Elkarrizketa: Hilario Sez

Hilario Saezi egindako elkarrizketa. Berdintasunaren aldeko Gizonen Foroko kidea da, eta biolentzia matxisten kontrako gizonen manifestazioaren X. urtemuga ospatzeko Sevillan urriaren 20tik 22ra egindako ekitaldien antolatzaile-lanetan ibilia.

2016ko urrian, Berdintasunaren aldeko Gizonen Foroak biolentzia matxistaren aurkako gizonen lehenengo manifestazioa antolatu zuen. Hamar urte igaro ondoren, zertan aldatu da gizartea? Zuen ustez, zein izan dira aurrerapen handienak biolentzia matxista kentzeko? Eta horren kontrako erresistentziak?

Hamar urte hauetan, aurrerapen handiak egon diren arren, une hauetan “genero-indarkeria”ren markoa gainditzen ari da: horixe da aurrean dugun aldaketa nagusia. Lehen, erailketen edo bikotearen barruko ohiko tratu txarretan baino ez zen jartzen fokua, eta esku hartu ahal izeko baldintza bat bete behar zen: biktimek aurretik salaketa jartzea. Orain, “biolentzia matxistak” dira markoa, eta beste biolentzia batzuetan ere jartzen da fokua, hala nola, biolentzia sexualetan edo pertsonen salerosketan, bai eta eguneroko biolentzietan ere (kaleko edo laneko jazarpena...). Marko horren barruan, esku hartzeek gizabanakotik haratago joan behar dute, biolentzia horren oinarri diren egiturazko kausei eta jokabide kolektiboei heltzeko. Horrela jokatuz gero soilik bete ahalko dugu prebentzio-lana, beharrezkoa dena gure gizartean hain sakon errotuta dagoen arazoarekin amaitzeko.

Biolentzia matxisten marko berri horretan, erabakigarria da gizonok jokatu beharreko eginkizuna. Matxismoa gehien errepikatzen dugunaren lana baita matxismoa kentzea. Eta oraindik ere erresistentzia handiak daude, batez ere sektore erreakzionarioen aldetik. Berdintasunaren beldur dira, pentsatzen dutelako emakumeek berdintasuna lortuz gero, guk haiek tratatzen ditugun bezain gaizki tratatuko gaituztela. Gainera, Donald Trumpen kasu paradigmatikoan ikusten ari garen bezala, neomatxismoa politikoki erabiltzen ari dira neokontserbadurismoa eta neoliberalismoa hain erraz heltzen ez zaien sektore sozialen artean berdintasunaren aurkako mezu erreakzionarioa hedatzeko (genero berdintasunareni dagokionez eta oro har).

Baina gero eta gizon gehiagok ulertzen dugu Berdintasuna justizia-kontua dela eta geuk ere badaukagula zer irabazi haren alde eginez gero. Jarrera ideologiko aurrerakoietatik eta kondizio sozial, sexual edo kolonialegatiko azpialternatitatetik abiatuta, gero eta gizon gehiago sentitzen gara aldarrikapen feministek interpelatuak, nahiz eta sentimendu hori oraindik ez den identitate politiko gisa gauzatu.

Saramagok adierazi zuenez, beharrezkoa da gizonak kalean agertzea tratu txarraren eta biolentzia matxistaren aurka. Ideia hori jaso zenuten orduan... Nola baloratzen duzue gaur egun dagoen partaidetza zentzu horretan? Lortu al da gero eta gizon gehiagok beren gain hartzea biolentzia matxistaren arazoa, beraiena balitz bezala?

Hamar urte hauetan, zera lortu dugu: biolentzia matxisten aurkako mobilizazio sozialean gizonen partaidetza anekdotikoa ez izatea, eta esanguratsua izaten hastea. Gizonon gutxiengo batek apurtu dugu isiltasuna, konplize bihurtzen baikintuen, eta bat egin dugu mobilizazioekin. Hitzordu handietan ez ezik (joan den azaroaren 7ko edo azaroaren 25eko manifestazioetan, esaterako), bestelako protesta-elkarretaratzeetan ere gizon askotxo agertzen gara, hala nola, gizon batek tamalez emakume bat erailtzen duenean egiten direnetan. Gainera, gero eta gizon gehiago agertzen gara espazio feministetan, feminizidioetatik haratago joz.

