Juanjo Compairé-ri egindako elkarrizketa. Juanjo Compairé irakasle erretiratua da eta alaba bat du. HOMES IGUALITARIS (AHIGE- Catalunya) elkarteko kide da, bai eta elkartearen Estatuko koordinakundeko kide ere.
“Berdintasunaren aldeko gizonen mugimenduan ekintzak aldi berean egin behar dira; baina, horretaz gain, ekintza horiek koordinatzen hasteko garaia ere iritsi zaigu. Bai eta lan-metodologiak eta esperientziak trukatzeko garaia ere. Etorkizuneko estrategiez hitz egin behar dugu, aliantzez.”

Noiz eta zergatik sortu zitzaion Juanjo Compairé-ri berdintasunarekiko interesa?
Duela urte asko eta arian-arian. Neure bizitzaren gaineko hausnarketak egiten hasi nintzen, eta hausnarketa horiek hainbat irakurgairekin uztartu zirela esango nuke.
Baina, nire ustez, hausnarketa hori barru-barruan neraman txikitatik. Aita maitagarria izan nuen, baina otzana zen. Haurtzaroan goxotasun handia eman zidan, gorputz-kontaktu handia izan genuen. Arrebarekin eta nirekin jolas egiten zuen, gure irudimena suspertzen zuen ipuinen eta eskulanen bitartez. Irakasle ona izango zatekeen (hala izan zen diru-eskasiak lanbide hori uztera behartu zuen arte).
Eskolan, ziurrenik nire izaeragatik eta aitaren eragin horregatik, ez nituen ikaskideak ulertzen (denak mutilak ziren: frankismo garaia zen), borrokan egitera eta elkarri harriak botatzera jolasten ziren. Nire ustez, hazi horietatik sortu zitzaidan, gizon naizen aldetik, munduan egoteko nire moduaren gaineko hausnarketa hori.
Nire bizitzako une jakin batean alabarekin gatazka bat izan nuen; nire aitatasuna zalantzan jartzen zuen. Irakasle naizen aldetik ere, ikasleekin nituen harremanetan galdetu izan nion neure buruari nola hartzen nuen neure gain nire aginpidea (ez nire boterea). Horren ondorioz, aita eta irakasle izaki, aginpidearen gaiak bultzatu ninduen hausnarketak egiten jarraitzera.
Eta kasualitateak ez direnez existitzen, antropologiako hainbat irakurgai iritsi zitzaizkidan (karreran ikasi nuen Zientzia horren gaineko zerbait); adibidez, Donald H. Bell-en liburua. Baina Elisabeth Badinter-en liburuak eragin zidan maskulinotasunen gaiarekiko interesa. Gauza gehiago ere irakurri nituen gerora. Zera konturatu nintzen, aita-rola eta irakasle-rola berraztertzen ari banintzen, gizon-rola ere berraztertu beharko nuela.
Bestela esateko, hasieran bultzatu ninduten irakurgaiak ez ziren feministak, zuzenean. Hausnarketak nigandik sortu ziren, nire esperientziatik.
Aurrerago jakin nuen Jerezen maskulinotasunari buruzko jardunaldiak egiten zirela. Eta berdintasunaren aldeko gizonen eremuko inor ezagutzen ez nuelarik, trena hartu eta hara joatea erabaki nuen; eta erabaki horrek bizitza aldatu zidan. 2001. urtea zen.
Irakaskuntzan emandako urteetan ere hausnarketa eta anekdota asko bizi izango zenituen, ezta?
Oraintxe esan dut aginpidearen (bai eta irakaskuntzaren arloan ere) gaineko hausnarketa izan zela nire hausnarketa guztien oinarri. Familiaren eta eskolaren barruan boterearen kontra euren burua berresten tematuta zeuden nerabeak nituen aurrez aurre, eta horrek zeure buruari buruz hausnartzera behartzen zaitu: nola erlazionatu zaren jakintzarekin; zein jakintza balioesten duzun eta zein ez; desberdintasun-harremanak eskolaren barruan eta nola jarduten duzun elkarrizketetan eskolan ematen dizuten behartze-boterearekin; esaten duzun hori barrutik ateratzen zaizun edo liburuetan irakurri duzuna errepikatzen duzun (nire ustez, aginpideak benetakotasunarekin, autentikotasunarekin lotura handia du).
