Elkarrizketa: Ana Agirre Zurutuza, Eusko Jaurlaritzako Justiziako sailburuordea.
“Zalantzarik gabe, mendekotasunean, boterean, oldarkortasunean eta nagusitasunean oinarrituta eraikitako identitate maskulinoak eragin argia du indarkeriazko delituetan”
Euskadin delituren bat egiten duten gehienen profila: gizonezkoa, gaztea …Zure ustez, zer lotura dago identitate maskulinoen eraikuntzaren eta delituak egitearen artean?
Galdera horri zuhur erantzun behar zaio. Helduen eta adingabeen kriminaltasun-indizeen arabera, delituak egiten dituztenen artean % 80 gizonak dira eta % 20 emakumeak; beraz, zerikusi argia dute sozializatzeko bide izan diren rolek: sexu batekoak edo bestekoak izateagatik emakumeek eta gizonek izan ditugun genero-rolek, hain zuzen ere. Ez naiz ausartzen delitu mota guztietarako orokortzen, baina, zalantzarik gabe, mendekotasunean, boterean, oldarkortasunean eta nagusitasunean oinarrituta eraikitako identitate maskulinoak eragin argia du indarkeriazko delituetan, eta, bereziki, emakumeen kontrako indarkeriaren edo genero-indarkeriaren delituetan. Nabarmena da, hala ere, gora egin duela emakumezko arau-hausleen kopuruak, nahiz eta egiten duten delituak bestelakoak diren: familia barrukoak, ebasketak, eta abar izaten dira; oso gutxi, ordea, indarkeriaz lapurtzea, kalteak edo trafiko-segurtasunaren kontrakoak. Oso arduratuta gaude gorakada horrekin; nola mantentzen eta transmititzen diren infrabalio jakin batzuk, batetik, nesken identitatearen eraikuntzan, eta, bestetik, mutilen identitatearen eraikuntzan.
Genero-indarkeriari dagokionez, nola baloratzen dituzu gure gizartean egiten diren delitu horiei buruzko datuak eta zifrak?
Genero-indarkeriaren arloan, estatistikak oso gutxi laguntzen didate. Esan nahi dut niretzat ez dela batere pozgarri gure inguruko gizarte batzuk baino hobeto egotea. Errealitate zitala da, iraunkorra. Eta horrek eskatzen du etenik gabe jarraitu beharra kultura jakin hori aldatzen, aldatzea lortzen ez dugun kultura hori; beraz, hezkuntzak eta zero tolerantziak bide luzea dute oraindik ere.
Berdintasunaren arloan, zer neurri espezifiko ari zarete garatzen zuen sailean? Emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan, zeintzuk lirateke Justizia Sailak dituen erronkak?
Aspalditik hasi ginen lan-ildo batzuk lantzen: prestakuntzari buruzkoak, gure estatistiketan sexuarena aldagaia sartzeari buruzkoak eta kontratazioan berdintasun-klausulak sartzeari buruzkoak, besteak beste. Horietaz gain, erronka nagusi bat dugu: gure sailean berdintasuna sustatzea eskakizun bat da, betebehar bat, gure eguneroko jarduna legezkoa izateko betebeharra bezala; ez dago gure eremutik kanpora, ez gugandik at ere. Administrazioan emakumeak gehiengo izateak ia guztia eginda dagoelako ideia indartzen du, eta akatsa dela uste dut.
Emakunderen Gizonduz programaren ikastaro batean parte hartu zenuen iaz, Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailak antolatutako batean. Zer nabarmenduko zenuke?
Ikastaroan parte hartu zutenen gogobetetze-maila handia azpimarratuko nuke. Nahiko nuke aurten ere esperientzia bera izatea eta "eta nik zer egin dezaket" ideia ereiten jarraitzea. Gai honen inguruan, zer jarri behar dut zalantzan, zer aldatu behar dut ?
Emakumeen kontrako indarkeria prebenitzearen arloan, genero eta maskulinitateen arloko prestakuntzak zer eman diezaioke Justizia Sailari?
Hain zuzen ere, oso baliagarria da jakin dezagun eta barneratu dezagun zein garrantzitsua den genero-ikuspegia eta maskulinitateen ikuspegia txertatzea emakumeen kontrako indarkeriaren arloan egiten ditugun jardueretan, horrela lortuko baitugu jarduerok zuzenagoak eta eraginkorragoak izatea. Oraindik ere asko egin behar dela eta egoera aldatzen lagundu dezakegula erakusteko ere balio du.
Genero-indarkeriaren delituei buruz behin eta berriz agertzen den gai bat salaketa faltsuena da, nahiz eta, datuen arabera, delitu mota horiek beste batzuk baino gutxiago izango liratekeen. Gai horri buruz zer datu du Eusko Jaurlaritzak?
Salaketa faltsuak testuinguru batean jarri behar dira, eta arlo honetan, ez dira bereziki esanguratsuak. Horrek ez du esan nahi garrantzirik ez dutenik, badute eta. Maltzurkeria dira, genero-indarkeriaren kontrako berme-sistemekiko abusu bat. Kualitatiboki, bumeranen pare, kalte izugarria eragiten diote berdintasunean aurrera egiteari eta genero-indarkeriaren kontra elkarrekin borrokatzeari. Guztiz erauzi behar dira, haien kontra egin behar da.
Berdintasunari dagokionez, aldatu beharreko asko dago, oraindik ere. Baina zer da zailago: legeak aldatzea edo pertsonak aldatzea?
Pertsonak eta kulturak aldatzea beti da zailago. Gizarte batek denbora asko behar du belaunaldiz belaunaldi kultura, keinu eta jarreren bidez transmititu diren zamez askatzeko.
Etorkizunari begira, baikor zaude? Ezkor?
Beti baikor, baina ez naiz inozoa. Ezkortasunak geldiarazi egiten du, ez du ezer eraikitzen. Zalapartarik gabe, baina uste dut berdintasun-politikak lagungarri direla beste identitate batzuk sortzeko, balio zaharrak kanporatzeko, eta, azken batean, kultura aldatzeko baldintzak sortzeko, gizarte zuzenago eta berdinzaleago batera iritsi ahal izateko.