Dena den, oraindik ere gizon gehienak ez dira pertsonalki inplikatuta sentitzen. Gizon horiei bidali nahi diegun mezua Saramagoren Ensaio sobre a Cegueira liburuko esaldi batekin ilustratu daiteke: “Begiratu ahal baduzu, ikusi. Ikusi ahal baduzu, erreparatu”. Gaur egun, biolentzia matxistaren arazoa ikusten ez dutenek ez da ezjakintasunez, baizik eta beste zerbaiti begiratzen diotelako (ustezko salaketa faltsuei edo ustez tratu txarrak jasaten dituzten gizonei). Baina nahiz eta gehien-gehienok ez garen errealitatea ukatzen ibiltzen, oraindik ere oso gutxik erreparatzen diogu fenomenoaren garrantziari: ia laurehun mila emakumek poliziaren babesa behar dute. Ez gara jabetzen ere biolentzia hori baliatzen dela desberdintasunari eta gizon guztiok gozatzen ditugun pribilegioei eusteko, “on-plantak” egiteko baino ez bada ere tratu txarrak ematen dituztenak bezain gaiztoak ez izateagatik.

 

Zuen ustez, nolako bilakaera izan dute Espainiako Estatuko Berdintasunaren aldeko Gizonen taldeek? Zein unetan daude orain?

Hamar urte hauetan ,“Berdintasunaren aldeko Gizonen” erreferente bat finkatu da, eta horrek bestelako maskulinotasun-eredu bat sortzen lagundu du, bai eta gizona izateko “benetako” modu bat baino gehiago dagola zalantzan jartzen ere. Berdintasunaren aldeko gizonen taldeak eta kolektiboak jada ez dira anekdotikoak. Hasiera batean, eztabaidagaia nahikoa kontzeptu akademikoa zen: “maskulinotasuna”; eta eztabaida hori taldetan garatzen zen, genero kondizioari berari buruzko gogoeta pertsonala egiteko helburuz. Egoera horretatik beste etapa batera igaro gara, eta gizarte-mugimendu bat sortzea lortu dugu (edo “mugimendutxoa”, batzuek dioten bezala). Orain, eztabaidan, berdintasunaren alde dauden gizonak subjektu politikotzat jotzen ditugu. Nire ustez, hemendik aurrera, beste etapa batera igaro behar dugu, non kontu hori bera (hau da, berdintasunaren alde gauden gizonok jokatu beharreko eginkizuna) feminismoen barruan planteatu behar den. Gizon berdintzaileak izaten hasi ginen, geroxeago berdintasunaren aldeko gizonak bihurtu ginen, eta, orain, gizon feministak bilakatu behar dugu; azkenean, geure buruari feministak besterik gabe izatea planteatu ahal izateko.

Etapa-aldaketa batean gaudelako irudipena izanda, hazkunde- eta konexio bide berriak topatu behar ditugu. Ekitaldietan, aurpegi berriak ikusi ditugun arren (batzuk oso gazteak), oraindik ere “ospetsu” zahar gutxi batzuon esku daude protagonismoa eta antolakuntza, eta renove plan baten beharra daukagu, erronka ez baita berdintasunaren aldeko gizonon diskurtsoa orain prozesu honetan sartzen ari diren gizonengana eramatea.

 

Berdintasunaren aldeko Gizonen talde guztien agendan, urriaren 21a jotzen zen biolentzia matxistaren kontrako gizonen mobilizazioen deialdia egiteko egun komuntzat. Zer mobilizaziotarako dei egiten dira? Noraino heltzen dira? Beharrezkoa al da egun berezi bat horretarako, mugimendu feministak planteatzen dituenez gain?

Antolakunde eta kolektibo desberdinok antolatzen ditugun elkarretaratzeez eta berdintasunaren aldeko gizonen zirkuluez gain, aurten, Berdintasunaren aldeko gizonen manifestazioaren X. urtemuga ospatzeko ekitaldiak antolatu ditugu Sevillan. Hala, Gizonei eta Biolentzia Matxistei buruzko jardunaldi batzuk egin ditugu, Sevillako Unibertsitatean, non gizonekin esku-hartze espezifikoak egiteko programa eta esperientzia desberdinak izan ditugu hizpide. Horrez gain, biolentzia matxistaren aurka gauden gizonon beste manifestazio baterako deialdia egin dugu, bide batez, Jose Saramagori hura gaixotu aurretik ere egiteko asmoa genuen omenaldia egiteko aprobetxatuz, bera izan baitzen ekintza horren inspirazio-iturria. Amaitzeko, emakumeen eta gizonen topaketa feminista bat egin genuen, gizonok espazio feministetan sartzeko moduaz gogoeta egiteko.