Horrekin guztiarekin zerbait ikasi nuen, saiatuz eta huts eginez, behin eta berriz erratuz. Nire bikotekide feministarekin izandako elkarrizketetatik ikasi nuen, batik bat. Hura izan dut bidelagun urte hauetan guztietan egindako hausnarketetan. Berak (beste emakumezko lagun batzuekin batera) neure tokira itzularazi nau itzulinguruka hasi izan naizenean.
Gogoan dut, askotan, eskolan nengoelarik oihu egiten nuela errespetua eragiten saiatzeko. Ahotsik gabe geratzen nintzen. Eta orduan ematen nituen hobekien eskolak. Zeren nik honako hau esaten bainien: “Begira, marranta dut eta zuen laguntza behar dut”. Eta zenbait ikasle nire “ahots” bihurtzen ziren ikaskideen aurrean. Eta horixe bera gertatu zitzaidan gorreriarekin; izan ere, ikasleei galderak errepikarazi egin behar izaten nizkien ez nuelako ongi entzuten baina, egun batean, egoera horrekin gogaituta, bihotzetik hitz egin nien eta laguntza eskatu nien, bai eta nire egoera uler zezaten ere. Harrezkero eskolen dinamika zeharo aldatu zen. Nire ahuleziak indar bihurtu ziren.
Bazen beste gauza deigarri bat ere; gazte horiek oso jatorrak ziren haiekin banaka hitz egiten zenuenean, tutore moduan. Baina taldean zeudela, batzuetan dinamika izugarria sortzen zen. Mutil oso sentikorrek neska ikaskide baten kontrako pintada xenofoboak egiteko kanpaina antola zezaketen. Eta horri esker parekideen taldeak indar handia duela eta generoa sozializatuta dagoela konturatu nintzen eta ideia hori haiekin partekatzeaz gain, horren gainean hausnartzera bultzatu nituen.
Alaba bat dudanez, ikaskideek eta irakasleek bere eskolan nola tratatzen zuten konturatzen nintzen, eta emakumezko ikasleen lanari eta ekarpenei balioa eman behar niela pentsatu nuen. Ez gurasokeriagatik, baizik eta, egiaz, nerabezaroan behintzat, neskak hobeak zirelako, oro har. Eta horregatik, batzuetan, “feminista” deitzen ninduten zenbaitek; beste batzuek, aldiz, “maritxua”. Eta gainera, baterako hezkuntzako programaren arduradun nintzen, bitartekotza-taldeko kide, genero-tailerrak antolatzen nituen, “Herritartasunerako hezkuntza” ematen nuen ildo horri jarraiki, ikasleei beren sentimenduei buruz idazteko eskatzen nien... Hori guztia kontuan izanik, nire kideen artean “arraroa” nintzela uste zuten batzuk.
Tira, irakaskuntzan 35 urte eman ostean, anekdota eta hausnarketa ugari metatu ditut. Badakizue, irakasleok hitz eta pitz hasten garenean... Kar, kar.
Zure ustez zer aldatu da zure belaunaldiko gizonen eta gaur egungo mutil gazteen artean?
Ez dakit zer esan. Ez naiz aitonakeriatan hasiko; ez dizut esango orain okerrago gaudela. Nire ustez formak asko aldatu dira eta mutilen artean dibertsitate handiagoa dago. Mutil nerabeen gutxiengo batek ez badio markatutako bideari jarraitu nahi, orain ageriago geratzen direla esango nuke. Egia da, halaber, irakasleen lana dela gutxiengo horri balioa ematea. Nire ikasle ohiek hori irakasten didate (batzuekin badut harremana oraindik, eta beste batzuen berri izaten dut facebook sarearen bidez). Eta baikorra naiz, baina nahiago nuke gauzak azkarrago aldatuko balira arlo horretan.
Homes Igualitaris (AHIGE Catalunya) Estatu osoko erreferentziako taldea da gizonekiko lanari dagokionez; zeintzuk dira zuen lan-ildoak, proiektuak, ametsak?
Beti esaten dugu hiru hankako mahaia osatzen dugula. Hanka bat gizon taldeetan egiten den lan pertsonala da eta, gure ustez, lehentasunezko lana da hori. Bigarren hanka maskulinotasunarekin loturiko gaiei buruzko ikerketa akademikoa da. Baterako hezkuntza, erantzunkidetasuna eta denboraren erabilera, eta indarkeria landu ditugu, batik bat. Eta hirugarrenik ekintza publikoa, hau da, tailerrak, hitzaldiak, indarkeria matxistaren aurkako gizon-gurpilak, teknikari eta monitoreak prestatzeko jardunaldiak.
