Elkarrizketa Mariano Nieto Navarrori. Martxoaren 19ko kanpaina #Aitak+.
Aurkezpena:
57 urte ditut, eta badira 28 urte bikotekidearekin bizi naizela. Alaba bi eta seme bat ditugu: 27, 24 eta 18 urtekoak, hurrenez hurren.
Itsasontzi-ingeniaritza ikasi nuen, eta egun, patente-aztertzailearen goi mailako teknikari funtzionarioa naiz, Patente eta Marken Espainiako Bulegoan (Industria Ministerioaren erakunde autonomoa).
Red de Hombres por la Igualdad sareko kide naiz, 2010ean sortu zenez geroztik.
2012an, PPIINA plataforman Sarearen ordezkari/kolaboratzaile izateko "izendatu" ninduten. Gau egun, plataforma horretako zuzendaritza-taldekoa naiz.
Aita izan zinenean, nola planteatzen zenuen haziera?
Zaintza material eta afektibo gisa, umeen garapen pertsonalean lagunduz, alboan egonez.
Zer egiten zenuen aita berdinzale bat izateko saioan? Orain beste modu batera ikusten duzu aitatasuna?
Saiatu nintzen % 50 partekatzen umeen zaintza materiala osatzen duten zeregin guztiak, baita etxeko lanak ere. Ardurekin eta zaintza afektiboarekin ere hala egin nuen (umetxoak asko hartzen nituen besoetan, baita bularraldea biluzik nuela ere). Nahiz eta % 50era ahalik eta gehien gerturatzen saiatu, ez nuen lortu: lanorduak ezinezkoak ziren, eta lanaldiak, amaigabeak. Nire bikotekideak zituen lanetan ordutegi-eskakizunak ez ziren horren zorrotzak, eta, horregatik, hark bereganatu zuen nik hartu ezin nuen guztia. Behin baino gehiagotan aldatu nuen enpresa, ordutegi hobeen bila, baina ez nuen ezer lortu. 1999an, oposizio bat egin nuen Industria Ministerioko funtzionario izateko, horixe baitzen aukera bakarra enpresa pribatuetako ordutegi eta lanaldi amaigabeen arazoa saihesteko. Hortik aurrera, dena aldatu zen: diru gutxiago, baina denbora gehiago ni ere zaintza lanetan aritzeko.
Ohartuta nago, gero eta gehiago, baldintza materialek (besteak beste, aitatasun-baimenik ez izateak eta zentzuzko lanaldi eta lanorduak ez izateak) zenbateraino eragiten duten aita izateko modu honetan: urrunetik eta seme-alaben bizitzan egon gabe bizitzen den aitatasuna. Jabetuz joan naiz zer den aitatasuna: egunero egunero hor egotea eta seme-alaben bizitzaren haria ez galtzea. Denbora gutxi, baina "kalitatezkoa" ematearena ez da guztiz egia. Izan ere, hor egon behar da, janaria egiten edo komunak garbitzen ez bada ere, zure umeek sentitu zaitzaten eta haien mundura eraman zaitzaten, haien elkarrizketetan parte har dezazun eta haiek zure elkarrizketetan sar daitezen. Desikasi egin behar izan ditut "denbora baliatu behar da" edo "denbora urrea da" gisakoak, eta ikasi egin behar izan dut beharrezkoa dela egoteko denbora izatea—besterik gabe—, eguneroko erreferentzia bat izan gaitezen seme-alabentzat.
Orduan zerk lagunduko zintuzkeen aitatasun-prozesuan? Eta orain?
Niretzat lagungarria izango zatekeen gertuko aita bat izatea egunerokoan, umetatik hori ikasi ahal izateko. Lagungarri izango zatekeen nire emozioak gehiago erakusten eta nire iritzi "objektiboak" gutxiago erakusten jakitea. Lagungarri izango zatekeen zentzuzko ordutegiak eta lanaldi laburragoak izatea. Lagungarri izango zatekeen aitatasun-baimen luzeago bat izatea, nire umeekin lotuago egoteko, hasieratik.
Zure ustez, zer da zailena aitatasun arduratsu baterako?