Biolentzia matxisten aurkako gizonon mobilizazioen deialdiarekin ez dugu egun alternatibo bat sortu nahi, ezta inongo protagonismoren bila lehiatzen ibili nahi ere, protagonistak mugimendu feministek izan behar baitute, betiere emakumeak lider dituztela. Ez da kasualitatea urriaren 21 aukeratu izana, behar beste aurrerapenez eta azaroaren 25era arteko behar besteko denbora tartearekin (eta ez abenduaren 16a, Lazo Zuriaren kanpaina bezala), gizonak gonbidatzeko parte hartzera emakumeen kontrako biolentzia errotik kentzeko nazioarteko eguneko mobilizazioetan. Ildo horretan, berdintasunaren aldeko gizonen foroak egindako ekintza guztien amaieran, emakume feminista batek egiten du azaroaren 25eko mobilizazioetan parte hartzeko deia; azkenengoan, Teresa García Sevillako 7N Plataformako bozeramailea eta Pilar del Río Saramago Fundazioko kazetaria aritu ziren.

Aukeratutako datari dagokionez, aipatu behar da deialdi guztietan ahots kritikoak agertu direla feminismoen sektore batzuetatik. Kasu honetan bezala, ahots horiek oso minoritarioak dira. Baina horrek ez du esan nahi haien argudioetariko batzuk baliotsuak ez direnik. Egia esanda, ez nago ados protagonismoaren inguruan egiten diguten kritikarekin. Izan ere, urtero ekitaldi bat eta hamar urterik behin manifestazio bat egiteak ez ditu estaliko feminismoak ia hiru mendeetan egindako milaka ekitaldi, protesta eta manifestazio. Bagabiltza gizon konprometitu batzuk feminismoetan, non ibilbide bat izateaz gain, ekarpen esanguratsuak egiten ditugun. Eta batzuetan irudipena dut ukatu nahi dutela ahots horren aitorpena. Baina ados nago, bestalde, ez dela beharrezkoa guk behin eta berriz manifestazioetarako deialdiak egitea. Eta ni neu ez naiz bueltatuko hamar urte igaro arte.

 

2001ean Jerezeko Udalaren programa jarri zen martxan, eta harrez geroztik erakundeek gizonei zuzendutako zenbait ekimen gauzatu dira. Zuen ustez, nahikoak al dira? Zer eginkizun bete behar dute erakundeek gizonak emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzeko lanean jartzeko?

Nazioarteko Agendan sartuta dago, 1994ko Beijingo Konferentziatik, gizonak eta mutikoak emakumeen aurkako biolentziak errotik kentzearen aldeko borrokan murgiltzea. Harrez geroztik, nazioarteko organismo-maila guztietan, eta lege eta zuzentarau askoren bidez, botere publikoei gizonei zuzendutako genero-politika espezifikoak gara ditzaten eskatu da. Berdintasuna sustatzeko beste horrenbeste neurrirekin gertatu den bezala, sistematikoki bete dira gizonak borroka horretan sartzera zuzendutakoak .

Berdintasunaren aldeko gizonen “mugimendutxoak” lortutako arrakastetariko bat da izan da, hain zuzen, Espainiako Estatuko administrazio batzuek politika mota horren aldeko apustua egitea. Jerezeko programa lehena izan zen, baina haren ondoren Sevillan, Euskadin, Bartzelonan garatu zirenak eta Berdintasun Ministeriorena ere mugimendu horrekin lotutako gizonengan inspiratu ziren, administrazioen barrutik zein administrazioetatik kanpo. Oro har, behar bezala garatu ez diren arren, uste dut emaitza onak erakutsi dituztela eta nolabaiteko inpaktua; eta ezin da gauza bera esan, ordea, beste berdintasun-politika batzuei buruz.

Sevillako Psikologia Fakultatean, urriaren 20an eta 21ean, “Gizonak eta Biolentzia matxistak” lelopean egindako jardunaldietan, panorama kezkagarria azaldu da, gizonekin esku hartzeko programen ikuspuntuari dagokionez. Euskadiko eta Bartzelonako programek bakarrik daukate nolabaiteko entitatea. Nire ustez, Gizonduz programak –dudarik gabe garrantzitsuena– izandako murrizketek zaildu egiten dute hark esku hartzeko sortutako potentziala aprobetxatzea. Prestakuntza-programa murrizten da, haren balioren parte handi bat galduko du.

Badirudi Feminismes-eko zinegotzia abalatzen ari dela Bartzelonako Udalaren programa. Baina irudipena dut ez duela betetzen eduki beharko lukeen zeharkako eginkizuna. Jada ez daude gainerako programak. Lehen, toki administrazioek eta beste erakunde publiko batzuek finantzatutako zenbait esku-hartze egin ziren (tailerrak, hitzaldiak, eta abar): zirimiri moduko bat izan zen, lurra gehiegi busti ez zuena, lehor samarra baitzegoen gai horretarako. Orain, lehortea dugu, murrizketek benetako basamortua bilakatu dutelako panorama.

