Elkarrizketa: Pello Ulazia Ibarzabal

Oraindik ez da ohikoa gizon batek etxeko ardura nagusiak hartzea, eta orain guri tokatzen zaigu ardura hori hartzea, baina isil-isilik. Jarrera hartze aktiboa proposatzen dut, aldarrikapenaz haratago, praxiaren konpromisotik orden estetiko-politiko berriak ezartzeko asmoz.

 

1.- Hasteko, mesedez, zeure burua aurkezteko eskatuko dizugu, zu hobeto ezagutu ahal izateko.

1966an jaio nintzen, Mutrikun, Gipuzkoa. Euskal Herriko Unibertstitatean Arte Ederretako Doktorea naiz eta Deustuko Unibertsitateari atxikitutako BAM Magisteritza Eskolan Adierazpen Plastikoaren Didaktika arloko irakaslea. Aldi berean, artista jardunean aritzen naiz. Hiru seme-alaben aita naiz.

Nire azken proposamen artistikoen artean, besteak beste, ondorengoak azpimarra daitezke:

Karea proiektua (Donostiako Paseo Berrian egindako esku-hartze artistikoa) Donostiako Tabakalera gune kulturalean (CICC), 2007an.

• Eusko Ikaskuntzako XVII Kongresuan “Innovación para el progreso social sostenible” esparruan parte hartu nuen, “Ikerkuntza Proiektuen Proposamenak” atalean (2009).

• Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren babesarekin Arteleku gunean (Gipuzkoa) Nola egin arteaz? proiektua aurkeztu nuen, “Artista eragile estetiko gisa paisaiaren eraikuntza físiko eta sinbolikoan” izenburupean.

• Isilean proiektua izan da nire azkena, aitatsuna, maskulinitatea eta etxeko espazioaren dimentsio politikoa aztergai dituena. Andoaingo (Gipuzkoa) Bastero Kulturgunean dago erakusgai apirilaren 9a arte, eta inaugurazio egunean antolatutako mahai-inguruan Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politiketarako Sailburua den Angel Toña Guenagak, Emakundeko Zuzendari den Izaskun Landaida Larizgoritiak eta EHUn Artearen Historiaren Doktore den Haizea Barcenilla Garcíak hartu zuten parte.

 

2.- Orain dela gutxi “Isilean” arte-proiektua gauzatu duzu, egungo gizartean “finkatuta" dauden gizarte-ereduen inguruan genero-ikuspuntuarekin hausnartzeko aurkezten duzun proposamena da. Zerbait gehiago kontatu ideiari, helburuei buruz. Zergatik erakusketa hau?

Isilean proiektuaren hasiera orain dela hamar urte kokatzen da, gure etxean seme-alaben zaintza eta etxeko zereginen ardura nagusia nik hartuko nituela erabaki genuenean. Erabakia modu naturalean hartu genuen, emazteak lanean denbora luzea eskatzen zioten ardurak zituelako eta nire etorkizuneko proiektuak (doktore tesia) eskatzen zuen lana errazago uztartzen zelako etxean egotearekin.

Beraz, hamar urte hauetan zehar etxe barruan izan ditudan bizipen eta esperientzia estetikoak islatzen dituen kontakizun artistikoa izan nahi du proiektu honek. Bere helburu nagusia genero berdintasunean eman beharreko aldaketak bizkortu eta maskulinitatearen forma berriak sustatzea litzateke; aldi berean, ordea, etxe eta familia eremuan ematen diren lan eta harremanei begirada ezartzeko helburua du, agerikoak bihur daitezen (argazki, bideo zein eskulturen bidez). Horrela, lan eta harreman hauen dimentsio politikoa azaleratu nahi da, praktika estetikoek testuinguru sozialean duten indarraz jabetuta.

Aldi berean, kontakizun artistiko honetan, ikuspegi konplexu eta sentsible batetik, praktika hauekin lotura zuzena duten hainbat arazoen inguruko eztabaida sustatu nahi izan dut (zaintzaileen zaintza, ordainsaria, rol maskulino/femeninoen presioa...), bai ikuspegi administratibo, antropologiko zein feministatik. Beraz, Isilean proiektuak, praktika estetikoek eskaintzen duten kokapenetik, oraindik itxi gabe dugun “iraultza” edo eraldaketa sustatu nahi du.

