaldaritzaren arloan. Ikaskuntzako Institutu Nazionalean eta beste erakunde batzuetan, antolakundeen diagnostikoa egiten hasi dira, betiere genero-ikuspegia aplikatuta. Nazio Batuen Garapenerako Programak gidatzen ditu diagnostiko horiek, enpresen eta antolakundeen genero-adierazleen sistemaren bidez. Bada, diagnostikookin erakundeetako genero-arrakalak agerian jartzea espero dugu.

 

Sektore publikoko gizonei zuzendutako lan espezifikoa planteatzen duzue. Zein ekintza planteatzen dituzue? Erakundeetan babesik topatzen duzue? Sektore feministekin badago aliantzarik?

Elkarri eusten dioten eta, aldi berean, elkar elikatzen duten eta harremanetan dauden erreferentziazko lau ikuspegi dauzkagu:

- Giza eskubideak: legezko esparru aldarrikatzailea geure egitea.

- Feminismoaren aldekoa: emakumeek gure sistema patriarkaletan zapalketaren, indarkeriaren eta desberdinkeriaren biktima gisa duten tokia aitortzea.

- Sexismoaren aurkakoa: sexismoa onartzea eta gizonek nahiz maskulinitate patriarkalek historikoki izan duten tokia birpentsatzea.

- Gizon berdinzaleak: emakumeekin eta besteak beste sexu-joera, sexu-identitatea, desgaitasuna, adina, etnia eta nazionalitatea direla-eta historikoki diskriminatu izan diren taldeekin berdintasunezko harremanak eraikitzea.

Ikuspegi argi horiekin bat eginez, Sareak, betearazpen-dekretu bidez ofizial egin ez bada ere, ordezkaritza etengabea dauka Costa Ricako adin guztietako emakumeen kontrako indarkeria prebenitzeko eta arreta emateko 2017-2032ko politika nazionalaren (lagunartean, PLANOVI esaten diogu) 2. ardatzaren azpibatzordean. Hor parte hartzeari esker, haurrei, nerabeei, gazteei eta helduei (funtzionario publikoak barne hartuta) zuzenduriko gaikuntza-estrategia bat onartze bidean dago.  Sentsibilizazio- eta gaikuntza-prozesuak erakunde guztietan garatzea da ideia, gaikuntza instalatua lortze aldera, maskulinitate berdinzaleen arloko prestakuntza duten gizonek jarduerak garatzen jarrai dezaten eta, are, oraindik talde antolaturik ez duten erakundeetan sareak eratu ditzaten.  Halaber, Emakumeen Institutu Nazionalaren jomuga diren askotariko taldeekin ere berdintasunaren aldeko ekintzak gara ditzaten. 

Honako hauek dira 2. ardatzak jasotzen dituen gaiak: Menderakuntzazko boterea eta kontrol matxista desagerraraztea, aitatasun afektiboak lantzea eta sexualitate informatua, atsegingarria eta erantzunkidea jorratzea. Erakundeen esparruan gaikuntza-prozesuek jarraitzeko eta horiek indartzeko aliatu estrategikoa izan nahi du Sareak.

 

2017an sinatu zenuten dokumentu batean, honako hau adierazten zen: «Gizonezkook aliatuak eta protagonistak izan behar dugu pertsona guztien eta gizarte osoaren aurkako, eta, bereziki, emakumeen aurkako indarkeria eta diskriminazio mota oro desagerrarazteko borrokan». Sektore Publikoko Berdintasunaren aldeko Gizonen Sarearen jardunean, zein toki dauka indarkeria matxistaren aurkako borrokak? Zein ekintza antolatzen dituzue, eta nolako erantzuna izaten dute?

Sareak bat egiten du gobernuz kanpoko erakundeek eta erakunde estatalek indarkeria matxistaren aurkako borroka pizteko proposatzen dituzten jarduerekin, baita azaroaren 25eko martxekin ere (horixe da Emakumeenganako eta Neskenganako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko eta Nazioko Eguna). Era berean, herrialdeko lehentasunezko kantoietan emakumeen kontrako indarkeria eta familia barruko indarkeria prebenitzeko eta arreta emateko tokiko sareetan parte hartzen duten pertsonentzako hitzaldiak ematen ditugu, eta tailerrak egiten ditugu etxean indarkeria ezartzeagatik askatasun-gabetuta dauden pertsonekin, beste askoren artean.

Gizonezkook bigarren maila batetik ekiteko lanari laguntzeko eta lan hori ikusarazteko jarduerak dira batzuk; hau da, emakumeek gidatzen dituzten lanak ikusgarri egitekoak. Beste batzuetan, ordea, protagonismoa izaten dugu, gizonek beste gizon batzuk deseraikitze-prozesuak eta berdintasunezko maskulinitateak berreraikitzeko prozesuak egiten ikustea sustatzen dugulako.

 

Latinoamerikako Maskulinitateen VII. Solasaldian, Latinoamerikako sektore publikoko gizonak elkartzen dira, sare latinoamerikar bat martxan jartzeko xedez. Zein izan zen bileraren emaitza? Eskualde-mailan, zein xede dauzkazue finkatuta?

Sekulako esperientzia izan zen! Sareko koordinatzaileak toki bat eskatu zuen VII. Solasaldian, ekitaldian parte hartzeko asmoz Costa Rican zeuden funtzionario publiko latinoamerikarrekin bil gintezen. Hasieran, Costa Ricako Sareko gizonak ginen guztiok. Bat-batean, ordea, beste latitude batzuetako kideak iristen hasi ziren, eta aulkien zirkulua haziz eta haziz joan zen, bilera egiteko ikasgela bete zen arte. Gure jatorrizko ideiak irismen latinoamerikarra zuen; alabaina, beste herrialde batzuetako gizonak ere agertu ziren, eta, apaltasuna bazter utzita, nazioartekoa bihurtu zen.

Sare sozialen talde bat sortu zen, eta bitarteko horien bidez egoten gara harremanetan. Hainbat herrialdetan egiten dituzten askotariko ekimenak ugaritzen eta sendotzen ari dira. Datorren urterako erronka zera da, herrialde guztiek onetsitako Printzipioen Adierazpena edukitzea eta koordinazio-talde gorenean herrialde bakoitzeko pare bat ordezkari baino ez egotea. Bada, ordezkari horiek arduratuko lirateke sare nazionalekin komunikatzeaz, eta sareen lanaren berri emango lukete. Bestalde, 2020an Emakumeen Institutu Nazionalak eta Justizia eta Bake Ministerioak babestutako mundu-mailako lehenengo topaketa edukitzeko negoziaketetan ari gara.