Erakundeak eta haien politikoak nahikoak ez diren arren, eskarmentuak esan digu haiek gabe ez dagoela aldaketa sozialik lortzerik. Horregatik, nire ustez, premiazkoa da feminismoek eta berdintasunaren aldeko gizonok anbizio handiko proposamen koherente bat planteatzea, gizonei zuzendua, genero berdintasunaren gaineko politiken inguruan.

 

Aurten, 21ean, urtemuga ospatzeko manifestazio bat egin zen. Zein lelo izan zuen? Zein helburu?

Jerezen, 2001ean egin zen Gizonen Taldeen Estatuko lehenengo topaketan, taldeok eta kolektibook “Isilik geratuz gero, konplizeak gara” eslogana erabili genuen, hau da, 2006ko manifestazioan erabili genuen lelo bera. “Matxismoak hil egiten du” ere asko hedatu da urteotan.

Hamargarren urtemugako manifestaziorako, “#matxismoa biolentzia da” aukeratu dugu. Gure ustez, heldu da garaia planteatzeko salatu behar dela matxismoa biolentzia dela eta gizon guztiok inplikatuta sentitu beharko genukeela. Jabetzen gara gizon asko (baita Berdintasunaren alde gaudenok ere) ez dutela uste matxismo oro biolentzia denik. Defentsiban egoten erantzun beharrean, gustatuko litzaiguke geure buruari galdetzen hastea zer neurritan geure eguneroko matxismoak ere biolentziak diren.

Manifestazioaren deialdiak arrakasta handia izan du. Sevillan egiten diren beste batzuen aldean, biolentzia matxisten kontrako gizonon manifestazioa izan da hirian egin den manifestazio feminista handienetariko bat, eta azaroaren 25ekoarekin edo funtsezko eskubideak aldarrikatzeko deitutako beste batzuekin konparatzeko modukoa (abortuaren aldekoak, esaterako). Arrakasta hori are esanguratsuagoa da, jende ospetsuaren laguntza mediatikoa apenas izan gabe lortu delako (ez 2006an bezala, orduan Jose Saramago, Pilar del Rio edo Pedro Zerolori esker lortu baitzen). 2016ko deialdiak lortutako erantzun masiboa aitortutako izaera feministaren ondorioa izan da, 7N Plataformak abalatua, eta gizarte-mugimenduen, gizarte zibilaren eta Sevillako hiritarren erantzunari esker gertatu da, horiek guztiek bere egin baitute berdintasunaren aldeko eta biolentzia matxisten kontrako gizonen diskurtsoa.

 

Manifestazioarekin batera, 22an, berdintasunaren aldeko gizonen taldeen topaketa-gunea sortu zen, Berdintasunaren aldeko Gizonek feminismoetan jokatu beharreko eginkizunari buruz. Zer helburu ezarri zenuten topaketa horretarako? Zer gai landu nahi duzue? Sevillan, Agora Feministan parte hartzen du Berdintasunaren aldeko Gizonen Foroak, emakumeen talde feministekin batera. Nola baloratzen duzue espazio komun hori? Zer erronka planteatzen die gizonen taldeei?

Gizonak espazio feministetan sartzeko prozesua konplexua da, eta gatazkatsua. Pertsonon gorputzetan eta buruetan dago inskribatuta generoa. Ez ideietan soilik. Kontua ez da soilik ideia feministak ikastea. Espazio feministetan gizonezko gorputzak ibiltze hutsak genero-harreman desberdinen eta zapaltzaileen errepikapen isila da. Eta oso arraroa da gizonok hitz egin aurretik entzuteko prest egotea. Dena den, maskulinotasunak ez dira gizonen kontua soilik (hegemonikoak, tradizionalak edo berriak barne). Inor ez dago, gizona izateagatik, maskulinotasun-eredu hegemonikoa errepikatzera kondenatuta; norberak eredu horren dekonstrukzioa egiten lagundu dezakeelako, bere esperientzia pertsonala baliatuta. Gizonak espazio feministetan sartzeak feminismoen potentzial eraldatzailea areagotu dezake, bi zentzuetan.

Joan den urriaren 22an, gizonok espazio feministetan sartzeko esperientzia bat izan genuen La SinMiedon. Topaketa feminista horretan, 35 lagun elkartu ginen (25 gizon eta 10 emakume). Antonio Moreno eta Lita Gómez bikain aritu ziren dinamizatzaile-lanetan. Geure nahiak eta beldurrak esploratu ondoren, amaieran konturatu ginen geure errezeloak aitortzea dela eman beharreko lehenengo urratsa. Niretzat, esperientzia hori prozesu baten amaiera izan zen: mugimendutxo honen historia txikia markatuko duten ekintzen amaiera.