 

3.- Zergatik “Isilean”? Zer adierazi nahi duzu tituluarekin?

Proiektuaren izenburuak etxe barruko eremuan egiten den isileko lanari egiten dio erreferentzia, eta etxeko zein gizarteko praktiketan egiteke dagoen lanaren aurrean jarduteko modu bat islatzea du helburu (“isilean arituz”). Zentzu honetan, mendeetan isilean egin den lan duin horri omenaldia egitea da asmoa.

Oraindik ez da ohikoa gizon batek etxeko ardura nagusiak hartzea, eta orain guri tokatzen zaigu ardura hori hartzea, baina isil-isilik. Jarrera hartze aktiboa proposatzen dut, aldarrikapenaz haratago, praxiaren konpromisotik orden estetiko-politiko berriak ezartzeko asmoz.

 

4.- Ohiko familiaz gain, egun badira bizikidetza-unitate eredu anitzago batzuk: bakarrik dauden gizonak, bakarrik dauden emakumeak, zaintza partekatuak (batzuetan besteetan baino partekatuagoak), sexu bereko pertsonak... Zure ustez, aniztasun horrek lagun dezake zaintzaren lanen sozializazio berdintsuagoan aurrera egiten? Nola?

Zaintzaren lanen sozializazioan baino bere kategoria edo dimentsio politikoez jabetu beharko genukeela iruditzen zait; hau da, jarduera hauek gizartearen osasunean duten eragin zuzenean. Ziurrenik, batak bestearekin du lotura: zenbat eta sozializazio berdintsuago, orduan eta hobeto beteko ditugu ardurak, baina ardura hauek duten garrantzia eta eraginaz jabetzea litzateke lehen pausua: etxea proiektu bat da, hainbat pertsonek osatzen duten proiektua, eta gure ongizatean du eragina: eguneroko bazkariek, gure inguruan ditugun objektuek, eta, bereziki, gure eta gure inguruko behar emozionalei emango diegun denbora eta dedikazioak eragin zuzena du gu guztion ongizatean.

Bestalde, ardura hauek zenbat eta familia-unitate anitzago eta ezberdinagoak hartu, orduan eta aberatsago izan daiteke, batez ere ohiko estereotipoekin bat egiten ez duten ereduak izanik, jarduteko eta bizitzeko modu berriak ere badaudela adierazteko balio duten heinean.

 

5.- Nola ikusten dituzu gazteak, mutil gazteak? Badira zenbait aldaketa positibo? Zer egin dezakegu gizonek kokapen berdintsu eta erantzunkideren aurrean erakusten duten erresistentzia gainditzearren? Eta neska gazteen kasuan? Zer ikuspegi duzu?

Badira aurrerapenak, eta emakume eta gizonek dituzten eskubideen berdintasuna aldarrikatzeko eragozpenik ez dute.

Hala ere, aldarrikapen hauek eremu profesionalari egiten diote gehienbat erreferentzia. Egoera aldatu egiten da eremu pertsonal edo ohikoagoan sartzen garenean: alde batetik, emakumeen eredu sexualizatuak indar handia du, eta eredu honekin bat egiten dute emakume askok ere, objektu sexual gisa duten balioari lehentasuna emanez. Bestalde, etxeko eremuaren inguruko hausnarketa ikusezina da, ez da existitzen. Gaur egungo gizartean ikusgai denari ematen diogu garrantzia: eremu profesionala, soziala… eta baita indibiduoari ere, bakoitzaren ongizateari. Baina isilean, etxe barruko eremuan, pertsona izateko oinarri den eremu horretan ez dugu indarrik jartzen, eta, prestigiorik gabeko lanaren kontsiderazioa duenez, bigarren baten esku uzten dugu zeregin hau, gure duintasunarekin bat ez baletor bezala.