Uste dut zailena rol maskulino tradizionaletik ikasitako balio-eskala desegitea dela, iruditeria aldatzea: babesle-hornitzaile izateari utzi, zaintzaile-laguntzaile izateko. Enpresen aurreiritzi eta praktiken kontra borrokatzea ere zaila da: ordutegi amaiezinak, "presentismoa", lanaldi amaieran tabernan izaten diren erabaki-bide informalak, enpresarekin eta zure "karrera" profesionalarekin ustez "konpromisorik" ez izateagatiko zentsura, "eta zer gertatzen zaio zure emazteari?" gisako galderak, eta abar.
Zure iritziz, aita batek zer egin behar du berdinzale izateko?
Lehenik eta behin, beste gurasoarekin % 50 partekatu behar ditu zaintza materialeko zereginak (zereginak gauzatu, eta arduratu: antolatu). Bigarrenik, zaintzen dimentsio afektiboa % 50 partekatu. Azken horrek esan nahi du etxean eta neska-mutikoen espazioetan egotea, eta haiengatik benetan arduratzea, buruan ditugun lehentasunak aldatzea, lanari buruz pentsatzen egoteari uztea, elkarrekintza balioestea eta umeekin daukagun harremanean gozatzea.
PPIINA plataforman, zer urrats jotzen dituzue beharrezko aitatasun arduratsu bat bultzatzeko?
PPIINA antolakunde bat da, eta aldarrikapen bakarra du: amatasun- eta aitatasun-baimenak legez parekatzea. Hori inola ere ez da nahikoa aitatasun arduratsua lortzeko, baina nahitaez egin beharreko urratsa da, indar sinboliko eta pedagogiko handikoa. Batzuetan, horri kontra egiteko, gizonek aitatasun-baimena arrantzan egiteko edo futbolean aritzeko baliatuko dutela esaten da; baina besterik erakusten digute aitatasun-baimen zabalak, besterenezinak eta ondo ordainduak dituzten herrialdeek: gizonei zaintzeko aukera ematen digutenean, saiatu egiten gara, eta berehala ikasten dugu, eta oso gutxi dira ihes egiten dutenak (besteak beste, umetxoarekin bakarrik bazaude ez daukazulako alde egiterik, hala nahi izanda ere).
Bestalde, aitatasun-baimen luze batek —amatasun baimenaren pareko batek— aukera ematen du umetxoarekin emozionalki hasieratik lotzeko, eta egiaztatuta dago horrek zerikusi handia duela aitak semearekin edo alabarekin haurtzaroan eta nerabezaroan izango duen harremanean.
Beraz, PPIINAkook uste dugu parekatu egin behar direla aitatasun- eta amatasun-baimenak, eta baimen horiek besterenezinak izan behar direla, lehenbizi egin beharreko urratsa baita aitatasun arduratsu eta berdinzale bat bultzatzeko.
Berdintasunaren aldeko gizon-taldeen sareetan, martxoaren 19a jartzen da aitatasun berdinzale eta arduratsu baten alde lan egiteko erreferentetzat. Zergatik?
Erlijio-jatorria eta merkataritza-probetxua duen urteurren bat erabili nahi dugu, tradiziozko karga sinbolikoa duena, eta beste esanahi bat eman nahi diogu, eduki erraz eta, beraz, oso indartsu batez hornituz: aita ona ez da urrunean dagoen astakirtena, inoiz ez dagoena, baizik arduratsua eta berdinzalea dena.
Batzuek San Joseren figura aldarrikatu ere egiten dugu. Izan ere, herri-iruditeriak gizon koitadutzat dauka, arratoiek karraskatutako prakak dituen gizon gizajotzat; haren historiak erakusten duenez, ordea, aurre egin zien orduko aurreiritzi matxista okerrenei: ez zuen baliatu emaztea zapuzteko pribilegio maskulinoa, eta semetzat hartu zuen bikotekidearen semea. Ez zen, ez, koitadu izan; aitzitik, gizon sentibera izan zen, eta aldi berean indartsua ere bai, estereotipo maskulino tradizionalei aurre egiteko bestekoa. Ez zen gaur buruan daukagun aita berdinzalea; bai, ordea, orduko eredu maskulinotik nahiko urrunduta zegoen gizon bat.