Gazteekin lan egiteari garrantzi handia ematen diogu, eskolaren barruan eta eskolatik kanpo. Adibidez, azkenaldian, gazteen justizia-zentroetan jardun dugu, gazteekin eta monitoreekin. Lehen aldiz aita izaten direnekin ere lan egin izan dugu, ziur baikaude aitatasuna aldaketaren eragile izan daitekeela, aitatasun kontziente eta arduratsua baldin bada. Gizon etorkinekin jarduteko lan-ildo bat ere zabaldu dugu eta itxaropen handia dugu horretan. Eta adineko gizonekin lan egitea falta zaigu.
Zer nahi genukeen? Bide luzea dugu oraindik aurrean. Katalunian gizon taldeen sare bat sortu nahi genuke. Euskadiko zuen ibilbidea oso gogoan dugu. Azaroan, azkenaldian sortu diren gizon kataluniarren taldeen arteko topaketa bat antolatu nahi dugu Sant Boi-n.
PPIINA (Plataforma por los permisos iguales e intransferibles) ere finkatu nahi genuke Katalunian, hau da, Baimen berdin eta besterenezinen aldeko plataforma bat, eskaera horrekin bat egin duten pertsona eta erakunde guztiak bilduta.
Beste gizarte-mugimendu batzuekin ditugun harremanak estutzea ere lortu nahi genuke, hala nola ekologismoarekin eta bakezaletasunarekin. Eta noski, gure herriko feminismoekiko elkarrizketan ere sakondu nahi genuke. Gure ustez, gizonen bizimoduan gehiago txertatzearren, kulturaren, jolasaren edo kirolaren arloko elkarteekin, adinekoen elkarteekin eta abarrekin harremanetan egotea oso garrantzitsua da. Harreman–sare bat osatzea da kontua, mundu berri bat eratzeko, gizakion arteko harremanen kultura berri bat. Baina hori ezin dugu guk bakarrik lortu eta, gainera, gure bide berari jarraitzen dioten mugimendu gehiago ere badira. Gure erronka estrategikoa “genero-ikuspegi integrala” izeneko dokumentuan jasota daukagu.
Aliantza horien barruan, gertukoenekin hasiko gara: gure herriko gizon igualitarioen beste taldeekin eta Estatuko gainerako herrialdeetakoekin. Horregatik, “berdintasunaren aldeko gizonen agenda komuna” osatzen jardun dugu duela bi urtetik. Eta orain, Estatu osoko berdintasunaren aldeko gizonen Topaketa antolatzen ari gara; Sant Boi de Llobregat herrian izango da, azaroaren 8an, 9an eta 10ean.
Lan hori guztia egiteko gizon boluntario sortatxo bat baino ez gaude. Elkartean ez dugu inor soldatapean, eta ahal duguna egiten dugu. Bazkide aktibo gehiago behar ditugu. Lurraldearen aldetik ere zabaldu egin behar dugu eta bazkideen aniztasuna areagotu, adinari, jatorriari eta klase sozialari dagokienez.
Beste helburu bat ere badugu: gizon mediatiko erreferenteekin kontaktuan egotea, gure mezua transmititzeko. Zuen adibidea ere gogoan dugu, indarkeria matxistaren aurkako euskal gizonen gutuna dela-eta. Baina gu lasai-lasai gabiltza...
Nola deskribatuko zenuke berdintasunaren aldeko gizonen mugimendua Katalunian?
Gora eta gora ari da, baina guk nahi genukeena baino mantsoago. Herri eta eskualdeetan talde txikiak sortzen ari direla ikusten dugu. Sabadell-en, Sant Boi-n, Pla de l'Estany-n modu autonomoan funtzionatzen dute jada; Abrera-n, elkarte mistoetan; beste zenbait tokitan gizon “aitzindariak” ateratzen hasiak dira. Horiei guztiei kasu egin nahi genieke, gure barnean hartu, baina beti ezin izaten dugu, denbora eta baliabideak falta ditugulako. Mugimendu feminista gehienekin harreman onak ditugu, bai eta “Homes en diàleg” eta “Conexus” taldeekin ere; talde horiek erreferente dira. Urtero, hiru elkarteok Fòrum contra les Violències de Gènere/Genero-indarkerien aurkako Forumean parte hartzen dugu elkarrekin.