Eremu honetan erakundeek egin dezaketen lana oso garrantzitsua iruditzen zait: batez ere prestigioa ematearekin lotura duten ekintzak izango lukete, nire ustez, eragin zuzena berdintasun erreal batean.

 

6.- Zer eragin dute halako jarduerek, Isilean, adibidez? Zer bildu duzu bisitatzen duten pertsonengan?

Nahiz eta horrelako jarduerak ez diren oihartzun handikoak (arte eremuak jasotzen duen trataera selektiboa, hartzaile minoritario bati zuzendua azaltzen zaigu artea), bi erreakzio topatu ditut: alde batetik, identifikazioa. Islatzen saiatu naizen eguneroko zereginekin identifikatuta sentitu dira, batez ere, emakume heldu asko, eta bere eguneroko lanari nolabaiteko “duintasuna” eman diedala ere adierazi didate. Aldi berean, nire egoera beretsuan egon diren gizon batzuen identifikazioa ere jaso dut, eta gure ekarpenaren, gizon garen heinean, balioa indartzeko bidea izan daitekeela ere bai. Baina beste alde batetik, begirada berriak ere sortu direla iruditzen zait: ikusgai jarri ditugu begirada galdu duten hainbat eguneroko jarduera, eta, arteak duen “magiaz” baliatuz, bere eraldatzeko potentzialtasunaz baliatuz, hainbat egoera zein elementuren esentzia estetikoa harrapatu eta irudikatu dugu, eta ohiko, arrunt eta astun egiten zaizkigun jarduera zein objektuak erakargarri bilakatu izan zaizkiela ere adierazi didate.

 

7.- Zure ustez, artearen munduak sentsibilitate berezia du emakumeen eta gizonen berdintasunari dagokionez? Zein da emakumeen eta gizonen egoera esparru horretan?

Arteak behin eta berriz erakutsi izan du konpromiso ukaezina gizarteko arazo sozialekiko, eta bereziki gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren inguruan. Bereziki aipagarria da 70eko hamarkadan arte feministak egindako ekarpena, non bere aldarria “pertsonala politikoa da” izan den.

Eta ildo horretan ikusten dut nik artearen ekarpena. Obra batek komunikatzeko duen gaitasuna bere “artistikotasunean” oinarritzen dela argi izanik, eta ez adierazten duen gaia zein ideologian, kontakizun honek ez du artea erabili etxeko objektu zein jardunak “estetizatzeko”, esperientziak bere barnean hartzen duen eta “begirada artistikoak” jasotzen duen estetika bat agerian jartzeko baizik. Isilean proiektuaren kezka artistikoa, bere lanaren definizio formalean baino, estetikotasunaren potentzialtasunean oinarritu da, ohiturak eraldatzeko duen gaitasunetik abiatuz.

8.- Amaitzeko, Gizonduz ekimena ezagutzen al duzu? Nola inplika gaitezke gizonok gizarte berdintsuago bat eraikitzeko?

Bai, ezagutzen dut, eta interesgarri izateaz gain beharrezkoa dela iruditzen zait. Bereziki aipagarria iruditzen zait programak egiten duen lan pedagogikoa oraindik matxista izaten jarraitzen duen gizarte hau interpretatzeko egiten duen saiakera: jatorria ulertu eta barneratuta ditugun jokabide zein ereduak aldatzeko sustatzen duen konpromisoa.

Azken finean, berdintasunaz hitz egitean gizarte justuago batez ari gara, eta gizarte justuagoa nahi badugu, guztion ekarpena ezinbestekoa da. Gizonok, gizartearen erdia izanik, ezin diogu bizkarra eman eskubide berdintasunean egiteke dagoen lanari, eta, orain arteko ereduak zalantzan jarri eta baztertzea ezinbestekoa da, borroka honetan guztiok irabazten ateratzen garela ohartuz.

Hau ez da bi kolektiboen arteko lehia, hau guztion lehia da, eta parte hartzeari muzin egiteak gizon izate horretan txikiago bihurtzen gaitu.