Lehen esan dudanez, taldeen sarea osatzea lortu behar dugu lurralde osoan. Baina harri berarekin egiten dugu beti estropezu: lan handia egin behar izaten dugu gure mezuarekin gizonengana iristeko. Lan handia, nahiz eta erantzukizunak hartzeaz mintzo garen eta ez errua botatzeaz; nahiz eta lortu beharreko ongizateari ematen diogun garrantzia, pribilegioak galtzearen gainetik. Lan handia ematen digu.
Zenbait kasutan, erakundeek ahalegin handiak egin izan dituzte gizonak berdintasunaren aldeko borrokan txertatzeko eta hori oso garrantzitsua izan da. Gizonei zuzendutako berdintasun-politikei dagokienez, Kataluniako erakundeak zenbateraino daude inplikatuta?
Erakundeen laguntza desorekatua eta aldakorra izan da. Institut Català de les Dones/Emakumeen Kataluniako Erakundea hasieran kontra ere izan genuen, baina gero zertxobait lagundu digute. Orain, gure lana balioetsi egiten dute, besterik gabe, baina diru aldetik ez digute askorik laguntzen. Bestalde, gure Parlament-ean berdintasunaren aldeko eta indarkeria matxista desagerrarazteko legeria lantzen ari zirelarik, ezin izan genuen kontsulta-faseetan parte hartu.
Tokiko eremuetan babes handiagoa izan dugu, Udaletatik, Consell Comarcal eskualdeko kontseiluetatik eta, bereziki, Bartzelonako Diputaziotik. Baina erakunde horietako goi-mailatan dauden alderdien koloreak baino gehiago, bertan lan egiten duten teknikari eta langileek baldintzatuta betiere.
Erakundeen funtzionamendu osoan genero-“mainstreaming” esaten zaiona aplikatzea falta da. Ildo horretatik, Euskadin alde ederra ateratzen diguzuela uste dut.
2011. urtean, Maskulinotasunei eta Ekitateari buruzko Kongresu Iberoamerikarra izan zen Bartzelonan. Eraginik izan al zuen ekitaldi horrek berdintasunaren aldeko gizonen mugimenduan?
Baietz uste dut. Harrezkero –nire ustez- “ego” eta pertsonalismo gehiegi zeuden etapa gainditzen hasiak gara. Zenbait gaitz-ulertu ere argitu egin dira denborarekin, hein batean bada ere. Elkartzen gaituzten puntuei garrantzia ematen hasi gara. Hein batean, gure jendaurreko aurkezpena izan zela esan dezakegu, nazioarteko erakunde moduan. Eta horren erakusgarri, harrezkero beste herrialde batzuetako taldeekin kontaktu asko izan ditugu. Batik bat, Latinoamerikako taldeekin.
Bartzelonako topaketa hura izen zenetik, zer berrikuntza topa dezakegu berdintasunaren aldeko gizonen mugimenduaren agendan? Mugimendu zareten aldetik, baterako adierazpen hartatik egin al duzue aurrera?
Nire ustez giroa aldatu da gehien, gure arteko elkarlana. Facebook bidez informazioa partekatzea eta mobilizazioetan aldi berean parte hartzea urrats handia da guretzat.
Baina urrats gehiago egin behar ditugu. Ekintzak aldi berean egin behar ditugu, bai; baina, horretaz gain, ekintza horiek koordinatzea ere ezinbestekoa da. Bai eta lan-metodologiak eta esperientziak trukatzea ere. Etorkizuneko estrategiak, aliantzak aztertu behar ditugu, betiere gure mugimendu jaioberriaren dibertsitatea errespetatu eta elikatuta.
Horregatik bultzatu dugu mugimenduaren azaroko Topaketa, Sant Boi de Llobregat-en. Gure bide komunean aurrera egiteko urratsa izatea espero dugu.
Etorkizunari begira, baikor? Ezkor?
Baikorra naiz. Ni heldua naiz jada, 12 urte baino gehiago daramat honetan sartuta, eta atzera begiratuz gero, ezin diot horrelakoa izateari utzi. Zeren gizonok ere geure lana egin baitezakegu: gizonen arteko harremanak aldatzen baditugu, mundua aldatuko dugu. Eta bai munduak, bai guk horixe behar dugula uste dut.
